Euskal Herria, bizi nahi duen herria

2001-01-01
Hamabi urte bete dira BATEGINIKek , euskararen alde, milioi laurden sinadura aurkeztu zituenetik Estrasburgon
 
 
Dozena bat urte iragan da. Duela hamabi urte, 1988ko abenduaren 15ean, euskaldun milioi laurden batek euskarari hizkuntz bezala dagozkion eskubideak ezagutuak izan zitezen eskatu zuen bere sinadura bidez Estrasburgon. Hori BATEGINIK kanpainaren barruan gertatu zen.


Dozena bat urte beranduago, 2000ko abenduaren 16an, milaka euskaltzalek gauza berbera aldarrikatu dute Bilboko kaleetan. Hori GUK GEURE ESKOLA, EUSKAL IRAKASKUNTZA AURRERA lelopean izan da.


Batetik bestera iragandako hamabi urte hauetan gauza asko gertatu dira: BAI EUSKARARI kanpaina, EUSKALDUNON EGUNKARIAren sorrera eta sendotzea, euskal ereduen gorakada geldiezina...eta tartean manifestu eta manifestazio asko. Eta jendea, jende uholdea, euskararen alde kalera irten behar izan den bakoitzean.


Hamabi urte hauetan "Herrien Europa" gauzatuz eta garatuz joan da. Urte hauetan guztietan tentuz zaindu dira galtzear dauden landare eta animalia asko, guztion ondarea osatzen duten eraikuntzak zaharberritu dira eta ekimen anitz burutzen dira galtzear dauden ohiturak berreskuratze aldera.


Europan joera hauek bultzatzen diren bitartean, Euskal Herrian, euskararen herrian, milaka urteko gure euskal kultura hau defendatu beharrean aurkitzen gara. Kalean eta gure irudimenak sortzen dituen bide guztiak erabiliz, estatu espainiar eta frantziarrak gure hizkuntza eta kulturaren aurka egiten jarraitzen dituzten mota guztietako erasoen aurrean.


Hamabi urte hauen aurretik, lehendik ere, erasoei aurre egin behar izan genien eta aurreratzean ere horrela izango da seguruenik. Milaka urte hauetan herri honek bere iraunbizitzerako erabilitako giltzak sormena eta eraikuntza izan dira. Eta horrela adierazi du aldi bakoitzean: gurearen alde egin dugu, ez besteenaren kontra.


Euskal Herriak bizi nahi du. Eta bizinahi hau euskara, euskal kultura, euskal irakaskuntza eta gure-gureak diren adierazpen bideak garatuz gauzatu nahi du. Euskaldunok, milaka urtetan egindakoari eutsi nahi diogu: bizi eta bizitzen utzi. Garena izaten jarraitu nahi dugu, besteei direna izatea ukatu gabe!