Guk, geure Eskola. Euskal irakaskuntza, aurrera!

2001-01-01
Guk geure eskola, euskal irakaskuntza aurrera! aldarrikatu genuen abenduaren 16an Bilboko kaleetan. Euskal hezkuntzaren alde egindako lanari jarraipena emateko asmoa tinko agertu genuen, eta hemendik aurrera bide beretik jarraituko dugula ere bai.

Azkenaldian Madrildik zein Paristik jasaten ari garen erasoen aurrean geure indarrak batu ditugu. Era berean, egoeraren eta gure urteetako lanaren balorazioa egiteko tartea hartu dugu. Elkartu, hausnartu eta gure norabidea zuzen eraman behar dugu.

Azken urteotako gertaeren gorabeherak Paulo Iztuetak laburbidu dizkigu. Ildo beretik, egungo egoeraren aurrean euskal irakaskuntzan dabiltzan hainbat pertsonen iritziak ere jaso ditugu. Guztien baloraziotik gauza bat ondorioztatzen da: guk geure eskola, euskal irakaskuntza aurrera.
 
 
Kontrola eta boterea

euskal irakaskuntzan


Prentsak jakinaren gainean jarri gaitu Madrileko gobernu zentrala hezkuntza sisteman berrikuntzak egiteko asmotan dela. Euskal Herrian, alderdi estatalistak oro, IU salbu, erasoka hasiak dira indarrean dagoen hezkuntza elebidunaren kontra, euskal irakaskuntza ematen den ikastetxeetan bortxa eta separatismoaren kultura lantzen dela salatuz. Ederki. Nafarroan UPNek jadanik euskararen kontrako neurri murriztatzaileak hartuak ditu administrazioan eta, batik bat, hezkuntzaren esparruan, zehazki testugintzaren zuzeneko kontrolean.

Demokraziaren zelaian bi hamarkadako ibilaldia egin eta gero, zertara datoz horrelako aldaketak, horrelako erasoak? Noiz etorriko, eta oraintxe datoz, alderdi estatalista guztien orkesta-buru gobernuko PP frankistoidea den une honetan. Baina zergatik? Galdera hau da argitu beharrekoa.

Eskolaren gizarte-eginkizunak zein diren galdetzean, hauxe da Espainiako Hezkuntzaren Soziologian norbait den Mariano Fernández Enguitak ematen duen erantzuna, hemen azterkizun dugun gai honen askabiderako giltza eskaintzen diguna : "O la de conformar una conciencia nacional, tanto si pensamos en los Estados nación como si referimos a las nacionalidades que carecen de un Estado propio pero han logrado recursos e influencia en materia de educación". Hau hain da egia, ezen estatuak, bere hiritarren leialtasun-atxikimendua jaso dezan, ezinbestekoa baitu jadanik baden nazio historiko jakin batekin identifikatzea, edota, horren faltan, erabat berria eraikitzea. Egun naziotzat jotzen diren Espainia eta Frantzia, adibidez, tradizio kolonialista eta inperialista handikoak izanda ere, horien naziotasuna atzo goizeko kontua da, erro etno-kulturalik ez duena. Beren estatu-lurralde osora hedatzen den hezkuntza sistema zentralizatzaile eta uniformetzaileari esker lortzen dute, hain zuzen, mirakulu hori . Euskal Herriak badu horien aldean bere abantaila, eta da, bere estatua lor dezakeenerako, ez daukala bere naziotasuna asmatzen ibili beharrik. Europako estatu moderno gehienek, izanik diren bezala nazioaskodunak, beren kontzientzia nazionala lortzeko hezkuntza sistemaz baliatu izan badira, normala da estaturik gabeko nazionalismoek ere beren hezkuntza sistema nazionala eskuratu nahi izatea edota, bederen, horretara jotzea. Herri desberdina izateak ematen dizkio horretarako eskubide guztiak.

Gatozen egungo Hego Euskal Herrira, non, estatu-botere zentrala eta autonomikoak koexistitzen baitira, baina ez nagusiagoa denak menpekoari bere kontrol-neurriak jarri gabe. Aldian aldiko koiunturak horretarako bide ematen dionean, noski, indar-koerlazioak ere neurtu egin behar baitira. Testuinguru honetan kokatu behar dira PPk eta honen sokako sukurtsalistek egin nahi dituzten berrikuntzak. Zehaztasunez Euskal irakaskuntza autonomi aroan (1983-1994) liburuan azaltzen dugun bezala, gaurkoa ulertu ahal izateko, bi lege dira beste guztien gainetik kontuan hartu beharrekoak: bata 1982koa, zeinetan hezkuntza elebiduna arautzen baita, eta bestea 1993koa, zeinetan sare bikoitza -pribatua eta publikoa- finkatzen baita.



Euskararen erabilpena arauzkotzeko oinarrizko legea: elebitasunaren ezarpena

Euskal Autonomia Estatutuak (1979) 6. artikuluan aldarrikatzen du euskararen ofizialtasuna EAEn, gaztelaniaren pareko eginez, zeinetan bertako hiritar guztiei aitortzen baitzaie hizkuntza biak -euskara eta gaztelania- ezagutu eta erabiltzeko eskubidea. Elebitasun-printzipio hau garatzera dator goian aipatutako 1982ko Legea, PSOE-PSErekin adostu ondoren, azaroaren 24ko parlamentu-ekitaldian onartua izan zena. Hor arautzen dira hiritarren hizkuntz eskubideak eta hezkuntza elebidunari buruzkoak, hauek zehazki 21. artikuluan, zeinaren arabera, hezkuntza sistema euskalduntzeko, lau hizkuntz eredu finkatzen baitira, X, A, B eta D ezagunak. Paradoxikoa badirudike ere, Ikastolen hizkuntz eredua -murgilketarena- auzitan jartzen da, A eta B ereduak, haur erdaldunen euskaldutzeko, D eredua bezain eraginkorragoak bailiran. Ikastolek hirugarren sarea osatzen baititute, horien titularitate-erregimena arautzera dator 1983ko EIKE Legea. Bi legeok izango dira, bada, garai honetako erreferentzia nagusiak Euskal Herriko irakaskuntzan, biak eztabaidatuak, -arrazoi desberdinengatik eta, gehienetan, kontrajarriengatik-, goitik indar estatalisten eta behetik indar euskaltzaleen aldetik.

Gure ustea da, euskal irakaskuntza antolatzeko orduan, irizpide pedagogikoak baino gehiago politikoak nagusitzen direla eta, halaber, lurraldearen irizpidea alde batera utzita, soilki pertsonari dagokiona hautatzen dela. Hizkuntz ereduen ezarpena, hain zuzen, botere autonomikoaren neurrira aplikatutako hizkuntz politikaren ondorioa da eta sistema honek, gaur arteko emaitzek egiaztatzen duten bezala, nahiz lege-helburuetan hala aitortua etorri, ez du balio izan eskola umeak euskalduntzeko beren obligaziozko eskolaritatea bukatzean. Hona hemen 1989-90 ikasturteko datu adierazgarri batzuk: OHOn % 58,19 eta BBB-UBIn, berriz, % 81,84, artean A ereduan zebiltzanak ziren. Berrikitan Inaxio Oliveri hezkuntza kontseilariak egun EAEn % 75 ikasle D ereduan eta % 15 B ereduan dabiltzala esan du Argia astekarian egindako elkarrizketan , portzentaia horiek zein ikas-mailari dagozkion batere zehaztu gabe. Hauxe bai dela hezkuntza-errealitatea itxuragabetzeko adibide ezin garbiagoa, geure buruak engainatzera baizik ez garamatzana. Izan ere, 1998-99 ikasturteko datuak hartuta, portzentaiak oso bestela banatzen dira baldin ikas mailak orotara hartzen badira : A ereduan % 49, Dn % 33, Bn % 17 eta Xn 1. Inaxio Oliveri jaunak dakarren D ereduko % 75 hori azken ikasturte honetan EAEn matrikulatutako haur kopuruari dagokiona izan liteke eta, zentzu horretan, egiazkoa. Baina kontseilari jaunak ez du esaten 1998-99 ikasturtean Bigarren Hezkuntzan D ereduan ikasitakoak zenbat ziren. Noski, ikas maila horretako datuak orotara hartuta, oso bestelako hizkuntz errealitatea agertzen da, zeren beren ikasketak D eta B ereduetan egindakoak, hurrenez hurren, % 27 eta % 10 besterik ez baitziren izan. Ikasle gehienek, bada, elebakar izanez bukatzen dituzte obligaziozko beren eskola urteak, A ereduko % 63ko portzentaiarekin. Egiazki kontatzen duena ez da abiapuntua, -nahiz hau ere garrantzitsua izan-, helmuga baizik, honek erabakitzen baitu egiazko elebidun izatea ala ez izatea. Azken datu hauxe da kontseilariak ezkutatzen duena eta guri, hain zuzen, gehien interesatzen zaiguna.

Kontraesan nabarmena dago, bada, helburu aitortuen eta egiazko emaitzen artean. Arrazoiketa pedagogikoaren izenean estaldu nahiko dira alderdi interesen neurrira hartutako erabaki politikoak. Hezkuntza elebidunaren planteamendua, azken batean, erabaki politiko baten ondorioa izan da. Eleaniztasuna fenomeno unibertsala da -bost mila hizkuntzatik gora mintzatzen dira mundu zabalean zehar-, baina estatu gehienek, -hasteko Europakoek, salbuespenak salbuespen-, elebakartasunaren politika mantetzen dute beren lurraldeetan. Elebitasunaren onarpen ofiziala estaturik gabeko nazioen kontua da; lekuko hizkuntza gutxiengo-egoeran dagoen gurea bezalako komunitate autonomo bati dagokiona, beraz.

Lege honen aldarrikapenak, hasieran bertan, bi muga handirekin egiten du topo. Lehenengoa da, -orain hemen bereziki gogoratu beharrekoa-, hari ezezkoa eman zion bakarra orduan Alianza Popular deitzen zitzaiona izan zela eta, orain ikusiz gatozen bezala, ahal izan duen bezain laster pasatu duela orduko faktura. Bigarrena da, gobernu autonomikoak PSOEren onarpena lortu bazuen ere, honek, praktikan, haren garapenari dagokionez, zailtasunak ezarri izan dizkiola Madrilen. Honela, gobernu zentralak, auzitegi konstituzionalaren bidez, lege autonomikoaren zazpi artikulu inpugnatuko ditu, esanez, besteak beste, funtzionari publiko erdaldunak euskara ikastera behartzeak diskriminazioa inplikatzen duela. Teorian elebitasuna onartzen da, bai, baina, praktikan, batzuentzat bakarrik balioko du, ez baitago inor euskara ikastera behartua. Euskaldunak izango dira egiazko elebidun izanez segitzen duten bakarrak. Izan ere, konstituzio-legearen arabera, gaztelania da estatu-lurraldean jakin beharreko hizkuntza bakarra.



Euskal Eskola Publikoaren Legea: ikastolen desagerpen ofiziala

Ikastolak egoera pribilegiatuan bizi zirela pentsatzen baitzuten, noizbait behar eta, 1993ko Lege hau PSOEk, Fernando Buesa Hezkuntza Kontseilaritzako buru dela, PNV eta EErekin adostasunean burutzen duen obra nagusia da, José Ramón Recaldek irekitako bideari azken errematea ematera datorrena. Kasualitate handiegia ere bada PNVk hezkuntzako ardura behin eta berriz PSOEkoen eskuetan utzi izana. Lege honekin, garbiki esanda, ziklo bat bukatzen da eta beste bat hasten. Lehen aipatutako liburuan bertan azaltzen dugu Ikastoletan eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko gizarte-sektoreetan nolako alternatibak aurkezten diren: batetik, PNVrena eta, zeharka, Ikastolen Elkartearena, EIKEren bidetik, eta bestetik, HBrena, EEPA eta Sortzen plataformen eskutik. Lehengo galdera bera errepikatzen da orain ere: hezkuntza sistemaren euskalduntzea nondik eta nola bideratu behar da, sare autonomoa indartuz eta hedatuz, ala sare publikoan sartuz eta barrrutik eraginez?

Lege honek, zeinaren aurrean amore ematen baitu Ikastolen Elkarteak ere gobernukide den PNVri dion atxikimenduarengatik, Ikastolen mundua bitan zatituta uzten du: indartsuenak pribatizazioari eusten diote eta ahulenak, aldiz, publifikatu beharrean aurkitzen dira. Egun, irakaskuntzaren euskalduntzea bi sare horietatik bideratzen da, gure ustez, aldez onerako eta aldez txarrerako ere bai. Onerako, zeren Ikastolen publifikazioak, hein batean, euskarazko irakaskuntza sare publikoan indartu eta, bide batez, Ikastolekin ere zubiak egitea suposatu baitu. Elkarlan honen emaitza umotua da Sortzen-Ikasbatuazek 1999ko urte hasieran kaleratutako hezkuntza sistema propioaren aurkezpena. Txarrerako diogu, eta tamalez, zeren Lege horrek, hurrenez hurren GUMA eta EGAri dagozkion 1. eta 2. mailako hizkuntza profilak ezarri eta HP1en presentzia hizkuntz eredu guztietan beharrezkoa egitean, hezkuntza sistema osoa baldintzaturik uzten baitu gaztelaniazko funtzionamenduaren alde. D ereduko ikastetxeetan ere beti egongo da irakasle euskaldunen artean euskaraz normaltasunez hitz egiteko zailtasunak dituen erdaldunen bat edo gehiago.

Bestalde, irakasle erdaldunentzat amnistia antzeko neurriak ere hartzen dira bertan, zeren, batetik, HP1eko titulua lortzeko epealdia hamar urtera arte luzatzen baita eta, bestetik, euskara ikasteko ezintasun fisiko eta psikikoak agertzen dituztenak ere obligazio horretatik libratu egiten baitira. Beraz, modu batera ez bada bestera, irakasle erdaldun gehienei erdaldun izanez segitzeko aukera eskaintzen zaie. Bestalde, sekula ez dugu jakin izan IRALEk zenbat euskaldundu dituen, ikasgai guztiak euskaraz emateko gauza direnak, alegia. Kontua da, urteak badoazen arren, oraindik ere irakasle multzo handi bat, -1997ko datuen arabera, % 40 ingurukoa EAEko sare publikoan-, ikasgaiak euskaraz emateko ez dela gai , irakasle gaituak langabezian segitzen duten bitartean. Beraz, egia osoa esateko, euskarazko irakaskuntza emateko gaitua dagoen irakasle kopurua % 60koa da eta ez, Inaxio Oliverik dakarren bezala, % 70ekoa.

Bere garaian euskal sindikalgintzak ez zion behar bezala heldu arazo horri eta egun majo asko ordaintzen argi gara orduko okerrak. Hauen artean larrienetako bat hauxe da: euskararazko irakaskuntzaren aldeko gizarte eskea handituz doala eta euskal administrazio autonomikoak ez duela aski azpiegiturarik, -aski irakasle elebidunik, alegia- eske horri gutxienezko duintasunez erantzun ahal izateko. Eta ez du ez irakaskuntza ez-unibertsitarioan ezta unibertsitarioan ere. Estatistikak lekuko.

Ondorio negatibo horiek eta aipatu gabe geratu diren beste batzuk dira euskalgintzak ordaindu behar izan dituenak. Ez da ahaztu behar, bada, PSOEk ere pasatu zuela bere faktura PNVren gobernukide izan zen garaian.

Bestalde, ez da uste izan behar 1983-1994 epealdian zehar ezker abertzalearen baitan euskal irakaskuntzaren gainean landutako diskurtsoa erabat uniformea izan zenik, nahiz eta egin izan diren azkerketa asko -agian gehienak- gehienbat sigla politiko-sindikalek argitaratutako testuetan oinarrituta eginak izan. Ikastolen inguruan eraikitako erresistentzia diskurtsoa uste baino anitzagoa izan da bere adierazpenean. Zentzu honetan, EIKE eta EEPA alternatiben aurrean, adibidez, Euskal Herriko hezkuntza sistema euskaldundu ahal izateko, ezinbestekotzat jotzen genituen orduan jarraiko bi baldintza hauek: bat, irakasle euskaldunen harrobia ziurtatzea eta horretarako Irakasle Eskolen antolaketa eta curriculuma euskalduntzea, eta bi, erabat euskalduna izango den Euskal Eskola Nazionala eraikitzen hastea. Bi proposamen horiek formulatu eta gero, azkenean bi galdera eginez ixten da 1983-94ko epealdia lehen liburuan. Lehenengoa, hau da: Euskal Herri osoko haur populazioa egiazki eleaniztun, -ez bakarrik erdaldun, euskaldun ere bai, noski-, bilaka dadin, posible ote da helburu hori lortzea elebakartasunean oinarritutako hezkuntza sistema nazionala eraiki gabe? Bigarrena, beste hau: posible ote da egun indarrean dagoen euskal hezkuntza sistema autonomikoari izaera nazionala ematea, estatu-botererik gabe?



Euskal hezkuntza sistema nazionalaren aldia: nazionalista espainolen erasoa euskal curriculumaren kontra

Baina zer gertatzen da PP eta beronen aliatuek hain erasokor ager daitezen? Zer berezi ikusi uste dute egun lehen ematen ez zenik, zehazki irakaskuntzaren munduan? Agian, terroristen hazia ereiten dela bertan? Ez gaude hain ziur honetaz, ez baitira hain zozoak horrelako ipuin funsgabeetan sines dezaten. Errazago uste izango genuke, urrats bat zuzen eta beste bat oker bada ere, euskal irakaskuntzak aurrera egin duela, ez bakarrik euskal lerroen hedapenean, baita hezkuntzari buruko planteamenduetan ere. Hainbeste, ezen, hasiera hartan ez bezala, egun argi eta garbi hezkuntza sistema nazionala eraiki beharra planteatzen baita. Eta diskurtso honek berritasun osoa du, zeren euskal nazionalismo historikoak, Iñaki Zabaleta Imazen ikerlan jakingarriak frogatzen duen bezala , ez baitu horrelako planteamendurik sekula egin izan. Egia esateko, ezta ezker nazionalismoak ere oso oraintsu arte.

Beraz, Lizarra-Garazin Euskal Herriari bere etorkizuna erabakitzeko ahalmen politikoa aitortu zaionez geroztik, horregatik, batik bat, estatalistek beren nazionalismo espainolaren aurpegia erakutsi behar izan dute eta horretarako, beste arma batzuen artean, hezkuntza sistemaz baliatzen dira, belaunaldi berriaren gizarteratzean euskal nortasun historikoaren ezaugarriak errotik ezabatuak izan daitezen. Euskal Herriari bere historia ukatu nahiko zaio, herritarrek bere nortasuna haren ispiluan islaturik ikus ez dezaten.

Horregatik, euskal curriculumaren diseinuan zuzeneko eragina izatera datoz, nire ustez, gobernu zentralekoen lege-bidezko eraso hauek. Beren estrategian ez dabiltza hain desbideraturik ere. Nico Poulantzasek dakarrenez , estatu-boterearen materialtasuna osatzen duten elementuetako bat, nazioaren eraikuntzarekin batera, legearen nagusitasuna da. Estatuak, behar izanez gero, berak ezarritako legea alda dezake, beste legeria bati leku egiteko. Honela, nola ilegalitatea hala legalitatea, biak dira bere egituran parte hartzen dutenak. Horixe da, ez besterik, PPk egin gogo duena euskal curriculumean aldaketak eginez. Lehen esan bezala, nola emana zion bere ezezkoa elebitasunaren politikari Gasteizko parlamentuan, orain estatu-boterea bere esku duelarik, indartsu sentitzen da, antza, horrelako kontrol-neurri lotsagabeak hartzeko. Lehenago ere saiatu zen Esperanza Aguirre "Humanitateen dekretua" aldatzen, baina orduan PSOE ere kontra atera zitzaiolako, PPk ezin izan zuen lortu bere asmoa. Orain, ordea, PSOE euskal nazionalismoaren kontrako erasoan aliatu fidela duenez gero, legeztatuago ikusten du bere burua bere betiko asmo likidazionistak azken bururaino eraman ahal izateko. Ez gaitu harritu behar PSOEkoek gurutzada honetan parte hartzen ikusteak, alderdi honek, lehentxeago ikusi bezala, elebitasun erreala ez baitu batere gogokoa izan, ez lehen eta ez orain. Azken batean, nazionalismo soilarena baino zabalagoa den euskalgintzaren esparruan ere, alderdi estatalistak, -izen jakin batzuk salbu-, muga bat izan dira, eta dira. Bestelakorik egiaztatzea gustatuko litzaigukeen arren, errealitate gordina horixe delakoan gaude.



Hezkuntzarena eta hizkuntzarena, azken funtsean, botere-arazoak dira

Hauxe da gure tesia, Hezkuntza, hizkuntza eta boterea Euskal Herrian liburuan frogatzen saiatzen garena. Aurreko liburuan erantzuteke utzitako galderek hemen jasotzen dute dagokien erantzuna.

Abiaputuntzat euskal lurralde historikoa hartuta, hemen, gurean, hezkuntzaren arazoa hizkuntzaren eta boterearen argitan planteatzen da. Hezkuntzaren soziologian jadanik aztertuak izan dira hezkuntzaren, hizkuntzaren eta boterearen arteko harremanak, baina sail honetan egin izan diren saio akademiko gehienak, -guztiak ez esatearren-, estatu-nazioen ikuspegi funtzionalistatik begiratuta formulatuak izan dira, edota, jarrera kritikoa agertu izan dutenengan, ia gehienetan soilki klase-ikuspegia nagusitu izan da. Estaturik gabeko nazioen kultur nortasuna eta horien jatorrizko hizkuntza gutxiengo etnikoen esparruan sailkatu eta tratatuak izaten dira, -eta halaxe izanez segitzen dute-, estatu nazioaskodunen lurralde barruan ghetto izatera kondenatuz. Ez da harritzekoa, estatuek ezarritako kultura nazionalen testuinguru honetan, Euskal Herrian bertan, euskal gizartearen kultur pluralismoa aldarrikatzen dutenek euskararen mundua azpikultura gisa gogoematea.

Estatu Batuetako mundu akademikoan, berdin Europakoan, orokorrean hitz eginda, badirudi egun ez dela nazio arazorik; beraz, ezta estatu-arazorik ere. Komunitate desberdin batekoa izatetik eratorritako arazoak, estatu zentralistaren jokabide asimilazionista auzitan jartzen dutenak, alegia, biok dira: gutxiengo etnikoak eta inmigrazio-boltsak. Baina jadanik horiek ere ez dira arazo, pedagogoen komunitate organikoak bilatu baitu horientzat terapia egokia: lehen kasuan pluralismoaren diskurtsoa eta bigarrenean interkulturalismoarena. Bietan tolerantziaren diskurtsoa egiten da, gizabanakoek dituzten eskubideen aldarrikapena, alegia. Herri eskubide kolektiboak, antza, ez dira existitzen.

Horregatik, jarrera akademiko horietatik aldenduz, euskal arazoak berekin daraman espezifikotasunaren edo, gaurko hitzez esanda, desberdintasunaren gainean eraikitzen dugu geure diskurtsoa, zeina, funtsean, lurraldean, hizkuntzan eta herri eskubide kolektiboan zertzen baita. Klasikoek uste zuten, -eta oraino kolore desberdinetako estatu-nazionalistak horretan daude-, nazio-arazoak trenkatuta geratu zirela XIX. mendean. Baina geroztiko historiak gezurtatu egin du uste hori, zeren, egun indarrean dauden nortasunezko subjektu berrien artean, nazio-mugimenduak aurkitzen baitira, baita Europa zaharraren bihotzean bertan ere, eta hauek beren erresistentzia mota desberdinen bidez estatu-nazioen legitimitatea auzitan jartzen baitute.

Azken batean, hezkuntzaren zein hizkuntzaren zolan datzan funtsezko arazoa estatu-botereari dagokiona da. Estatuak bilakaera historiko luzea izan du eta botere-forma desberdinak hartu izan ditu. Burgesiak sortutako estatu liberala, egun zuzenbidezko estatu soziala izatera iritsi da, baina estatu-eredu hau ere, bere aurrekoaren antzera, erabat krisian sartua dago maila ekonomikoan zein hezkuntzakoan. Krisian dago, orobat, estatu sozialista ere, estatu-eredu neoliberalaren aje historiko beretsuak dituena. Zentralismoa, klasismoa eta nazio historikoen ukapena dituzu horiek. Baina ez da egia estatuak desagertzeko bidean daudenik, historiak, hain zuzen, alderantzizkoa erakusten baitu. Datuak hor daude: 1954. urteaz geroztik, inoiz baino estatu berri gehiago sortu dira: Amerikan 12, Ekialde Hurbilean 17, Asian 25, Afrikan 56, Ozeanian 10 eta Europan bertan 13, hauetako gehienak SBSBn. Kontua da autodeterminatzeko eskubidea, oinarrizko eskubide demokratiko bat baizik ez dena, koloni herrialdeetan aplikatua izan dela, baina Europako estatu zahar nazioaskodunek ez dutela onartu nahi printzipio hori beren lurraldez barru eta, ondorioz, ez dutela bokazio demokratikorik erakusten. "Demokrata" deitu hauek, norberaren erantzukizunak besteen bizkar botaz, horrela estaltzen dute beren demokrazi defizita. Besteak dira terroristak, estatu-aparatukoak ez.



Etorkizuna: subiranotasunaren lorpena

Aterabidea zein den? Poetak zioenez, ibiliz egiten omen da bidea. Egoki esana. Baina inora abiatu aurretik, jakin beharko da nora goazen bederen, eta nondik, bidean gal ez gaitezen.

Epe laburrera, aldian aldiko egoerak eskatu ahala, gobernu zentraletik datozen eta letozkeen eraso puntualei erantzun egokia ematea izanen da jokabiderik premiazkoena, behinena, euskararen aldeko gizarte mugimenduak zein politiko-sindikalak indartuz eta hezkuntza munduan egiazko euskal curriculum baten alde saiatuz. Espero izatekoa da, egungo koiuntura honetan, Gasteizko gobernuak LOGSEk irakasgaien antolakuntzan aitortzen dizkion gutxienezko % 45eko eskundutza horiei eutsiko diela, bereak baititu. Hezkuntzako sailburuaren egitekoa da hori. Kalean eta eskola-munduan, bietan batera arituz eta jokatuz, ezarritako menerapen politikari erresistentziaren kulturarekin erantzun beharko zaio. Honela, menerapen politikak, bere interesak zaintzeko, bere kultura hegemonikoa, -desberdintasunaren ukatzailea den aldetik zapaltzailea den hori, hain zuzen-, hezkuntza sisteman erreproduzitzera jotzen duen bezala, askagintzarako pedagogia kritiko eta etikoak bere kultur produkzio alternatiboak landu behar ditu, aldez aurretik xedeak eta bitartekoak argi finkatuz eta, bidenabar, epeak ere aurreikusiz.

Esanik daukagu oraingo hezkuntza elebidunaren politika botere autonomikoari dagokiona dela, zeinaren garapenari alderdi estatalistak etengabe oztopoak jarriz etorri baitira. Gure ustez, estatutismoaren aroak jadanik joak ditu bere hil-kanpaiak eta euskal politikagintza sarturik dakusgu prozesu soberanistaren norabidean eta, hain zuzen ere, prozesu honen abian begiztatzen dugu euskal irakaskuntzaren oraina eta geroa.

Euskal irakaskuntzak egun dituen egiturazko zailtasun nagusienak, besteak beste, inmigrazio populazioaren handia, euskal hezkuntza sistema nazionalik eza, irakasle euskaldunik eza eta euskal intelligentsiarik eza dira guretzat. Arazo hauek hain dira sakonak, zaila iruditzen zaigu horiek gainditu ahal izatea aldez aurretik euskal hezkuntza sistema nazionala eraiki eta antolatu gabe, zeinaren egituraketa euskal estatu subirano eta independente baten babesean bakarrik gauzatuko bailitzateke. Xede horren lorpena, liburuaren azken atalean datorren bezala, autodeterminatzeko eskubidea onartu eta bideratzetik pasatzen da, nazio-proiektu horretan sinesten eta dihardutenen indarrak oro bilduz. Euskal politikagintzak galtzada berri horretatik jotzen ez badu, aukera historiko bat galduko da, batek daki noiz arte.

Emana izan zaigun gaiari buruzkoa nolabait laburbildu beharrez, gogoeta xume hauek dira burura etorri zaizkigunak, egun euskal irakaskuntzak bizi duen egoerari bere testuingurua ezartzeko asmoarekin moldatuak. Dena den, gaiari sakonagotik heldu nahi dionak hobe du Utriusque Vasconiae argitaletxeak argitaratutako liburu biak, Euskal irakaskuntza autonomi aroan (1983-1994) eta Hezkuntza, hizkuntza eta boterea Euskal Herrian aipatuak, zuzenean irakurtzea, beren artean autonomoak izanik ere, lotura organikoa dutenak baitira.





Guk, geure Eskola

Abenduaren 16an milaka euskaltzale bildu ziren Bilbon euskal hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko. Ikastolen Elkarteak, Sortzen-Ikasbatuaz-ek eta Euskal Herriko Gurasoen Elkarteek egindako dei bateratuak atxikimendu eta erantzun zabala izan zuen. Aurrerantzean irmotasunez jarraitzeko apustua egina dagoela garbi geratu zen, eta horren isla da manifestaldiaren amaieran irakurri zen honako mezu hau.



Euskararen Herrian, Euskal Herrian, gizarte gehiena bat dator euskara eta euskal hezkuntzarekin, eta, oro har, euskal irakaskuntzarekin. Ageri-agerikoa dugu hori matrikulazio-kanpainetan, iritzi-azterketetan edo jendaurreko agerraldietan. Agerian utzi dugu guk, gaur hona etorri eta Bilboko kale nagusia bete dugu guztiok.

Hauxe dugu hamarkada batzuetako lan emaitza hezkuntza esparruan, ikastoletan, eskola eta ikastetxeetan, euskaltegietan; azken batean, geure hezkuntza esparruan.

Bide onetik abiatu gara, baina oraindik ere biderik luzeena ibili behar dugu, eta, gainera, hamaika traba aurkitu ditugu ibilbidean. Gertatu berrienak aipatzearren, hor ditugu Historiaren Espainiako Akademiak egindako adierazpenak, Humanitateen gaineko dekretuak, edota Garzon epaileak AEKren aurka bideraturiko auto judiziala.

Baita Nafarroako Gobernuak orain dela egun gutxi batzuk, eta aurretiaz ere, euskara baztertzeko hartutako erabakiak, lingua navarrorum delakoa baztertzeko erabakiak, bitxia badirudi ere.

Frantziako Gobernuaren jarrera ere etsai izan dugu, Europako artezpideei muzin eginez, euskararen ofizialtasuna eragozten baitu, eta euskal irakaskuntzari atxikitako zeinahi zantzuri oztopo handiak ezartzen baitizkio. Horren adibide garbia dugu Iparraldeko ikastoletan edo sare publiko zein pribatuko eskoletan.

Baina ez gaude atzerapausorik egiteko prest. Erabaki sendoa hartu dugu, eta etorkizunean aurrerapausoak egiten, sekulako aurrerapausoak egiten, tinko jarraituko dugu, iparra galdu gabe. Eta norabide horretan abiatuko gara, Euskararen Herriari irakaskuntza sistema, euskal irakaskuntza sistema kalitatekoa, modernoa, askotarikoa, kultura artekoa, berdintasunezkoa, demokratikoa, eta ikastetxeen autonomiari nahiz irakaskuntzan lanean dabiltzanei begirunea dien sistema geureganatu arte.

Hezkuntza esparrua ere zipriztintzen duten egungo egoeraren araberako eta asmo makurreko interes politikoen jomuga izateari ezetz biribila diogu.

Betiere, euskararen inguruan eta euskal irakaskuntzaren inguruan lortu den gizarte gehienaren onarpena oinarri harturik, sustrai sakoneko eustormak eraikiko ditugu gure hezkuntza esparruan larderiaz muturra sartu gura dutenen aurrean eta gizarteak onarturiko eremu nagusiak suntsitu nahian dabiltzanen aurrean.

Talde-konpromisoa aldarrikaturik, bide horretan aurrera egingo dugu egunez egun, baina, behar den guztietan, aldarri ere egingo dugu kalean, entzun diezaguten, alai eta irmo, eta honako hau esango diegu:

GUK, GEURE ESKOLA

EUSKAL IRAKASKUNTZA, AURRERA!





Zer balorazio egiten duzu euskal hezkuntza jasaten ari den erasoaldien gainean?



KORTABARRIA, German. ELAko talde exekutiboko kidea.

Guk uste dugu gertatzen ari dena oso koherentea dela politika batekin. Aspalditik, batez ere PPk, begitan hartuta zeukan euskararen gaia, euskarak euskal nortasuna sendotzen duela ikusten dutelako. Euskara euskal nortasunaren zutabe nagusia da, eta horren kontrako plan bat dago. Euskal irakaskuntzaren eta euskararen normalkuntzaren kontrako eraso hauek horren barruan kokatzen ditugu.

Nik uste dut zera erakutsi behar dugula: eraso horiekin oso muinean jotzen gaituztela, baina euskaldunok ez gaudela prest gauza hauekin jolasean ibil daitezen, ez gaudela prest guretzat hain geurea, hain muinekoa eta hain funtsezkoa den euskaren kontrako erasoak onartzeko.

Abenduaren 16an erantzun anitza, indartsua eta baikorra eman genuen, euskaldunok indar handia baitaukagu. Helburu komun batzuk identifikatu eta horien inguruan lan egiteko kapaz garenean gaitasun eta indar handia daukagu, eta hori erakutsi behar dugu.

Beste gauza bat ere azpimarratu behar dela uste dut, PPren estrategiarekin baduelako zerikusirik: euskal gizartea zatitzearen estrategia. Ezin dute onartu euskal gizarteak bilakaera normalizatua izatea, eta horregatik, euskararen gaia euskal gizartea zatitzeko erabiltzen ari dira. Alde batetik, hori axolagabekeria izugarria dela uste dut, gizartearekin horrela jokatzea benetan oso gai arriskutsua ukitzea dela. Bestetik, hori ez dugula onartuko esan behar diegu euskara argi eta garbi defendatuz, gizartearen ondare delako eta hal senti dezaten.



ARIZNABARRETA, Txutxi. LABeko komunikazio idazkaria.

Argi dago alde batetik Madrildik datorren erasoa dagoela. Herri honek bere bidea hartu duela ikusi dute, eraiki egin nahi dugula eta egunero eraikitzen ari garela Europa horretan toki bat bilatzeko. Horretarako, elementu garrantzitsuak dira euskara bera, irakaskuntza eta euskal kultura orokorrean. Ikuspegi horretatik, erasoa zuzen-zuzenean doa elementu garrantzitsu horietara.

Honek guztiak euskal gizarteak era zabalean erantzuteko balio du. Baina ez hori bakarrik. Sendo gaudela ikusi dugu. Guk uste dugu indartu egin duela euskal gizartean geure kultura, geure irakaskuntza eta geure eskola indartzeko sentitzen den beharra. Agian horren inguruko eztabaida eta hausnarketa lo egon badira ere, orian esnarazi egin ditu eraso honek. Horregatik, orain artikulatu den indar sozial guzti hau era positiboan ikusten dugu. Abenduaren 16ko manifestazioa ez genuen era defentsiboan ikusi, baizik eta aurrera begirako pauso berriak martxan jartzeko hasiera moduan. Zentzu horretan, gu oso optimista gaude.



ARRONDO, Belen. EILASeko kidea.

Abenduaren 16an jende asko bildu ginen Bilbon eta helburua argia zen. Alde batetik, gaur egun jasotzen ari garen hainbat erasoren aurka erantzun bat ematea. Eta bestetik, gure hezkuntza sistema propioa aldarrikatzea. Euskal Herrian gaur egun eraikitzen ari garen hezkuntza sistema errespetatu egin behar dutela jakinarazi behar dugu, eta aurrera jarraitzeko asmoa dugula, dudarik gabe.



OTAÑO, Joxe Leon. Gipuzkoako AEKko arduraduna.

Erasoaldi hauen aurrean ez garela kilkildu behar uste dut, baikortasunez jokatu behar dugula. Nik uste dut orain arte gauzak ondo egin ditugula, hobeto egin ditzakegula, gizartearen atxikimendua lortzen segitu behar dugula eta euskarazko irakaskuntza maila guztietan aurrera ateratzen jarraitu behar dugula.

Konbentzituta nago aterako dugula. Neurri hauek guztiak desesperazioaren isla direla uste dut; estatuen interes ele-kultura bakarraren defendatzaileen desesperazioa. Euskara eta euskal kulturgintza aurrera doala ikusten dute, gero eta sektore zabalagoen babesa duela, eta horrek desesperazioa sortzen du.

Baina apustua irabazita daukagu. Egin behar dugun gauza bakarra orain arte bezala segitzea da, jende gehiagoren atxikimendua lortzen ahalegintzea konpromisoak berretsiz eta gizarte sektore gehiagotara iristen ahaleginduz.



OSA, Erramun. Bizkaiko AEKko arduraduna.

Erasoaldi hauen aurrean ez garela kilkildu behar uste dut, baikortasunez jokatu behar dugula. Nik uste dut orain arte gauzak ondo egin ditugula, hobeto egin ditzakegula, gizartearen atxikimendua lortzen segitu behar dugula eta euskarazko irakaskuntza maila guztietan aurrera ateratzen jarraitu behar dugula.

Konbentzituta nago aterako dugula. Neurri hauek guztiak desesperazioaren isla direla uste dut; estatuen interes ele-kultura bakarraren defendatzaileen desesperazioa. Euskara eta euskal kulturgintza aurrera doala ikusten dute, gero eta sektore zabalagoen babesa duela, eta horrek desesperazioa sortzen du.

Baina apustua irabazita daukagu. Egin behar dugun gauza bakarra orain arte bezala segitzea da, jende gehiagoren atxikimendua lortzen ahalegintzea konpromisoak berretsiz eta gizarte sektore gehiagotara iristen ahaleginduz.



ARROYO, Igor. IAko bozeramailea.

rasoaldiaren azterketa askotan egin da, baina guk zera nabarmendu nahi dugu: erasoaldiaren aurrean zer-nolako jarrera hartu behar dugun euskal hezkuntza sistemaren alde gaudenok. Gure ustez, balizko bi jarrera daude. Lehenengoa jarrera defentsiboa izango litzateke, egun ditugun apurrei eustea eta egun dagoenaren defentsa egieta hori galtzeko beldurrez. Bigarrena, berriz, jarrera ofentsiboa izango litzateke. Ikusirik sektore espainiarzaleek abiatu duten erasoaldiaren helburua nolabait defentsiban jartzea eta euskal hezkuntza sistemaren alde gaudenok txokoratzea dela, jarrera ofentsiboan jarri behar dugu benetan egungo egoera eraldatzeko apustua egiteko eta behingoz Euskal Herri osorako hezkuntza sistema propioa eskuratzeko.

Azken finean, Oliverik edo beste norbaitek adierazpenak egiten dituenean, badirudi egun badaukagual euskal hezkuntza sistema, horri eraso egiten zaiola eta hori defendatu beharra dagoela. Guk azpimarratu nahi duguna da hori dela sektore espainiarzaleen intentzioa; okerragoa den zerbaitekin mehatxatzea nolabait egungoari men egiteko.

Zentzu horretan, ezin dugu Madrildik eta Paristik ezartzen duten dantzaren erritmoan dantzatu, ezin gara aldarrikapenak soilik egiten egon haiei begira. Gure ustez estrategia bikoitza eraman behar da aurrera. Alde batetik Madrildik eta Paristik datozen eta planteatzen diren hezkuntza sistemei intsumisioa edo desobedientzia planteatu behar diegu, bai dekretuei eta baita jadanik aplikatzen diren curriculum espainiar eta frantsesari, testuliburu espainiar eta frantsesei, erdal ereduei, unbiertsitateko eta Lanbide Heziketako gaztelaniazko klaseei eta abar. Bestetik, nahi eta behar dugun hezkuntza sistema hori autogestionatu behar dugu. Ikasleok horretan ari gara, herri eskolen filosofia horretan datza. Baina hor ikastetxeetara eta unibertsitatera zabaldu behar dugu Madrildik eta Paristik esaten denari uko eginez eta eredu desberdin hori praktikan jarriz.



ZESTAU, Mirari. Sortzen-Gurasoak.

Nik uste dut benetan larria dela euskara arlo guztietatik jasaten ari den erasoaldi hau: hezkuntzan arautuan, ez-arautuan, administrazioan... Nafarroan oso kezkatuta gaude eta gertatzen ari dela izugarria dela iruditzen zaigu. Nik uste dut neurri bereziak hartu beharko ditugula, denok benetan elkartu eta zerbait egin behar dugu denon artean. Bestela, euskara hiltzera doa.



ISASI, Xavier. UEUko zuzendaria.

Gertatzen ari dena urteetako lan ildoaren eten nahi modukoa da. Urteetan lanean aritu eta produkzio mailan benetan aurrerapausoak ematen ari garen honetan, berriz ere gure jarduerarako oztopoak ditugula ikusten da. Alderdi horretatik, hezkuntza munduan gabiltzanok oso gauza sinplea aldarrikatzen dugu: unibertsitatean kalitatearen ildotik eta katedra askatasunaren ikuspegitik, gure diseinu propioa egin ahal izatea. Gure diseinu propioa esatean esan nahi dudana da urteetan egindako lanaren emaitzekin lan egin ahal izatea. Irakaleria propioaren aldeko borroka izan da ildo bat.

Orain gertatzen ari denarekin gure jarduera estutu nahi dute eta jakina, gu betitik ahalegin ikaragarria eginez jardun dugu, eta une honetan ez dugu zor zaiguna soilik eskatzen, baizik eta euskaldunak pertsonak garen neurrian, gure formakuntzarako behar diren bitartekoak eta batez ere behar den askatasuna, ezinbestekoak baitira. Une honetan urteetako jarduera eten eta pertsona askoren lan gutxiesti nahi dute. Guk, ordea, aurrera jarraituko dugu.



BERGARA, Maite. Seaskako bulego kidea.

Euskal Herri osoan ari gara jasaten erasoak, eta Iparraldean egoera ez da hobea. Azkenaldian itzuli-mitzulika dabiltza euskararen ofizialtasuna ez eman nahian. Beti dirulaguntza zenbait emateko prest badira ere, oinarrizko onarpenik gabe. Frantses Hezkuntza Nazionalak ikastolak irentsi nahi ditu integrazioa proposatuz. Guk diru publikoa eskatzen dugu, baina Seaskak bere kudeaketa galdu gabe.

Bestalde, ondoan diren beste elkarteak ere, adibidez Ikas Pedagogia Zerbitzua, orain atera da kalera irentsita sentitzen dela eta hori ez duela nahi esanez. Orokorki irratigintzan, AEKn... egoera berdintsua da. Frantsez estatuak beti funtsezko onarpena ukatzen du eta hori da gure oinarrizko borroka, hora da lortu behar duguna.



GARMENDIA, Jesús. Mondragon Unibertsiteko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko zuzendaria.

Jokoan dagoena oinarrizko eskubidea da: familiak eta gizarteak, oro har, seme-alabei eta hiritarrei nahi duten hezkuntza emateko eskubidea. Nire belaunaldikook arrotza zitzaigun sistema alienatzaiela jaso/jasan genuen, hizkuntzatik hasten zena, baina askoz ere harantzago zihoana.

Geroztik, hizkuntzatik hasita, demokratikoki, geure bidea jorratzen saiatu gara, hemen, gure Eskoriatzako Eskola honetan, beste toki askotan bezala. Ez diezagutela, orain, gure herria bizi ez dutenek gure hitza eta erabakia kendu, gure borroka eta, azken finean, gure bizitza ezabatu.



BILBAO, Gidor. EHUko Filologia eta Geografia-Historia Fakultateko Antolaketa Akademikoko dekanordea eta Latin irakaslea.

Ni latin irakaslea naiz eta garrantzitsua iruditzen zait gure gazteei latina irakastea. Baina latina euskaraz irakatsi nahi dut, nire hizkuntza eta nire ikasleena euskara delako. Eta latina irakastean garrantzi berezia eskainiko diot euskaran izan duen eraginari, eta ez soilik gaztelaniara, baizik eta baita frantsesera edo gaskoira edo nafar erromantzerako bidean izan duen bilakabideari.

Kultura Klasikoko liburu pare bat ere idatzi dut Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle euskaldunentzat. Gure ikasleek Grezia eta Erromako kultura ezagutzea nahi dut: historia, ohiturak, mitoak... baina horretarako ezinbestekoa da ikasleei Lapurdumeko harresiak erakustea oraingo Baionan, edo Ledeako mosaikoak Nafarroan, eta are Nimeseko akueduktua Frantzian, eta ez soilik Lugoko harresia, Meridako mosaikoak eta Segoviako akueduktua.

Gure drama da halakoak egiteko aukera izaten hasiak garenean, badirudiela eten egingo dela bidea; ez dakit PP edo UPNren "berrikuntzak" edo hobe "zaharkuntzak" gauzatzen direnean, horrela jokatzen jarraitu ahal izango dugun eskoletan.



GOIKOETXEA, Maria Jesus. NUPeko Lengua eta Literatura Didaktikako irakaslea

Nafarroan horrelako erreformen ezarpenek nabarmentasun edo indar berezia hartzen dute. Lehenengo eta behin, horren adibide dira gure lehendakariari barru-barrutik ateratzen zaizkion adierazpenak. Adibidez, berehala esan du gobernuak eginen dituela testuliburuak. Lekuz kanpoko adierazpena da, eta Hezkuntza kontseilariak berehala zehaztu behar izan du, benetan izugarria delako. Baina ñabardurak berak susmarazten digu argitaletxeen testuliburuen berrikuspena nolako zorroztasunez eramango den aurrera.

Bigarrenik, gure komunitatean administrazioaren aldetik inboluzio momentua bizi dugu hizkuntzaren normalizazioari dagokionez. Gutako askorentzat Euskararen Legea murriztailea zen, baina dinamika sozialak bazituen bere esparru propioak sortzeko zirrikituak. Zentzu horretan, iniziatiba pribatuko D ereduko zentroak sortzeko aukera zegoen, eta horrek guztiak D ereduaren garapen progresiboa ekarri du. Batez ere dinamika eta eskaera sozialak bultzaturiko garapena izan da.

Badirudi administrazioak ez duela begi onez ikusten edo gehiegizko garapena iruditzen zaiola. Benetan garapen horri oztopoak jarri besterik ez du egiten. Horren lehen erakusgarria administrazioko euskararen erabileraren gaineko dekretua da. Dagoeneko egina eta ezarria dago, eta izugarri murriztailea da. Gai garrantzitsua eta serioa da, eta berriro ere gaindituta zeuden dinamikak sortuko dira.

Unibertsitatearen ikuspuntutik ere badirudi Gobernuak Euskararen Lege bat eginen duela. Unibertsitatean atipikoa da horrelako lege bat, eta formalki erabat akastuna, unibertsitatea entitate autonomoa delako eta ez dagoelako zertan legerik egin beharrik hizkuntzen erabileraren inguruan kanpoko eskari bat dela eta, kanpoko hori gobernua, parlamentua edo dena delakoa izan.

Baina unibertsitateko kudeatzaileek gobernuaren ildo bera jarraitzen dute eta barne egoera latza jasatzen ari gara: euskaraz eskain daitezkeen ikasgaiak ez bultzatzeaz gain, hizkuntz plangintza oso moderatua egin zen, sistematikoki geldituta dago eta parlamentuak erabakitzea soilik desio dute. Ondorioz, euskarazko ikasgaiak etengabe gutxitzen dira ikasle kopuru handiak eskatzen direlako eta abar.





MARCHESI, Alvaro: "Dekretuak negatiboak direla uste dut"

Alde batetik LOGSE Legea daukagu eta bestetik bere ezarpena. Zer iritzi duzu ezarpen horretaz? LOGSEren filosofia errespetatzen al da?

Nik uste dut zaila dela lege bat ezartzea, eta ulertzen dut LOGSEren ezarpenak sortzen dituen arazoak. Gainera, ezartzen ari den urte hauetan arazo berriak sortu dira: komunikazioaren gizartean bizi gara, inmigratzaile kopurua gero eta handiagoa da, ikasleen ikateko modua aldatzen ari da...

Dena dela, ezarpenean sortzen diren arazoek eta gaur egungo egoera sozialek ez digute atzera begirarazi behar, ezta 60. eta 70. hamarkadako irtenbideak bilarazi behar ere. Etorkizuneko gizartean eta etorkizuneko ikasleetan pentsatuz bilatu behar ditugu irtenbideak. Soluzioak bilatu behar dira LOGSEk planteatutako inpultsoetan sakonduz, zentroetako antolaketa egiturak indartuz, profesional berriak barneratuz, irakasleen formakuntzarako bide berriak irekiz, perspektiba berriak irakasleei erakutsiz, eskolen arteko komunikazioa aragotuz, sakontzen duen irakaskuntza ezarriz eta ez azalean gelditzen dena... Ez dut uste ona denik dauden arazoen aurrean orain dela 20 urteko soluzioetara jotzea gizartea oso ezberdina baitzen orduan.

Nik uste dut LOGSE abiapuntua izan zela, eta orain beste bultzada bat eman behar zaiola baldintza berrien aurrean eta garatu egin behar dela, oraindik ez baita garatu. Horretarako, denbora gehiago eman behar zaio.



Zer iritzi duzu Hezkuntza Ministeritzak egin berri dituen dekretuei buruz?

Negatiboak direla uste dut, galdutako aukera bat izan dela. Ikaragarri igotzen dituzte ikasleek ikasi behar dituzten eduki kontzeptualak, baina sakontzea eragozten dute eta egungo hezkuntzako oinarrizko elementuak baztertzen dituzte. Adibidez, pentsatzen ikastea, sormena garatzea, diziplinartekotasuna, irtenbideak bilatzea, irakurketarako gogoa... Ministeritzaren proposamenek ez dute benetan kontuan hartzen irakurzaletasuna bultzatzea, eskolako liburutegiak bultzatzea... Hizkuntza eta Matematikan ordu bat gehitzen dute, baina aldaketa horrek gutxienekoa izan beharko luke egin behar diren benetako aldeketen aurrean.

Nik uste dut curriculumetan aldaketa berriak egin beharko liratekeela egungo egoera kontuan hartuta. MInisteritzak egiten dituen azalekoak eta edukien aldetik hain zabalak diren aldaketek irakaskuntzako oinarrizko helburuak ahazten dituzte.



Neurri eta erabaki horien aurrean zerbait egin al dezake eskola komunitateak?

Behin arauak onartuz gero, ezer gutxi egin dezakeela iruditzen zait. Zerbait egin dezaketenak komunitate autonomoak eta ikastetxeak dira.

Komunitate autonomoek legeak ezartzen dituen gutxieneko edukia errespetatu behar dituzte, baina curriculuma berrezartzerakoan berregituratu ditzakete nik aipatzen dudan perspektiba berri horren barruan: irakurketa bereziki azpimarratuz, arazoen irtenbideen bilaketa landuz, ikasleen garapen afektibo-morala garatuz, ikasteko gogoa piztuz... Ez dute zenbakien tranpan erori behar; hots, ez dute pentsatu behar "Ministeritzak 20 gai jartzen baditu, guk 35". Horren ordez, gai horiek mantendu eta berauek hezkuntzaren helburuetara berbideratu beharko lirateke.

Ikastetxeek ere gauza bera egin behar dute. Ez dute gai guztiak abiadura osoan ikusteko tentazioan erori behar. Ezer gutxi egin dezakete Gobernuaren legeak edo dekretuak aldatzeko, zeinak errespetatu egin behar diren. Baina lege edo dekretu horiek berregin, berrinterpretatu eta alderdi batzuk indartu ditzakete.



Ba al dago horretarako abagunerik? Dekretuek uzten al dute hori egiteko aukerarik?

Bai, ez dute lehen adinako abagunerik, baina bai, uzten dute. Komunitate autonomoek dekretua berregin egin behar izaten dute, eta beraz, badago aukera.

Nik uste dut EAE ondo doala. Bere arduradunei entzun diedanaren arabera, norabide egokian doa eta bere hezkuntza diskurtsotik gertu sentitzen naiz.