GOLEMAN, Daniel: Adimen emozionala, autokontrolean aurreratzen

2001-05-01
Adimen emozionalaz arituko gara oraingoan, eta horretarako Daniel Golemanen ekarpena hartuko dugu ardatz. Adimen emozionalaren garrantzia behin eta berriro agertzen da bere lanetan. Adimen horrek gizakiaren garapenean eta egunerokotasunean duen garrantzia eta eragina azpimarratzen ditu. Era berean, eskolan emozioak nola landu ditzakegun aipatzen du, eta horrek zer ahalbidetzen duen ere bai.
 
 
Biografia

Daniel Goleman 1947an jaio zen. Argitasun eta maisutasun handiz deskribatzen du adimen emozionala. Psikologia arloan bere lanak aldaketa garrantitsuak dakartza adimen kozientearen garrantziari buruzko mendebaldeko teorien inguruan. Teoria horiek aldakaitz egon dira belaunaldietan zehar.

Daniel Goleman The New York Times egunkariko zientzia orrialdeetako erredaktorea izan da, Psychology Today aldizkari estatubatuarreko editore eta Harvard Unibertsitateko Psikologia irakasle.

Gaur egun EEBBetako hainbat ikastetxetan programa pilotu anitz zuzentzen ditu. Programa horien helburu nagusiena haurrei gatazkak konpontzen, beren bulkadak kontrolatzen eta gaitasun sozialak garatzen laguntzea da.

Bere lanen artean hauek dira aipagarrienak: Simple Truhts, The Meditative Mind eta Los caminos de la Meditación. Bere maisu lana Adimen Emozionala (Emotional Intelligence, 1995) da. Milioi bat ale baino gehiago saldu dira eta 25 hizkuntzatara itzuli da.

Lan horretako oinarrizko printzipioak hartu eta hainbat hezkuntza programatan ezartzen ari dira, bai ohiko irakaskuntzan eta bai aniztasuna lantzeko programetan.



Sarrera

Adimen emozionala kontzeptua oso berria da adimen kozientearekin alderatzen badugu. Azken honen ikerketan ehundaka pertsona hasi ziren ia orain dela mende bat. Haren ikerketak eta aplikazioak batez ere adimen akademikora zuzenduta egon dira. Nahiz eta ikerketa anitz gauzatu, geure bizitzan aurre egin behar diegun zailtasun eta aukera ugarietarako prestakuntzarik ez du eskaintzen.

Adimen koziente altua edukitzeak ez du ezer konpontzen eta prestigio eta zoriontasun bermerik ere ez du ematen. Hala ere, eskolan gaitasun akademikoen garapenari garrantzia ematen jarraitzen zaio, eta askotan adimen emozionalaren garapenaren kaltetan.

Era berean, ezin uka daiteke bizitza emozionala irmotasun handiagoz edo gutxiagoz garatu eta finkatu daitezkeen trebetasunez osatua dagoela. Horren nagusitasunak mugatuko du bizitzan aurrera egitea edo geldirik geratzea (nahiz eta adimen maila handiagoa izan) eragiten duen motibo nagusia.

Adimen eskuduntzak helburu trebezia bat eratzen du eta horrek mugatzen du gure gaitasun guztiak zenbateraino menperatuko ditugun.

Adimen emozionala sentimenduen, nortasunaren eta bulkada moralaren lotura bihurtzen da. Ezin dugu ahaztu bulkada emozioaren ibilgailua dela eta bulkada guztien funtsa ekintza bultzatzen duen sentimendu hedakorrean dagoela.

Autokontrolik ez duten pertsonak eta bulkaden menpe daudenak urritasun moralean murgildurik egoten dira. Izan ere, bulkadak kontrolatzeko gaitasunak borondatearen eta nortasunaren funtsa islatzen du, neurri batean.



Zertarako balio dute emozioek?

Emozioek susma ezineko kontrol eta oreka eremua irekitzen digute egoera berrien aurrean etengabe moldatu beharrean aurkitzen garenean. Hor sortzen dira aurre egin eta konpondu behar ditugun gatazka egoerak: arriskua, konpon ezineko galerak, lorpenak eta helburuak lortzeko motibazioa mantentzea eta fustrazioak kontrolatzea, besteak beste.

Emozio bakoitzak ekintzen aurrean modu desberdinez prestatzen gaitu, helburu zehatzak lortzeko pautak eta helburuak zehazten dizkigu.

Gutako bakoitzak aldez aurretiko joera biologiko bat dauka nerbio sistemak erregulatzen duen ekintzaren aurrean. Gero gure esperientziek eta ingurune kulturalaren eraginak moldatzen dute. Burmuin emozionala eta burmuin arrazionala lotuta daude eta hainbat ezagutza forma elkarlotzen dituzte munduan gida gaitzaten.

Bien artean koordinazio handia dago sentimenduak ezinbestekoak direlako pentsamenduarentzat eta alderantziz. Haatik, pasioen edo beste egoeren agerpenak oreka hauts dezake, eta burmuin emozionalak burmuin arrazionala gaindu eta bahitzen du. Ondorioz, geure ekintzak irtenbiderik gabe edo akastun irtenbiderik gabe uzten du.



Adimen desberdina

Hezkuntza sistemak haurrari egin diezaiokeen ekarpenik garrantzitsuenetakoa zera da: bere abilezia pertsonalak osotasunean garatuko diren lekua aurkitzen lagundu, non asebeterik eta prest sentituko diren. Horretarako, pertsonen bizitzako ibilbidea ezin da arrakasta mugatua eta aurrez ezarria duen ereduaren bidez aztertu.

Horregatik, Gardnerrekin bat etorriz, alde batera utzi behar da "Adimen kozientearen pentsamendua" deitu zuena, eta dauden hainbat eredu hartu behar dira kontuan (ikus beheko taula).

Ikus daitekeenez, adimen kozientearen ereduarekin kontrajarrita dagoen adimen ugaritasunaren kontzeptua daukagu. Geroztik eredu hori zabaldu egin da 20 adimen motetara beste autoreek egindako ikerketekin.



Nondik hasten gara

Adimen emozionalaren muina sentimendu bat agertzen den unean bertan ezagutzeko gaitasuna da.

- Gaitasun hori funtsezkoa da geure burua ezagutzeko eta ezagutza ziurra ematen du erabakiak hartzeko garaian.

- Emozioak kontrolatzeko gaitasuna. Autokontrol horren abitartez tentsio desatseginetatik aska gaitezke, eta egoera latzei aurre egiteko eta konpontzeko gaitasuna igo egiten da.

- Besteen emozioak ezagutzea. Pertsonen arteko harremanak hobetzeko herri gaitasuna barneratzen du (enpatia). Erlazio sozialak ugaritzea ahalbidetzen du eta hainbat aktibitate profesional garatzeko gaitzen du. Aldi berean, sistema kognitiboak, afektiboak eta portaerazkoak indartzen ditu. Mayer eta Salovely, 1993.

- Erlazioen kontrola. Besteen emozioekin sintonizatzeko eta erlazionatzeko abilezia. Honen barnean sartzen dira ospea, lidergoa eta eraginkortasun interpertsonala.

Behin puntu honetara iritsita, garapen ereduen arteko desberdintasunak zerrenda ditzakegu, Adimen kozientea -eredu purua- aintzat harturik, zeinak zeharka begiratzen dion adimen emozionalari eta eredu emozionalari.



Eredu intelektuala



- Interesen hedapena

- Abilezia intelektualak

- Handinahikoak

- Produktiboak

- Aurrez esangarriak

- Nekaezina

- Ez dira beren beharrez arduratzen

- Kritikoak

- Beldurtiak

- Kikilduak

- Ez oso adierazkorrak

- Emozionalki urrunak





Eredu emozionala



- Sozialki orekatuak

- Irekiak

- Alaiak

- Ez oso lotsatiak

- Ez oso obsesiboak

- Konpromiso gaitasuna

- Arduratsuak

- Bizitzaren ikuspegi etikoa

- Adeitsuak

- Maitakorrak

- Beren buruarekin eta besteekin ados daudenak

- Bizitza emozional aberatsa



Ez gara prototipoak sortzen ausartzen, pertsona bakoitza adimen kozientearen eta adimen emozionalaren arteko proportzio desberdinen konbinaketaren ondorio baita. Dena dela, kualitate horiek dimentsio biek pertsonaren kualitate multzoari gehitu diezazkieketen gaitasun espezifikoen ikuspuntu hezigarria ematen digute.



Emozioak irakatsi

Adimen emozionalaren garapena "Trebetasun Emozionalak" (Grant, 1992; Self Science Stone F.ren Curriculuma; Dillehunt, H., 1978) programaren bidez irakasteak eta lantzeak honakoa ahalbidetzen du:

- Erantzukizuna handitzea

- Adierazpena hobetzea

- Kanporakoitasuna hobetzea

- Besteei gehiago ulertzea

- Arazo interpertsonalak konpontzeko estrategia sozial gehiago izatea

- Gatazkak konpontzeko abilezia handiagoa edukitzea

- Erabaki pertsonalak hartzea

- Sentimenduak menperatzea

- Enpatia gehitzea

- Komunikazio eta entzuketa trebetasunak garatzea

- Aldagai sozialak interpretatzea

- Besteen ikusmoldea ulertzea

- Portaera arauak ulertzea

- Bizitzaren aurrean jarrera positiboa mantentzea

Eta modu honetan, bizitzaren eskaeren aurreko egokitze prozesuan laguntzen duten trebetasunak eta gaitasunak zerrendatzean jarrai genezake.



Nola hasi eskolan

Oinarriak berehala jartzen dira, baina adimen emozionala handitzen garenean ere ikasten da. Dena dela, bizitzako lehen urteetan egituratzen da modu erabakiorrean emozioen mundua. Beren emozioak maneiatzen azkar ikasten duten haurrek emaitza hobeak lortzen dituzten eskolan.

Errazago egiten dira besteen lagun.

Irakasle eta gurasoak imitatzen dituzte.

Ikasleak gatazken konponbideetan inplikatuz egiten da lan.

Aktiboki entzun behar zaie, arazoak konpontzeko balioko dieten hitz klabeak soilik emanez.

Egoera arazotsuetan konstruktiboki jokatu behar da:

- Ikasleak errespetatuz.

- Nork bere haserrea maneiatzeko gaitasunarekin.

- Autoestimu sentimendu egonkorrarekin.

- Besteen lekuan jartzeko gai izanez.

- Tonuak garapen emozionalaren gainean eragiten duela jakinez.



Gela irekian egin behar da lan. Gela irekia zera da: proiektu bat lantzea, lan astea antolatzea, lana astero planifikatzea eta, azken finean, klasetik haratago doan ikasketa. Helburu bezala hauek ditu:

- Ezagutzak transmititzea

- Konpetentzia emozionalak garatzea

- Autonomia estimulatzea

- Erantzukizuna estimulatzea

- Gaitasun sozialak garatzea

Proiektuaren helburua komunikagarria edo erabilgarria izango den emaitza lortzea da. Etapa ezberdinak biltzen ditu: planifikazioa, gauzatzea eta balorazioa.

Lan askea. Ezagutzen ikasketan dituen ondorioez gain, ikasketa emozionaleko esperientziak ahalbidetzen ditu: erantzukizuna, errespetua eta kolaborazioa.





Bibliografia

Golemanen lanak gaztelaniaz:

- GOLEMAN, D. (1995): Emotional Intelligence. González Ragak itzulia. Kairós, S. A.



Golemani buruzko lanak ingelesez:

- BRODY, L. eta HALL, P. (1993): Gender and Emotion. New York. Guilford Press.

- GADNER, H. (1993). Multiple intelligences. New York. Basic Books.

- MAYER, D. J. eta SALOVELY, P. (1993): The intelligence of emotional intelligence. Intelligence, 17, 433-442.

- SNYDER eta beste (1991): The will and the ways: Development and Validation of an Individual-Differences Measure of Hope. Joaurnal of Personality and Social Psychology; 60, 4.



Golemani buruzko lanak gaztelaniaz:

- MARTIN, D. eta BOECK, K. (2000): Qué es la Inteligencia Emocional. EDAF. Psicologia y Autoayuda. Madril.