IGELDOKO HERRI ESKOLA: Zumeta proiektua

2001-10-01
Igeldoko herri eskolan "Zumeta proiektua" burutu zuten iazko ikasturteko lehen hiruhilabetean. 4 urteko sei haurrekin eta 5 urteko beste hainbesterekin jardun ziren. Irakasleek beraiek kontatuko digute zer dela-eta bururatu zitzaien proiektu honetan murgiltzea eta zer egin zuten.
 
 
Zergatia

San Martin azokan erakusketa bat zegoen eta hara joatea polita izango zela pentsatu genuen. Lehenago, ordea, gelan zerbait landu behar genuela iruditzen zitzaigun, eta horrela, proiektua gorpuzten hasi zen.

Konstruktibismo mintegian gaudenez, Zumetaren proiektua ildo honetatik bideratzea erabaki genuen.



Material bilketa

Laguntza bila Billabonako eskolara jo genuen. Bertako irakasle den Maribik gaia aurreko ikasturte batean jorratu zuenez, landutakoa azaldu zigun eta ilusioa eta gogoa transmititu ere bai. Liburuak, katalogoak eta bideoa utzi zizkigun. Bideoan han egindako lanak agertzen ziren.

Kurtso hasiera zenez, guraso bilera hurbil genuen, eta aukera paregabea zen gure ideia azaltzeko eta beraien inplikazioa lortzeko.

Materiala lortzeko iturriak bi izan ziren nagusiki:

- Ikasleek katalogoak, posterrak eta CD bat ekarri zituzten.

- Irakasleok liburuak eta artikuluak lortu genituen hainbat bidetatik. Liburu bat azokan bertan erosi genuen, eta baita lamina bat ere. Horrez gain, Interneten Zumetaren biografia lortu genuen (gela osoak jo zuen ordenagailura informazio bila).



Proiektuaren gauzatzea

Proiektu honekin hainbat arlo landu genituen: hizkuntza, plastika, musika, irteera, argazkilaritza, erakusketa...



Hizkuntza

Zumetari buruz bildutako liburuak gelan utzi genituen eta haurrei liburuak ikustea proposatu genien. Era berean, galderak eginez hainbat gauza irakatsi genizkien:

- Elkarrizketak bultzatzen genituen: zer ikusten da? Polita al da? Gustukoa al duzue? Ezagutzen al duzue? Ipuina al da?

- Liburuaren izenburuak ere joko handia ematen zigun: izenburua irakurtzeko, letrak zenbatzeko eta hainbat galdera egiteko: ezagutzen al dituzue letra hauek? Zuen izenetan agertzen al dira? Beste zenbait ariketa ere egin genituen: izenburua arbelean idatzi, izenburua haurrek beraien modura idatzi, irakasleak izenburua idatzi eta egiaztatu.



Zumetaren txokoa

Gelan Zumetaren txokoa egitea proposatu genuen bertan material guztia eskura izateko. Ikasleei etxean zuten Zumetari buruzko materiala eskolara ekartzeko esan zitzaien txokoan jarri ahal izateko. Horrela, poliki-poliki, ekartzen zuten materialarekin txokoa osatzen joan ginen.

Txokoa izendatzeko beharra agertu zen eta hainbat proposamenen artean "ZUMETA" zela egokiena erabaki zuten haurrek. Ondoren, tenperaz idatzi genuen.

Gurasoek margolari honi buruz zer zekiten jakin nahi genuenez, paper bat luzatu genien galdera batekin: amatxo eta aitatxo, zer dakizue Zumetari buruz?

Gelara ekartzen zutenean, haur bakoitzak irakurriko balu bezala egiten zuen eta talde osoari kontatzen zion bere gurasoek idatzitakoa. Ondoren, irakasleak irakurtzen zuen haurrak nahi izanez gero.

Jasotako erantzunekin zer egin genezakeen galdetu ondoren, liburuxka (kuadernazio) antzeko bat egitea erabaki zen. Izenburua behar zenez, hainbat aukeratatik bat hautatu eta errotuladorearekin idatzi zuten: "Aitatxo eta amatxoek dakitena". Politago gelditzeko apaindu egin behar zela-eta, batek gometsak jartzea proposatu zuen eta horrela egin zen.



Biografia

Lanari jarraipena emanez, gure helburua Zumetaren biografia egitea zen.

Horrela, zenbait egunetan komikiak eta hainbat biografia liburu ikusten aritu ondoren, arbelean idatzi genituen bi testu horien arteko desberdintasunak:

Komikiak Biografia

letra gutxi letra asko

marrazki asko marrazki gutxi

asmatua erreala

gozatzeko pertsona ospetsu

baten datuak jakiteko




Ondoren biografia hitza idatzi genuen arbelean. Letrak kontatu genituen eta zenbait galdera egin genizkien: ezagutzen al dituzue letra horiek? Zuen izenetan ba al daude?...

Autobiografiaren eta biografiaren arteko desberdintasunak ere landu genituen. Arbelean bi hitzak idatzi eta desberditasunak ikusi genituen: autobiografia norberak egiten du eta biografia beste batek idazten du.

Autobiografia hitza idatzi, letrak kontatu eta galderak egin genizkien: ezagutzen al dituzue letra horiek? Zuen izenetan ba al daude?...

Gero Zumetaren biografia egin genuen. Laguntza modura galdera batzuk prestatu genizkien orri batean eta haurrek galdera horiek erantzun zituzten. Berez ez da biografia bat, galdetegi bat baizik, baina hala ere horrela utzi genuen.



Irteera

Proiektu honen inguruan irteera bat egin genuen 2000ko urriaren 18aren goizean. Bi heldu eta 4 eta 5 urteko 11 haur joan ginen.

Irteeraren helburuak bat baino gehiago ziren: Zumetaren lana ezagutzea, "Bide heziketa" lantzea, taldeko harremanak sendotzea eta goiz polita igarotzea.

Aldez aurretik San Martin azokara joango ginela esan genien, eta horren inguruko elkarrizketak bultzatu genituen: nola joango gara? Trenez, airez, autoz, autobusez? Zer da autobusa? Non hartu behar dugu? Zenbat ordaindu behar da? Nola joan behar da autobusean? Kalean nola ibili behar da? Zer da semaforoa? Noiz pasatu behar da?...

Beste egun batean elkarrizketa beste ildo batetik bideratu genuen: zertara goaz San Martin azokara? Zer ikusiko dugu? Zergatik dago erakusketa bat azoka batean? Zer behatuko dugu? Neurria, koloreak, margotzeko teknikak, izenburuak, sinadura...

Irteera egunerako nahiko argi zuten zertara gindoazen. Oso goiz polita izan zen. Udazkena gaiarekin lotu eta azokan udazkeneko fruituak erosi genituen. Argazkiak ere atera genituen.



Argazki bilduma

San Martin azokan atera genituen argazkiekin zer egin planteatu genien eta zenbait proposamen aztertu ondoren liburu antzeko bat egitea erabaki genuen.



Lanaren antolaketa

Haurrak binaka jarri ziren, 4 urteko haur bat eta 5 urteko beste bat elkartu genituelarik, handiek txikiei laguntzen dietelako eta bi taldeen harremanak indartzeko aukera ematen zuelako.

Bikote bakoitzak argazki bat aukeratu zuen eta paperean itsatsi. Ondoren bikote bakoitzak pentsatu behar zuen zer idatzi argazkiaren beheko aldean. Batzuek beren kabuz idatzi nahi zuten eta beste batzuk, berriz, helduen laguntza eskatu zuten.

Argazki liburuak azalaren beharra zuela ikusi genuenez, zer egin pentsatzen hasi ginen, eta azkenik koloretako marrak egitea pentsatu genuen, Zumetak ere hala egiten zituelako. Tenperaz egin genituen marrak eta izenburua errotuladorez.

Argazkien lana bukatu ondoren egileen izenak jarri genituen orri batean. Eta bukatzeko, gurasoei beraien iritziak jartzeko aukera eman genien beste orrialde batean.

Lan luzea eta neketsua izan zen argazki asko genituelako.



Erakusketa

Lan hau guztia biribiltzeko erakusketa bat egitea pentsatu genuen. Inauterietan guraso gehienak etortzen direla aprobetxatuz, orduan antolatzea erabaki genuen.

Eguna iritsi baino lehen zenbait lantxo egin genituen: gonbidapena, kartelak...



Gonbidapena

Ohiko ildoa jarraituz, galderak luzatu genizkien: zer da gonbidapena? Zertarako egiten da?

Ondoren, gonbidapena egiteko hainbat material erabili genuen: folioak, errotuladoreak, arkatzak, gometsak...

Haur bakoitzak bere gurasoentzako gonbidapena egin zuen ordenagailuz. Hutsuneak bete zituen gurasoen jarriz eta baita apaindu ere errotuladore eta gometsen bidez.



Kartelak

Beti bezala elkarrizketarekin hasi ginen: zer da kartela? Zertarako egiten dira? Nork egiten ditu?...

Erabili genuen materiala kartulinak, paper handiak, tenperak, errotuladoreak eta gometsak izan ziren.

Kartel batzuk talde handitan egin ziren eta besteak, berriz, talde txikitan. Bukatzeko, apaindu egin genituen errotuladoreak, tenperak eta gometsak erabiliz.



Musika

Mikel Laboa Jose Luis Zumetaren laguna denez, gelara haren CDak ekarri genituen (batzuk irakasleok eta beste bat ikasle batek).

CDen azalak aztertzen aritu ondoren batzuk Zumetak egindakoak zirela konturatu ginen.

Saio batzuetan abestiak entzun genituen, eta, gehien gustatu zitzaien abestia Baga-Biga izan zenez, ikastea erabaki genuen. Eta ikasi ondoren keinuak jarri genizkion.



Plastika

Materiala: A3 orriak, kartulinak, barniza, akuarelak, tenperak, manley, plastidecor, jovicolor, koloretako folioak...

Hasieran Zumetari buruzko liburuak gelan egon ziren eta haurrek nahi zutenean erabiltzen zituzten. Egun batean liburuak denen artean ikusi genituen eta bakoitzak gustuko zuen koadroa aukeratu zuen. Irakasleak koloretazko fotokopiak egin eta plastifikatu egin zituen haurrek gelan bere kabuz erabili ahal izateko. Orri horiek hainbat eratara erabili genituen:

* Errazenetatik hasi ginen (marra horizontalak dituztenekin) eta hori errepikatzea eskatu genien. Batzuak oso osoki errepikatu zuten eta beste batzuak beren erara egin zuten koloreok erabiliz.

* Akuarelekin beste koadro bat kopiatu genuen.

* Txuri-beltzean fotokopiatutako koadroa koloreztatu genuen manley margoak erabiliz.

* Bakoitzak aukeratutako koadroa berregin zuen aukeratutako materialarekin: manley, jovicolor, plastidecor...

* Beste koadro batzuk ere berregin zituzten, gehien gustatzen zitzaizkienak.

* Autorretratoak egin genituen plastidecor margoekin.

* Egindako koadro bakoitzari txartel bat jarri genion. Txartela ikasleek beraiek idatzi zuten eta zera jartzen zuen: izenburua, egilea eta neurriak.

* Lana bukatutakoan haur bakoitzak bere koadroa barnizatu zuen.