2001-11-01
Orain dela bi ikasturte jarri zuen abian Sortzen-Ikasbatuaz-ek"Euskaraz mintza" proiektua, eta aurten ere jarraipena emango zaio. Euskal Herri osoko hainbat ikastetxe publikotan garatzen ari den proiektu honen helburu nagusia haurrek kaleko euskararen erregistro hurbilak ezagutzea zen. Horretarako, jolasetan oinarritzen dira, hau da, jolasen bitartez bultzatzen dute haurren artean hizkera arrunta. Izan ere, funtsezkotzat jotzen dute kaleko hizkera menperatzea euskararen erabilera hedatu eta areagotu ahal izateko.
 
 
Bitarteko bezala jolasak aukeratzeko, arrazoi bat baino gehiago egon ziren. Alde batetik, jolasen balio pedagogikoa; bestetik, jolasen egokitasuna lehiakortasunik sortzen ez dutelako; hirugarrenik, jolasak errekuperatzeak duen garrantzia, gaur egun kirola lekua kentzen ari baitzaie; eta azkenik, telebistak eta beste medioek eskaintzen ez dituzten hizkuntza ohiturak jasotzen dituzte.

Kaleko hizkeraren erabilera areagotzeko ardura zuzenean eskolari ez badagokio ere, badu bere erantzukizuna, eta hori bere gain hartu zuten aipatu ikastetxeek. Urtxintxa Aisialdi Eskolako begiraleen eskutik ikastaroak jaso zituzten irakasleek, eta horren ondotik ikasleekin landu dituzte jolasak. Hainbat eskolatan jolasorduetan aritu dira, beste zenbaitetan jangelan eta badira Euskarako klaseetan landu dutenak ere; bakoitzak bere egoerara egokitu du proiektua. Horietako hiruk beren esperientziaren berri eman digute: Basauriko Arizko ikastolak, Iruñeko Axular udal ikastolak eta Kanboko eskola publikoak.

Esperientzia eta garatu duten bidea ezberdina den heinean, emaitzak ere hala izanen dira. Baina, orokorrean, arrakasta izaten ari den programa da eta Sortzen-Ikasbatuazeko arduradunak gustura daude. Aurtengo abendura arteko finantzazioa dauka Euskaraz Mintza proiektuak, baina Sortzen-Ikasbatuaz datorren urterako jarraipena lortzen saiatuko da. Izan ere, gero eta ikastetxe gehiago dira Euskaraz Mintzan parte hartu nahi dutenak. Nafarroa eta EAEn sei ikastetxete hasi ziren, eta orain beste bederatzik egin dute eskaera. Iparraldean 20 ikastetxetako irakasleek orain arteko lanarekin jarraituko dute.

Zenbait kasutan gurasoei ere eman zaie jolasen ikastaroa, eta arrakastatsuak izan dira. Guztira zazpi ikastaro eskaini dira, eta abendura bitartean beste lau egingo dira.

Abenduan ebaluaketa egingo da eta benetan euskararen erabilerak aurrera egin duen ala ez ikusiko da. Orain arteko emaitzei begiratuz gero, baiezkoa esan daiteke, erabilerak gora egin duela eta proiektua arrakastatsua suertatzen ari dela.

Bide horretan ikastetxe bakoitzak bere erritmoan jarraitu arren, proiektuaren fase berri bat etorriko da ikasturte honetan, 4. fasea izango dena. Euskaraz Mintzan parte hartzen duten ikastetxe guztien artean lan komunak egitean oinarrituko da fase hori. Proiektua Euskal Herri mailakoa izanik osotasuna eman nahi zaio, eta oraindik nola zehaztu gabe dagoen arren, hainbat ekintzaren bidez gauzatuko da: jolasen eguna, elkar trukeak... Ikastetxeetako haurrak helburu jakin batekin elkartuko dira: jolastea, euskaraz jolastea, eta horrela euskararen erabilera gehitzea.





Iruñeko Axular udal ikastolako esperientzia

Iruñeko Udal Ikastolen sorreratik bertatik hezkuntzako sektore guztien arteko elkarlana nagusitu da geure ikastetxeetan. Duela 17 urtetik hiru ikastetxe gara, eta horietako bat gure eskola da. Axular Iruñeko Txantrea auzoandago kokatuta. Auzo honen barne ezaugarriak kontuan izanik (langile auzoa da, gerla osteko migrazioak zirela-eta etorkinekin sortu zena, batez ere nafarrak izanik, eta auzolanean eraikita), hezkuntza mailan eta euskal kultura alorrean gure eskola aitzindarietako bat bezala hartzea ez da harritzekoa.

Garai gogorrak igaro ditugu, baina "espiritu sortzaile, berritzaile eta iraultzaile"ez hornitu gaituzte.

Aspaldian hizkuntza plangintza baten beharra ikusten genuenez, esperientzia ugari eraman ditugu aurrera. Duela bost urte Euskal Autonomia Erkidegoaren babes ofizialpean sortu zen taldeen berri izan genuen, eta berehalaxe Sortzenen bitartez harremanetan jarri ginen haiekin. Ondorengo ikasturteetan lan honetan jardun gara, ia-ia beti Nafar Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eta gure titularra den udalaren laguntzarik gabe, irakasleon eta gurasoen borondatean eta ahaleginetan oinarrituz.

Euskaraz Mintza proiektua bere sorreratik ezagutu dugu. Euskara formalaren garapena gure curriculumean nahiko bermatuta zegoela ikusita eta erabilpenaren diagnosiaren emaitzak jakinda, haurrek kaleko euskararen erregistro hurbilak lantzea derrigorrezkoa ikusten genuen. Gure ingurua erabat erdalduna izanik ez dugu lan erraza, baina proiektu honek bidea erraztuko digula iruditzen zaigu.

Lehendabizi, irakasleria osoaren iritzia kontuan izanik, gure arteko bileretan proiektu honen uztarpena nola egin erabaki genuen. Gure Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren oinarria Hizkuntza Plangintza izanik, bertan bere hastapena lantzen hasi ginen. Hastapenari garrantzi handia eman genion proiektuaren garapena bermatzeko.

Proiektuaren behar formalak zehaztu genituen, eta horrela jolasaldietan eramango genuela aurrera erabaki genuen. Honetarako, jolasaldiaren funtzioa, tokia, saioak eta taldeak proiektuaren arabera antolatzen hasi ginen. Horrela, egunero "jolasen saioa" tokatzen zaion taldea 10 minutu lehenago ateratzen da aterpera, hamaiketakoa hartu ahal izateko. Ondorengo 30 minutuetan jolasetan aritzen da.

Behar formalak antolatu ondoren, begiralea gure ikastetxeko errealitatean sartzeko eta bertakoa sentitu ahal izateko aurkezpena egin genion, bai irakasleok eta bai ikasleek. Lehenengo kasuan gure Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua zertan zetzan, ahal ziren neurrian gure ezaugarriak, arauak, ohiturak, eta abar aipatu genizkion. Ondoren, ziklo bakoitzeko koordinatzailearekin ordu erdiko saioa paratu genuen. Bilera horietan idatzita eman genizkion zikloko irakasleen izenak, zikloko ezaugarri nagusiak, zer espero zuten proiektu honetatik eta ikastalde bakoitzaren ezaugarri nagusiak. Gehienetan, koordinatzailearekin ez ezik, irakasle guztiekin egoteko aukera izan zuen. Ikasleen aurkezpena eskola orduetan landu genuen: ordu erdiz gure begiralea den Edurne eta tutorea haurrekin aterpera igotzen ziren, eta aldez aurretik paratutako jolas batekin hasten ziren. Jolas horiek aukeratzerakoan kontuan hartu genuen biziak, erakargarriak, ezezagunak eta ahal ziren neurrian beraien interesetan oinarritutakoak izatea.

Hasiera honen ebaluazioa oso positiboa izan zen, haur guztiek poz-pozik harrera egokia egin zietelako bai begiraleari eta baita proiektuari ere.

Proiektuaren berri eman zitzaion hasieran Guraso Elkarteari eta Eskola Batzordeari ondoren, eta beren onespena jaso zuen. Horrez gain, mailetako guraso bileretan guraso guztiei informazio zabala eta zehatza eman zitzaien. Oso harrera ona izan zuen.

1999/2000 ikasturtean haurrekin aritzeko jolasak zikloko bileretan aukeratzen ziren, hots, tutoreek. Izan ere, beraiek ezagutzen zituzten ondoen haurrak. Ondoren, begiraleak jolas horiek prestatzen zituen. 2000/2001 ikasturtean, ordea, astean behin begiralea eta zentroko proiektuaren koordinatzailea elkartzen ziren saioak prestatzeko. Bilera horietan jolasak aukeratzeaz gain, behar den materiala, abestiak edota, behar izanez gero, arauak ere paratzen ziren irakasleek aldez aurretik gelan bertan landu ahal izateko. Noizean behin, saioen ebaluazioa ere egiten dute. Horretarako, bai monitoreak bere aldetik, bai irakasleek berenetik, saioen ebaluazio fitxa txiki bat betetzen dute.

Proiektuaren garapenari begira, euskararen erabilpenaren neurketa batzuk egin dira: lehenengoa proiektua ezarri baino lehen, hots, aurkezpena egin aurretik, begiraleak berak egin baitzuen; bigarrena 1999/2000 ikasturtearen amaieran hiruzpalau hilabete horietan gertatukoaz jabetzeko; eta hirugarrena 2000/2001 ikasturtearen hasieran, udako etenaldiaren ostean nondik hasi behar genuen jakin ahal izateko.

Prozesu osoan tutoreen parte-hartzea eta inplikazioa bikaina izan da, haurrengan interesa sortuz eta begiralea ikastetxeko partaide sentiarazten. Egiten ari garen elkarlana oso baikor ikusten dugu eta denok bide beretik goazela nabaritzen ari gara. Euskararen erabilpena ere areagotzen ari dela nabarmentzen da, eta iazko ikasturte amaieran eginen zen neurketan emaitza baikorrak lortu dira.





Basauriko Arizko ikastolako esperientzia

Sortzen eta Ikasbatuaz elkarteen arteko lankidetzaren emaitza izan zen Euskaraz Mintza proiektua 1999ko ekainetik aurrera bilakatu zen solasgai Arizko ikastolan. Hasierako bilerak eta haietatik sorturiko zirriborroak 1998/99 ikasturtearen amaieran ezagutu zuen argia.

Proiektuaren esparrua jolasorduei begirakoa bazen ere, gurean bestelako erabakia hartu zen. Arrazoirik ez zitzaigun falta. Euskaraz Bizi proiektua aurrera eramateko konpromiso sendoa adostu genuenetik, jolasorduak ere barnean hartu izan ditugu, plangintza osoaren beste atal bat legez. Beste aldetik, ikastola handia izatean, jolas garaiaren iraupena laburregitzat jotzen genuen, patxadaz eta ganoraz programazioa arrakastaz burutzeko. Eta gainera, erabateko adostasuna lortu zuen beste balorazio hau ere mahairatu zen: euskara jatorraren erabilpena sustatzeko berezko premia zuena bazkalorduaren inguruko tartea zela. Gogoan hartu behar dugu Arizko ikastolako ikasle erdiak baino gehiago direla zerbitzu horren erabiltzaileak, eta protagonismoa emanez, talde eraginkor bilaka dezakeguna.

Arrazoi horiek nagusi, irakasleen eta proiektuaren ardura hartuko zuen begiraleaz gain, jantokiko begiraleei ere luzatu genien Donostian egin zen formakuntza ikastarora joateko gonbidapena. 1999ko azaroan, beraz, Arizko ikastolako lau lagunek hartu zuten parte Urtxintxak eskainitako saioetan. Asmo, ideia eta ilusioz beteriko bidaiak izan ziren Donostiarako joan-etorriak. Baina hurrengo urteko martxora arte ezin izan genuen praktikan ipintzen hasi, diru laguntzak ez baitira beti garaiz iristen.

Azkenik, esan bezala, martxoan ekin genion proiektuaren alderdi praktikoari. Euskaraz Mintzaren begiralea 12:30etik 14:30era bitartean hasi zen lanean, eta lehen bi asteak antolaketa arloa ondo zehazten pasa genituen: koordinazioa nola bideratu, jantokiko gainerako langileak nola inplikatu, egutegia nola zehaztu, baliabideak nola egituratu, material beharrak nola finantzatu, ikasleen aurrean nola aurkeztu, ebaluazioa nola planteatu...

Koordinazioari dagokionez, argi genuen Euskaraz Mintza proiektua, Euskaraz Bizi proiektua bezala, ezin zitekeela jantoki garaira soilik mugatu, esparru hezitzaile horrek lotura zuzena behar baitu gainerako ikastorduekin. Hori errealitate bilakatzeko, proiektuaren begiraleak eskola komunitatea osatzen duten guztiekin izan behar zuen komunikazio-hari egituratua:

- Irakasleari hileko plangintzaren berri emateko eta balizko jarduera komunak proposatzeko gunerik egokiena, urtetako esperientzia zuen Euskaraz Bizi Batzordea zela ondorioztatu genuen. Berau da proiektuaren lehen erreferentzia, eta bigarrena euskararen normalkuntzarako teknikaria. Hamabostean behin biltzen den batzorde hori zikloetako irakasle banak, teknikariak eta ikasburuak osatzen zuten une hartara arte; Euskaraz Mintza proiektua barneratzean, begirale eta guzti, lan esparrua zabaldu egiten zitzaion, erantzukizun berria bere gain hartuz.

- Jantoki Batzordea eta langileak ere ezin genitzakeen albo batera utzi. Izan ere, langile horiek elementu eraginkorra izan behar zuten proiektuan. Hau da, ardura zuzena zuen begiralearen gidaritzapean bazen ere, harekin batera aritu behar zuten jolasak irakasten eta bideratzen, materiala atontzen eta kontrolatzen, programazioan laguntzen... Beraz, Jantoki Batzordeak zenbait behar ekonomikoren aurrean erabakiak hartzeaz gain, ondo argi azaldu behar zien langile guztiei zein ziren beren betebeharrak, bai jatorduari zegozkionak, bai aisialdia edukiz bete eta euskalduntzeari zegozkionak ere.

- Familiengana heltzea neketsuago suertatu ohi zaigu sarritan. Izan ere, lehen ikasturtean Batzorde Iraunkorreko kideek, Eskola Kontseilukideek eta Jantoki Batzordekideek bakarrik jaso zuten proiektuari buruzko informazio zuzena. Jantokiko erabiltzaileak ziren familiek, berriz, beren seme-alabek begirale "berezi" batekin (Argitxuren lagun-mina txikienentzat) izandako bizipenen berri bazuten, baina zeharkakoa: haurren komentarioak, jolastokiko solasaldiak...

Emaitzen aurrebalorazioa ekainean egin genuen. Goizegi zen, ezbairik gabe: proiektuak hiru hilabete besterik ez zituen. Hala ere, bikain etorri zitzaigun hutsuneak detektatzeko eta, batez ere, ikasleen artean Nora, "ondo pasatzeko begiralea", funtsezkoa zela frogatzeko.

Pasa den ikasturtean ildo beretik jo dugu proiektuaren antolaketa eta zehaztapenari dagokionez. Baina berrikuntzak ere egin ditugu:

- Udalaren lankidetzari esker, jolastokian hainbat eta hainbat irudi margotu genituen: lokotxetan aritzeko markak, lau bazterrak, iturriekin korri egiteko bidexkak... Aukera dibertigarriak eskura jarri besterik ez dugu egin, eta harrera oso ona izan dute.

- "Gurasoak euskaraz jolasten" ikastaroa antolatu genuen urtarrilean hasteko, proiektuak aurreikusten zuen esparru hori garatzen lehenak izan ginelarik. Bi talde osatu genituen: goizeko lehen orduan bata, eta arratsaldean, eskolak amaitu eta gero, bestea. Jolas eta kanta bildumatxoa ere prestatu genuen, euskaldunak edo erdaldunak izan, Euskaraz Mintzaren begiralearekin berarekin euskaraz jolasean ikas zezaten.

Ideia eta istorio gehiago dugun arren, utzi egin behar zaituztegu hurrengo batera arte, bestela gu gabe hasiko baitira soka saltoan, iturrietan, goman, txaloka, kaniketan, harrapaketan, zelai errean, lokotxetan, kromotan, botean, ezkutaketan... eta ez dugu galdu nahi!!!!!





Kanboko eskola publiko elebiduneko esperientzia

MITXELENA, Pantxoa. Kanboko eskola publikoko irakaslea



Gure eskola publikoetan euskara irakasteko bideak nolakoak diren analizatu ondoren, ohartu ginen ezin genuela Hegoaldeko moduan jokatu Euskaraz Mintza egitasmoa gauzatzeko garaian. Iparraldeko ikastetxe publikoetan ikasleen kopuru batek baizik ez du euskara ikasten (elebidun sisteman daudenek) eta kasik ikasgelan soilik erabiltzen da euskara. Horregatik, erabaki genuen proiektua irakasleek zutela obratuko klase denboran, eta ez begiraleek klasetik kanpo.

Horretarako, irakasleen formakuntzarekin hasi ginen. 15 ikastetxeetako 19 irakaslek Urtxintxa Elkarteak animatutako formakuntzan hartu zuten parte hiru asteazken goizetan. Euskal joko zahar andana baten aurkitzeko parada ukan zuten, eta hizkuntzaren garrantzia azpimarratu zitzaien.

Geroztik, gure ikastetxean, Kanbon, ostiral goiz osoan hiru oren laurdenez 32 haur jolasten dira Maritxu eta Pantxo irakasleekin. Astero jolas berri bat aurkezten zaie, eta horrela, gaur egun, dantza eta abesti multzo bat gogoan dauzkate.

Ostiral arratsaldeetan, aro txarra denean kirola kanpoan egiteko, beste 22 ikasle handienekin gauza bera egiten da. Hizkuntzaren ikasteari lehentasuna emaiten zaio eta joko batzuetan arauak aldatzen dira euskararen egitura batzuk erabilarazteko. Adibidez:

"Maite zaitut.... ordularia duzulako/baituzu".

"Ez zaitut maite.... ez baizira handia/ ez zirelako handia".

Ororen buru, haurrak gogotik sartu dira proiektuan dinamikoa eta alaia delako, eta batzuetan ikusten ditugu haurrak jolas horietan lanarte denboran.