Kronika

2001-12-01
 
 
Iruñerriko D ereduko zuzendariek informazio ofiziala euskaraz bidaltzeko eskatu diote Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari. Euskarari ematen dioten tratamendua dela-eta, kezka agertu dute zuzendariek eta plataforma iraunkorra eratu dute egoera horren aurrean jarrera bateratua agertzeko. Ildo horretatik, Iruñeko alkatearekin eta Hezkuntza kontseilariarekin hitz egiteko bilera eskaera egin dute.
Zuzendariek kexu bat baino gehiago dituzte. Alde batetik, azkenaldian Iruñeko Udaletik jasotzen duten informazio guztia gaztelania hutsean iritsi zaie. Horren aurrean, informazio ofiziala gutxienez elebiz bidaltzeko eskaera egin dute. Beste aldetik, langileen hizkuntz eskakizunak zehaztu daitezen ere eskatu dute. Era berean, Hezkuntza Departamentuak 3 urtetik aurrera ingelesa eta gaztelania sartzeko duen asmoa ere salatu dute. D ereduko ikastetxeetako zuzendariek diotenez, horrek murgiltze sisteman kalteak baino ez lituzke ekarriko.


Euskararentzako diru laguntzak murriztu nahi ditu UPNk

UPNren Gobernuak euskararentzako diru laguntzak %12 murriztu nahi ditu. Parlamentura bidalitako aurrekontuetan ikusten denaren arabera, Hizkuntz Politikak inoiz izan dituen diru murrizketarik handienak jasan ditu. Iazko aurrekontuekin alderatuta, euskararentzat bideratutako diru laguntzak %12 jaitsi dituzte. Horren barruan, euskararen irakaskuntzaren garapena eta bultzada ra bideratutako laguntza %2,5 murriztu dute. Iaz 306,5 milioi pezeta bideratu ziren, eta aurten 298,6 milioi pezeta. Kopuru horietatik 13,3 milioi pezeta bideratu ziren iaz euskal irakasleen hobekuntzara, eta aurten 10 milioi pezeta. Euskararen erabileraren inguruko egitasmorako kopurua 21,5 milioitik 21era jaitsi da. Euskara bultzatzeko egitasmoetarakoak 27,8 milioitik 22ra. Euskarazko ikasmaterialei dagokienez, 19 milioi bideratu ziren iaz eta aurten 14 milioi proposatzen da. Euskararen sustapenerako bekak eta laguntzak bi milioi gutxiago jasoko lukete aurten, 28 milioi. Eta gau eskolak 100 milioirekin geldituko lirateke, iaz baino 7,7 milioi gutxiago.
Hezkuntzaren alorrean Lanbide Heziketa sustatzeko egitasmoek diru laguntza gutxiago jasoko dute. Ostera, ikastetxe kontzertatuetarako subentzioek gora egin dute.
Oro har, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuak oso-osoarik hartuta, %0,22 erabiltzen da euskararentzat. Kopuru hori etengabe jaitsi da 1995. urteaz geroztik. Aitzitik, azken urteotan %0,34koa zen jaitsiera. Iaz, ordea, Pedro Pegenautek hartu zuen Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Nagusiko ardura, eta murrizketak areagotu zituen. Euskararentzako diru laguntzak %0,27ra jaitsi ziren. Are gehiago, beste birmoldaketak ere egin zituen eta ondorioz euskararen garapenerako proiektu gehienak desagertu egin ziren. Esate baterako, administrazioan euskararen presentzia areagotzeko programa guztiak, eta hizkuntza politika sustatzeko dirua.
UPNren aurrekontu txosten honek CDNren babesa jaso du. Oposizioak eta sindikatuek, ordea, kontrako jarrera agertu dute. Bozeramaileen Mahaiak tramiterako onartu ondoren, eztabaidarako epea ireki da.


"Euskal Herriak bere eskola" kanpaina abiatu da herriz herri

Euskal Herriak bere eskola kanpaina aurkeztu dute hainbat ikasle, irakasle, guraso eta herritarrek, eta leloak dioen bezala, Euskal Hezkuntza sistema propioaren aldeko ekimena da. Orain arte sistema propioaren aldeko urratsak eman baldin badira, hemendik aurrera pauso berriak emateko aukera dagoela adierazi dute kanpainaren bultzatzaileek.
Aurrerabide horretan garrantzitsutzat jo dute elkarrekin lan egitea. Elkarlana izango du ardatz, beraz, kanpaina honek. Asmoa herriz herriko taldeak sortzea da, bakoitzak tokian tokiko beharrak identifika ditzan eta tokian tokiko helburuak finka ditzan. Herrietako talde horietako ordezkariak maila nazionaleko erakundean bilduko lirateke.
Horrela bada, herrietako taldeak sortzeaz gain, beste hainbat ekimen eramango dira aurrera: sinadura bilketa, hitzaldiak, mahai inguruak eta abar. Sinadura bilketarako prestatu duten agirian hezkuntza sistema propioaren beharra, nahia eta eskubidea aldarrikatzen dira.
Adierazpenak eta aldarrikapenak ez dira falta izan unibertsitatean ere. Madrildik etorri den Unibertsitate Legea dela-eta, ikasleak eta irakasleak, guztiak atera dira kalera protestatzera. Espainiako Senatuan oposizioko talde guztiek (PSOE, Entesa Catalana, EAJ eta Talde Mistoa) beto proposamenak aurkeztu dizkiote. Inmaculada Boneta EAko sendoreak eta Senatuko Hezkuntza Batzordean Talde Mistoko eledunak lege osoari aurka egitea inoiz baino justifikatuagoa dagoela adierazi du. Testuari egindako kritiketan zera aipatzen da: eskuduntza autonomikoak urratzen dituela, unibertsitateko autonomian esku hartzen duela, eta unibertsitate guztietan "berdintasuna" ezartzen duela.
Hala ere, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidenteak aditzera eman du prest dagoela proiektuari hobekuntza teknikoak egiteko, baina erreformaren sakoneko proposamena hustu eta eraldatu gabe.


Ikas Pedagogia Zerbitzuak euskalgintzako ordezkarien babesa jaso du euskarazko ikasmaterialgintzan egiten diharduen lanarekin jarraitzeko. Akitaniako CRDPko partaide izanik, orain arte Ikasen esku zegoen euskarazko material pedagogikoa argitaratzea. Orain, ordea, CDRPren eskuetan jarri nahi dute. Era berean, ikasmaterialetarako batzorde berria sortu nahi dute. Ikasen iritziz batzorde hori soberakoa da.
Ikasek eta euskalgintzako beste hainbat erakundek hitzarmen bat sinatu dute. Besteak beste honako hauek dira sinatzaileak: AEK, sare publikoko eskola elebidunetako irakasleak, eskola giristinoetako zuzendaritza, Euskal Haziak, Hizkuntz Kontseilua, Euskal Kultur Erakundea, Euskal Konfederazioa eta sail giristinoko eskola elebidunetako irakasleak.
Hitzarmenean zera eskatzen diete obragintza publikoko partaideei: euskarazko ikasmaterialaren obralaritza Ikasen esku uztea eta Akitaniako CRDP pedagogi zentroak frantsesezkoaren ardura hartzea. Ikas 1959an hasi zen euskarazko materiala argitaratzen eta sinatzaileek adierazi dute material horren kalitatea aski frogatua geratu dela. Material hori lau sareetako irakasle eta arduradunen artean hartzen da adostasunean. Hezkuntza administrazioko ikuskariek gainbegiratzen dute pedagogia arloa, unibertsitate adituek gaiaren jarraipena egiten dute eta euskaltzainek hizkuntza saila berrikusten dute.