IZTUETA, Anjeles:
Kementsu eta indarrez ekin dio bere lanari, esparru bakoitzeko erronkak argi dituelarik. Horiek lortzeko bidean hezkuntza munduko partaide ororekin kontatu nahi du , iritziak eta proposamenak jaso nahi ditu. Ateak irekita dituela aditzera eman digu.
Sei erronka azpimarratuko nituzke: 0-3 etaparen arautzea, Lanbide Heziketaren liburu zuria egitea, geure Unibertsitate Lege berria egitea, beken politika birplanteatzea, herrien Europaren berri izatea gure neska-mutilek eta Eskola Itun berria adostea.
Goazen sei erronka horiek banaka aztertzera. 0-3 etapari dagokionez, zein asmo ditu Hezkuntza Sailak?
0-3 etapa arautzea eta garatzea da erronka honetako zeregina. Etapa hori hezkuntza laguntza bezala ikusten dugu, hau da, biak uztarturik, osotasunean harturik. Ikuspegi horrekin haur eskolen ordutegiak zabalak izango dira eta estaldura aldetik zenbait konpromiso bete behar ditugu legegintzaldi hau bukatzerako. Esate baterako, 2-3 urteko tarte horretan eskariaren %100 bete behar dugu, eta txikietan gutxienez %40.
Proiektu honen buru Hezkuntza Saila izango da, berak koordinatuko du, baina Gobernuko zenbait sailek hartu dute parte. Bat Lan Saila izango da, azken finean 0-3 etapa familia eta hezkuntza, familia eta lana, bateratzeko euskarria delako. Horrez gain, Gai Sozialetarako Sailak ere parte hartuko du, eta Nekazaritzak ere bai, nekazari guneetarako programa bereziak egin behar direlako. Eusko Jaurlaritzaz aparte, udalek eta Foru Aldundiek ere parte hartuko dute.
Beraz, lehen erronketako bat 0-3 etapa garatzea da, ikuspegi zabal batetik eta hainbat sailen artean, betiere Hezkuntza Saila gidari delarik. Izan ere, etapa hori LOGSEren barruan ulertzen dugu, LOGSE malgu baten barruan. Dena dela, LOGSE dagoen bezala ez da geldituko, dagoeneko aldaketa batzuk egin baitira etapa horri dagokionez.
Guk zuzendutako etapa izango da, baina ez geurea soilik, sail eta instituzio gehiagok esku hartuko dute. Ez baitugu hezkuntza ikuspegia soilik sartuko horren barruan, gehiago baizik.
Lanbide Heziketari bultzada berezia eman nahi diozue. Zein neurri hartuz egingo duzue hori?
Lanbide Heziketaren alorrean sailordetza berria daukagu. Gobernuan sailordetza berria sortzeak asko esan nahi du, maila handiko egitura delako. Hor Lanbide Heziketa eta bizitzan zeharreko ikaskuntza bilduko ditugu, eta liburu zuri bat egingo dugu. Liburu horretan kualifikazio sistema berria eta akreditazio sistema berria bilduko dira. Laburki esanda, horren ondorioz edozein kualifikazio bi hilabetean sortu ahal izango da. Lehen titulazio bat sortzeko urtebete edo urte eta erdi behar baldin bazen, orain bi hilabetetan behar bati erantzungo dion espezializazioa eta titulazioa sortzeko ahalmena izango da. Eta noski, titulazioarekin batera akreditazio eta homologazio sistema osoa ere bai.
Esan beharra dago Lanbide Heziketaren inguruan sistema bakarra egongo dela. Hau da, Lanbide Heziketak hezkuntza sistemaren barruko irakaskuntza eta hortik kanpokoa hartuko ditu bere baitan. Beraz, lanean eta langabezian daudenek ere aukera berak izango dituzte ikasketak egiteko.
Gainera, Lanbide Heziketa modularra izango da. Horrek esan nahi du edozein ikasketa 40 orduko modulutan zatituko dela. Normalean hezkuntza sistemaren barruko ikasketak 200-300 orduko modulutakoak izaten dira, baina hezkuntza sistematik kanpokoak gutxiagokoak. Hori egokiagoa da lanean dabiltzanentzat.
Hezkuntza sistemaren barruko Lanbide Heziketa Hezkuntza Sailak bideratzen du eta Lan Sailak ere parte hartzen du. Eta sistematik kanpokoan, aldiz, Foru Aldundiek eta udalek ere parte hartzen dute. Beraz, erakundeen arteko lana da eta denek esku hartzen dute prestakuntza alor horretan ere.
Lanbide Heziketari lotuta, Europan Udal eta Eskualde Agintarien Elkartea sortu berri da eta lehendakariorde kargua duzu zuk. Zer eragin izango du hemen?
Guretzat politikoki eta estrategikoki edo profesionalki garrantzi handikoa da. Garrantzia du, alde batetik, herrien Europaren inguruan aurrerapauso bat delako, eta beste aldetik, prestakuntza alorrekoa delako. Hainbat herrialde historiko daude elkartean: Gales, Toscana, gu... eta laster sartuko dira Babiera, Eskozia... Hezkuntzaren mundua eta herrien Europa lotzen dituen erakundea da.
Madrilgo Unibertsitate Lege berria onartu da, eta horren aurrean zer jarrera hartuko du Hezkuntza Sailak?
Gure unibertsitatearen autonomiaren kontra doa guztiz, eta baita gure autonomia politikoaren aurka ere. Horren aurrean geure Unibertsitate Legea egingo dugu eta hemengo Legebiltzarrera eramango dugu. Horko taldeak ados jartzen baldin bagara eta onartzen baldin badugu, hori izango da gure legea. Adostasun hori lortzeak asko esan nahiko du.
Lege organikoek ez al dute hemengo autonomia baldintzatzen?
Guk geure autonomiaren barruan hezkuntza maila guztietan eskumen osoa daukagu. Hortaz, unibertsitate esparruan ere geure legea egiteko eskumen osoa daukagu.
Horrez gain, unibertsitatearen autonomia bultzatuko duen lege berria egin behar dugu, eta ez administrazioaren esku-hartzea bultzatuko duena.
Beken politikaren birplanteaketa da aipatu duzun laugarren erronka. Zein aldaketa egingo dira arlo horretan?
Beka politika guzti-guztia birplanteatuko dugu; 0 urtetik hasi eta unibertsitatea bukatu bitartean. Aldaketa horrekin bekaren politika horretan kontzeptu gehiago sartuko ditugu: matrikulak, liburuak, jantokiak, garraioak, hizkuntzak... Horrekin batera familia eredu desberdinetara egokituko dugu: batzuk guraso bakarrekoak dira; beste batzuk bi, hiru edo lau seme-alabako bikoteak; familia batzuetan ezinduak daude... Orduan, gaur egungo familia ereduari egokitutako politika behar dugu, ez orain dela 25 urtekoari. Beste aldaketa bat diru sarrerei dagokiena izango da, hots, diru sarrerak progresiboak izango dira. Eta notak ere begiratuko dira maila batetik aurrera. Datorren ikasturtean jarriko da martxan sistema berria.
Berdintasuna lantzeko modu bat da hezkuntza, eta hori gogoan izanda aldatuko dugu beken politika.
Herrien Europa aipatu duzu bosgarren erronka modura. Zer ulertu behar dugu horrekin?
Herrien Europa landu egin behar dela. Alde horretatik, nik uste dut txikitatik hasi behar dela hori lantzen. Ez da teoria kontua, nik uste dut herrien Europa bultzatzen baldin badugu eta horretan sinesten baldin badugu, Euskal Herria hor beste herri bat izango dela, beste herri aske bat. Horretarako, herriak ezagutu egin behar dira eta txikitatik erabili behar da materiala Korsika, Bretainia eta gainontzeko herriak zer diren ezagutzeko. Halaber, topaketak bultzatu eta beste hainbat gauza ere egin behar dira, eta denak txikitatik hasita. Zeren, oraingo haur eta gazteek Europan zein herri dauden ez baldin badakite, estatuak soilik ezagutzen baldin badituzte, ez dute Europako herrien alde lanik egingo. Euskal Herria bezala beste hainbat herri daude eta hori hezkuntza sistema osoan landu behar da.
Curriculumaren barruan landuko al litzateke?
Bai, curriculumean sartuko genuke, baina, lehenengo, era esperimentalean. Europaren ikasketa ikaskuntza ibilbide guztian sartuko dugu, eta horren barruan Europako herriak, ez estatuak soilik.
Ikasmaterialak direla-eta Nafarroan sortu zen afera ikusirik, batzuk ez dira herrien Europa hori lantzearen oso aldeko izango.
Argi dago Euskal Herria existitzen dela, eta ez kultur mailan soilik. 1979ko estatutuak ere Euskal Herria subjektu politikotzat hartzen zuen, eta eskubide historikoak zituen. Beraz, subjektu politikoa ere bada, eskubideak dituelako politikoki.
Horretaz beldurrik gabe hitz egin behar dugu, bai liburuetan eta bai mintzatzeko garaian. Errealitate hori existitzen da. Politikoki gaur egun hiru zatitan banatuta dago, baina kulturalki Euskal Herri osoaz hitz egin behar da. Hori gure materialetan beldurrik gabe landu behar dela uste dut.
Azken erronkatzat Eskola Itun berria aipatu duzu. Zer planteatzen da horri dagokionez?
Adostasunez egin beharreko ituna da, eta beste zazpi edo zortzi urterako ituna adostu behar dugu. Aurrekoa 1993an egin zen eta hura aztertu beharko lehendabizi: ea bete den, ea zein hutsune gelditu zaizkion... eta ondoren berria prestatu.
Eskola Itun berriarekin batera, Euskal Eskolaren Legea egitea aurreikusten al da?
Gure konpromisoa Eskola Itun berria egitea da. Agian horren atzetik lege berri bat etor daiteke, baina lehenengo ituna dago, marko orokorra. Euskal hezkuntza sistemaren barruan zenbait sare daude, helburu batzuk, adostutako arau batzuk eta abar. Hori adostea da gure konpromisoa, bai alderdi politikoekin eta bai hezkuntzako partaide guztiekin. Horren ondorioa lege bat izango den ala ez gero ikusiko da. Lehenengo gauza ituna da.
Irakasleen prestakuntzari dagokionez, nola jarraituko du? Orain arteko bideak egongo al dira?
Orain arteko programak egongo dira: Garatu, Irale... Horiek hor jarraituko dute, baina errepasatu egingo ditugu. Legegintzaldi honetarako lerro nagusi batzuk ezarri ditugu: beti kalitatea bultzatuko dugu, Europaren gaia, aniztasuna... Horren inguruan garatuko dugu prestakuntza, helburuen inguruan, helburuen atzetik doalako prestakuntza.
Iraleren inguruan kezka ugari daude.
Nik uste dut Iralek lan ona egin duela euskalduntze bidean eta hezkuntza sistema Iraleren bidez euskaldundu da. Baina orain Iralek egindakoa errepasatu eta birplanteatu egin behar da. Zeren irakasleria euskaldunduta baldin badago ere, kalitate maila igo baitaiteke.
Irakasleen %30 edo euskaldundu gabe gelditu da, eta seguraski hala geldituko da. Horiei zein irtenbide eman behar zaie sistema bera euskalduntzen joateko?
Mementoz ezin dizuet esan zer egingo dugun. Baina orain arte euskaldundu ez den multzo hori euskalduntzea zaila da. Horiekin zer egin daitekeen pentsatu behar da.
Baina horrekin batera, euskaldundu den irakasleriaren euskara maila hobetzera bideratu behar dugu Irale. Oso euskalduntze justua izan da eta horrek izugarrizko garrantzia du hezkuntzan. Euskara maila justu-justuarekin bai ezaguera eta bai euskara transmititzen ari den irakasleak akatsak egiten ditu. Hori ez da haren ardura soilik, gurea ere bada. Horregatik, gehienbat horretara bultzatu behar dugu Irale.
Orain arte Iralen sare publikoko irakasle gehiago ibili da: %80 edo publikokoa zen eta gainontzekoa sare kontzertatukoa. Hemendik aurrera ere proportzio horiekin jarraituko al da?
Nik garbi daukat sistema osoa euskaldundu behar dela, bai publikoa eta bai kontzertatua. Era berean, bai sare bateko zein besteko irakasle euskaldunen maila hobetu behar da, guztiena.
Euskararen kontuarekin ari garelarik, A, B eta D ereduen gaineko kezka ere zabaldua dago. Ereduen sistemaren moldaketa eskatzen da. Baina zer aldatu behar den erabaki aurretik, ez al da ebaluazio sakon bat egin behar orain artekoa aztertzeko?
Bai, lehenengo aztertu egin behar da eta horretan hastekoak gara. Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakunde berria eratu zen eta orain jarriko da abian. Institutu horren barruan plangintza bat egin behar dugu zer gauza aztertu eta ebaluatu behar diren jakiteko. Plangintza hori urte amaierarako eginda egongo da eta horren berri emango dugu. Ondoren, ebaluazio lanak segituan jarriko ditugu martxan eta hiru-lau hilabetean egingo dira. Horrela, datorren ikasturterako ondorioak aterata egongo dira.
Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen plangintzan aztergai izango diren gaiak zein izango diren aurrera al zeniezaguke?
Bai, hiru gai izango dira. Bata euskararena, eta horren barruan ereduen sistema eta irakasleen euskara maila. Ereduek nahikoa urte daramatzate martxan eta eredu bakoitzak nola funtzionatzen duen jakin behar da. Hortaz, A, B eta D ereduak aztertuko ditugu eta ereduka zein euskara maila dagoen ikusiko dugu. Haatik, ereduek ikasleei zein konpetentzia maila ematen dien soilik ez da aztertuko, baita irakasleek zein euskara maila duten ere.
Bigarren aztergaia 14-16 urte bitarteko ikasleei eta irakasleei zer gertatzen zaien ikustea izango da. Adin zaila da, bai ikasleentzat eta baita irakasleentzat ere, eta ongi aztertu behar da; zer gertatzen den, nola konpontzen ari diren...
Hirugarren aztergaia eskola porrota da. Ondo aztertu behar da zer ulertzen dugun eskola porrotarekin, horren inguruko elementuak, non dauzkagun zuloak, zergatik egiten duten ikasleek porrot...
Ikastetxeen autonomiaren gaia ere pil-pilean dago. Zein da Hezkuntza Sailaren jarrera gai horretan?
Nik uste dut ikastetxeak autonomia behar duela, hau da, ez du kanpotik bideratutako zerbait eduki behar. Alde horretatik, ikastetxeko zuzendaritza taldea profesionalizatu nahi dugu, horri eman nahi diogu lehentasuna. Zergatik? Ikastetxearen autonomiaren barruan euskarri bat izan daitekeelako. Memento honetan inork ez du zuzendari izan nahi, ez duelako ezer irabazten. Hori dela-eta, lanpostu hori duena bultzatu, lagundu egin nahi dugu. Eta horrekin batera, zentroari berari ere autonomia gehiago eman. Denak ez du izan behar kanpotik zuzendutakoa. Agian errazagoa izango da kanpotik zuzentzea, baina pasibotasuna bultzatzen da.
Ikastetxe batzuetan proiektu pilotu batzuk jartzeko asmoa dugu, eta hortik ereduren bat atera autonomia bultzatzeko. Mementoz asmoa baino ez da, ez dakigu zertan gauzatuko den, baina datozen urteetan hori landu behar dugu. Bestela, zentroek ez dute bizitzarik izango.
Ikastetxearen autonomia baldintzatzen duen faktore garrantzitsu bat badago: langileen mugikortasuna.
Bai, hala da. Horrek asko baldintzatzen du, baina oso zaila da aldatzea. Beti izango da zentralizatutako plagintza bat, baina hala ere, nik uste dut badaudela landu daitezkeen gaiak.
Autonomiaren gaia landuko dugu legegintzaldi honetan, eta garaia iristen den mementoan horretaz hausnartzen ari diren guztiekin kontatuko dugu.
Hainbeste espero den Lan Eskaintza Publikoa noizko izango da?
Udarako izango da. 1.500 lanpostu aterako ditugu oposaketarako. Eta horrez gain, ordezkapen zerrendak zein sistemaren arabera eratu eta kudeatuko diren adostuko dugu sindikatuekin.
Bukatzeko, zein mezu emango zenieke irakasleei?
Alde batetik, konturatzen naizela zenbaterainoko garrantzia duen beraien lanak. Beraiek ere ondo dakite. Gaurko haurrak eta gazteak etorkizunerako prestatzen ari dira, eta horrek berebiziko garrantzia du. Nik uste dut garrantzi handiko lana dela.
Horrez gain, kontziente naiz lan zaila daukatela. Eguneroko lana egiteaz gain, etengabe prestatzen aritu behar dute.
Beraz, animatu egin nahi ditut garrantzi handiko lana dela konturatzen naizelako, baina animoa behar duena. Nik neure buruari ere gauza bera esaten diot. Ez da erronka erraza, egunero-egunero aritu behar dute, eta beraien eskuetan dago etorkizuneko gizartea. Ez dira ezagutzak soilik transmititzen ari, balioak eta beste gauza asko ere bai. Horregatik, gure Euskal Herriko etorkizuna gaur egungo irakasleen esku dago zati handi batean. Eta horretaz kontziente dira.
Zure eta Hezkuntza Sailaren jarrerak ere garrantzi handia du irakasleentzat eta hezkuntzan ari diren langileentzat. Hau da, jasaten dituzten erasoen aurrean zuen babesa eta defentsa izateak esanahi handia izan dezake irakasleentzat. Horretaz kontziente al zara?
Bai, noski. Ni hemen gizarteko zati handi baten ordezkari nago, eta horren araberako jarrera daukat. Beste jarrera bat edukiko banu gaizki egingo nuke, gure gizartearen gehiengoak ez baitu horrela pentsatzen. Kasu horretan beste bat egongo litzateke Sail honetan; EAren ordez PP agian. Baina ez da hala, ni nago, eta ni EAkoa naizelako nago. Hori argi daukat, bai Madrilekiko eta bai edozein herritarrekiko.
Guk argi ikusten dugu erkidego bezala geure hezkuntza geure erara antolatzeko eskubide osoa daukagula. Ez daukagu onartu beharrik ados ez gauden ezer. Alde horretatik, Madrildik datozen inposaketak ez ditugu onartuko. Planteatzen dituzten zenbait gauzarekin ados baldin badago gure sistema eta gure erkidegoa, onartuko ditugu, betiere etortzen zaigun guztia gure bahetik pasatuz. Baina inposaketarik ez dugu onartuko. Horrelakoetan gure eskubidean babestuko gara, gure hezkuntza geure beharren arabera antolatzeko eskubidea daukagulako. Hori argi daukagu, gure hezkuntza geurea da.
Madrilen onartu duten Unibertsitate Legeak, esaterako, Hezkuntza Sailaren barruan bertan ere antolatzeko aukerarik ez digu uzten, Sailaren barruko antolaketan sartzen da, eta ez diogu kasurik egingo. Guk geure erara antolatzeko eskubide osoa baitaukagu. Oinarrizko lege organikoak etortzen badira, eta gure autonomia eta ikuspuntu guztia aurrez aurre jotzen badituzte, ez daukagu kasurik egin beharrik.