SALBATORE MITXELENA ikastola, Zarautz:

2001-12-01
Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako 6 urteko haurrek astean behin Mendi artistaren bisita izatendute. Margolari honek marrazkiak egiten laguntzeaz gain, sormenari leihoa irekitzera bultzatzen ditu. Artista eta haurren artean sortzen den erlazioa berezia dela medio, bide berriak irekitzen dira.
 
 
Orain dela bi urte hasi zen 73 urte dituen Jon Koldobika Mendizabal Zarauzko ikastolara joaten. Ez ikasle bezala, eta ezta irakasle bezala lan egitera ere, artista bezala bere ezagutzak zabaltzera baizik. Ezohiko irakaslea dela esan daiteke agian, baina artista dela esatea egokiagoa da. Zergatik? Laster ikusiko duzue.

Artista zarauztar hau askotan aritzen da Zarauzko hondartzan margotzen. Era berean, ikastolako haurrak sarritan joan ohi dira hondartza aldera giro ona egiten duenean. Bada, egun batean, elkarrekin topo egin zuten eta irakasleak artista hark ikasleei gauza asko erakuts ziezazkiekeela konturatu ziren. Horrela, haurrei zerbait irakastera animatuko al zen galdetu zioten, eta baita egin ere.

Geroztik astean behin joaten da Mendi ikastolara eta haurrak margotzen jartzen ditu."Beraiei ezaguna egiten zaien gai bat aukeratzen dugu, eta horri buruz pixka bat hitz egin ondoren, marraztu egiten dute. Adibidez, Orioko balearen 100. urteurreneko ospakizunak egin zirenean, bospasei ikasle han izan ziren eta balea marraztea erabaki genuen" azaltzen digu Mendik"Ez diet eskatzen marrazkia ondo edo perfektu egitea, hori ez da garrantzitsua, baizik eta sormena lantzea, ez dadila sormena landu gabe gelditu". Horretarako, haurrekin jolasean egiten du, marraztu, gauzak komentatu... Baita erakusketak, argazkiak eta filmak ikusi ere. Ikusitakoa gelan komentatzen dute: zer ikusi duten, zer iruditu zaien politena... Eta hor pizten zaie kuriositatea eta sormena. Mendiren ustez,"hori da aberatsena, kuriositatea edukitzea eta bizitzari buruz interesatzea". Horri buruzko marrazkia egiten dute ondoren, eta Mendik banaka-banaka bakoitzarekin komentatzen du."Aurrera jarraitzeko animatzen ditut: koloreekin jolasteko, detaileak marrazteko... Zer egin duten konturarazten saiatzen naiz eta hortik aurrera egin dezaketenaz ohartarazten ere bai. Azken finean, ateak irekitzen saiatzen naiz. Izan ere, gaurko bizimoduak ateak itxi egiten ditu, eta ireki egin behar direla iruditzen zait. Horregatik, hori txikitatik erakutsi behar zaie". Ikuspegi horretatik, Mendik dio bi gauza erakutsi behar zaizkiela: jatekoa lortzen eta zaletasunak lantzen."Adin horretan nabaritzen da nork atera dezakeen bizimodua margotuz. Batzuek trebezia handia dute. Gertatzen dena da lantzen ez badute moztu egiten dela, eta horretan gelditzen dela. Lanean hasten badira, kirola egiten badute eta abar, margotzeko denborarik gabe gelditzen dira". Hori bere inguruan argi ikusi du Mendik berak."Nirekin batera eskolan zebiltzan batzuek nik baino hobeto egiten zituzten marrazkiak, eta orain ez dute ezer egiten. Ez zuten marrazten jarraitu eta ez zuten gehiago garatu trebezia hura". Beste garai batzuk ziren, eta horrek ere eragina zuen, noski."Garai hartan helbururik garrantzitsuena lan duin batekin bizimodua aurrera ateratzea zen. Gaur egun, ordea, bizitza maila altuagoa den honetan, denbora dugun honetan, aukera daukagun honetan, eskolak dauzkagun honetan, zaletasunak ere landu egin behar dira, leku egin behar zaie".

Orain arteko bizimoduan marrazteari, arteari eta, oro har, kulturari ez zaio kirolari edo beste hainbat gauzari adinako garrantzirik eman, Mendiren ustez."Hemengo etxeetan ez da liburutegirik egon izan. Jan inon baino hobeto egin izan da, eta kirola eta lana ere garrantzitsuak izan dira. Haatik, kulturak ez du presentzia handirik eduki. Hemengo jendeak kanpora bidaiatzen duenean ez ditu museoak bisitatzen, dendak baizik. Zergatik? Kultura falta zaielako, oinarria falta zaielako, eta hori da haurrei eman behar zaiena. Gaur egun, telebistak, eskolak eta komunikabideek kultura hori zabaltzen edo ezagutarazten lagun dezaketela iruditzen zait".

Haurrek ez dute Mendirekin soilik marrazten, bera ez dagoenean ere jarduten dira. Baina Mendiren ekarpenak berritasuna ematen die. Egunero joango balitz aspertu egingo liratekeela dio, eta hori ere zaindu egin behar dela.

Irakasleek beren jarduera eta Mendirena ez dute berdin ikusten. Mendirekin artistaren begirada jasotzen dutela diote, eta horrek garrantzia duela"Zeri ematen dion garrantzia ikusten dute, nola pausatzen dituen begiradak gauzetan... Eta haurrek hori ikusi egiten dute, jaso egiten dute. Irakasleok hori normalean galduta daukagu, nahikoa daukagu haurrak isilik edukitzearekin eta ordena zaintzearekin. Baina artista beste gauza bat da. Etortzen da, egiten du marrazki bat, eta haurrak pentsatzen du "horrek hori egin badu, nik ere egin dezaket". Egindakoa Mendiri erakusten diote eta hark gelditu eta begiratu egiten die marrazkiei. Haurrekin egiten dituen komentarioak ere garrantzitsuak dira".

Artista gela barruan egoteak kultura eta arterako bidea irekitzen du. Jorge Oteizak hori dio Un modelo de hombre para el niño en cada país artikuluan, artista eskolan egoten dela, artistak haurrekin egon behar duela. Artistak artea egiteko gizartetik jasotzen ditu osagaiak, eta horrekin egiten ditu artelanak. Gero, ordea, jaso duen hori berriz gizarteari itzuli behar dio. Eta nola egiten du hori? Eskolaren bitartez. Horregatik esaten du Oteizak artistak haurrarekin egon behar duela. Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan Mendi artistarekin egoteko zortea daukate haurrek.