Kronika

2002-02-01
 
 
Euskarazko irakaskuntzaren eskaria gero eta handiagoa da Bidarten . Hori islatzen dute Bidarteko Herriko Etxeak gurasoen artean egin dituen bi inkestek. Baiona-Angelu-Miarritzen (BAM) bezala, Bidarten ere euskararen aldeko jarrera nagusitu da gurasoen artean. Herriko Etxeak irailean egin zuen lehen inkestan herriko eskolako gurasoen iritzia jaso zen. %40k ama eskolatik hasita gela elebidunak sortzearen alde zeudela adierazi zuen.
Bigarren inkestan besoetako haurren gurasoei galdegin zitzaien, eta %56k haurtzaindegi elebidunak nahi zituztela erran zuen. Guztira 77 erantzun bildu zituen Herriko Etxeak, eta horietatik 43 elebitasunaren aldekoak ziren.
Horrenbestez, eskaera handituz doala ikusita, Herriko Etxeak euskararen erabilera sustatuko duten ekimenak jarriko ditu abian. Hobeki hautetsi taldeak ere hitzetik ekintzara igarotzeko unea iritsi dela dio.

Ikasgu Nagusia eratu dute euskal irakaskuntzako zenbait eragilek

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Partaidek, AEKk, UEUk eta EMUNek Ikasgu Nagusia sortu dute. Hezkuntzako kooperatiba mistoa da berau eta partaide diren elkarteen trebakuntza beharrak asetzea du helburu nagusitzat.
Ikasgu Nagusiaren ezaugarrien artean izaera euskaldunarena dago. Erakunde euskalduna da, Euskal Herriko gizartearen garapena bilatzen duena, eta hizkuntzaren normalizazioa eta kultura helburu dituena. Bigarrenik, erakunde berritzaile eta malgua da, eraldatzailea eta bultzatzailea. Egungo goi mailako trebakuntza beharrei erantzuteko egokitua da, bai eta etorkizunean sor litezkeenei erantzuteko ere. Hirugarren ezaugarria elkarlana da, hots, administrazioarekin eta hezkuntzako zein gizarteko beste erakundeekin elkarlanean arituko da. Ikasle eta irakasleen harremanari dagokionez, tipologia zabal eta anitzean oinarritua da. Eta etengabeko hobekuntza prozesuak garatuko ditu kalitatea xedetzat harturik.
Ikasgu Nagusia sortzeko arrazoia beharra izan da. Proiektuaren sortzaileek argi ikusi dute orain arte egindako ekarpenek jarraipena behar dutela, hau da, euskararen normalizazioak unibertsitate mailako prestakuntza eta berrikuntza beharra dakarrela. Horri erantzutea izango da Ikasgu Nagusiaren betebeharretako bat.
Ildo horretatik, Ikasgu Nagusiaren lehen ekimena Hezkuntza Zentroetako Zuzendaritza Masterra prestatzea izan da. Mondragon Unibertsitatearen lankidetzarekin abian jarri den master horretan ikastoletako zuzendaritzetan ari diren 13 lagun hasi dira.
Bestalde, euskal irakaskuntzaren aldeko beste ekimen bat Euskal Herrian Euskarazek abian jarritako Eskolak euskaldundu behar du! kanpaina da. EHEk DBHko euskararen egoerari buruzko ikerketa bat egin du, eta Euskal Herriko ikasleen erdia eskolatik erdaldun ateratzen dela ondorioztatu du.
Egoera horri buelta emateko xedez antolatu du kanpaina. Batetik, hainbat mahai inguru antolatu ditu. Eta bestetik, belaunaldi berri guztiak euskaldunduko dituen eskolaren aldeko atxikimendua biltzeko manifestua egin du.

Irakaskuntza publikoko behin-behinekotasuna salatu dute sindikatuek

Urtarrilaren 19an irakaskuntza publikoko 100 langile inguru bildu ziren Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrean irakaskuntza publikoko behin-behinekotasuna salatzeko. CCOO, EILAS , ELA, LAB eta UGT sindikatuak ez daude ados Hezkuntza Sailak uztailerako deitu asmo duen Lan Eskaintza Publikoarekin.
Presio eta mobilizazioen ondorioz, zenbait gauza lortu dituzte. Adibidez, Hezkuntza Sailak otsailaren 13rako Akordio Arautzailearen zirriborroa aurkezteko konpromisoa hartu du.
Osterantzean, beste hainbat puntu oraindik zehazteko eta adosteko daude. Urtarrilaren 24ean bildu ziren Hezkuntza Saila eta irakaskuntza publiko ez unibertsitarioaren Alorreko Mahaia. Bileraren ostean sindikatuak ez ziren batere gustura gelditu enpleguaren sorkuntzari, egonkortasunari, lanorduen murrizketari eta erretiro aurreratuari buruz Hezkuntza Sailak emandako erantzunekin. Euren ustetan Kudeaketa Integrala baino ez du aurkeztu, eta horrek arazoak konpontzeko ordez epeak luzatzen ditu irakasleen beharrei irtenbiderik eman gabe.
Egonkortasun ezaren arazoa ez duela konponduko diote, egiten den 1.325 lanposturen eskaintza eskasa baita. Irakaskuntza publikoko enplegu errealaren %30 lan kontratu iraunkorra ez duten irakasleek betetzen dutela aditzera eman dute, eta hori onartezina dela.
Irakaskuntza publikoan dagoen behin-behinekotasun egoera gainditzeko, Hezkuntza Sailak sindikatuekin hainbat neurri adostu beharra ezinbestekotzat jotzen dute langileek. Horrela, zenbait proposamen egin dituzte. Bata lanaldiaren murrizketa; 55 urte baino gehiago dituzten irakasleen landaldia murriztea proposatzen dute. Bigarrena irakasle egonkorren kopurua areagotzeko neurriak hartzea da. Hirugarrenak jubilazioei egiten die erreferentzia; irakasleak 65 urte bete baino lehenago jubilatzeko pizgarriak eskaintzea iradokitzen dute. Eta azkenik, ikastetxeetako premia b erriak betetzeko sortu diren figurak sendotzea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluak 2002. urterako aurrekontuak onartu ditu. Guztira 61.003.032 euro inguru (10.150 milioi pezeta eta 406 milioi libera) izanen dira, iaz baino %11,7 gehiago.
Besteak beste, aurrekontuetan bi titulazio berri irekitzea aurreikusten da. Horrekin batera, ikasle kopuruaren murrizketa ere aipatzen da, Bartxilergoan ere gero eta ikasle gutxiago baitago.
Bestalde, unibertsitateko sail eta departamentu bakoitzaren lanaren araberako diru sailak onartu dituzte, eta horretarako neurri sistema bat egokitu eta onartu dute.
Bien bitartean, Euskal Herri osorako unibertsitatearen aldeko ekimenek aurrera darraite. Bai Euskal Unibertsitateari egiturak lege izateko asmoa duen proposamena aurkeztu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrean urtarrilaren 15ean. Herri ekimeneko lau ordezkari izan ziren bertan: Arantza Urkaregi, Iñigo Santxo, Andres Martinez eta Ibai Redondo. Euskal Herri osorako unibertsitatea sortzea dute helburu herri ekimeneko kideek. Asmo horrekin, beste hainbat erakundetan ere aurkeztu dute ekimen legegilea. Orain, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 30 eguneko epean testua tramitera onartu beharko du. Eta ondoren, herri ekimeneko kideek 30.000 sinadura bildu beharko dituzte.
Bidenabar, EAEko Hezkuntza Saila bere Unibertsitate Legea egiten hasi da. Gogoeta, diagnosia eta inguruko ereduen azterketarekin ekin dio. Horren ondotik etorriko dira kontsultak, eta azkenik lege proiektua. Ekainerako lege proposamena egina eduki nahi du.