Hezkuntzaren kalitatea

2002-02-01
Ikastetxe batentzat kalitatea ez al da, bada, erabakitzen duen Hezkuntza Proiektua eta lortzen duen emaitzaren artean koherentzia egotea?
 
 
Kalitatea zer den jakiteko hiztegi entziklopedikoan begiratzen badugu zera dio: zerbaiten edo norbaiten izaera osatzen duten ezaugarri-multzoa.

Guk, era praktikora joz, ikastetxe batek erabakitzen duen hezkuntza proiektua betetzea bezala uler genezake.

Ez al da klabeetako bat hezkuntza proiektua nola egiten den? Baina, ezer baino lehen, zer ulertzen dugun hezkuntzaz?

Batzuentzat ezagutza trasmititzeko tresna besterik ez da hezkuntza. Horientzat ezagutza ongi definitzean eta era egokian trasmititzean datza lana. Kasu horietan, kalitatea ezagutzen jasoketak neurtzen du. Irakatsitakoaren eta ikasitakoaren artean dagoen erlazioak neurtuko du kalitatea.

Beste batzuentzat ezagutza ekoiztu eta eraikitzeko ahalbideak sortzea da hezkuntza. Eta ahalegin handia bada ere, horretan geratzen da.

Badira ausartagoak direnak, hezkuntzari zentzu globala ematen ahalegintzen direnak eta euren hezkuntza ildoa ikaslea pertsona integrala izan dadin antolatzen dutenak.

Antolatu badiogu, antolaketak duen garrantzia azpimarratu nahi dugulako da. Noski, beti ere antolaketa eta egituraketa horretan eskola komunitateko alde guztiak kontuan hartzen direlarik. Hots, ikasleen beharrak, interesak, ikas-nahiak eta adin bakoitzean dagokion parte-hartzea jasotzen duen antolaketa. Irakasleak eta bertan lan egiten duten guztien parte-hartzea bermatzen duena, horien paper dinamizatzaile eta bultzatzaile nagusia errespetatzen duena. Gurasoen nahiak eta espektatibak bideratzen ahalegintzen dena, horretarako, euren parte-hartzea erraztu eta errespetatzen duena. Eta nola ez, hezkuntzaren garapenean interesa duten guztien parte-hartzea errazten duena: erakunde publikoak, elkarte pribatuak, pertsona konkretuak eta abar.

Antolaketa parte-hartzaileak berebiziko garrantzia du Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua zehazterakoan. Horrek berak denon proiektua dela sentiaraztea dakar. Horrela, inguruarekin lotura izaten lagunduko du eta kideen ilusio, espektatiba, amets eta helburuak lortzen lagun dezake.

Zehaztutako proiektuaren dinamizatzaile nagusiak profesionalak izaki, horien egonkortasuna eta zentroarekiko atxikipenak ezinbesteko garrantzia du proiektua gauza dadin.

Administrazioen erantzukizuna ere beharrezkoa izango da bitartekoak eskuratzeko orduan, eta emaitzak eskolako komunitate guztiaren asebetetzea lortzeko ahaleginean.

Asebetetzea, hau da, ezarritako helburuen eta horien lorpenen arteko koherentzia izan al daiteke ahopean dabilgun hezkuntzaren kalitatea?