Teknologia berriak: Telebistaren erabilera hezkuntzan

2002-02-01
 
 
Orain dela hogeita hamar urte jendeak telebista masen heziketarako tresna ona zela uste zuen. Gobernuek diru asko inbertitu zuten telebistaren bidez hezkuntza programak garatzeko. Beti gertatu ohi den bezala, lehenengo programak nahiko txarrak izan ziren. Idatzizko testuei irudiak erantsi baino ez zuten egiten, besterik ez. Nolanahi ere idatzizko lengoaia eta irudien lengoaia nahiko desberdinak dira. Imajinatu, Errusian euskaraz mintzatuko bagina, inork ez liguke ulertuko. Ez du zentzurik aipatutako bi lengoaia horiek nahasteak. Beraz, hori ez dugu ahaztu behar.

Dena den, argi dago hedabideek arrakasta izugarria izan dutela. Seguraski, guraso askok seme-alabek eskolatik atera ondoren telebista gehiegi ikusten dutela pentsatuko dute. Estatistiken arabera, batez beste egunean hiru ordu ikusten dute telebista gazteek. Esan al daiteke gehiegi dela? Nire ustez, kasu honetan denbora ez da gauzarik garrantzitsuena. Jakina da telebistaren aurrean egoten garen denbora kontuan hartu behar dela, baina agian kalitateari ez zaio behar duen garrantzirik ematen.

Gurasoek telebistari buruz duten iritzia ezkorra bada ere, telebistak ekarpen handiak bultza ditzake ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan. Eduki batzuk irudiekin oso ondo adieraz daitezke. Adibidez, historiako hainbat gertaera ulergarriagoak izan daitezke pantaila txikian ikusteko aukera izanez gero. Esate baterako, Berlingo harresiaren erorketa, ilargirako bidaia, sumendien erupzioak, Chernobilen gertatutakoa, baso-suteen ondorioak eta abar irudien bidez testuen bidez baino hobeto uler ditzakegu.

Gauzak horrela, sortzen zaidan galdera hauxe da: zergatik ez da, bada, erabiltzen telebista ikastetxeetan horrelako ondorio nabarmenak baditu ikasketa prozesuan? Ia inork ez dizkio ikasle bati liburuak debekatzen gehiegi irakurtzen duelako. Zergatik? Gure gizartearentzat liburuak irakurtzea telebista ikustea baino hobea delako, lehenengoek jasoagoak baitirudite. Askok diote telebista txarra daukagula, baina liburu txarrak ere baditugu. Gakoa ez da telebista ona edo txarra daukagun, baizik eta hedabide horri zein erabilera ematen diogun.

Hasieran kalitatea aipatu dut. Kalitatea zehazterakoan gutxienez bi aldagai eduki behar ditugu kontuan. Alde batetik, telebista programa bera egokia denentz; eta beste aldetik, programa hori erabiltzeko era aproposa denentz. Programa on batek ez du ezertarako balio gaizki erabiltzen badugu, eta era berean, programa txar batekin ariketa egokiak egin ditzakegu. Adibidez, jendea telebistan iragarki gehiegi sartzen dituztelako kezkatzen da, baina oso jarduera politak egin ditzakegu iragarkiak erabiliz. Galiziako eskola batean publizitateari buruzko hausnarketa interesgarriak egin zituzten. Besteak beste, galdera hauek planteatu zituzten hausnarketarako: zer ordutan sartzen dituzte iragarki gehiago? Zein motatakoak? Nori zuzendutakoak? Zein egunetan? Horiek bezala beste mila galdera sor daitezke iragarkiei buruzko hausnarketa egiteko. Froga ezazue!

Horrez gain, gelan erabil ditzakegun programak ez dute hezkuntzarako berariaz egindakoak izan behar. Adibidez, probabilitatea lantzeko James Bond-en filmaren zatitxo bat ikus dezakegu eta ondoko galderak planteatu: Kasinoan dagoenean, zein da dadoetan bi seiko ateratzeko probabilitatea? Eta gauza bera berriz gertatzeko?

Telebistaren erabilerak gelako antolaketa aldatzen du. Normalean irakasleak hitz egin eta ikasleek entzun egiten dute. Teknologia berri honekin irakasleen eta ikasleen artean zegoen komunikazio zuzena galdu egiten da. Batzuen ustez, arrazoi hori nahikoa da telebista ez erabiltzeko. Haien iritziz, irakasleak etengabe ikusi behar ditu berak esaten duenari buruzko ikasleen erreakzioak. Ni ez nago ados iritzi horrekin. Ikasleen artean esertzen bagara, beraiek pentsatzen dutenari buruzko gauza asko asma ditzakegu.

Irakasle batzuk uste dute behin telebistako programa ikusita ariketa amaitu egiten dela. Haatik, guztiz kontrakoa da. Benetako lana telebista ikusi eta gero hasten da. Telebista programa batekin informazio pila bat jaso dezakete, baina ondoren informazioa landu egin behar da. Gaur egun telebistaren munduan izugarrizko garrantzia ematen zaio informazioa jakiteari, baina informazio bat gogoratzea buru eragiketarik sinpleena da -bestela ordenagailuak ez lukete egingo!-. Guri interesatzen zaiguna da ikasleek beren kabuz pentsatzea eta erabakiak hartzea; eta hori lortzeko informazioa baino gehiago behar dute.

Baina nola landu jasotako informazio hori? Ez da erraza. Guk ezin dugu egin beraien partez. Irakasleen zeregina ikasleei informazioa antolatzen laguntzea da. Hau da, informazioa erlazionatzeko, laburtzeko, aztertzeko, aplikatzeko edo ideia garrantzitsuenak azaltzeko eska diezaieke. Beraz, lanik garrantzitsuena telebista ikusi eta gero egiten da. Gaur egun informazioa edonon aurki dezakegu, baina ez gure pentsamendua, eta ezta erabakiak hartzeko gaitasuna ere.

Telebistak gero eta merkeagoak dira. Beraz, ez litzateke ideia txarra izango gela bakoitzean telebista bat jartzea. Ikusten dudan arazo garrantzitsuenetako bat klaseek telebistaren programazioaren erritmora joan beharra da, eta hori normalean ez da gertatzen. Horretarako, bideoak aukera interesgarriak eskaintzen dizkigu. Guk erabakitzen dugu zer, noiz eta zenbat aldiz ikusi. Hala ere, bideoari buruz datorren hilabetean hitz egingo dugu. •