Kronika

2002-04-01
 
 
> Arrasateko Arizmendi ikastolak eta Baionako Insup erakundeak Arinsup GEIE elkartea sortu dute. Interesgune ekonomikoa duen Europako elkartea da GEIE, eta eragileen asmoa Europan zubiak eraikitzea da, batez ere komunikaziorako teknologia berrien inguruan.
Horrela, formakuntza eta pedagogia garatzeko, informazio eta komunikaziorako teknologia berrietan oinarrituko da Arinsup.
GEIErekin bi erakundetako pedagogia taldeen elkarlana areagotuko dela aditzera eman dute ordezkariek. Era berean, elkarren arteko trukaketen bidez partaideen ahalak eta gaitasunak indartuko diren ziurtasuna dute. Isabelle Mokny Insupeko Baionako zuzendariak adierazitakoaren arabera, "Europatik eskaintza oparoa har genezake, eta elkarlanean, zailtasunak dituzten ikasleekin eta langabeekin erabili, bi herrialdeetan gizarteratze prozesua bermatzeko".


Kalitatearen Legearen aurkako iritziak nagusi dira
Espainiako Hezkuntza ministro Pilar del Castillok Kalitatearen Legearen oinarriak aurkeztu dizkie erkidegoetako sailburuei.
Lege berriaren zirriborroak hainbat aldaketa aurreikusten ditu. Bata ikasketa amaieran azterketa edo errebalida ezartzea da. Beste bat ikasketa ibilbide berriak sortzea da. Hirugarren bat hiru ikasgai gainditzen ez badira errepikatu beharra da. Laugarren aldaketa ikastetxeetako zuzendarien izendapenari dagokiona da. Orain arte Eskola Kontseiluak izendatzen bazituen, lege berriaren arabera Klaustroak, Administrazioak eta Eskola Kontseiluak egingo lukete. Bosgarren aldaketak atzerriko hizkuntzari eragiten dio. Orain arte atzerriko lehen hizkuntza ikasten hasteko derrigorrezko adina 8 urtekoa bazen, orain 6 urtera jaitsiko litzateke. Seigarren aldaketak ikasleak zigortzeko "justizia azkarreko baliabideak" ezartzen ditu. Eta azkenik, derrigorrezko hezkuntzan sartzen ez den 3-6 etapa zentro pribatuek itunpeko egitea aurreikusten du.
Horren aurrean, hezkuntza arloko hainbat erakunde zein sindikatuk aurkako jarrera agertu dute. Besteak, beste, Hezkuntzako Gizarte Eragileen BILGUNEAk 400 pertsonak sinatutako agiria aurkeztu du, eta aurrerantzean jende gehiagok sinatuko duen segurantza agertu du. Agiri horrekin "Espainiak inposatutako legearen aurka, Guk Gure Hezkuntzari bai" esango zaiola argi eta garbi adierazten dute . "Iragarri zaigun "Uniformizazioaren Legeari", oker deitutako Kalitatearen Legeari, Ez esango diogu" dio agiriak. "Bai esango diogu, ordea, Guk Geure Hezkuntza euskaldunari, kalitatezkoari, ele aniztunari, gizarte mailaketaren gainditzaileari, integratzaileari eta parte-hartzaileari". Agiriaren azterketa sakonagoa egingo dute hemendik aurrera, ondoren irtenbide bat proposatzeko.
Aurrera begira PPren inposaketari aurre egingo dion "fronte gogorra" osatzeko asmoa agertu dute BILGUNEAko ordezkariek, eta xede horrekin hainbat ekintza egingo dituzte hurrengo hilabeteetan.


Unibitza osatzeko lehen urratsak eman dira
Euskal Herriak Bere Eskola ekimena talde bezala eratua gelditu da Altsasun egindako batzarraren ostean. Oraingoz ikasle, irakasle eta gurasoek osatutako taldeak 39 herritan sortu dira. Hemendik aurrera, talde horiek sendotzeaz gain, gehiago sortzeko asmoa agertu zuten eragileek, eta baita talde horien arteko harremana sendotzea ere.
Unibertsitatean ere beste erakunde berri bat sortzear dago. Euskal Herriko Unibertsitate Barrutiaren aldeko taldeak batzar nazionalerako deia egin du Unibitza plataforma sortzeko.
Unibitzaren helburua unibertsitate barruti bakarra sortzeko dauden arazoak aztertu eta gero proposamenak egitea da, azkenean Euskal Unibertsitatea sortzeko.
Jose Miguel Campillo plataformako kideak euskal eredu propioaren alde orain arte egindako lana nabarmendu du. Nahiz eta hiru barruti eta sei unibertsitate egon, arazo komun bat badagoela adierazi zuen, barruti propio baten gabezia. Arazo nagusia banaketa administratibo hori dela adierazi du.
Hala ere, egoera aldatzeko bitartekoak badaudela ikusten dute Euskal Herriko Unibertsitate Barrutiaren aldeko taldeko kideek, eta horren alde dagoen gehiengoa abian jarri behar dela. Ekimen hori bultzatzen dauden talde eta erakundeak ugari dira, besteak beste; Euskal Adarrak, UEU, Euskal Irakasleen Elkartea (EIRE), AEK, EHE eta udalbiltza.
Euskal Adarra taldekoen iritziz arazoa denen artean konpondu beharra dago. UEUk orain arte egin den lana azpimarratu du, eta sostengua azaldu die barruti bateratuaren aldeko guztiei.
EIREk iaz egin zuen kongresuan euskal barrutiaren inguruko idatzi bat onartu zuen eta hori aintzat hartuko da.
Unibertsitateko barrutitik irten gabe, ikasleek greba egin zuten martxoaren 6an LOUren aurkako jarrera erakusteko. Ikaslea Abertzaleak taldeko kideek Manuel Montero EHUko errektorearen eta Anjeles Iztueta Hezkuntzasailburuaren jarrera kritikatu zuten, "sekulakoak bota ondoren, apal-apal bere nagusiaren ordenak" betetzen ari direlako. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jesus Laguna, aldiz, legearen alde agertu da, nahiz eta esan hainbat aldaketa egiteko aukera utzi behar duela bakoitzak bere esparruak hobekuntzak bideratzeko.


Nafarroako behin-behineko irakasleak greba egin dute DBHrako deitzekoa den 2002ko Lan Eskaintza Publikoa gelditzeko eskatuz. 375 irakaslerengan eragingo duen deialdia izanen da, eta deialdiarekin duten desadostasuna adierazteko egin dute greba. Irakasleen iritziz sistema mota horrek langileen memoria ahalmenari ematen dio lehentasuna eta ez pedagogia gaitasunari.
Horrez gain, inguruko erkidegoetatik oposaketak egitera etor daitekeen jende andanarekiko beldurra ere adierazi dute. Izan ere, EAEn, Aragoin eta Errioxan ez da lan eskaintza eginen hurrengo urtera arte.
Bestalde, lan baldintzak berrikusteko ere eskatu dute. Lan finkoa duten irakasleekiko diskriminazioa salatu dute, ez baitute antzinakotasun saria jasotzen, ez eta familia izateagatiko laguntza.
EAEn beste neurri batzuk ezarri dituzte hizkuntz eskakizunik ez duten irakasleentzat. Iralek (Irakasleak Euskalduntzeko Programa) deialdi berezia egin du hizkuntz eskakizunik gabeko behin-behineko irakasleek eskakizuna lor dezaten. Horrela, datorren urteko irakaskuntza publiko ez unibertsitarioan Lan Eskaintza Publikora aurkezteko aukera eman nahi zaie.
LAB sindikatuak ez du babestu Iraleren ezohiko deialdia. Sindikatuak aditzera eman duenez, "gehiengo (%87) euskaldunaren eskubideak urratu dira, hizkuntza eskakizunik egiaztatu ez duten gutxi batzuenak (%31) hobesteko". Horrez gain, oso kritiko agertu da egonkortasun poltsan hizkuntz eskakizuna betetzen ez dutenentzat 325 plaza izango direla ikusirik.