LASKIBAR, Iker: Teknologia berriei begirada desberdin bat

2002-04-01
Orain arte teknologia berrien ikuspegi orokorra eman dugu, eta telebista nahiz bideoari buruz hitz egin dugu. Hilabete honetan ordenagailuari buruz idatzi behar nuen, baina, behin eta berriz pentsatu ondoren, horretaz aritu aurretik beste hausnarketa bat egiteko beharra dagoela uste dut; hau da, informazioaren teknologiak agertzearen ondorioz gizartean azaldutako egoera berria. Askok diote egoera berri horrekin desberdintasunak parekatuko direla, eta Interneti esker, edozein informazio lor daitekeenez, ezaguera eta klaseen arteko desberdintasunak desagertzen direla. Egia al da hori? Azter dezagun gaia.
 
 
Teknologia berriek sortzen duten analfabetismo berria

Nik lortu ditudan azken datuen arabera (Eustat, 2002ko otsailaren 1a), Euskal Herrian %40,3 familiak besterik ez daukate ordenagailu CD-ROMarekin etxean, eta %24,1k Internet konexioa. Zer esan nahi du horrek? Alde batetik, Euskal Herriko biztanleriaren erdia baino gehiagok ez daukala teknologia berriak eskuratzeko aukerarik, eta bestalde, biztanleriaren laurdenak baino ez daukala Interneteko konexioa etxean. Denok dakigu Internetik ez daukatenak klase sozial xumeagoetatik datozela, eta distantziak gero eta zabalagoak egiten direla. Zergatik? Kontuan izan behar dugu gaur egun ordenagailu batek batez beste bost edo zazpi urteko bizitza daukala; horrenbestez, zazpi urtero tresna berri bat erosi beharko genuke ordenagailu egokia edukitzeko. Horren ondorioa nahiko argia da; batzuek gero eta informazio gehiago edukiko dute beren esku, eta beste batzuek gero eta eragozpen handiagoa edukiko dute ikasterakoan, etxerako lanak egiterakoan, lana bilatzerakoan... eta ezin dugu hori alde batera utzi. Geroxeago azalduko dudan bezala, informazioa eta boterea elkarrekin doazelakoan nago.

Teknologia berriek eragiten duten gizarte desberdintasuna orain arte azaldutakoa baino sakonagoa da. Zergatik? Teknologia berriek analfabetismo berria sortzen dutelako. Orain dela ia 150 urte Euskal Herrian biztanleriaren %57 analfabetoa zen. Industria garapenari eta eskolen aurrerapenari esker, batez ere, analfabetismoa pixkanaka jaitsi egin da. Orduan, teknologia berriek sortzen duten analfabetismoa enpresei eta ikastetxeei esker desagertuko al da? Ez dut uste.

Orain daukagun zailtasuna zera da: analfabetismo berri hori erauztea ez dela batere erraza. Arrazoia nahiko sinplea da: gaurko irakurketa eta idazketa orain dela 150 urtekoaren antzekoa da; baina, gaurko ordenagailuek ez dute orain dela 10 urteko ordenagailuekin zerikusirik. Leihoetako sistema eragileak erabat aldatu zuen ordenagailuaren erabilpena eta sistema eragile hori ere izugarri aldatu da urte gutxitan. Gaur egun Internet erabiltzeko aukera dago; bideoa digitalizatzea nahiko erraza da; posta elektronikoa erabil daiteke berehala komunikatzeko, testuak bidaltzeko, argazkiak bidaltzeko; txat guneen bidez distantziak desagertzen ari dira... Esan nahi dudana zera da: arlo horretan ez dela nahikoa prestakuntza zehatza ematen, analfabetismo teknologikoa ere aldatzen delako denboran zehar. Hori da gure arazoa.

Gaur egun ia edozeini teknologia berriak erabiltzen jakitea eskatzen zaio lana lortzeko. Beraz, teknologia berrien erabilpenean eguneratua egotekotan Euskal Herriko biztanleriaren laurdenak besteek baino aukera gehiago izango du.

Testuinguru horretan bi aukera ditugula dirudi: desberdintasunak handitzen uztea edo prestakuntza iraunkorra ematea. Bigarren aukeran, denontzako prestakuntza nahi bada, laguntzak eman beharko litzaizkieke ordenagailurik erosi ezin dutenei. Zentzu honetan, adibidez, Konekta Zaitez kanpainak desberdintasunak txikiagotzen lagundu du. Dena den, kontuan izan behar dugu informatikako enpresek beren probetxua ere bilatzen dutela.

Analfabetismoaren aurka borrokatzeko hezkuntzaren aldeko apustua egin behar dugu. Irakasleek aipatu dugun prestakuntzaren buru izan behar dute. Zergatik? Bi arrazoirengatik:

- Irakasleak direlako ordenagailuen hezkuntzarako erabilera didaktikoak ezagutzen dituztenak, eta azken finean, irakasleak egunero egon behar dutelako gela barruan ezaguera antolatzen.

- Ikasleei bizitzaren, hedabideen eta teknologia berrien ikuspegi kritikoa eman behar zaielako. Argi dago hedabideen atzean irudiak baino gehiago aurki dezakegula, eta ez badiegu hori ikasleei erakusten haien zerbitzuan egongo dira beti.

Batzuek diote teknologia berriekin irakasleen eginkizuna zalantzan jartzen dela, baina, nire ustez, teknologia berriek irakasleen garrantzia indartzen dute. Nolabait irakasleek gure gizartearen etorkizuna eraikitzen dute. Zentzu horretan, gauza xelebre bat gertatzen da. Jendea ados dago, eta baita ni ere, sendagileak garrantzizkoak direla baiezterakoan, sendatu egiten baikaituzte. Baina, zer diote irakasleei buruz? Ez al dira garrantzizkoak ala? Nolakoa izango litzateke gizartea irakaslerik gabe?



Hedabideak eta boterea

Ba al dago zerikusirik boterearen eta hedabideen artean? Askok diote gero eta hedabide gehiago daukagunez, hedabideak beren boterea galtzen ari direla. Nire ustez hori gezurra da, gero eta indar gehiago daukatelako. Eskuratutako informazioarekin ondorioak ateratzen ditugula pentsatu behar dugu. Baina, zer gertatzen da ematen diguten informazioa faltsua baldin bada edo desitxuratua baldin badago? Eman dezagun gatazka bati buruz jasotzen dugun informazioa aldatuta dagoela, pentsa dezagun haurrak elbarri geratzen ari direla esaten digutela. Gudaren aurka jarraituko al genuke? Hori historian zehar maiz gertatu izan da.

Pentsa atentatu bat gertatu eta gero jendea kalera pozik atera dela esaten digutela. Zer pentsatuko genuke? Hori ere gertatu da duela gutxi. Dorre bikiak eraso eta gero, palestinarrak pozik ikusi genituen. Dirudienez, kalera atera ziren gertaera hori ospatzeko. Irudi horiek munduan zehar eta Ameriketako Estatu Batuetan haserrea piztu zuten. Baina, 1991koak zirela jakin behar dugu, palestinarrak Kuwaiteko inbasioa ospatzen ari zirenekoak. Horrelako manipulazioen ondorioa nahiko serioa da.

Esan nahi dudana zera da: hedabideek informazioarekin joka dezaketela eta gure pentsamendua gida dezaketela. Haatik, hori ez da gatazketan soilik gertatzen. Propagandaren arabera, meheak edo argalak izan behar dugu, gure larruazalak leuna eta zimurrik gabekoa izan behar du, auto on bat eduki behar dugu eta beste hainbat gauza gehiago.

Eskolan Matematika, Gizarte Zientziak eta beste irakasgai interesgarriak ikasten dira, baina hedabideen ikuspegi kritikoa ere landu behar da. Gizartean ordenagailuak asko sustatu dira, eta nire ustez, gauza oso interesgarriak eskain ditzakete, baina beste aldagaiak ere kontuan izan behar ditugu. Adibidez:

- Banakotasuna bultza dezakete.

- Kontsumo-gizartearen luzapena izan daitezke.

Horren haritik, ordenagailuak Troiako zaldiaren antzekoak direla diote batzuk, eta enpresek ikastetxeetan kontsumoa sustatzeko sartzen dituztela. Ez dakigu hori egia den edo ez, baina beti adi egon behar dugu.

Hilabete honetan ordenagailuari buruzko iritzi txarra eman dut, baina hala ere, erabilera asko ditu nire ustez. Zein? Datorren hilabetean ikusiko ditugu. Bitartean gure lanerako balio duten edo ez pentsa dezakegu. •