Mundu berri bat posible da oraindik.<br />Abia gaitezen!

2003-02-01
Mundu zuzenagoa; herrien eta

biztanleen arteko adiskidetasunean, elkartasunean eta berdintasunean oinarritua
 
 
Kuban badakite Hezkuntza zer den. Badakite zer den herri bat eraikitzea eta antolatzea. Eta badakite, jakin ere, lan horretan Hezkuntza oinarrizkoa dela, ezinbestekoa. Kuban, finean, badakite Hezkuntzak bere buruaren eta etorkizunaren jabeago egiten dituela.

Halaber, bizitza ez da erraza Karibeko uhartean; Ameriketako Estatu Batuek ezarritako blokeo basatiak 40 urte baino gehiago daramatza indarrean. Hala ere, horren gainetik, hezkuntzako ikasmaila denak eta osasun zerbitzuak doakoak dira kubatar guztientzat.

Kuban, egun, 11.120.000 biztanle izaki, 350.000 irakasle daude. Beraz, une honetan, 46 biztanleko irakasle bat dago. Lehen Hezkuntzan 20 ikasleko irakasle bat izatea lortu da, eta Bigarren Hezkuntzan 15 ikasleko irakasle bat. Ez dago haur edo gazte bakar bat ere irakaslerik gabe.

Ikastetxeak eraiki dira herrialde guztian,teknologia eta baliabide informatikoz hornituak. Milioi bat ikasle baino gehiago bekadunak dira, eta, ondorioz, hutsaren truke jasotzen dituzte ostatua, elikadura, bibliografia eta zainketa medikoa. Kubak ez du analfabetorik, oinarrizko ikasketa maila 9.mailakoa da.

Gainera, 200.000 hiritar unibertsitarioak dira, gehienak langileak direlarik. Langileei erraztasun guztiak ematen zaizkie beren prestakuntza hobetzeko.

Kuba osoan liburutegiak, zinemak, telebista programak eta abar zabaldu dira herriaren prestakuntza integralari eta zabalari laguntzeko. Orain, "Goi mailako Hezkuntzaren Unibertsalizazioa" programa handian ari dira lanean.

Hori guztia kontuan izanik, gaur egun, Hezkuntzari dagokionez, Kubak goi mailako lekua du; 3.mundua deritzona osatzen duten herrialde guztien gainetik eta hainbat herrialde aberatsen aurretik.

Kuba, Euskal Herritik hain urrun, eta, aldi berean, hain gertu. "Erabili eta bota" legea inposatu den mundu zahar honetatik kosta egiten da imajinatzea hainbesteko premian bizi den herrialde batean hezkuntzak lehentasuna izatea beste hainbat arlorren aurrean, eta irizpide ekonomikoak ez baldintzatzaile izatea, gurean gertatzen den gisan. Hemen, sarri, gure proiektuak, gure bideak eta ekarpenak ametsetan geratzen zaizkigu; ez dago dirurik, ez dago bitartekorik, leloa behin eta berriz entzuteaz gogaiturik gaude.

Itxaropenaren zakua bete-beterik itzuli gara Kubatik. Eta ikaspen aberatsak bildu ditugu, gauza material gutxi dituzte, baina garrantzizkoena ez zaie falta: konbentzimendua. Hezkuntzaren funtsaz jarduten duen herria da Kuba, balioen beharraz, pertsona osoak prestatzeaz, familiak eta jendarteak egin dezakeen eta egin behar dituen ekarpenaz. Eta poztu egin gara, hunkitu, hezkuntzan gabiltzanok mundua aldatzeko bidean ez gaudelako bakarrik.

Euskal Herrian badakigu, jakin ere, borondate politikoa, printzipioetan irmotasuna eta langileekiko leialtasuna dagoenean, mundu hobeago bat posible dela!