Gogo erabilketa

2004-07-01

Gogo erabilketa: “ikasteko gogoaren pizteko”.

 
 

Irakasle guztiek badakite zein neke den gela batean ikasle guztiek denbora berean gauza bera ikastea. Batzuek aise ulertzen dute, beste batzuek baietz ulertu dutela esan arren, zer ulertzen dute? Azken batzuek ez dutela deus ulertzen erakusten dute. A zer komedia! Alta, badakigu gure ikasleak ez direla tontoak. Gai batean gaizki ibilirik ere, ez dira azkenak eskulanetan adibidez, edo kiroletan. Haur bakoitzak zerbait lortzen du. Zerbait badaki egiten. Baina gure eskoletan ez direlakotz ondo ibiltzen, edo porrotean daudelakotz, hor daude irakasleak hauekin zer egin jakin ezinik.

Ni ere horretan nengoen duela zenbait urtera arte, gogo erabilketa pedagogia ezagutu arte. Horretarik goiti ez ditut ikasleak begi berekin ikusten eta pedagogia horrek ene irakasteko gogoa berpiztu duela aitortzen dut. Porrota ez da fatalismo bat, ez da ezinbestekoa. Mirakulurik ez bada egiten ere, konturatzen gara ikasle bakoitzak bere gogoaren berri jakinez berriz ikasteko gogoa eta plazera biltzen ahal duela. Horrek erran nahi du gu bakoitzaren gogoa nola erabil dela giltza.

Gogo erabilketaren sortzaile Antonie de La Garanderie frantses filosofoa

Antonie de La Garanderiek ongi daki zertan ari den. Ikasteko zailtasunak berak bizi izan baitzituen haurra zenean. Kolegioko eta lizeoko urte anitz errepikatu zituen norbait entzumen arazo bat zuela konturatu arte. Orduan, bere irakasleek bere gortasuna kontuan harturik, dokumentu idatziak eman zizkioten, eta Biologiako eta Filosofiako goi mailako ikasketak egin zituen. Bere haur denborako zailtasunak gogoan, ikerketa sakonak egin zituen jakiteko zergatik batzuek ondo ikasten duten eta beste batzuek ez. Batzuek jitea dutelako eta besteek ez? Batzuk alferrak direlako eta besteak langileak? Alferrikako arrazoiak horiek denak!
Antonie de La Garanderieri iruditu zaio badela beste arrazoirik: batzuek beren gogoa behar bezala erabiltzen dutela eta beste batzuek gaizki. Erabiltze hori deskriba eta irakats daitekeela iruditu zitzaion eta ikastearen oinarrizko lege batzuk azaldu zituen. Horiek dira gestion mentale edo gogo erabilketaren izenburuarekin aipagai direnak eta irakasleen prestakuntzarako azaltzen direnak.

Gogo erabilketaren lehen legea mentalizatzea edo gogo-ra-tzea

Gogo erabilketak pedagogiari hiru aldi ematen dizkio oso bereziak: mezuaren (ikasgaiaren) hartzea, gogoratzea eta, azkenik, berriz mezua ematea.
Hartzea edo pertzepzioa gorputzeko bost zentzuen bitartez egiten da: begiek ikusiz, belarriek entzunez, ahoak dastatuz, sudurrak usainduz, gorputzak ukituz, haztatuz...
Gogoratzean, aldiz, berak dioen bezala, gorputzeko bost zentzuek gogo-rat ekartzen dute pixkanaka eta gogoan biziarazten dute. Lan hori kontzientzia osoan egiten da gai mental bat bilakatu arte. Gogoratzea, pertzepzioaz aparte egiten da. Adibidez, nire begien bistan dudan etxea gogoan ematen dudalarik, begiak itxita ere hor dago bizirik nire gogoan. Erran daiteke norberak bere-gana-tzen duela.
Pedagogia horren berezitasuna hor da: bakoitzaren gogoa lanean harraraztea eta horren garatzea. Hala nola, arretaren garatzeko eta baita ere memorizatzea nola egin ikasteko. Horrekin batera lantzen dira gogoetatzea eta ulertzea. Quebecen asko garatu den gogo erabilketa hori deitzen du orthopedagogia , erran nahi baitu zuzen ikastea.

Teoria eta praktika eskuz esku

Ikastaldi denboran teoria eginen da, baina denbora gehiena ariketak egiten pasatuko dugu, irakasle bakoitza kontura dadin berak nola erabiltzen duen bere gogoa zerbaiten ikasteko edo buru lan bat egiteko.
Ikastaldi honetan irakasleek beraiek asmatuko dituzte beren ikasleekin eman ahal dituzten ikasgai praktiko batzuk.
Beraz, pedagogian interesa duenak aurkituko du gogo erabilketan bere irakaskuntzaren berritzeko bai edukia eta bai gogoa.