Gutxieneko infromatika ez dakigunontzat

2004-07-01

“Nire ikasleek nik baino gehiago dakite” gehiago esan nahi ez duten irakasleentzat.

 
 

Marea gora dator. Eta toaila kentzen ez badugu, busti egingo zaigu. Ez dago beste ezer egiterik. Marea igotzen den bezala, teknologia berriak ere ailegatu zaizkigu irakaskuntza mundura, baina ez hala-hola, olatu erraldoi bat lurralde idor batera ailegatzen den bezala baizik. Eta ur hori ongi kanalizatu beharra dago, bestela, ito egingo gara. Nola menperatu, ordea, hain beharrezko, baina, aldi berean, hain itogarri den uholde hori?

Ito edo iraun, hori da erronka. Irakaskuntza munduan gaudenok aurre egin beharreko erronka. Eta, argi esan dezagun: gainditu dezakegun erronka da. Ez dezagun kontrakorik pentsatu. Ez gaitezen “nik hortaz ezer ez dakit” horren atzean ezkutatu eta ikas dezagun igeri egiten.
Zalantzarik gabe, esan beharreko lehenengo gauza zera da: ez dugula informatikako adituak izan behar teknologia berriak gure eguneroko laneko baliabide bilakatzeko. Inork ez du planteatzen pilotu profesionala izan behar denik autoa gidatzeko, edo inork pentsatzen al du eguneroko bazkariak edo afariak prestatzeko “Arzak” abizena izan behar dugunik? Horixe ezetz, helburua ez da teknologia berrietan aditua izatea; bai, ordea, hauek eskaintzen dizkiguten aukerak ezagutzea gure ikastetxeetan aplikatzeko, eta hori bai, ditugun beharrek bultzatzen gaituzten neurrian, gainera.
Beldurra. Hori dugu beste oztopo bat. Baina zeren beldur izan behar dugu? Ikasiko ez ote dugun beldur? Ez dut sinesten irakasleok zer ikastearen beldur garenik, ikasten laguntzen ematen dugu bizitza eta. Ez, ez gara horren beldur. Agian... ordenagailuak gu ordezkatuko gaituen beldur? Gu erditik kendu eta berak egingo al du gure lana? Txistea dirudi horrek, ezta? Horixe. Ederki dakigu ez dagoela irakaslea ordezkatzerik. Helburuak eskuratzeko bidean beste baliabide bat gehiago baino ez da ordenagailua. Hori baino ez. Uste dut gure gizartean beste baliabide batzuk ageri diren bezala (liburuak, ikus-entzunezkoak), ordenagailuak ere presente egon behar duela gure ikastetxeetan, gure geletan eta gure eskoletan. Zergatik ukatu egungo gizartean hain ageri, hain lagungarri eta hain osagarri den tresna?
Beno bada... beldurra uxatu dugu jada. Hurrengo urratsa zalantzak argitzea da. Hona hemen nagusia: nola erabiliko dugu informatikan aditua izan gabe? Ikastaroaren metodologia “learning by doing” izango da, hots, eginez ikasiko dugu. Proiektu batzuk burutuko ditugu eta hauek ondoren azaltzen diren ezaugarriak izango dituzte:
- Ondoren, norberaren gelan aplikagarriak izango dira.
- “Zertarako” galderari erantzungo diote beti.
- Informatikaz gain, beste arlo batzuk ikasteko ere baliagarriak izango dira: hizkuntzak, arte heziketa, ingurunea...
Ez dago, beraz, zalantzarik, Hik Hasiko udako topaketetan elkar ikusiko dugu. Gogoratu irakaskuntzan informatika erabil daitekeela aditu izan gabe.