Linux sistema eragilea

2004-07-01

Ikastaro honen helburua irakaskuntzan Linux sistema eragileak, eta oro har software libreak, eskain ditzakeen aukerak azaltzea da. Aukera horiek oso interesgarriak dira irakaskuntzaren ikuspegitik. Ezin dugu ahaztu edonork eskura ditzakeen aplikazioak direla, sistema eragile hau eta bere inguruko milaka aplikazio erabiltzeko ordaindu beharrik ez baitago. Bestalde, eleaniztasuna kontuan hartzen duten aplikazioez ari gara hitz egiten, eta gure hezkuntza sistemaren erronka handietako bat horixe dela iruditzen zait.

 
 

Linux sistema eragilea erabiltzeko ez da ezer berezirik jakin behar, beste sistema eragileak erabiltzen dituen edonork erabil dezake Linuxen oinarritutako konputagailua. Orokorrean, erabiltzaileek ez dute sisteman ia ezer egiten, hainbat aplikazio erabiltzera mugatzen dira, eta beraz, aplikazio horiek eskatzen dutena jakin behar izaten dute. Aplikazio batek argazkiekin lan egiten badu, argazki horiek non dauden esan beharko diogu: CDan, disko gogorreko direktorioan edo karpeta batean... Beraz, nahikoa da fitxategiak non dauden jakitea. Beste gazua bat ere jakin behar da; alegia, zein aplikazio dauzkagun instalatuta eta erabiltzeko moduan, eta horiek abiarazteko egin behar duguna. Informazio mota bat zein bestea oso antzekoak dira Linuxen eta beste sistema eragileetan; ondorioz, ez dugu ezer berezirik ikasi behar.

Sistemaren instalazioa beste kontu bat da: dendetan erosten ditugun ia makina gehienak Windows sistemarekin erosten ditugu (guk eskatu ez izan arren), eta ondorioz, Linux erabili nahi baldin badugu, instalatu egin beharko dugu (hori ere ari da aldatzen eta Linux instalatuta daukan makina ere eros daiteke gaur egun). Horregatik, sistemaren instalazioa nola egiten den azalduko dugu ikastaroan, eta oso erraza dela ikusi ahal izango dugu.
Instalazioarekin batera Linux sistemaren oinarrizko ezagutzak azalduko ditugu: fitxategiak non eta nola jaso behar diren, zein aplikazio dauden sisteman, eta horien artean eguneroko lanetan behar izaten ditugunak zein diren...
Hurrengo gaian Linuxek Mikrosoftekin duen bateragarritasuna azalduko da, alegia, Linuxeko erabiltzaileak Windowseko erabiltzaileekin batera aritzeko zailtasunik ez dagoela ikusi ahal izango dugu. Sare berean bi eratako makinak elkarrekin bizi daitezke, inprimagailu bera erabil dezakete, bai eta informazioa trukatu ere. Informazioaren formatuek ere ez dute arazo handirik sortzen Linux sistema daukan makinan. Alderantziz esango nuke, Windowseko makinek arazo gehiago dauzkate mota askotako fitxategiekin.
Eguneroko aplikazioak, testu prozesatzaileak, kalkulu orriak, nabigatzaileak, posta kudeatzaileak eta horrelakoak antzekoak dira sistema guztietan: horietako asko sistema desberdinetarako prestatuta daude. Esate baterako, Mozilla nabigatzailea Linuxen edo Windowsen edo Macintosh batean ere erabil daiteke, hiruretan berdin erabiltzen da; beraz, sistema eragileak ez du horrelako garrantzirik aplikazioen erabileran. Garrantzitsua aplikazioa bera erabiltzen jakitea da. Linux instalatzerakoan zein aplikazio jar daitezkeen azalduko dugu, eta batez ere, irakaskuntzan behar izaten diren aplikazioak zein diren eta nola erabiltzen diren.
Linux sistemaren beste ezaugarri bat eleaniztasuna da. Makina berean hainbat erabiltzaile nola jar daitezkeen azalduko dugu, eta bakoitzak bere hizkuntza erabil dezakeela ikusiko dugu. Euskaldunontzat hainbat eta hainbat aplikazio euskaratu direla ere ikusiko dugu, eta horiek bilatzen eta instalatzen ere arituko gara.
Irakaskuntzan ohikoak diren aplikazioak azaldu ondoren, aplikazio gehiago nola bila eta instala daitezkeen ere landuko dugu ikastaroan.