Kronika

2004-10-01
 
 
Eskola sartzearekin batera ikusi da , beste behin ere, Iparraldeko euskarazko irakaskuntzak duen laguntza urria. Seaskak ordu gehiago eskatu ditu ikasleen gorakada ikusita: Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan 20 bat eta Baionako Bernat Etxepare lizeoan gela bat. Baina ez dute deus jaso orain arte. Hautetsien Kontseiluko Hizkuntza gaietarako arduradun Max Brisoni eta Alain Lammassoure presidenteari helarazi zizkien euren eskariak konponbide bat bilatzen saia daitezen. Bordeleko Errektoretzarekin ere bildu ziren Seaskako arduradunak, baina ez zuten ezer onik atera. Orain, Hezkuntza Ministeritzara begira jarrita daude, bitartean mobilizazioak egiteari utzi gabe.
Ikas-Bik, bestalde, epaitegietara jotzeko asmoa agertu du bi arrazoi direla-eta: bata euskarazko irakasle ordezkarien auzia eta bestea zuzendari euskaldunek jasaten duten diskriminazioa. Lehenengo kasuan, irakasle ordezkariak ez direla garaiz iristen edo ailegatzen diren asko ez direla euskaldunak salatu dute. Hirugarren arrazoi bat ere ikusten dute auzibidea abiatzeko: gela berriak ez irekitzea.

Oraindik konpontzeke Gasteizko udal haur eskolen afera
Irailaren 1ean hasitako grebak bere horretan jarraitzen zuen aldizkari honen erredakzioa itxitako egunean: 71 hezitzaile greba mugagabean eta 17 haur eskoletako 1.500 haurrak etxean.
Auzia uztailaren 27an hasi zen, Alfonso Alonso alkateak dekretu baten bidez udal haur eskolen egoera aldarazi zuenean. Ondorioetako bat langileen lan baldintzen aldaketa izan zen. Langileek udaleko gainontzeko langileek bezala 1.592 lanordu eskatzen zituzten, baina dekretuak ez zuen horrelakorik jasotzen. Hori gutxi balitz, ikasturte berrirako lan poltsak 32 langile kalean utzi zituen, hots, langileen % 70.
Beste ondorio bat haur eskolen izaeraren aldaketa zen; eskola hezitzaileak izatetik asistentzialak izatera pasatzen baitzen.
Euskarari dagokionez ere dekretuak ondorio ezkorrak ditu. Lehen HE3 beharrezkoa izatetik, orain lehentasuna izatera pasatzen da. Eta ez da gauza bera beharrezkoa izatea, edo lehentasuna izatea.
Langileek, gurasoek eta eragile sozialek mobilizazio ugari egin dituzte eta Arartekoarekin ere bildu ziren. Euren aldarrikapena haur eskola euskalduna, hezitzailea eta herritarra bultzatzea da.
Irailaren 7an oposizioak eta alkateak itun politikoa lortu zuten, eta hiru puntu adostu ziren: dekretua etetea, hilaren 30a bitartean lan talde bat biltzea haur eskolen ereduaz adostasuna bilatzeko (talde horretan talde politikoez eta gobernuaz gain, sindikatuak eta Denon Eskola guraso elkartea daude) eta greba bertan behera gelditzea.
Azken puntu hori ez da gauzatu, eta bitartean kontu berriak ere agertu dira: Gasteizko udaletxeko idazkariaren legezkotasun txostenak ondorioztatu du udal haur eskoletako lanpostuen sorrera buruzko erabakia ez zela udal gobernuak egin beharrekoa, udalbatzak baizik. Ondorioz, sindikatuek eta oposizioko alderdi politikoek dekretua bertan behera uzteko eskatu dute. Alkateak udalbatzaren eskumenak bereganatu dituela salatu dute.

Sakanan Lanbide Heziketa euskaraz egiteko aukera eskatzen dute
Sakanako Aralarko Mikel Donea ikastetxeko ikasleek eta Sakanako mankomunitateko arduradunek Nafarroako Parlamentura jo dute Lanbide Heziketa euskaraz egin nahi dutela aldarrikatzeko. Parlamentuko Hezkuntza Batzordearen aurrean egin dute eskaera, baina mementoz ez dute baiezkorik jaso; ez Batzordearen aldetik eta ezta Luis Campoy Hezkuntza kontseilariaren aldetik.
Ikastetxean egindako inkestaren emaitzak oinarritzat harturik, euskaldunen artean % 97k euskaraz ikasi nahi du, eta euskara ez dakitenen artean, jakingo balute, euskaraz ikasiko luketela erantzun du % 79k. Gaur egun G eredua soilik dago Nafarroako Lanbide Heziketan, hots, gaztelaniazko eredua. Euskararen Legeak, nahiz eta hizkuntza eskubideak ez bermatu, zonalde euskaldunetan D eredua ezartzeko aukera ematen du, baina errealitatean ez da halakorik gertatzen. 235 zikloetatik bi baino ez dira euskaraz, eta 8.000 ikasletik 73 ari dira euskaraz ikasten.
Hezkuntza kontseilariak Nafarroako Parlamentuan egin zuen agerraldian esan zuenez, "kalitateak kezkatzen nau ni; ikasleak ongi presatzea enpresetan sar daitezen"; euskara eta kalitatea bateraezinak izango bailiran.
Horrez gain, Elizondoko eta Berako zentroetan irakasle gehienak elebidunak direla aipatu zuen, "eta ikasgelan euskaraz aritu daitezke. Zer gehiago nahi dute? Liburuak euskaraz?".
Hezkuntza Batzordeko CDN eta IUN-NEB alderdiko kideak harrituta agertu ziren Sakanako egoeraren aurrean. EAJk seriotasuna eskatu zion Nafarroako Gobernuari, eta Aralarrek bat egin zuen Sakanako ikasleen eta makomunitateko ordezkarien eskaerarekin.
Iaz Lanbide heziketa euskaraz! lelopean kanpaina egin zuten. 1.500 sinaduratik gora lortu zituzten euskarazko irakaskuntzaren alde. Aurtengo ikasturtearen hasierarekin batera, Parlamenturaino iritsi dira euren eskaerak. Dagokien eskubidea aldarrikatzen jarraituko dute hemendik aurrera ere.


Ikasturte berria hastearekin batera , Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuak hainbat datu eman ditu ezagutzera. Lehendabizi, euskararen eta hizkuntza ereduei buruzkoak. Aurten ere D ereduak gora egin duela jakinarazi du. 3 eta 5 urteko haurren % 61,4 euskara hutsean arituko da.
Oro har, A ereduan % 8,4 arituko dira, B ereduan %41,2 eta D ereduan % 50,3.
Ikasturte honetan hizkuntz plangintza berezia jarriko da abian irakasleentzat euskaraz treba daitezen eta norberaren ikasgaian izan beharreko euskararen ezagutza finka dezaten. Deialdi horiek Iraleren barruan egingo dira.
Emandako bigarren datuak 2003-04 ikasturtean ikasleek izandako emaitzei buruzkoak dira. Ikasleen % 86k lortu zuen iaz DBHko titulua, aurreko urtean baino 4 puntu gehiago. Emaitza hobeak lortzearen arrazoiak lau direla aipatu zuen: dibertsifikazio kurrikularreko programak, bikoizketa gelak, hezkuntza esku-hartzeak eta errekuperaziorako proba berezia.
Europan eskola porrotaren adierazlea berdefinitu egin da: 18-24 urte bitartean DBH tituluarekin soilik zenbat gelditu diren neurtuko da hemendik aurrera. Une honetan % 18,5 da eta helburua % 10era iristea da. Euskal Autonomioa Erkidegoan % 12,6koa da kopuru orokorra, eta nesken kasuan % 8,1.
Aurten ebaluazioaren ikasturtea izango da, eta abenduan nazioarteko bi neurketen emaitzak jasoko dira.