COSIDO, Jesus:

2004-10-01
Bartzelonako terapeuta humanista da Jesus Cosido. Arkitekturan jardun zuen hamar urtez lanean, harik eta benetan gustatzen zitzaiona pertsonak berreraikitzea zela konturatu zen arte.

Estresari buruzko ikastaroa eskaini zuen uztailean Hik Hasiren Udako Topaketa Pedagogikoetan. Irakasleen gremioa da estresa gehien sufritzen duenetako bat. Baja askoren beste motibo bat, berriz, depresioa da. Ondo konplexua da gizakia. Gure argi-itzalez jakin nahian jo dugu terapeuta honengana, eta autoestimuaz, komunikazioaz, emozioei bide emateaz, benetan nor garen jakiteaz... mintzatu zaigu. Bizitzaren eskolan derrigorrezkoak diren ikasgaiak.
 
 
Estresa orokorra da gizartean, baina irakasleen sektoreak joera gehiago du estreserako. Zergatik?

Irakasleak galdu egin du lehen zuen duintasuna. Hori medikuei ere gertatu zaie; gaur denek jartzen dute zalantzan medikuaren lana, eta horrek estresera eramaten ditu, erabateko angustiara, hutsik txikiena eginez gero, gaur egun denak gainean dituztelako. Irakasleena ere izugarria da: mehatxu egiten duten haurrak, sandiosenak esaten dizkieten haurrak dituzte gaur gelan. Eta gurasoek "zuk zergatik egin diozu hori nire haurrari!" da esaten dutena; haurraren bistan, gainera!

Lehen erabat kontrakoa zen gurasoen jarrera: "Ume, ez dezadala jakin zigortu zaituztenik!". Ordukoa gehiegizkoa zen, haurrak ez zuen ez inolako eskubiderik, ez babesik. Baina gaur beste muturrera joan gara. Eta gaurkoa, nahiz irakasleak sufritu, haurraren beraren kaltetan da azkenean. Haurrak jaun eta jabe dela uste du, baina lanera jarrera horrekin joaten denean kalera botako dute.



Lehen gurasoek ez zuten irakaslearen aurrean haurrari beti arrazoi emateko jarrera hori. Eta orain zergatik?

Balio aldaketa bat dago. Haurra jabetza gisa hartzen dugu: "Nire haurra ez duzu zuk zigortuko!". Beraz, haurra zigortzea, gurasoa zigortzea bezala da, jabetza hori erasotzea baita. Eta bizi maila hobetzeak ere horrekin zerikusirik duelakoan nago, jendea gero eta harroagoa da, urguilu gehiago duena.



Estresak batzuetan zerikusi handia omen du autoestimu baxuarekin...

Pertsona batzuek behar baino ordu gehiago sartzen dituzte lanean, besteek "zer ondo, zurekin konta genezake, mundiala zara, zu gabe zer egingo genuke..." esatea behar dutelako; halakoak entzunda maitatuak sentitzen dira, maitatuak izateko bidesari bat ordaindu behar balute bezala. Jakina, azkenean horiek lepo estresatuta eta frustratuta bukatzen dute, adarra jotzen dietela konturatzen baitira, eta euren bizkar uzten dutela dena.

Hori ez da lantokian soilik gertatzen, familian ere gertatzen da. Laguntza nork eskatuko bizi direnei gertatzen zaie, beste senideen karga eurek bakarrik hartzeko pronto daudenei. Egun, emakumeak etxetik kanpora autoestimua irabazi du. Baina emakumea etxetik irteten ez zenean, aintzat hartzen zutela sentitu behar zuen, martiri izanez. Zoritxarrez, oraindik ere familian laguntza behar denean, berehala emakumeengana jotzen da.



Lehengo emakumeak aipatu dituzu. Gaur estres gehiago al dago lehen baino, ala lehen ez zen hori zaintzen eta horregatik iruditzen zaigu gaurko gaitza dela?

Estresa beti egon da. Gertatzen dena da gaurkoa oso gizarte lehiakorra dela. Karrera bukatu orduko master bat egin behar duzu, edo graduatuondoko ez dakit zenbat ikastaro, izugarri exijitzen dizutelako. Horrek antsietatea sortzen du, eta antsietatea estres bihur daiteke. Lanean hasi, eta berdin: izugarri errenditzera iritsi beharra duzu, bestela zu baino gehiago denak postua kenduko dizu. Lehia gustuko duen jendea ere bada, zurrunbilo horrek martxa handia ematen diona. Baina beste asko egoera honek txikitu egiten ditu. Gizartea bera da estresera eramaten zaituena. Gainera, susmoa dut dena ez ote dagoen propio prestatua jendea estresa dadin, estresatuak lan gehiago egiten baitu. Horregatik dira gaurko film guztiak hain azkarrak, hainbeste bortizkeria dutenak, musika hain altukoak. Dena korrika, dena ozen, dena azelera zaitezen. Lasaitasuna gure gizarte honen kulturan sartzen ez den zerbait da. Hainbesteraino, non estresatuta ez bazaude porrotaren errege, alfer hutsa sentitzeko tranpan eror baitzaitezke.



Estresa dutenekin zer terapia egiten duzue?

Estresa lantzea zera da: aztertzea nolakoa den pertsona baten bizitza, nola hartzen duen bizitza, zer autoestimu duen, zer jokabide dituen eta zergatik dituen jokabide horiek; eta aldatuko balitu zer gertatuko litzatekeen, zer beldur sortzen zaizkion aukera horien aurrean...

Bizitzan oinarrizko hiru eremu daude: eremu profesionala, familia eremua eta eremu soziala (kaleko harremanak, lagunekikoak). Pertsona hori eremu bakoitzean nola moldatzen den ikertu beharko litzateke, eta ea gaitasunik baduen eremu bat bestearengandik bereizteko, batzuetan etxeko arazoa eramaten baitugu lanera, edota jendearekin jarrera agresiboak izaten baititugu etxean eta lanean gaizki gaudelako.



Estresari aurre egiteko, zer bizi ohitura aldatu behar dira?

Bata autoestimuari dagokiona da, lehen aipatu bezala; behar baino lan gehiago ez egitea, ez lantokian eta ez familian. Aldatu beharreko beste jokabide bat entretenitzeko modua da. Leku lasaietara jo (mendira, itsasora...). Eta hitz egin. Kalean elkarrizketa asko zegoen lehen, eta pertsonei aintzat hartzen zituztela sentitzen laguntzen zien horrek; kaleko berriketa horien bidez pertsonaren dimentsio soziala bideratuta zegoen. Herrietako ezaugarria da hori, Europan oso tipikoa dena. Baina galtzen ari gara hain gurea eta hain osasuntsua den hori. Liburu batek dioenez, "Prozak gutxiago eta Platon gehiago" da hemen behar duguna.



Hain osasuntsua den kaleko bizitza hori galtzen ari gara, amerikartzen ari gara...

Bai. Gero, amerikarrek liburu bat idazten dute nola bizi ondo esanaz, eta hemen betidanik egin izan duguna da esplikatzen dutena. Haiek ez dute guk hiriaz dugun kontzeptua (plazak, elkartzeko guneak); guk kultura greko-latindarraren herentzia jaso dugu, atarietan hitz egiteko, saltzeko, eztabaidatzeko kultura hori. Euren hiriak, berriz, etxebizitzen pilaketak dira, egoteko ez diren kale eta plazak dituztenak. Jakina, horrek neurosira eramaten zaitu; hiri handietan jende andana dago, baina ondoan pasatuta inork ez dizu adiorik egiten. Igogailuan sartu eta inork hitzik ere ez. Existituko ez bazina bezalaxe da. Kalean gurutzatzean zakurrek elkar usaindu behintzat egiten dute; guk hori ere ez!

Ikerketak egin izan dituzte, kamera ezkutuan jarrita, hiri handietan jendearen arteko portaera zein den ikusteko. Adibidez, horietako batean pertsona batek bota du lurrera bere burua, bihotzekoak jo duen itxurak eginez, eta pertsona hori bertan gelditu da, inork lagundu ez diolako.



Hiri handietan komunikazio falta dago. Horrek zer ondorio ditu?

Komunikazioan lau maila daude. Bata komunikazio xumea da, igogailukoa ("ederra eguraldia..."). Komunikazio maila hori herrietan oso bizirik dago, eta oso maila apalekoa izanagatik ez da gutxietsi behar, pertsonari aintzat hartzen dutela sentitzen laguntzen diolako ("existitzen naiz, hitz egiten didate"). Zahar etxeetan edo ospitaleetan komunikazio maila horri eusten ahalegintzen dira asko, duen garrantziagatik. Komunikazioan bigarren maila da zuk gauzei buruz hitz egitea, baina zeure buruaz hitz egin gabe. Hurrengo maila da jada zeure gauza propioez hitz egiten duzunean. Eta bada laugarren maila bat, maila gorena, komunikatzen diren bi pertsonak hazi egiten dituena pertsona bezala. Lor daiteke bikote harreman on batean, laguntasun on batean, gidari espiritual on batekin... pertsona bezala hazi egiten zarenean harekin hizketan, hari entzunez.

Hiri handietan, batzuetan ez dago lau maila horietatik bakar bat ere! Zer gertatzen da orduan? Jende asko dagoela gaixo. Eta komunikaziorako zailtasun hori, hutsune hori batzuetan talde terapien bidez ordezkatzen da. Moduren batean ase behar dute komunikazio beharra.



Oraindik ere gizonei gehiago kostatzen al zaie euren arazoez hitz egitea?

Hik Hasiren Udako Topaketetan soilik ez, beste ikastaro guztietan ere emakumeak gehiago izaten dira gizonak baino. Gero, kontsultetan, ordea, gizon-emakumeen kopurua erdia eta erdia izaten da. Baina egia da orokorrean gizona uzkurragoa izaten dela terapiara joateko urratsa ematerakoan, eta kontsultan bertan ere gizonari gehiago kostatzen zaio bere barne mundua irekitzea.

Doluan nabarmen ikusten da: senar-emazteak kontsultan sartzen dira, semea hil zaiela-eta. Senarrak botako du: "Nire emaztea da kontsulta behar duena, txikituta dago; nik jada onartua dut". Handik pixka batera galdetzen diot emazteari: "Eta zure senarra, zer moduz dago?", eta emazteak: "Ni baino okerrago!". Gizonok halako larderia giro batean hezi gaituzte, eta garesti ordaintzen da hori, nonbaitetik atera behar baitu. Batzuetan psikosomatismo oso gogorrak, oso larriak izaten dira, tristura eta inpotentzia sentimenduok ez direlako bideratu modu positiboan.



Heziketan emozioa eta emozioak ondo bideratzea gehiago landuko balitz, psikologoak gutxiago beharko al lirateke?

Jendeak bere emozioak ondo bideratuko balitu eta familian laguntza sare bat izango balu, askok ez luke ez psikologorik, ez terapeutarik beharko. Egia esan, jendeak bere sentimenduak adierazteko duen ezintasunetik dezente bizi gara gu.

Doluari dagokionez ikusten da hori ondo, paradigmatikoa da. Alargunek garbi esaten dizute: "Nik etxean ezin dut ezer esan, alabak ez baitit uzten". Etxekoen erreakzioa gehienetan honakoa izan ohi da: "Ez egin negarrik, nahikoa da, jada sei hilabete pasa dira eta ezin duzu beti honela egon...". Eta emakumeak, erreprimituta, etxean ezin du negarrik egin. Eta saio batzuetara etorri behar du negar egin ahal izateko, askatzeko. Tristea da. Utzi lasai negar egiten, kexatzen, kuxin batzuk jotzen, egunkariak txikitzen...

Laguntzeko modurik onena da entzutea, helduleku bat ematea, bere mina onartzea eta, batzuetan, baita bere buruari onartzen ez dizkion emozioak hautematen laguntzea ere. Esaterako, penari buruz hizketan ari zaizun bitartean, ikusten duzu mahaiari kolpea ematen diola, eta jabetzen zara amorru asko ere badagoela hor. Inork "zuk penaz gain, amorru asko ere baduzu, ezta?" esango balio, bada agian baietz esango luke, zuk halakorik esatea onartu diozulako.

Emozioak garrantzitsuak direla onartzen orain hasi gara. Orain arte lehentasuna arrazoiak izan du, emozioaren arabera jokatzea gauza txartzat jo dugu beti (zer eta, lehendabizi emozioak bultzatuta jokatzen dugunean!). Arrazoiaren eta emozioaren artean elkarrizketa batek egon behar du, emoziozko inteligentzia on bat lortzeko.



Dolua sentitzen ari direnekin umorea ere erabili izan duzu...

Ehorztetxe batean egin nuen lan ia bi urtez. Tarrasako ehorztetxe batek sail bat sortzea eskaini zidan, bi helbururekin: bata, bertako langileei laguntza ematea, eta bestea, eskatzen zuten bezeroei euskarri emozionala ematea, dohainik (ehorztetxeak ordaintzen zuen zerbitzua zen). Bezero batzuk negarrez sartu eta algaraka ateratzen ziren nire gelatik. Ehorztetxekoak harrituta: "Zer ematen diezu!".

Oso kasu gogorrekin etortzen zen jendea. Beti aholkatzen nien zenduaren argazkia ekartzeko; kontsultan jartzen genuen argazkia, eta hari begira hasten ginen pertsona hartaz oroitzen zutenaz hizketan. Une batean zenduaren pasadizoak, xelebrekeriak kontatzeko eskatzen nien. Eta dolua sentitzen ari zenak, pasadizoak kontatu ahala, barrez bukatzen zuen. Orduan esan behar zaio: "Ikusten nola barre egiteko ere baduzun gaitasuna? Ondo dago negar egitea, ondo dago sufritzen ari den pertsona bezala adieraztea zeure burua, baina baduzu barre egiteko gaitasuna ere". Oso garrantzitsua da memento horretan barre egiteko gaitasuna ere baduela onartzea, ez ukatzea gaitasun hori. Barre haiek oso sanoak ziren. Baina denekin ere ezin zenuen egin.



Psikologo eta terapeutak "eroentzat" direla uste du gure gizarteak. Aldiz, bada terapia berri bat, jendearen lan curriculumetan prestigio handia ematen duena: "coaching"-a. Zer da "coaching"-a?

"Coaching"-ek ingelesez "entrenatzailea" esan nahi du; kasu honetan, "bizitzaren entrenatzailea" litzateke. Bizitzari eskainitako "entrenamendu" bat da, zeure buruarekiko harremanari eta besteekiko harremanei eskainia. Hizkera arruntean esanda, pertsonarengan egon badagoen zerbaiti distira ateratzea da. Kontua ez da, gainerako terapiatan bezala, pertsona gaizki dagoela eta laguntza behar duela ondo sentitzeko. "Coaching"-ean parte hartzen duena ondo dago, baina bere gaitasunei eta ahalmenei etekin gehiago atera nahi die. Enpresa munduan ere asko erabiltzen da, martxan jarri nahi diren proiektu berriei begira, gaitasunei probetxu gehiago ateratzeko.

Michelangelo Buonarroti eskultoreari hala galdetu omen zioten behin: "Nola arraio zara gai halako eskulturak egiteko?". Berehala marmolezko bloke handi baten aurrera eraman omen zuen eta hala erantzun omen zion: "Eskultura barnean dago. Nik egiten dudan bakarra soberan duen harria kentzea da". Eta egia da, bizitzan zehar pertsonak azalez betetzen gara, tipulak bezala. Irudi bat ez bazaigu gustatzen, estaltzeko beste irudi bat sortzen dugu, eta gero beste bat... Maskarak jartzen ari gara etengabe. "Coaching"-aren bidez barnean dagoen benetako nia aurkitu nahi da, eta ahalik eta probetxurik handiena atera barnean dagoen horri.



"Coaching"-ean zein da profesionalaren egitekoa?

"Coaching"-aren profesionalak edo "entrenatzaileak" prozesu batean laguntzen dio pertsonari, bere barnean dituen potentzialtasunak aurki ditzan. Hasieratik pertsona horrek duen proiektuan zentratzen gara, helburu zehatz batzuk lor ditzan. Zer pentsatua ematen dioten galderak egin behar zaizkio, hormaren kontra jartzen duten galderak, hala bere burua gaindi dezan berak uste zuena baino askoz gehiago eta uste baino errendimendu handiagoa lortuz.

Konparazio batera, antzoki bateko butakan esertzea bezala litzateke gure lana, ondoan bere burua landu nahi duen pertsona dugula. Oholtzan bere bizitza ari dira antzezten. Zuk komentarioak egiten dizkiozu, eszena bakoitza zer iruditzen zaion galdezka, zer gustatzen zaion eta zer ez, zer aldatuko lukeen. Albokoa jarrera alternatiboak bilatzen doa. Zu zara ikusarazten diona, pentsarazten diona, baina lana berak egin behar du.



Depresioa da gaurko bajen arrazoi nagusienetakoa. Zerk sortzen du depresioa?



Hainbat faktorek sortzen dute depresioa. Horietako bat helbururik eza da, bizitzari zentzurik ez aurkitzea. Gertaera zehatz batek ere eraman zaitzake depresiora: heriotza batek, lanetik bidaltzeak, bikotearengandik banatzeak. Horiek depresio "justifikatuak" dira, kausa agerikoa dutenak. Beste batzuetan, ordea, oso gordean dauden traumak dira depresioan mantentzen zaituztenak, eta jakina, trauma hori inkontzientetik kontzientera ekarri arte, depresio egoeretan egon zaitezke. Pertsona horiek ez dira etengabeko depresio sakon batean bizi, baina bai egoera gris batean beti, ilusio gutxirekin. Eta badira depresio endogenoak ere, herentziaz jasotzen direnak, genetikoki. Neuronen funtzionamenduan akats bat dago, eta melagtonina gehiegi edukitzeak depresioa sortzen du. Konpentsatzeko, egunero medikatu beharra daukate, eurentzat ez baitago balio duen terapiarik. Gainera, jendeak ez ditu ulertzen: "Denetik duzu, ezeren faltarik ez, eta depresioa?"; baina endogenoa da, gaixotasun bat, azkenean.

Gizakia konplexua da. Badira depresiboak diren animaliak ere. Batzuei nagusia hiltzean sartzen zaie depresioa. Animalia iletsu batzuek, berriz, guraizeak sartuz gero ez dute etxetik irten nahi izaten, ezkutatu egiten dira, lotsatu egiten dira eta depresioa sartzen zaie.



Bizitzaren aurrean zer jarrera har genitzake?

Lau jarrera daude bizitzaren aurrean. Positiboena litzateke sentitzea "ni egokia naiz eta kanpoko mundua ere hala da". Beraz, elkarreragin oso positiboa dago ni eta besteen artean. Hain ona ez den beste jarrera bat bada: "Ni oso egokia naiz, baina besteek zapaltzen naute, besteen biktima naiz". Zaila da pertsona hori aldatzea. Hirugarren jarrera justu alderantzizkoa da: "Ni desastre hutsa naiz, eta beste denak oso argiak dira". Horri ere kostatzen zaio aldatzea, autoestimu baxua du. Baina denetan negatiboena zera esaten duena da: "Nik ez dut deus balio, eta gizartea usteldua dago, ezer ez dago ondo". Jarrera horrek bere buruaz beste egitera ere eraman dezake inor. Kontuz, horrek ez du esan nahi bizitzaren aurrean jarrera hori dutenak ezin direnik aldatu!