Begiradaren heziketa eskolan

2004-10-01
Galdera horren aurrean zaila da baiezkoa aurkitzea; alde batetik euskarazko produkzioa ez delako ugaria, eta bestetik, datuak biltzeak ikerketa lan bat egitea eskatzen duelako. Azken urteotan euskaraz egindako marrazki bizidunak ikusteko aukera izan dugu, baina 1992az geroztik ez da irudi errealeko euskarazko luzemetraiarik egin. Eta are gutxiago haurrentzat.

Zentzu horretan, Hik Hasik ekarpen berri bat egin nahi izan du euskal zinemagintzaren arloan. Haurrentzako euskarazko eta Euskal Herrian egindako pelikularik apenas zegoela ikusirik, erronka horri heldu dio eta horren emaitza izango da abenduan bideo eta DVD euskarrian kalean izango den Ilargiaren sekretua luzemetraia. Estreinaldiak Euskal Herriko hiri eta herrietan egingo dira.
 
 
Ba al dago euskaraz eginiko fikziozko filmarik haurrentzat?



Atzera begira jarri eta Euskadiko Filmoteka eta beste zenbait iturri kontsultatu ondoren, euskaraz egindako produkzioen zerrenda ez dela luzea ohar gaitezke. Badaude euskaraz egindako marrazki bizidunak; batzuk laburmetraiak eta beste batzuk luzemetraiak:

- Ekialdeko izarra (1977), Juanba Berasategi

- Pernando Amezketarra (1979), Juanba Berasategi

- Kalabaza tripontzia (1985), Juanba Berasategi

- Ipar haizearen kondaira (199), Juanba Berasategi

- Ahmed, alhambrako printzea (1997), Juanba Berasategi

- Karramarroaren uhartea (2000), Joxean Muñoz

- Unibertsolariak (2003), Juanjo Elordi

Badaude euskaraz egindako filmak helduentzat:

- Erreferenduma dokumentala (1978), Antxon Ezeiza

- Ehun metro (1986), Alfonso Hungria

- Zergatik Panpox (1986), Xabier Elorriaga (azken bi horiek erdaraz filmatu ziren eta euskaraz bikoiztu, gero)

- Hamaseigarrenean aidanez (1985), Anjel Lertxundi

- Oraingoz esan gabe (1986), Jose Julian Bakedano

- Kareletik (1987), Anjel Lertxundi

- Ke arteko egunak (1989), Antxon Ezeiza

- Offeko maitasuna (1992), Koldo Izagirre

Ikuska Sailak 20 laburmetraia egin zituen irudi errealekin eta dokumental izaerarekin 80ko hamarkadan zehar hainbat gairen inguruan: Gernikako bonbardaketa, elebitasuna, euskara galdutako Nafarroa, Bilboko hirigintza, ikastolak, Euskal Telebistaren sorrera, bertsolaritza... Denak Antxon Ezeizak kudeatu zituen zinemagile gazteei eta ez hain gazteei ateak irekiz: Juanba Berasategi, Montxo Armendariz, Imanol Uribe, Iñaki Eizmendi, Jose Luis Egea, Anton Merikaetxeberria, Pedro Olea... Argazkilari lanak Javier Agirresarobek egin zituen. Film hauek sari asko irabazi zituzten.

Badaude bikoiztutako edo itzulitako marrazki bizidunak eta fikziozko filmak haurrentzat; Doraemon, Glup, Tinko eta Berton Filmsek ikastetxeetan lantzeko itzulitako filmak... Baina haurrentzat euskaraz egindako irudi errealeko fikziozko filmetan ezer gutxi.



Aukera berri bat

Hik Hasi egitasmoaren helburua euskal hezkuntzan sortzen diren beharrei nolabait erantzuten ahalegintzea da. Orain arte aldizkariekin, udako topaketekin, lan monografikoekin, baliabide pedagogikoen gidekin, euskal jolasen CD eta bideo bildumekin eta abarrekin egin dugun bezala, orain, film bat aitzakitzat hartuta, irudia eta berarekin doana lantzea da gure nahia, aldi berean, ikusten dugun hutsunea betez. Eta hori guztia bertako bitartekoekin, baliabideekin, aktoreekin eta gure ikuspegiarekin, Euskal Herrian bertan egina.



Irudiaren lanketan dagoen hutsunea bete nahi da

Gaur egun, jakina da irudiak gero eta garrantzi handiagoa duela bizitzako arlo guztietan, eta nola ez, baita hezkuntzan ere. Hori hala izanagatik, irudiaren lanketa eta berarekin hedatzen diren balioak, intentzioak, portaerak eta abar apenas lantzen diren eskolan. Eta horregatik, hori guztia lantzeko material pedagogikoa prestatzen ari gara.

Ilargiaren sekretua filma oinarritzat hartuta, hiru arlo landuko dira. Hasteko, irudiaren hizkuntza. Irudiek euren konposaketa, denbora, espazioa, plano motak, enkoadraketa, efektuak, muntaia... dituzte eta hori irakurtzen eta interpretatzen jakitea garrantzitsua da. Bigarrenik, pelikulako hizkuntza dago. Hizkuntza literariotik edo hasierako gidoitik irudien hizkuntzara eta gidoi teknikora salto bat dago. Hitzen ordez irudiak erabiltzen dira, eta hizkuntza hori desberdina da. Biak azalduko dira material pedagogikoan; hots, hizkuntzaren alde literarioaren aberastasuna, espresioak, hitz jokoak... eta hori nola dagoen adierazita pelikulan. Eta hirugarrenik, edukiaren arloa dago. Alde horretatik, hausnarketa sustatu nahi da: zer ulertu den, zer mezu, nola, teknikak, eguneroko bizitzarekin zerikusia duen ala ez... Hainbat mezu eta balio helarazten dira, eta film honen kasuan kritikotasuna, aktibo eta iniziatibaduna izatea, elkarrenganako errespetua, etorkinekiko harremana, natura errespetatzeko sentsibilitatea, kontsumismoa eta botere grina agertzen dira, besteak beste.

Beraz, material pedagogikoaren xedea pelikula deskribatu eta tripak ateratzea izango da, hiru arlo horiek nola egin diren ikusteko eta ikasteko.



Kolorez, misterioz eta tentsioz betetako istorioa

Ilargiaren sekretua filmeko protagonista nagusiak Pirritx eta Porrotx pailazoak, Sidi haur sahararra, Euskal Herriko haurrak eta Madame Banu gaiztoa dira. Honek eta bere bi laguntzaileek ilargiak gauero jendea konturatu gabe isurtzen dituen loreak nahiko dituzte, naturari eta pertsonei bizitza eta kolorea ematen dieten loreak. Lore guztiak eurentzat nahi dituzte botere magiko handiak dituztelako. Horretarako, lurreko lore guztiak biltzeaz gain, ilargiari kortxo batez tapatuko diote ahoa. Horrela, ilargia haziz, gizenduz joango da eta ilargi betea denean, potoloen dagoenean, tramankulu batekin zurrupatuko dute, barruan dituen lore guztiak eurentzat izan daitezen eta handik aurrera loreak beraientzat bakarrik egin ditzan.

Bitartean, haurrak lore baten bila dabiltza Sidi haur sahararraren arreba txikia sendatzeko, lorea sendagarri baita. Konturatu gabe, gaiztoen asmoak deskubrituko dituzte, eta ilargia bera osatu nahiko dute loreak sortzen jarrai dezan eta natura lehenera itzul dadin. Baina... ez da hain erraza izango, gaiztoen asmoei aurre egin beharko baitiote.



Euskal Herriko aktoreen lana

Pirritx eta Porrotx pailazoekin batera aritu diren haurrak Donostiako Zurriola ikastolako Antzerki Eskolako bost gaztetxo izan dira, eta beraien irakasle Joserra Fachadok eta Anartz Zuazuak ere parte hartu dute. Madame Banu emakume gaiztoa Mertxe Rodriguez pailazo taldeko aktoreak interpretatu du eta bere bi laguntzaileak Ramon Agirre eta Niko Lizeaga dira. Nagore Orbeltzuk, Mailu Arrutik eta Lasarte-Oriako Landaberri antzerki eskolako gurasoek ere paper esanguratsua jokatzen dute.

Gidoia egiten aritu direnak Maialen Lujanbio eta Alicia Garaialde izan dira, eta azken hau aritu da zuzendari lanetan. Musika Xabier Zabalak egin du.

Filmaketa lanetan Iruñeko ITPko kideak aritu dira, Zatoz jolastera! eta Jolasen altxorra bideoetan bezala.

Parte hartu duten batzuen iritziak bildu ditugu, euren esperientzia nolakoa izan den jakiteko.



Maialen Lujanbio

Gidoilaria


Ez da gauza bera pelikula bateko gidoia egitea edo ipuin bat idaztea. Pelikulakoak beste logika bat du. Horixe dio Maialen Lujanbiok, film honen gidoia egin duenak. Lehenengo istorio literarioa egin behar izaten da, eta gero hori ikus-entzunezko lengoaiara pasa. Prozesu horretan taldekideen laguntza eta Alicia Garaialde zuzendariaren lana funtsezkoak izan ditu. Argi dauka talde lana izan dela. "Hasiera-hasieratik izan da hala. Taldean bildu eta ideien bonbardaketarekin hasten ginen. Nire lana hortik aukeraketa bat egitea eta elkarrekin jostea zen, ideia solteetatik zerbait landuagoa eramatea hurrengo bilerara". Ideiak bildu, ordenatu eta forma literarioa ematea, alegia.

Baina hori ikus-entzunezko lengoaiara pasa behar zen, eta horretarako, Maialen eta Alicia elkarlanean hasi ziren, eta bien artean egin dute egitura. "Istorioak goia non jo behar duen, non eten behar den, zer gorabehera jarri behar diren... hori guztia ikusi behar da" gehitzen du Aliciak. "Memento batzuetan arrisku uneak behar dira, beste batzuetan dena galduta dagoela sentitu behar da... Horrelako gauzek ematen baitiote indarra kontaketari".

Beti esan izan ohi da gidoia klabea dela, izugarrizko garrantzia duela, eta hala dela dio Maialenek. "Gidoian jartzen duenaren arabera egiten da filmatzea: han jartzen dituen espazioak, han jartzen dituen elkarrizketak... dena horren gain dago. Txosten baten arabera aritzen dira denak lanean, eta zerbait aldatuz gero, kontuz ibili behar da, hiruzpalau tokitan izan baitezake ondorioa eta koherentzia mantendu behar baita".



Pailazo taldea

Pirritx eta Porrotx pailazo taldearentzat ere esperientzia eta erronka berria izan da. "Proiektu interesgarria eta oso polita da, eta gustura aritu gara" diote.

Zergatik hartu zenuten film honetan parte hartzeko erabakia?

Aurretik Hik Hasiko Zatoz jolastera! eta Jolasen altxorra bideoetan parte hartu genuen. Hura guretzat salto bat izan zen, desberdina baitzen gure emanaldiak antzeztea eta bideoa grabatzea; gidoi bat zegoen, filmaketa... Eta oraingoan, beste salto bat eman dugu. Hau luzematraia da eta guretzat ere erronka berri bat.

Zergatik erronka berri bat? Zer desberdintasun ikusi dituzue bideoetatik film honetara?

Bideoetan, nahiz eta gidoia egon, jolasek pisu handia zuten. Oraingoan, ostera, gidoiak pisu handiagoa hartzen du. Askoz ere konplexuagoa da eta horrek filmaketa guztia aldatzen du: lokalizazio gehiago, jende gehiago... Filmaketa denbora ere bikoitza izan da.

Horrez gain, euskaraz egindako film gutxi daude haurrentzat eta ausarta iruditu zaigu Hik Hasiren erronka. Hasieratik agertu gara prest gure ekarpena egiteko.

Aurrekoetan zuek zineten protagonista nagusiak haurrekin batera. Oraingoan aktore profesionalak ere agertzen dira. Zer eragin du horrek?

Emaitza aberastu egiten duela uste dugu. Gure paperari ez dio garrantzirik kentzen; aitzitik, osagarri dira eta kalitatea igotzen dute euren profesionaltasunarekin, eta horrek azken emaitzaren kalitatea ere hobetu egiten du.

Nola moldatu zarete Zurriolako antzerki eskolako aktore gazteekin?

Zurriolako antzerki eskolako haurrekin lan egitea "luxu" bat izan dela esan liteke. Oso onak dira. 9-10 urteko haurrak izateko, nabari zaie antzerki munduan ibilbide bat egina dutela.

Ez da gauza bera gertatu Sidi haur sahararrarekin. Orain dela 3 urte etorri zen Euskal Herrira eta nahiz eta euskaraz jakin, ez da aktorea eta ezta antzerkian ibilia ere. Erronka handia zeukan eta oso ondo moldatu da. Horrekin batera, benetan etorkina izanik, errealitatearen eta fikzioaren arteko paralelotasuna sortu da.





Mertxe, zuk orain arte pertsonaia zintzoen papera egin duzu eta oraingoan, lehenengo aldiz, gaiztoarena. Nola sentitu zara?

Oso ondo. Probatzeko gogoz nengoen eta gozatu egin dut. Pila bat gustatu zait. Hemendik aurrera gehiagotan egin beharko dut gaiztoarena.

























Ramon Agirre: "umorea eta umeak oso serio hartu beharreko kontuak dira"

Ramon Agirre aktore ezagunak Madame Banu gaiztoaren laguntzaile papera egin du Niko Lizeagarekin batera. Pirritx eta Porrotx pailazoekin aritu den lehen aldia izan da, eta berak aitortu digunez, haien jarraitzaile sutsua da, "ia-ia gure alaba Marta bezain sutsua". Ilusio handia egin zion parte hartzeko deia jasotzeak.

Duela urte batzuk El rey de la granja filmean esku hartu zuen, hura ere haurrentzakoa, baina normalean ez du haurrentzat lan askorik egin. "Film honetan barruan daukadan umea atera eta ahalik eta ondoen egiten saiatu naiz".

Proiektua oso erakargarria iruditzen zaiola aipatu du Ramon Agirrek. "Oso ondo pentsatua dagoela uste dut, bai eduki aldetik eta bai denetik. Kalitatezkoa da eta txukun egina. Kalitatea eta maila bermatzen duten elementu asko ditu. Bat aipatzearren, Maialen Lujanbio gidoilari izatea. Plazer hutsa izan da berak idatzitako elkarrizketak esatea. Talentu asko zegoen tartean". Lana txukun eta serio egiteari ematen dio garrantzia aktore honek. "Zeren umorea eta umeak oso serio hartu beharreko kontuak baitira. Nik uste dut hemen oso serio egin dela lana eta produktu oso duina eta interesgarria izango dela. Ez dut dudarik egiten".





Joserra Fachado: "Adin honetako haurrekin horrelako lan asko egitea pixka bat kaltegarria dela pentsatzen dut"

Donostiako Zurriola ikastolako antzerki eskolako bost gaztek eta Joserra Fachado eta Anartz Zuazua irakasleek parte hartu dute Gaueko lorea filman.

Antzerki eskola horren hastapeneko pausoak orain dela 25 urte eman zituen Montxo Imazek. Bera hasi zen eskolak ematen talde txikiei. Handik 12 urtera matrikula asko igo zen eta antzerkirako areto propioak eskuratu zituzten. Zurriola ikastolak antzerki proiektuan sinestu zuen. Eta geroztik, izugarrizko martxan dabil.

Memento honetan bost irakasle (Montxo Imaz, Anartz Zuazua, Mikel Sarriegi, Maider Oiartzabal eta Joserra Fachado) eta 250 ikasle ditu antzerki eskolak. Horietatik 200 Zurriola ikastolakoak bertakoak dira, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik hasi eta DBHko 4. mailara artekoak. Gainontzeko 50 kanpokoak eta ikasle ohiak dira, bi gazte talde eta hiru amateur.



Joserra, nolako esperientzia izan da zuretzat pelikula honetan parte hartzea?

Niri gauza berri bat egiteko aukera eman dit. Denbora pila bat neraman Goenkalen Isaias-en papera egiten eta oso gustura aritu naiz beste pertsonaia baten lekuan.



Zer iritzi duzu proiektu honi buruz?

Niri gidoia asko gustatu zitzaidan irakurri nuenean. Printzipioz oso polita iruditu zitzaidan pil-pilean dagoen gai sozial horri aurre egitea pedagogikoki eta ikasleei begira. Ideia oso ona iruditzen zait.



Nola ikusi dituzu haurrak?

Oso gustura. Zinea oso gogorra da berez, ordu asko pasatzen dira eta oso aspergarria da. Jendeak pentsatzen du filmatzea soilik dela, eta ez da hala. Filmatzea gutxien egiten dena da; denbora gehiago pasatzen da argia prestatzen, kamera kokatzen...

Eta hori horrela izanik ere, oso gustura ikusi ditut, ez ziren aspertzen. Profesionalak ziruditen.



Zer aportatu die haurrei?

Beraientzat oso aberasgarria izan da arlo askotatik. Antzerkia egiten ohituta daude, baina bai telebistak eta bai zineak beste dimentsio bat ematen dute. Antzerkiarekin zerikusia dute, aktorearen lana beti rol batean sartu eta interpretatzea delako. Baina neurriak ez dira berdinak. Jendearen aurrean antzeztea gauza bat da eta kameraren aurrean, kokaleku konkretu batean, beste gauza bat. Kamera aurrean askoz naturalistagoa izan behar da, antzerkian gauzak askoz handiago egin behar dira. Kamera aurrean planoak askoz motzagoak dira, edozein keinu txiki ikusi egiten da... Beste aldaera bat da. Beraz, esperientzia berria izan da haurrentzat.



Erakargarria iruditzen al zaie haurrei film batean parte hartzea?

Bai, batzuetan liluratu egiten du telebistan eta zinean ateratzeak, baina ez du itsutu behar. Ondo hitz eginda eta ondo planteatuta oso esperientzia aberasgarria izango da beraientzat, oso positiboa. Baina ondo neurtzen ez bada, ez.

Kasu honetan ondo neurtu da. Beraiek oso pozik daude, eta gurasoekin hitz egin dudanean ere hala adierazi didate. Ez dira nekatu eta primeran pasa dute.



Zer esan nahi duzu ondo neurtzearekin? Zer arrisku ikusten duzu, bada?

Adin honetako haurrekin horrelako lan asko egitea pixka bat kaltegarria dela pentsatzen dut. Adibidez, telebista serie baterako haur bat hartzen dutenean eta udan grabatu behar bada, oporrik gabe gelditzen da, hondartzara joan gabe, bere lagunekin jolastu gabe... Asko ordaindu behar du ekintza horretan parte hartzeagatik eta esperientzia hori edukitzeagatik.

Horregatik, garrantzitsua deritzot oreka bat bilatzeari; hau da, parte hartu bai, baina ez eguneroko gauza batean, ez ordu pila bat, ez gauean edo desorduetan... Mimatu egin behar dira haur horiek; ez produkzioan sartu eta sartu. Ez da gehiegikeriarik egin behar. Lehentasuna eman behar zaie euren grabaketei eta orduei, eta ez da beti hala gertatzen. Ondorioz, jendea erre egiten da.



Jende askok jotzen al du zuen antzerki eskolara aktore gazteen bila?

Egia da gure antzerki eskola erreferentzia bihurtzen ari dela eta jendeak guregana jotzen duela. Ondorioz, haurrek gero eta casting gehiago egiten dute eta hori ona da, ez dira urduri jartzen, normaltasunez hartzen dute. Gainera, gero eta gehiago etortzen direnez, aukerak denen artean banatzen dira: batzuei telebistarako deitzen diete, beste batzuei luzemetraietarako, besteei laburmetraietarako, iragarkitarako beste batzuei...



Zer iritzi duzu casting-ei buruz?

Guk gauza batzuk argi ditugu. Gure lana ez dugu egiten gero jendea casting-ak egitera etortzeko eta haurrak zinemara edo telebistara eramateko. Guretzat ez da garrantzitsua eta gure helburua formazioa da. Besteak kanpokotik etortzen dira.

Guk oso garbi daukagu inoiz ez dugula aukeraketarik egingo. Guretzat denak dira gure seme-alabak. Batzuek bat bidaltzeko eskatzen digute, eta guk ezetz esaten diegu. Etorri, ikusi guztiak eta aukera dezatela beraiek. Federico Lupirekin hori gertatu zen. Bost haurrekin egin nahi zuen proba eta ezetz esan nion, denei egiteko edo bestela ez egiteko. Eta azkenean guztiak ikusi zituen, 35.



Beraien artean inbidiarik edo sortzen al da?

Nik uste dut lehiarik ez dagoela. Guk beraiekin hitz egiten dugu lehia horretan ez sartzeko. Eta nik uste dut lortu dugula. Tokatzen zaionari tokatzen zaio eta kito. Beraiek ere gero eta naturaltasun handiagoarekin ikusten dute. Bati tokatzen zaio eta denok pozten gara. Guk hori asko zaintzen dugu, gure erritmoa eta gure filosofia mantentzen ditugu; ez gara erotuko kanpoko eskaintzengatik.





Fito Rodriguez: "Irudien arloan alfabetatu gabe gaude"



Zineman eta eskolan, bi gaietan jarduna da EHUko Fito Rodriguez irakaslea, eta berarengana jo dugu bi mundu horien arteko lotura eta harremana nolakoa den eta nolako izan beharko lukeen argitzeko.



Irudiak gaur egun duen garrantziaz jabeturik, nola ikusten dugu eskola horren aurrean?

XX. mendearen 20ko hamarkadan hasi zen zinemaren komertzializazioa eta hor kultura berri bat sortu zen, gaur egun ezinbestekoa bihurtu zaiguna. Irudiaren presentzia abiadura handiz areagotu da, ziztu bizian garatu da, eta beti eskolatik kanpo. Eskolak mesfidantza izan du horren aurrean.



Zergatik?

Zazpigarren artea delako, hasieratik mespretxuz tratatutako zerbait; beraz,ez kultura bezala, eta ondorioz, ez zen eskolatzea merezi zuen ezer. Horrez gain, dibertimendua zen, eta eskolak dibertimendua kanpoan utzi izan duen bezala, irudia ere bai. Hezkuntza arloan ez da aintzakotzat hartua izan.



Horrek zer ondorio ekarri du?

Irudien arloan alfabetatu gabe egotea. Eskolan erlijioa, etika, hizkuntza eta abar irakasten dira, irakurtzen ikasten da, irakurketa hori sostengatzeko gramatika bat, sintaxi bat... eta ondorioz, gure kultura letratuan alfabetatuak gaude. Baina irudien testuen kasuan ez. Ez dugu ikasi behar den bezalako irakurketarik egiten irudien testuen aurrean; hau da, irakurketa kritikoa eta konparatiboa. Modu naturalean, berez edo intuizioaren bidez jokatu izan dugu, alfabetatu gabe.



Zer ulertzen duzu irudiaren arloan alfabetatzearekin?

Alfabetatuak ez du esan nahi irakurtzen eta idazten jakitea soilik, baizik eta irakurketa eta idazketaren bidez munduaz jabetu ahal izatea. Alfabetatzearen bitartez ez dugu munduaren egia lortzen, baina mundua interpretatzeko gai gara. Gauza bakoitzak zer esan nahi duen argitzen digu alfabetatzeak, eta modu kritikoan, konparatzeko aukera ematen digulako.

Orduan, ez daukagu gakorik irudien esanahiaz jabetzeko. Ez daukagu ardatzik irudien arteko konparazioak egiteko. Nola konpara genezake ez baldin badakigu interpretatzen? Ez baldin badakigu irudien mintzaira ulertzen?



Dena dela, intuizioa aipatu duzu lehen, eta horrek interpretatzeko bide bat ematen du, ezta?

Bai, noski, baina interpretazio subjektibora garamatza, eta agian laguntzeko ordez gehiago nahastuko gaitu. Hori frantsesa jakin gabe frantseseko testu bat irakurtzea bezala izango litzateke. Euskaraz irakurtzen dugun bezala irakurriko genuke, intuizio fonologikoaren arabera, baina ez litzateke guztiz zuzena izango.

Gauza bera gertatzen da filmeekin. Pelikula guztietan agertzen dira esanahiez betetako irudiak. Abididez, eskailerak edo zuhaitzen hostoak erortzen. Horiek badaukate berez, sintaktikoki eta egitura aldetik esanahi bat. Eskailerak ikusten direnean arrisku bat badatorrela esan nahi du. Hostoak erortzean eta orbel bihurtzean, norbait gogoeta egiten ari dela esan nahi du. Irudiaren mintzairan erabiltzen diren funtsezko metaforak edo baliabideak dira. Baina jendea zinemara doa jakin gabe eskailera bat ikusten duenean zer esan nahi duen. Esanahia bilatzen edo interpretatzen jakin beharko genuke, baina eskolak ez digu biderik eman.



Eta eskolaren zeregina al da hori?

Eskolaren zeregina da mundu jakin batean bizi ahal izateko eta mundu hori ulertu ahal izateko funtsezkoa den guztia irakastea. Orain arte funtsezkoa zen irakurtzen eta idazten jakitea. Eta gaur egun, irudi bat irakurtzen eta interpretatzen jakitea ere funtsezkoa da, gure gizartea espektakulu gizartea baita, ikuslez osatutako gizartea.

Ikusle horiek ez dute ispiluaren (espektakuluaren) atzean dagoena ikusten. Nolabaiteko babesik gabe aurkitzen da egungo eskolatik ateratako gizakia. Alegia, espektakulu mundu honetan gauzak ulertu ahal izateko, interpretatzeko eta kritiko izateko baliabideak eskuratu gabe.

Gaur egun irudien alfabetatzea eskolatik kanpo uztea eskolaren egokitzapen eza areagotzea besterik ez litzateke izango.



Orain arte zer egin da?

Eskolak ez ditu erakutsi zinema, literatura eta abar eskolan kontsumitzeko, eskolaz landa baizik. Era berean, zinema, telebista eta irudiarekin osatzen den informazioa, eta beraz, formazio bidea, etsaitzat hartu izan du eskolak, eta mugimendu zentripetu bat sortu da. Filma eskolara eraman nahi izan du eta hor eskolatu, literaturarekin egin duen bezala. Hori kasu hoberenetan. Baina ez du erakutsi, esate baterako, kartelera aurrean kontsumo aske bat lantzen. Horri ez dio garrantziarik eman.

Dena dela, nik uste dut ahaleginak egin direla, baina eskolak duen estiloarekin: jakintza motak diziplina eta ikasgai bihurtuz. Alegia, bere testuingurutik kanpo ateraz eta beste jakintza arloetatik edo ikasgaietatik bereiztuz. Eta askotan, ez soilik jakin gabe besteetan zer egiten den, baizik eta besteen kontra.

Eskolak mundua disekzionatu egiten du eta ikasgaiak sortzen ditu. Horrela, matematikak ez du zerikusirik giza zientziekin, eta giza zientzietan erakusten dena hizkuntzan ematen denarengandik guztiz aparte dago. Badirudi, egungo eskolan duintasuna lortzeko, ikasgai bihurtu behar dela. Eta ez dut uste hori bidezkoa denik zinema edo irudien alfabetatzea behar bezala egiteko.



Zer eta nola egin behar du zure ustez?

Esperientzia eta biografia ugari daude hainbat herrialdetan. Frantzian, esate baterako, oso landuta dago bai eskoletan eta bai eskolatik at. Laguntza handia jasotzen du estatuaren aldetik eta merkatuan ere kultur salbuespentzat hartzen da bertako produkzioa bultzatzeko xedez.

Italian, Burkina Fason, Kuban, Magreben, Argentinan... garrantzia handia ematen diote zinemari hizkuntzagatik, kulturagatik eta egungo irudiaren mundura hurbiltzeko gaitasuna ematen duelako. Horiek ezagutu eta gurera egokitu eta baliagarri suertatu behar zaizkigu. Esperientziak ikusi, gure diseinuak egin eta hori landu behar dugu.



Kultura eta hizkuntza aipatu dituzularik, zer ekarpen egin lezake euskal zinemak arlo horretan?

Gure hizkuntza modernizatzeko eta egungo mundura egokitzeko funtsezkoa den baliabidea izan liteke, eta edonork baino premia handiagoa dugu horretan, hizkuntza gutxitua delako gurea.

Horrez gain, aipatu beharrekoa da Euskal Herrian sortutako zinema, euskaraz egindakoa eta Euskal Herriari buruzkoa ez dela ezagutu ere egiten. Ez gara gure ondare kulturalaren jakitun.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezkoen industriari buruzko liburu zuria egin duenean, nik uste dut ez dela behar bezala ulertu euskal zinemaren afera. Ikus-entzunezkoen barruan azpi atal batean sartu da, eta euskal zinema ez da azpi atal bat, baizik eta guk zinema ikusteko daukagun begirada. Planteamendu horretatik gutxi espero liteke. Ez da urratsik eman normalizazio bidean.



Bibliografia

* Euskal zinemari buruzkoak:

- Askoren artean: Zinema Euskal Herrian, Jakin, 144. zenbakia, 2004ko iraila-urriako monografikoa.

- IZAGIRRE, Koldo: Gure zinemaren historia petrala. Susa, Zarautz, 1996.

- LARRAÑAGA, Koldo/ CALVO, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas). Filmoteka Vasca/ Euskadiko Filmategia, Caja Vital Kutxa Fundazioa, Donostia, 1997.

- LARRAÑAGA, Koldo/ CALVO, Enrique: Lo vasco en el cine (las personas). Filmoteka Vasca/ Euskadiko Filmategia, Caja Vital Kutxa Fundazioa, Donostia, 1997.

- ROLDÁN LARRETA, Carlos: El cine del País Vasco de Ama Lur (1968) a Airbag (1997). Cuadernos de cinematografía, Eusko Ikaskuntza-EHU, 1999.

- SANTIAGO De, Pablo: Cien años de cine en el País Vasco (1896-1995). 1995ko Becerro de Begoa saria, Arabako Foru Aldundia, 1995.



* Eskolan erabiltzeko proposamenak:

- VELA LEÓN, Juan Antonio: Cine y mito, una indagación pedagógica. Didáctica Hermes, 2000.

- GONZÁLEZ MARTEL, Javier: El cine en el universo de la ética. El cine-forum. Alanda-Anaya.



* Bestelakoak:

- CASTIELLO, Chema: Huevos de serpiente. Racismo y xenofobia en el cine. Talasa, 2001.

Egungo identitatearen bilaketan dagoen arrisku handiena, arrazakeriarena, saihesteko proposamenak biltzen dira liburu honetan.

- DONDIS, D. A.: La sintaxis de la imagen. Introducción al alfabeto visual. Editorial Gustavo Gili, 1985.

Alfabetatzeko proposamena egiten du. Irudien testuaz jabetzeko, interpretatzeko, argitzeko,eta haien egitura zer den ulertzeko bideak ematen ditu.

- RIVERA, Juan Antonio: Lo que Sócrates diría a Woody Allen. 2003ko Espasa Saiakera saria. Cine y Filosofia, Espasa.

Azken Espasa saiakera saria hau izateak zerbait esan nahi du. Egilea filosofia irakaslea da eta filosofiaren irakurketa egiten du zinemaren bitartez. Filosofiarako baliagarri izateaz gain, kultura osoari buruz aritu ahal izateko ideiak ematen ditu.

- Voces y culturas. Cine, identidad y cultura - Revista de comunicación, 13. zenbakia, 1998ko 1. hiruhilekoa.

Zapaldutako kulturek beren nortasuna eta bidea aurkitzeko zinemak duen garrantziaz du gaitzat. Kubako, Burkina Fasoko eta Magrebeko adibidezak ditu.





Pasaia-Lezo lizeoaren erronka



Pasaia-Lezo lizeoan hainbat gauza jorratu dituzte irudiaren munduan, normalean Xabier Portugal irakasleak xirikatuta. Zinema munduan murgildurik dabil aspaldian eta zaletasun hori bere lan lekura ere eraman du. Aurtengo ikasturtean proposamen berri bat egin du eta gogotsu ekin diote. Begiraden heziketa edo irudien irakurketa landuko dute.



6. mailako haurrekin eta Plastikako orduetan landuko dute irudiaren mundua. Ez dira zinema munduan bete-betean sartuko, hori baino lehen irudiaren irakurketa landuko dute. Izan ere, Xabier Portugalek dioenez, "nahiz eta haurrei zein helduoi zinema asko gustatu eta ilusio handia egin kamera hartzeak, horra iritsi aurretik beste pauso batzuk eman behar direla iruditzen zaigu. Orduan, ikastolek prestaturiko curriculumean agertzen den bezala, begiraden heziketatik edo irudiaren irakurketatik abiatu gara eta hori izango da ardatz nagusia".

Haurrek gertutik bizitzen dute irudiaren mundua; bideo jokoak direla, Internet dela, telebista, iragarkiak... Irudiaren irakurketarekin zerikusia duten hamaika gauza daude, bai irudi finkoarekin eta bai mugimenduan oinarritutako irudiarekin. Eta horiek lantzea izango da abiapuntua, gero, azkenean, errealizazioan bukatu ahal izateko.



Nondik eta nola hasi?

Irudiak lortzea erraza izan arren, gero horiekin zer egin? Nola landu? Nola erabili? Gaur egun ez dago pistak eman ditzakeen materialik eta norberaren esku gelditzen da prestaketa lana. Teorian denok konbentzituta gaude irudiak izugarrizko garrantzia duela gaur egun. Baina 19 haurren aurrean jarrita, zer egin? Nola landu hori?. Hori da irakasleen kezka. Baliabide eta esperientzia faltak kezkatzen ditu, errekurtso gutxi edukitzeak.

Pasaia-Lezo lizeoan Xabier Portugalek programazio bat prestatu du irudiak lantzeko, eta zerbait gehiago ere bai. "Izan ere, heziketa arloan beti aipatzen dugu gure helburuetako bat haurraren nortasun kritikoa lantzea dela, baina gero ez dakigu nola egin hori, nola landu. Orduan, iruditzen zitzaigun helburu pedagogiko hori lortzeko oso interesgarria izan zitekeela irudiaren irakurketatik hastea".

Prestatu duten programazioan urratsez urrats gauzak egiten eta ebaluatzen joango dira. Lehenengo egitekoak zehaztuta dauzkate.

"Hasteko, haurrei galdetuko diegu zein esparrutan topatzen diren beraiek irudiarekin. Has daitezela aipatzen: telebistan, egunkarietan, Interneten, iragarkietan, liburuetan, aldizkarietan, zineman, bideo jokoetan..." azaltzen digu Xabierrek.

Ondoren irudi finkoa eta mugimenduan oinarritutakoa bereizten ikasiko dute. Jarraian, hausnarketa bat planteatuko dute: ea ikusten dituzten irudiek errealitatea den bezala islatzen duten edo ez. Eta gogoeta horren ondoren, irudiarekin zer-nolako tranpak egin daitezkeen ezagutaraziko zaie, jakin dezaten ikusten dugun guztia ez dela errealitatearen isla.

"Arlo hori informatikarekin lotu nahi dugu" dio Xabierrek. "Badakite ordenagailuz idazten, eta horrekin soilik ez gelditzearren, irudiarekin ere gauzak egiten ikasiko dute: eskaneatzen, manipulatzen, Photoshop programarekin geruzak aldatzen... Erne egon daitezela irudiaren aurrean".



Azalaren ondoren, mamia aztertzera

Hasierako azterketa eta gogoeta horien ondoren, irudien mezua aztertuko dute. Helburua da ikasleak ohitzea irudiek esaten dutena ikusten eta irudiak interpretatzen. "Beraiek konta dezatela zer ikusten duten eta zergatik uste duten horrela daudela jarrita irudiak. Izan ere, argazkiek bigarren zentzu bat izaten dute maiz, eta hori kontuan izan dezaten nahi dugu. Esate baterako, irakiarrak torturatu zituen AEBko emakumezko soldadua epaitegira joan zenean, argazkietan haurdun agertzen zen beti. Horrekin zerbait gehiago adierazi nahi da. Beste egunkari batean titular hau jarri zuten: `Musikaren egun europarrak kaleak erritmoz bete ditu´. Argazkian orkestra bat ikusten zen eta aurrean aulki guztiak hutsik".

Mezuaren irakurketa horiek egiteko egunkariak, aldizkariak eta abar egokiak dira, eta baita iragarkiak ere, noski.



Planifikatzen ere jakin behar da

Hurrengo maila edo urratsa planifikatzen ikastea izango da. Zinema bi koordenadetan garatzen da: espazioa eta denbora. Beraz, bi arlo horiek landuko dituzte.

Espazioari dagokionez, planifikazioa dago, hau da, garrantziaren arabera irudi bat edo bestea aukeratzen da. Adibidez, pertsona baten irudi osoa, ertaina, aurpegia soilik... Denborari dagokionez, hainbat kontzeptu daude: plano sekuentzia, elipsia, azelerazioa...



Eta azkenik... errealizazioa

Ikasitakoa praktikan jartzeko aukera eman nahi zaie ikasleei, eta horretarako hiru ekintza aurreikusten dituzte:

1- Kartelak egingo dituzte inauteriak iragartzeko.

2- Komikigintza: plano desberdinak daudela eta mezuaren interesen arabera bata edo bestea aukeratzen dela ikasi ondoren, hori guztia komiki batean praktikan jartzeko aukera izango dute. Adibidez, pertsonaiak gauza garrantzitsu bat esaten duenean plano hurbila erabili beharko dute. Ezpatarekin borrokan ari badira, berriz, gorputz osoa agertzea egokiagoa da.

3- Euskarazko antzerkiaren grabaketa. 6. mailan antzerkia egiten dute urtero, beraiek sortua edo liburu batetik aukeratua. Aurten antzezkizuna grabatu egingo dute. Horretarako, planifikatu egingo dute zein plano erabili eta abar.

Hiru ekintza horiez gain, ordenagailuan egin ditzaketen irudiaren manipulazioa ere landuko dute lan praktiko bezala.



Ez da gauza puntuala

Nahiz eta lan hau 6. mailan egin, Xabier Portugalek garbi dauka ez litzatekeela maila horretara mugatu behar. "Uste dut horrek programazio osoa eskatzen duela, behetik hasi eta goraino. Eta beharbada DBHn edo Batxilergoan Artearen Historia lantzen hasten direnean, honen jarraipena izan beharko luke. Irudiaren mundua prespektibarekin lotu daiteke, edota inpresionismoaren eta espresionismoaren arteko desberdintasunak ikusteko balio dezake. Era berean, uste dut 3. edo 4. mailakoekin beste gauza batzuk egin beharko liratekeela. Baina dena programaketa zabal baten barruan, eta ez solte". Horrek zera dakar: irudiaren lanketa hezkuntzan present egon beharko lukeen arloa izatea, eta ez irakasle baten esku geratzen dena.