Muga guztien gainetik... euskaraz: ARGANTZON ikastola:<br />Trebiñuko arabarren ikastola

2004-12-01
Aurtengoarekin bigarren ikasturtea estreinatu dute Argantzon ikastolan, Trebiñuko konderrian. Bigarren urtez ireki dituzte ikastolako ateak, eta herriko nahiz inguruko herrietako haurrak pozarren sartu dira. Irakasleek ere hasierako grina bizi-bizirik dute oraindik, lan egiteko gogoz daude. Eta gurasoak, nola ez, esker onez beteak; euskaraz eskolatzeko aukera baitute euren txikiek.
 
 
Argantzon ikastola izen bereko herrian kokatuta dago. N-1 errepidearen 333 km-an dago Argantzon, Burgosko barrutian. Baina herriko kaleetan barneratu orduko kaleen izenak gaztelaniaz nahiz euskaraz irakur daitezke. Ez da Burgosko herri guztietan gertatzen, noski, baina bai hemen. Zeren Trebiñuko herriak, edo hobeto esanda herritarrak, ez dira burgostar sentitzen, arabar baizik. Askotan egin dira galdeketak Trebiñuko biztanleen artean, eta gehiengoak arabar izan nahi du. Burgos 94 km-ra dago Argantzondik eta Gasteiz 18 km-ra. Horrenbestez, herritarrek Gasteizerako joera izan dute betidanik.

Eskolatzeko garaian ere gauza bera gertatu izan da. Herrian eskola bat egonagatik, gehienak Gasteizera joaten ziren euskaraz ikasi nahi zutelako. Horregatik, herriko eskola haurrik gabe gelditu zen, eta itxi egin behar izan zuten.

Halere, udalak herrian bertan ikastetxe bat egoteari garrantzia ematen zion, haur txikiak bertan geldi zitezen. Eta noski, garbi zeukaten ireki nahi zuten zentro berriak euskarazkoa izan behar zuela. Aurretik egindako galdeketek ere herritarrak iritzi berekoak zirela egiaztatu zuten.

Horrela, udaletxeko agintariak Ikastolen Elkartearekin jarri ziren harremanetan, eta hortik sortu zen Argantzongo ikastola.

Iazko ikasturtean ireki zituen ateak 14 ikaslerekin, eta aurten 21 dira; batzuk Argantzon bertakoak eta beste batzuk inguruko herrietakoak.



Herritarrak irmo daude euskararen alde

Argantzonen 400 biztanle daude erroldatuta, baina agian kopuru bikoitza biziko da bertan. Izan ere, jendeak ez du izena herrian ematen, Gasteizen baizik, nahiago baitute arabarrak izatea.

Euskararen aldeko jarrera izan arren, herritarrek ez dakite euskararik. Euskaldun zaharrik ez dago eta kalean apenas entzuten den euskararik. Baina haurrak euskaraz eskolatzen hasi dira, eta zenbait heldu ere Trebiñuko AEKra joaten da. Aurten 50 lagunek eman dute izena, eta kopuru handia da, orain arte ez baitzen hainbeste jende animatu.

Gutxisolo kultur elkarteak ere hainbat ekintza egiten ditu euskaraz: diapositiba emanaldiak, antzerkia...

Pixkanaka-pixkanaka herri osoa euskara sustatzeko urratsak ematen ari da. Eta dena beraien iniziatibaz eta beraien kabuz egiten dute, Burgosek trabak jarri besterik egiten ez duen bitartean.



Atez ateko lana

Ekaitz Lotina irakasleak kementsu eta ilusioz eutsi zion ikastola hau abian jartzeko egin zioten enbidoari. Gasteizko Armentia ikastolan ari zen lanean eta ustekabean iritsi zitzaion proposamena. "Hasieran sinetsi ezinik egon nintzen. Ez nuen uste egundo horrelako zerbait muntatu beharko nuenik. Aurrena pixka bat izutu nintzen, baina gero ilusioa egin zidan. Eta Trebiñun izanda, aurrera egin nuen, dudarik gabe".

2003ko irailean ikastola martxan jartzeko, maiatzean hurbildu zen Lotina Argantzonera. "0-3 urteko haurren erroldak begiratzen hasi nintzen, inguruko herri guztietan kartelak jartzen, etxeetara deitzen, informazioa zabaltzen... Azken finean, ikastola irekiko zela informatzen. Bai, zerotik abiatu nintzen". Herritarrek oso ongi hartu zutela dio. "Oso pozik zeuden herrian ikastetxe bat edukitzeagatik eta haurrek lehenbiziko urteak herrian pasatzeko aukera ematen zuelako. Horrek bizia ematen dio herriari eta eskertzekoa da". Horrela, bada, batzuek oso argi zeukaten haurrak ikastolan matrikulatuko zituztela, eta beste batzuk animatu egin ziren.



Gela barruko giroa

Ikastola udalaren egoitza batean dago, lehengo eskola zaharra egon zen leku berean. Txukundu, berritu eta egokitu egin zuten iaz, eta mantenuko ardura udalarena da. Iaz haur guztiak bertan egon baziren ere, aurten txiki gelditu zaie, eta zaharrenak (2-3 urtekoak) udaletxe azpiko ludotekan egoten dira. Haur gazteenak 13 hilabete ditu eta zaharrenak 3 urte pasatxo. Bi hezitzaile egoten dira egun osoz beraiekin, eta beste bat egun erdiz. Lotinak dioenez, nahiz eta bi lekutan banatuta egon, sarritan elkartzen dira gauzak elkarrekin egiteko. "Eskola txikien berezitasunetako bat da hori. Hasieran arazo bat dirudi adin desberdineko haurrak elkarrekin jartzea. Hirian adinka taldekatzen ohituta gaude eta eskema horrekin funtzionatzen dugu. Hemen, ordea, beste era batera antolatu behar da. Haurrentzat nahastea aberasgarria eta ona dela uste dugu. Beraien artean asko ikasten dute, rol desberdinak betetzen dituzte, beste ardura batzuk hartzen dituzte, eta hori beti da positiboa".

Aurrera begirako panorama baikorra da. "Matrikula igo egingo dela uste dugu. Hirukiak jaio dira herrian eta ikastolara etortzeko asmoa dutela esan digute. Eta aldameneko beste herri batean ere beste hiruki batzuk jaio dira. Beraz, alde horretatik ez dugu arazorik izango. Printzipioz 6 urtera arteko eskaintza egiteko asmoa dugu. Eta gero gerokoak, ikusiko dugu".



Gurasoen jarrera funtsezkoa da

Beti esan izan da hasierako urteetan gurasoak gehiago inplikatzen direla, eta zer esanik ez euskararen presentzia ahula den lekuetan. Normalean gurasoak kontzientziatuta egoten dira egoeraz eta badakite haurra nora bidaltzen duten. Halere, beti ez da hori gertatzen, Lotinak dioenez. "Batzuek zentro normal batera zetozela uste zuten: haurra utzi eta kito. Pixkanaka, ordea, joan dira ohartzen ez dela zentro normal bat eta beraiek ere lan egin behar dutela". Adibidez, herriko jaietan ikastolaren aldeko txosna bat jarri zuten eta gurasoak han jardun ziren elektrizitatea jartzen, apaintzen, txandak egiten... "Dirua lortzeaz gain, elkarrekin zerbait egiteko balio izan du eta oso pozik gaude" diote irakasleek.

Horrez gain, guraso asko hasi dira euskara ikasten, eta elebitasunaren eta hezkuntzaren gaineko ikastaro bat ere egin zuten batzuek. Jarrera horrek bultzada handia ematen die irakasleei, ikastolari berari eta, nola ez, seme-alabei. Argantzongo herriko eskola euskaraz izango ez balitz, asko ez lirateke bertan geldituko. •