Ilunetik argira Elbira Zipitria deskubritzen duen liburua

2004-12-01
 
 
Hik Hasik Ilunetik argira, Elbira Zipitria liburua argitaratu berri du. Euskal irakaskuntzaren hastapenetan jardun zen andereñoari omenaldi xume bat da, egindako ekarpena ezagutu eta ahantz ez dezagun. Resu Abasolo, Juana Lopez de Munain eta Arantxa Urbe izan dira Elbiraren bizitza eta lan pedagogikoa ikertu ondoren liburu erakargarri bezain interesgarria atondu dutenak.



Resu eta Juana, nondik sortu zen Elbirari buruzko liburua egiteko ideia?


Magisteritza ikasketetan beste mende batzuetan hainbat pedagogok egindakoaren berri jasotzen zen, baina ez, ordea, gure herrian izan direnena. 80ko hamarkadan irakasleen artean askotan aipatzen zen Elbira Zipitriaren metodoa eta jakin-minak bultzata hasi ginen zenbait datu hartzen eta informazioa jasotzen. Gero, hori guztia argitara ekartzea beharrezkoa zela ikusi genuen eta Hik Hasira jo genuen. Orduz geroztik, Arantxa Urberen esku gelditu zen testuaren idazketa.



Nondik abiatu zenuten ikerketa?

Lehenengo liburutegietara eta artxiboetara jo genuen. Aurkitutako dokumentuak aztertu genituen, eta batez ere aipamenekin geratu ginen. Handik zerrenda luzeak egin genituen: Elbira ezagutu zuten irakasleena, lagunenak, ingurukoenak.... eta poliki-poliki jendearekin kontaktatzen hasi ginen. Horietako asko oso nagusiak dira eta benetan zaila egin zaigu ikerketa. Elkarrizketa dexente egin ditugu urteotan eta poliki-poliki dena lotzen joan gara. Aurkikuntzarik handiena bere ikasleen 61 kuaderno izan dira. Horrek asko lagundu digu bere lana aztertzen.



Zer ikertu duzue?

Bi gauza. Alde batetik, haren bizitzari buruzko datu asko bildu ditugu, gehienak ezezagunak ziren. Elbirak gutxi hitz egiten zuen bere bizitzaz, berarekin lanean ibilitakoek ere oso gutxi dakite. Azken urte t´erdian egin ditugu aurkikuntzarik handienak berarekin luzaroan bizi izan zen lehengusina amerikar batengana jo dugunean.

Bestalde, jarduera pedagogikoa aztertu dugu eta zehatz-mehatz aurkezten dugu liburuan: iturriak, hastapenak, bilakaera, helburuak, metodologia, edukiak eta abar.



Zerekin egin duzue topo?

Elbirak ez zuen ezer idatzi. Horregatik, guretzat zailena iturri fidagarriak aurkitzea izan da. Ilunean zegoen emakume handi eta gogor batekin egin dugu topo, adore handikoa, jendearen artean sentimendu ugari sortu zituena. Ikerketa aurrera eramateko animatu eta lagundu gaituen jende asko aurkitu dugu bidean, euskaldunok ez genukeelako ahaztu behar Elbira.



Zerk harritu zaituzte gehien, bai onerako eta bai txarrerako?

Onerako, pedagogo honek egindako lanak eremu guztietan. Oso interesgarria izan da. Txarrerako, Elbira Zipitria oso isila izan zenez eta ezer idatzi ez zuenez, egungo eskoletan ezin dela arrasto handirik aurkitu.



Zuen ustez zer garrantzi izan zuen Elbirak euskal irakaskuntzan?

Liburuan asko aipatzen ditugu. Alde batetik, bere apostua euskararen aldekoa izan zen. Horretaz gain, hizkuntzen aprendizaia eta eleaniztasuna;ikasleen aktibitatea, aniztasunaren trataera, matematika ikasteko prozesua, logika, zientziak ikasteko behaketari eta esperientziari ematen zien garrantzia...



Zer ekarpen egin zuen Elbirak eta zer ekarpen egingo du liburuak?

Eskola euskalduna, eleanitza, zenbait arlo ikasteko asmatutako materialak, ikasleen aktibitatea, eskolatik kanpo egindako jarduerak... dira Elbiraren ekarpenak.

Liburuaren ekarpenak, berriz, pedagogo interesgarri bat aurkeztea. Elbira Zipitriak irakaskuntza mundura ekarritako berriak ezagutzeko aukera ematea. Ezin dugu ahaztu Elbira Zipitria exiliotik etorri zenean eskola basamortu bat zela.



Liburuaren mamia

Liburuak bi zati nagusi ditu: bere bizitzari buruzkoa lehendabizikoa, eta bere jardun pedagogikoari buruzkoa bigarrena. Lehenengo zatiaren izenburuak dioen bezala, "Beretzat gorderik zituenak" azalaratzen dira. Pertsona isila izanik, uste baino kontu gehiago zituen ezkutuan.

Jardun pedagogikoari dagokion atala bere andereño lanean zentratzen da. 36ko gerraren aurreko eta ondoren mugimenduak lotu zituen Elbira andereñoak. Liburuaren orrietan garai hartako giroa deskribatzen da, eta baita bere hezkuntza ekimenaren nondik norakoak ere: haren iturri pedagogikoak, norabide berritzailea, zotzen erabilpena irakurtzen eta idazten ikasteko, euskal kulturaren transmisioa, haren eskolen antolaketa... Hori guztia bere ikasle izandakoen koadernoetako lanekin osatuta agertzen da liburu honen orrialdeetan.

Liburuaren bukaeran Elbira ezagutu zuten hainbaten hitzak bildu dira, eta baita kronologia osatu bat ere.



Poliedroak hainbat alde ditu Elbira Zipitriak. Zein aldetan begiratu halako sentimenduak sorraraziko dizkizu.

Abertzalea, euskaltzalea, fededuna eta klase kontzientzia handikoa, isilpean eta ausardiaz jokatu zuen frankismoaren urte beltzenetan.

Ikastolaren hazia, eta euskal eskolaren gerra aurreko eta gerra ondorengo mugimenduaren lokarria.

Adostasun ezen gainetik, asko zor diogu euskaldunok. Liburu honekin lanaren zati bat dago egina; herri oroimenetik berreskuratu nahi izan dugu, eta zor diogun esker ona erakusteko ale bat ipini dugu.

Balio beza lan honek euskaldunok Euskal Herriko historia idazten dugunean, Elbira Zipitria ez ahanzteko eta merezi duen lekuan ipintzeko.