093: Hiru Sareta: elkarrekin bai, indarrak batuta obe

2004-12-01
Euskararen aurkako erasoek mugiarazten gaituzte. Mugitu baino gehiago, elkartu. Eta ongi dago. Mesede egiten digu. Eta erasorik ez denean, ez al gara gai elkartzeko?
 
 
Iparraldetik etorri zaigu lezioa oraingoan. Sare publikoa, giristinoak eta ikastola batuta. Gustura ikusten den argazkia da. Are gehiago luzerako dirudiela antzeman ondoren. Biga Bai eskola elebidun publikoko guraso elkartea, Seaska ikastolen federazioa eta Euskal Haziak irakaskuntza elebidun giristinoko elkartea bildu dira, eta Hiru Sareta elkartea osatu dute.

Bakoitzak bere esparrua du. Bakoitzak bere arazoak, helburuak, asmoak, aldarrikapenak, eraikinak, lan egiteko modua, filosofia eta irakaskuntza eredua. Eskola batera doazen ikasleak, irakasleak eta gurasoak ez dira aldamenekora joaten. Baina denek euskarazko irakaskuntza eskaintzen dute. Egia da denek ez dutela eredu bera; batzuek dena euskaraz egiten duten bitartean beste batzuek ikasgai batzuk ikasten edo irakasten dituzte euskaraz. Baina euskarazko ereduaren aldekoak dira denak.

Hortik sortu da bost aldarrikapen biltzen dituen testua: euskara hizkuntza ofizialtzat hartzea, hiru sareen bidez euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintza sistematikoa lortu ahal izatea, hiru irakaskuntza sareei dagozkien baliabide propioak ezagutzea, ikastetxeetan euskararen presentzia balioestea eta, komunikabide hizkuntza denez, ikastetxeetan euskararen erabilera bultzatzea.

Oro har, euskararen egoera kaxkarrak bultza ditu elkartzera. Edo hobeto esanda, Pariseko Hezkuntza Ministerioaren jarrerak. Bai, horrek mugiarazi eta elkartu ditu. Hiru Saretaren xede nagusia frantses Hezkuntza Ministerioaren jarrerari aurre egiteko estrategia bateratua bideratzea da. Izan ere, orain arte bakoitza bere aldetik ibili ondoren, ez dutela ezer lortzen ahal konturatu dira. Ministerioak ederki "toreatzen" dituela, alegia. Eta gainera, euren arteko zatiketa bilatzen duela.

Horregatik, batu beharra ikusi dute. Hemendik aitzina elkarrekin joko dute Hezkuntza Ministerioarengana.

Hegoaldean ere "Guk geure eskola. Euskal irakaskuntzan aurrera!" aldarrikapenaren inguruan jende eta erakunde andana bildu zen 2000ko abenduan. Kanpoko erasoen aurrean, urteetan zehar egindako lana eta aurrera begira jarraitzeko irmotasuna aldarrikatu ziren, talde-konpromisoa azpimarratuz. Bi urte beranduago, 2002ko maiatzean, "Hezkuntza, geurea eta solidarioa" lelopean Kalitate Legeari bizkarra eman zitzaion, eta orduan ere euskal irakaskuntzako erakunde gehienek bat egin zuten. Gauza bera gertatu da aurten "Eskolak euskaldundu behar du" kanpainaren inguruan.

Orain arteko ekimenak txalotzearekin batera, galdera bat datorkigu: euskararen aurkako hatzaparra ikusitakoan baino ez al dugu elkartu behar? Benetan euskal hezkuntza eredu propioa diseinatzeko eta antolatzeko ez al dugu elkartu behar? Ez al du merezi?