Kronika

2004-12-01
 
 
EILAS sindikatuak salatu du Gasteizko alkateak ez duela betetzen urriaren 25an Gasteizko haur eskoletako hezitzaileekin adostutako akordioa. Hilabeteko grebari amaiera eman zion akordio hark.
Han hartu ziren hainbat erabaki ez dituela betetzen salatu du sindikatuak, besteak beste, lan baldintzei eta lanpostuei dagokiena. Sindikatuaren ustez, hezitzaileak prest agertu ziren euren lan jardunaldia ordu erdi gehiago luzatzeko; baina aurtengo ikasturtean ikasleen arretarako 182 ordu aurreikusten ziren, eta udalak kopuru hori handitu egin nahi du.
Bestalde, lan mahai bat osatzeko erabakia ere hartu zen akordioan, baina horrelakorik ez dela egin dio sindikatuak. Euren iritziz, PPk ez du horretarako batere asmorik ez borondaterik, eta ezta oposizioko gainontzeko alderdiek ere.
Kaleratutako hezitzaileak hartzeko konpromisoa hartu zuen udalak, baina horretan ere da inongo urratsik eman.
Langileen egoerak ez ezik, familien eta haurren egoerak kezkatuta agertu da sindikatua eta udalari jarrera aldatzeko eskatu dio.

Hiru Saretak manifestaziorako deia egin du abenduaren 11rako
Hiru Sareta elkarteak manifestazioa eginen du abenduaren 11an Baionan Frantziako Hezkuntza Ministerioak euskararen kontra duen jarrera salatzeko. Seaska, Biga Bai hezkuntza publikoko gurasoen elkartea eta Euskal Haziak eskola giristino elebidunetako elkarteak osatzen dute Hiru Sareta, eta elkarrekin ekin diote euskararen aldeko aldarriari eta ekintzari.
Euskal Konfederazioak eta Batera plataformak manifestazioari atxikimendua adierazi diote. Ez hala Garapen Kontseiluak. Ez dio sostengurik eman, nahiz eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko mozioa izenpetu orain dela gutxi.
Behin eta berriz frogatuta gelditu da gurasoen gehiengoak euren seme-alabak euskaraz eskolatzea nahi dutela. 2001ean hautetsiek inkesta bat egin zuten Baiona-Angelu-Miarritze barrutian, eta gurasoen % 56k haurrak euskaraz eskolatzeko eskaria egin zuen. Gaur egun Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin eskolatuta dauden haurren % 25ak euskaraz ikasten du Ama Eskolan eta Lehen Mailan, nahiz eta horien artean eredu bat baino gehiago egon (dena euskaraz, elebiduna, euskara ikasgai modura...). Ondorengo urteetan, ordea, kopuruak nabarmen egiten du behera: kolegioan euskaraz ikasten dutenak % 9 dira eta lizeoan % 3.
Hiru Saretako kideek behin eta berriz azpimarratu dute Frantziako Gobernuaren jarrera, hitzak bai, baina ekintzak falta zaizkiolako. Hasteko, inkesta soziolinguistikoaren emaitzak zalantzan jartzen ditu. Euskararen transmisiorako bitartekoak murriztu egiten ditu ikastetxeetan. Gela elebidunak ez irekitzeko jarrera diskriminatzailea ezartzen du indarrean. Eta nazioarteko hitzarmenaren 30. artikulua ez du errespetatzen. Ondorioz, Iparraldean hogei urteren buruan euskara desagertu egingo dela diote Hiru Saretako kideek.
Manifestazioaren helburua Frantziako Gobernuak euskarazko irakaskuntzarekiko duen jarrera aldaraztea da.

Eskolatik pasa gabe lortuko dute titulua lanbidetako profesionalek
Eusko Jaurlaritzaren 2004/07 Lanbide Heziketako II. Euskal Plana abian jartzearekin batera, hainbat berrikuntza izanen dira Lanbide Heziketaren alorrean.
Hasteko, titulurik ez duten langile kualifikatuek titulua lortzeko aukera izango dute hemendik aurrera. Eskaera bat egin ostean, banakako elkarrizketak egingo dira azterketa gisa. Behar den kasuetan, azterketa praktikoak ere egingo dira lanbide eskoletan edota norberaren lantokian. Prestakuntza eta eskamentu nahikoa duela erakusten duenak titulua jasoko du. Dagoeneko 400 lagunek egin dute eskaera.
Orain arte, titulua lortzeko bi bide zeuden: derrigorrezko hezkuntza bukatu ostean araututako heziketa jasotzea; eta arautu gabeko heziketa jasotzea.
Beste berrikuntza bat unibertsitateko ikasleei dagokiena da. Han lizentziaturarik lortu gabe lanbide eskoletara jotzen duten ikasleek unibertsitatean gainditutako ikasgaiak baliozkotzeko aukera izango dute.
Lanbide Heziketako II. Euskal Planaren beste berrikuntza bat Errenterian irekiko den Lanbide Heziketako ikerkuntza zentroa da. Europan lehen aldia da horrelako zentro bat irekitzen dena. Zentro horrek harreman zuzena izango du enpresekin eta lanbide eskolekin, eta baita Zientzia eta Teknologia zentroekin ere.
Planak beste hainbat helburu ere zehazten ditu. Besteak beste, heziketa arautua eta arautu gabea eskaintzen duten Heziketa Bereziko zentroen kopurua igo egin nahi da. Gaur egun 46 zentro daude eta beste bederatzi ireki nahi dira.
Horrez gain, pertsonen gestioari eta teknologia berrien garapenari ere garrantzi handia ematen zaio planean.
Guztia 115 neurri hartuko dituzte planarekin, gehienak ekaina baino lehen martxan jarriak izango direlarik. Aurrekontuari dagokionez, 116,6 milioi eurokoa izango da. Azken urteotan Lanbide Heziketan egin den inbertsioak bigarren postuan jarri du Europan, Alemaniaren atzetik.


Hizkuntz Eskubideak Hezkuntzan izeneko nazioarteko sinposioa egin zen azaroaren hasieran Donostian Hizkuntz Eskubideen Behatokiak antolatuta.
Euskal Herrian dauden hezkuntza sistemez hausnartu zen bertan, eta baita sistema horiek hizkuntz eskubideak bermatzen ote dituzten edo ez eztabaidatu ere. Oro har, hizkuntz eskubideak bermatuak izateko eta ikasle guztiak euskara jakinda irteteko, beste eredu baten beharra aipatu zen, egungo ereduen sistema gaindituko duena, hain zuzen ere.
Horrekin batera, etorkinak integratzeko hainbat ekimen aurkeztu ziren. Gai horren inguruko mahai inguruan iritzi kontrajarriak agertu ziren jatorrizko hizkuntzaren trataerari buruz. Euskara hizkuntza gutxitua izanik eta dagoen egoeran egonda, ongi hausnartu beharreko gaia da hori gure eskoletan.
Nazioarteko zenbait adituk ere parte hartu zuen sinposioan. Nahiz eta hemengo errealitatearekin zerikusirik ez izan euren egoerak, zenbait ikerketa erabilgarri izan litezke Euskal Herrian ere, betiere hemengo egoerara egokituta. Eta zer esanik ez etorkinen kasuan. Desberdina baita herrialde bateko hizkuntza gutxitua denean eta ez denean.
Edonola ere, egungo egoeraren diagnosia egiteko eta aurrera begiratzeko bideak markatzeko baliagarri izan zen sinposioa.