ARROY, Igor:
Soziologian lizentziatua da, eta egun Historia ikasketak egiten dihardu. Inoiz ez da azterketak gainditzera mugatu. Azterketek baino buruko min eta kezka gehiago sortu izan diote irakasteko moduek, eskola ereduak edota euskararen egoerak. Eraldatzeko behar horrek bultzata hartu zuen parte Ikasle Abertzaleak-en eta bertako bozeramaile ere izan zen.
Orain EHBE Euskal Herriak Bere Eskola ekimeneko koordinatzailea da. Duela hiru urte sortutako egitasmo berri honen helburua euskal hezkuntza sistema propioaren bidean akuilu lana egitea da. Esaldi potolo horren azpian kontu asko biltzen dira, elkarrizketak frogatzen duen bezala.
Euskal Herrian ikastetxe sare desberdinak daude eta baita erakundeak ere: Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz, EHIGE, Sarean, BIHE, sindikatuak, ikasle erakundeak... eta bakoitzak bere esparrua, lana eta ildoa ditu. Hori ongi dago, baina hausnarketa bat egin ondoren, gabezia bat somatu genuen. Gu guztiok, ikasle, irakasle edo guraso izan, publikako zein kontzertatuko, Haur Hezkuntzako zein unibertsitateko, guztiok genuen oinarrizko behar baten inguruan lan bateratua egiteko premia ikusi genuen.
Zein zen ikusten zenuten oinarrizko behar hori?
Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioa eskuratzea.
Egin genuen azterketaren ondoren, eragile bakoitzak bere funtzioa betetzen jarraitu behar zuela ikusi genuen, baina horrez gain, hezkuntza sistema propioaren aldeko dinamika soziala piztu behar zela. Garai batean hezkuntzan mugimendua egon zen, kalean egon zen, dinamika bizia egon zen, eta hori berreskuratzeko eta hezkuntza sistema propioaren bidean komunean izan ditzakegun oinarrizko puntu batzuen inguruan herri dinamika sustatzeko beharra ikusi genuen.
Zer ekarpen egin dezake hor EHBEk?
Egoera horretan eraikin bat egin beharra dago. Eraikuntza horretan EHBEren lana beharginarena dela ikusten dugu. Gure lana inurri lana da; proposamenak egitea, jendearen kontzientzian aldaketak eragitea, hezkuntza ulertzeko eskema berriaren arabera aurrerapausoak ematea, jendea mugiaraztea, motibatzea, mobilizatzea, publiko-pribatu eztabaida gainditu eta denak batera lan egitea, irakasle-ikasle-gurasoak ere elkarrekin aritzea...
Gero, hezkuntza eragileen artean egin beharko litzatekeen akordioan EHBE beste bat gehiago izango da. Dena dela, hor izen eta izan handiagoko taldeak daude, pisu handiagoa dutenak: Ikastolen Elkartea, sindikatuak, gurasoak... EHBE beste bat gehiago izango litzateke, baina gure lana azpitik egitekoa da, dinamika sozialari dagokiona.
Gaur egun dinamika soziala ahulduta dagoela esaten da behin eta berriz. Ados al zaude horrekin?
Bai, hala da. Euskal Herrian hezkuntza esparruak beste garai batean zuen bizitasuna edo dinamismoa galdu egin du, kalean egotearen ikuspegia.
Euskal Herrian urrats pila bat eman ditugu hezkuntza sistema propioaren bidean, esperientzia oso aberatsak ditugu: helduen euskalduntze eta alfabetatze sarea, ikastolen mugimendua, eskola publikoan herriz herri eta auzoz auzo ireki dira euskarazko lerroak... Lan asko egin da, baina azken urteotan nolabaiteko asimilazio bat egon da. Irakasleen artean egonkortasuna lortu da eta urteen poderioz hasierako grina galdu da. Gurasoen aldetik seme-alaben heziketaz horrenbeste ez arduratzeko joera dago eta ikastetxeetako parte-hartzea ez da hain handia zenbait kasutan. DBHren ezarpenarekin ere nolabaiteko umetzea gertatu da. Lehen 14-16 urteko gazteak aktiboak baldin baziren, gaur egun haurtzat hartzen dira.
Edonola ere, hori gizarte osoan islatzen da, ez hezkuntzan soilik.
Bai, egia da, gizarte osoan ikusten da hori. Azken finean, gizartearen ereduarekin bultzatu diren balioak, kontsumitzeko moldeak, aisialdi ereduak eta abar norabide bakar batean joan dira: gizarte ez horren konprometituaren eta ez horren borrokalariaren norabidean. Eta horrek, ezbairik gabe, hezkuntzan bere eragina izan du.
EHBEren helburua hezkuntza sistema propioa sortzea da. Ez al da urrun samar edo ikusten den ideia?
Bai, horregatik, lehen erronka izan zen zehaztea zein ziren euskal hezkuntza sistema propioaren bidean funtsezko aldarrikapenak edo helburuak. Horrela, hurrengo hamarkadarako funtsezkoak diren bost ardatz zehaztu genituen.
Bata, haur eskola euskalduna, hezitzailea eta herritarra. 0-3 urte bitartean ematen ari den eztabaidaren harira.
Bigarrena eskolak euskaldundu egin behar duela. Hau da, derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan gazte guztiek bermatua izan behar dute euskara ezagutzeko eskubidea. Beraz, euskaldun atera beharko lukete. Gaur egun Euskal Herrian % 62 ez da ateratzen euskaldun A, B edo G ereduan ari direlako ikasten. Oraindik lan asko dago egiteko.
Hirugarren helburua euskal curriculuma egitea da. Euskal Herri osorako baliagarri izango den erreferentzia pedagogikoa sortzea eta ikastetxeetan bultzatzea eta ezartzea.
Laugarren erronka lanbide eskolaren euskalduntzea da. Eremu horretan euskararen presentzia oso urria da.
Eta azkenik, euskal unibertsitatearen aldarrikapena. Ez aldarrikapen estrategiko edo sinboliko bezala, baizik eta hurrengo hamarkadan sortu beharreko unibertsitate konkretu bat bezala. Pentsatzen dugu beharrezkoa dela hurrengo hamarkadan unibertsitate euskalduna sortzea, Euskal Herri osorako lan egingo duena eta euskal kulturaren akuilu izango dena.
Behin bost ildo horiek finkatuta, horien inguruko dinamikak martxan jarrita ditugu.
Beharrak edo hutsuneak aipatu dituzu. Gauza positiborik aipa al dezakezu?
Bai, noski, dudarik gabe. Badaude elementu positiboak beste garai batzuekin konparatuta. Asko aurreratu da hezkuntza sistema propioaren eraikuntzari begira beharrezkoak diren elementuetan eta egitasmoetan. Adibide bat curriculumarena da.
Urtetan hezkuntza sistema propioaren aldeko borroka euskararen borrokari lotu zaio eta euskara aurrera joan da. Baina gero eta gehiago planteatzen ari da ez dela eskolak euskaraz ematea soilik, baizik eta edukiak Euskal Herriaren ikuspegitik landu behar direla.
Euskal curriculumaren beharraren kontzientzia zabaldua dagoela uste al duzu?
Bai, oso zabaldua dago. Zentzu horretan, uste dut jendeak gero eta gehiago eskatzen duela. Beharra egon badago. Azken batean, LOGSEk edukiak definitzeko bere liburuak dituen bezala, guk ere behar ditugu gure planteamenduak eta curriculum propioa. Eta horrelakorik ez daukagu gaur egun. Badaude testugintzan egindako hainbat lan, irakasleen ekarpenak, ikastetxeetako proiektu oso interesgarriak... baina ez dago Euskal Herri osorako baliagarria izango litzatekeen erreferentzia pedagogiko hori.
Zein da curriculum propio hori eraikitzeko bidea?
Euskal curriculumak puzzle bat izan behar du, eta puzzle horretan pieza desberdinak daude. Horietako bat herri dinamika da, hau da, euskal curriculuma eraikitzeko gogoa eduki behar da, jendeak euskal curriculuma zer den jakin behar du, gaur egun dauden mugak salatu egin behar dira... Hori da puzzlearen pieza bat eta EHBEri jartzea dagokiona. Guk hori jarriko dugu.
Beste pieza bat Euskal Herriko kultura arloko adituek jarri behar dutena da. Beraien hausnarketa eta ekarpena egin behar dute, eta hori da ekainean Ikastolen Elkarteak aurkeztu zuena. 50 adituren iritzia biltzen da galdera baten inguruan: zer jakin beharko luke, zer abilezia eduki beharko lituzke, zer balio jaso beharko lituzke16 urteko gazte batek derrigorrezko ikasketak bukatutakoan?
Hurrengo pieza pedagogoek jarri beharrekoa izango litzateke, ikasgaika eta mailaka zer irakatsi beharko litzatekeen zehaztu beharko luketelarik.
Garbi dagoena da puzzle hori ahalik eta parte-hartze handienarekin osatu behar dela, eztabaida herritar baten bitartez. Ez da hezkuntza arloan soilik eztabaidatu behar, gizarte osoan baizik. Izan ere, herri honetan zer-nolako pertsona ereduak hezi nahi ditugun ari gara aztertzen.
Egia da bakoitzak bere egitasmoak eduki ditzakeela eta bere ekarpen propioak egin ditzakeela, baina guztiok batera euskal curriculum bateratua eraikitzen saiatu beharko genuke.
Lan bateratu hori posible ikusten al duzu? Euskal curriculum bat baino gehiago sortzeko arriskurik ikusten al duzu?
Epe laburrean posible izango denaren konfiantza dut. Uste dut posible izango dela eragile eta sektore anitzen artean euskal curriculuma eraikitzeko hezkuntza eztabaida bat eta eztabaida sozial bat irekitzea.
Ez ditugu euskal curriculum bat baino gehiago behar; bat behar dugu, eta gainera, desberdindu egin behar dugu definizioaren unea eta ezarpenaren unean. Izan ere, euskal curriculuma eraikitzerakoan egungo legedira egokitzeko tentazioa egon liteke, hots, derrigorrezkoak diren estatuen curriculumetan nola txertatu beharko liratekeen pentsatzea. Hori da, hain zuzen ere, Gasteizko gobernuak egiten duena: derrigorrezko curriculumean euskal elementu batzuk txertatu. Eta elementu horiek zenbat eta gehiago izan, askoz hobeto. Hori pozgarria da.
Guk uste dugu, ordea, bi uneak desberdindu egin behar direla. Euskal curriculuma definitzerakoan ez diogu begiratu behar estatuen legedian jartzen duenari. Egin behar duguna da euskaldunok guk geuk geure erantzuna eman: guk nola ikusten ditugu Euskal Herria eta mundua; hori ebatzi, hori antolatu eta horrela eraiki curriculuma.
Beste gauza bat da gero horren ezarpenaren unean datorren eztabaida. Derrigorrezkoak dira orain dauzkagun curriculumak; espainola Hegoaldean eta frantsesa Iparraldean. Beraz, nola egin behar diogu horri aurre? Batzuk ausartagoak izan litezke desobedientzia jarreretan, beste batzuk zalantza gehiago izan ditzakete. Hor dago selektibitatea, hor dago baxoa... Ikusi egin behar da nola egin aurre horri. Baina bigarren eztabaidak ezin du lehenengoa mugatu. Eusko Jaurlaritzak hori egiten du; bigarrenaren arabera baldintzatzen du lehenengoa. Ikastolen Elkarteak ekainean aurkeztutako proposamenak, aldiz, definizioa egiten du, ezarpenarekin nahastu gabe, eta zentzu horretan positiboa da. Baliagarria da, ekarpen bat da.
Nola doa "Eskolak euskaldundu behar du" kanpaina?
Ongi doa. Euskalgintzako eragileekin batera ari gara egiten arrazoi batek bultzata: egungo argazkia oso kezkagarria da, nahiz eta nolabaiteko normaltasuna hedatua dagoen. Badirudi normalkuntza prozesua bide onetik doala, D eredua igotzen ari dela eta abar. Nolabaiteko baretze bat dago. Zentzu horretan, guk dinamika honekin tentsioa berreskuratu nahi dugu, egoerak hala eskatzen duelako. izan ere, orain bezala jarraitzen badugu, hurrengo 20 urtetan ikasleen % 62 erdalduna izango da. Horrek esan nahi du gure herrian euskalduntze prozesua beste 20 urtez atzeratuko dela, baldin eta gaur egun hezkuntza sisteman dauden ikasleen % 62 ez bada euskalduntzen. Beraz, egiturazko aldaketa bat behar da horren inguruan.
Gainontzek ardatzetan zer egin da orain arte?
Gure indarrak mugatuak dira eta lehentasuna herri bakoitzak nahi duen ildoa jorratzeari eman diogu. Herri bakoitzak bere egoeraren arabera hautatzen du zein ardatz landu nahi duen. Esate baterako, Oreretan lanbide eskolaren gaia ari dira lantzen, Donostiako Egia auzoan haur eskolarena, Leitzan euskal curriculuma...
Horrez gain, maila nazionalean ildo horietako bakoitzari lotutako dinamikak lantzen ari gara. Euskal curriculumaren inguruan hainbat lan egin ditugu ezagutarazteko hori zer den, zergatik behar dugun, zertarako... eta horren guztiaren aurrean kontzientzia hartzeko. Tailerrak ere egin ditugu ikastetxeetan, eta Euskal Herriko mapa historikoa argitaratu ere bai. Euskal unibertsitatearen inguruan lanketa berezia egin dugu, gai hori gizarteratu gabe baitago oraindik. Sinadura bilketa erraldoi bat egin genuen, ekitaldi bat Oñatin, beste bat Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean eta orain ekimen berriak antolatzen ari gara.
Kanpaina batekin eta bestearekin hezkuntza sistema propioaren bidean urrats berriak emateko gogoa elikatzen saiatzen ari gara. Lehen aipatu ditugun bost ardatzak gai ordenean jartzen saiatzen ari gara.
Nolako egitura eta antolaketa du EHBEk?
EHBEren helburua dinamika soziala edo herri mugimendua bultzatzea dela esan dut. Horretarako beharrezkoak diren lanabesak martxan jartzea da gure egitekoa. Hori ikusita, gure antolaketa sinplea da. Alde batetik herriz herri ikaslez, irakaslez eta gurasoz osatutako lan taldeak daude herri dinamika bultzatzeko. Eta bestetik herri guztien arteko bilgunea osatzen duen koordinazio batzarra dago. Funtsean oso egituraketa sinplea du. Xedea da dinamika sozial horiek lantzea eta horretarako beharrezkoak diren puntuak martxan jartzea.
Nolakoa da herriz herriko lan talde horien egoera? Asko sortu al dira? Nolako dinamika dute?
Egia esan, oso egitasmo zaila eta konplexua da eskuartean daukaguna. Alde batetik, mugimendua ez delako beste garai batzuetan bezain bizia eta horrek eragina du. Normalean jadanik lanean dabilen jendea lanpetuta dago eta parte hartzeko zailtasunak ditu. Eta lanean ez dagoena lanean jartzea kosta egiten da. Beste aldetik, irakasleak, ikasleak eta gurasoak mahai eta dinamika beraren inguruan eserraraztea oso zaila da, bakoitzak bere estiloa eta ikuspegia baititu.
Horren jakitun izanik, bagenekien ez zela urtebeteko edo hiru urteko egitasmoa gurea. Gure ikuspegia epe luzekoa da. Egun hezkuntzan dauden joera sozialei buelta eman nahi diegu eta beste joera batzuk bultzatu. Eta horretarako urte asko behar dira.
Nahiz eta lan taldeak martxan jartzea oso zaila izan, esperientzia oso politak ari dira sortzen. Taldea martxan jartzea lortzen den tokietan eta funtzionatzea lortzen den tokietan oso aberatsa da diskurtsoa eraberritu egiten delako, ikuspegia ere bai, jendeak gauzak ikusteko beste molde bat hartzen duelako... Jada ez da nik irakasle bezala nire ikastetxean egiten dudana, eztabaida ez da publikoa edo ikastola... Eztabaida herri bezala egiten da eta kale mailan lantzen da zer-nolako hezkuntza nahi dugun Euskal Herrirako.
Zein urrats eman behar ditu EHBEan edo lan taldeetan parte hartu nahi duenak?
Bi modu daude EHBEn parte hartzeko. Bata herrietan dauden lan taldeetan parte hartzea. Era berean, herri batean horrelako lan talde bat sortzeko interesa baldin badago, EHBEko koordinazioarekn harremanetan jarrita, lagundu egingo diegu taldea sortzen eta EHBEren dinamikan sartzen.
Bigarren bidea hezkide izatea da: hezkuntzako kide, hezkuntza mugimenduko kide. Lan talde batean iraunkorki egon ezin duenak baina ekarpenak egin nahi dituenak, edo bere ikastetxean zerbait egin nahi duenak baina herri horretakoa ez denean eta herritarrekin harremanik ez duenean, edo beste hainbat kasutan, hezkidea izateko aukera dago. Hezkidea EHBEren laguntzailea da. Koordinazio taldeak hezkide guztiei informazioa bidaltzen die eta dinamiketan parte hartzek aukera ematen zaie. Beren iritziak eta ekarpenak jasotzen ditugu. Hezkideak taldeak dauden herrietan edo ez dauden herrietan egon litezke. Orain hezkideak egiteko kanpaina bultzatzen ari gara.
Gizarte mailan hainbat mobilizazio eta manifestazio egin dira azken urteetan hezkuntzako eragileen artean: "Guk geure eskola", "Hezkuntza geurea eta solidarioa". Ez al zaizu iruditzen kanpoko erasoen aurrean batzen garela horrelako gauzak egiteko, baina gero bakoitzak bere bidetik jarraitzen duela?
Nik uste dut ikasgai bat gainditzeke daukagula eta behar ia-ia historiko bat daukagula: ea gai garen herri honek hezkuntza sistema propioa izan behar duela sinesten dugun guztion artean oinarrizko adostasun bat eskuratu eta marko komun bat definitzeko.
Lortuko dela uste al duzu?
Posible ikusten dut. Gehiago esango nuke, egin, egingo da, goiz edo berandu. Ez dakidana da noren artean egingo den. Onena litzateke ahalik eta jende gehienak parte hartzea horrelako adostasun marko komun batean.
Baina gertatzen dena da gaur egun oraindik beste batzuk sortu eta sartu dizkiguten eztabaiden eta faktoreen menpe bizi garela. Adibidez, publiko-pribatu dikotomia, funtzionaritzaren eredua, publikotasuna ulertzeko modua... Horiek guztiak dira beste batzuek, ez guk, ez Euskal Herrian, ez euskal hezkuntza komunitatean, baizik eta espainiar eta frantziar estatuetatik eta Hegoaldean dauden bi hezkuntza administrazioetatik sartu dizkiguten eztabaidak, faktoreak, eta neurri batean, golak.
Oraindik orain menpekotasun ideologiko eta politiko handia dago faktore, ideia eta eztabaida horiekiko. Horrela, gaur egun sindikalgintzan badago funtzionario sistema berrikusteko prest ez dagoen jendea, edo irakasle eta gurasoen artean publikotasun eredua berrikusteko prest ez dagoena .
Dena dela, nik uste dut gero eta gehiago garela faktore horien menpe ez gaudenak. Niri berdin zait espainiar funtzionario legeak zer esaten duten, edo 93ko Euskal Eskola Publikoaren Legeak zer aipatzen duen. Nik herri honetan sinesten dut, herri honek hezkuntza sistema propioa behar duela, eta horren arabera jokatzen dut.
Azken finean, hezkuntza ulertzeko bi ikusmoldeen arteko talka gertatzen da. Batetik ikusmolde zaharra daukagu, hezkuntzan indar handia duena. Lurralde zatiketaren arabera ikusten da dena: Baskongadak alde batetik, Nafarroa bestetik eta Iparraldea bestetik. Beti administrazioari begira. Eztabaida nagusia publikoa versus pribatua da. Beste aldetik eskema berria dago, Euskal Herri osotik abiatzen dena. Leitzan akaso posible izango dute euskal curriculuma ezartzea eta Barakaldon agian ez, baina ez da lurralde zatiketaren araberako ezintasuna izango, baizik eta tokian tokiko baldintzen araberakoa. Eskema berriak herritartasuna bultzatzen du, publikotasun eredu berri baterantz doa: publikotasun eredu herritarra. Euskal Herriaren arabera definitutako publikotasun eredu bat, eta ez frantziar edo espainiar legediaren arabera definitutakoa.
Eskema berriak aurrera egiten duen neurrian, ziur nago hainbat jenderen artean lortuko dela adostasun bat. Kontua da inork ez dakiela eskema zaharrarekin funtzionatzen dutenei zenbat kostako zaien eskema berrira pasatzea, ea igarotzeko prest dauden, eta prest ez baldin badaude zergatik, eta ea zenbat pertsona eta eragile kokatuko garen eskema berrian. Gaur egun ekimen eta proposamen aberatsak eta berritzaileak ari dira sortzen eta sinetsita nago eskema berriak aurrera egingo duela.
Eskema berri horren aurrean, nola ikusten duzu instituzioen papera?
Kontziente izan behar dugu hezkuntza sistema propioaren aldeko motorea herri mugimendua izan dela, beste hainbat proiektutan bezala. Horren aurrean, gaur egungo instituzio autonomikoak laguntzaile edo oztopatzaile izan litezke. Guk laguntzaile izan daitezen nahiko genuke, eta beraz, herri mugimendutik sortzen ari diren ekimenak lagun ditzaten, Madrilgo Gobernutik datozen inposaketei aurre eginez.
Zoritxarrez praktikan ez dugu horrelakorik ikusten. Nafarroako Gobernuaren jarrera oso argia da: euskararen eta euskal nortasunaren kontrakoa. Hori hezkuntzan bere isla izaten ari da: testu liburuen inguruko fiskalizazioa hasi da, D ereduko ikastetxeek izugarrizko arazoak dituzte...
Baskongadetako administrazioari dagokionez, funtsean diskurtso soberanista bat elikatzen du, baina ez dio aurre egiten benetan dagoen egoerari, ez ditu zalantzan jartzen Espainiako Ministeriotik ezartzen diren ildoak.
Lehen esan bezala, berrikuntza hezkuntza eragileen aldetik etorriko da, aipatu dudan eskema berri horretatik eta Euskal Herri osorako hezkuntza planteamendu bat egiteko norabide horretan. Nazio Eztabaidagunea planteatzen ari den testuinguru horretan sor litezke berrikuntzak edo aldaketak. Administrazioa ez dut ikusten ezer lideratzen. Hori bai, hezkuntza komunitateko eragileen artean aurrerapausoak ematea lortzen baldin badagu, ikusi egin beharko da administrazioek zer jarrera hartzen duten. Espero dezagun atzetik etortzea eta gure hezkuntza sistema propiorantz erakartzea. Azken batean, beraien diskurtsoa elikatzeko beharrezkoa dute herri mugimenduak planteatzen dituen erronken aurrean zerbait egitea eta pixka bat mugitzea. Nik uste dut, zentzu horretan, mugi litezkeela. Baina aitzindaritza ez da handik etorriko, ez dute horretarako bokaziorik edo intentziorik