Nor gara gu? Zer gara gu? Testu liburuek diotena
Ikasleak ikasten duen edukia curriculumean hautatua dagoen ezagutza ofizialean oinarritzen da. Curriculum ofizialaren eta irakaslearen artean testu liburua aurkitzen dugu. Honetan, gelako irakaslearen lana bideratzeko, errazteko eta arintzeko edukia hautatua dator, irakas-modua markatua, ebaluaketa proposatua. Testu liburuan argitaletxe bakoitzak bere "itzulpena" egiten du eta edukiaren gaineko ikuspuntu desberdinak agertu. Irakasleak, curriculumaren bertsio bat aukeratu eta erabili baino ez du egingo. Horrek guztiak ikaslearen garapenean, zein ezagutzaren eraikuntzan, zein identitatearen definizioan, eragin zuzen-zuzena izango du.
Testu liburuen gaineko ikerketa nagusiak hiru paradigmaren arabera sailkatu ditugu, bakoitzean ikerlari edo talde garrantzizkoenak aipatuz. Gure artean era askotariko lanak burutu direla ikus daiteke: historiako edukiaren ideologia aztertzen dutenak, testu liburuen deskribapen orokorra egiten dutenak, edo euskal curriculuma lantzen den edo ez azaltzen dutenak. Paradigma kritikoan zabaltzen diren ikerketa lerroak dira testu liburuetako edukiaren izaera aztertzen dutenak. Guk ildo horri jarraituz edukiaren izaerari heldu diogu, zientzia eta teknologiaren garapena, edo lurraldetasuna eta historiari buruzko edukiaren izaera, zein euskal kulturaren definizioa aztertuz.
Horretarako, edukiaren azterketan kode idatzia eta ikonografikoa hartu ditugu kontuan, elkarrekin irakurriz, batak dioena besteak azpimarratu edo nabarmendu egiten duelako, edo kontrakoa gerta daiteke, idatziak eta ikonoak diotena bat ez etortzea. Edukia aipatua denean testuinguru ezberdinetan aztertu dugu; edukia ez aipatua, hots isildua, izan denean ere jaso dugu. Omisioa ere neurtu beharra dago eta gure ikerketan, ikonoz ikono aztertzean zehatz zenbatu daitezke omisioak ere.
Testu liburuak izan duen garapenean, teknologiak nahiz pedagogia eta psikologiako teorizazio berriek izan dute eragina. Asko aldatu dira testu liburuak XX. mendean zehar: 1925eko Xabiertxo-tik, -sasoiko euskal curriculumaren ikuspegitik osotua dagoena eta oso erabilia izan dena ikastoletan irakurketa liburu moduan, modernoa eta aurrerakoia izan zena bere sasoian-, Psikologia konstruktibistaren ekarpenak jasotzen dituzten testu liburuetatik pasa eta, azken sasoiko modernoetaraino, Iparraldeko Iguzki Lore bezalakoak, zeinetan benetako radiografiak erabiltzen diren hezurdura erakusteko, eta termografiak gorputzeko tenperatura desberdinak adierazteko.
Euskarazko ekoizpenaren garapena ikusirik, hiru epe edo aro mugatu ditugu gure azterketarako: lehenengoa Iparraldetik abiatu zen, Bizkaiko auzo-eskolekin eta lehenengo ikastolekin, Eusko Jaurlaritzaren sorrerarekin batera, baita euskararen batasunarekin ere. Sasoi horren amaieran talde pedagogiko berritzaileak sorti ziren: Gordailu eta Iker. Bigarrenean, Elkar, Erein edo Ibaizabal argitaletxe komertzialak sortu ziren eta talde pedagogikoak desagertu. Hegoaldean, euskara zein euskarazko irakaskuntza arautu zen, eta euskarazko ikasmateriala bultzatu. Sasoi horretan hasi ziren Estatuko argitaletxeak euskaraz argitaratzen. Hirugarrenean Hegoaldeko lege aldaketa dela-eta, eskolarako liburu asko argitaratu eta kanpoko argitaletxeen eragina indartu zen. Iparraldean ere, Ikas-Bik argitaletxe frantsesetatik moldatu eta euskaratu egiten ditu testu liburu batzuk eta Ikas-ek sortu.
Ikerketa burutzeko, testu liburua zentzu modernoan ulertuta sortzen denetik, 1876tik hasita 2000. urtera arteko euskarazko testu liburuak aztertu ditugu, baita gaztelaniazko eta frantsesezko parekoak ere. Ingurunearen Ezaguera, Geografia, Historia, Zientziak eta Teknologia aztertzen duten testu liburuak aukeratu ditugu, arlo horretan lantzen direlako ikaslearen ingurune hurbilari dagozkion ezagutzak, eta Euskal Herria bera eduki moduan lantzen duen arloa delako. Gai horiek 11 urteko ikasleek lantzen dituzte, Hegoaldeko Lehen Hezkuntzako 5. mailan, Iparraldeko hirugarren zikloko CM2an. Ikertutako lagina honela antolatu dugu: lehen aroko 14 liburu, bigarrenekoak 26 eta hirugarrenekoak 30; guztira 70 testu liburu, 13.310 orri irakurri eta 22.228 ikono neurtu, kokatu eta deskribatu ditugu.
Horretarako, orrialde bakoitzean idatzita datorrena irakurri eta zenbatu ostean, ikono bakoitza neurtu, kokatu, zenbat kolore dituen esan, eta deskribatu egin dugu. Bi eratako datu baseak osotu ditugu: lehenengoan, testu liburuen ezaugarri formalak agertzen dira, zein hizkuntzatan, aroa, urtea, argitaletxea, non argitaratua.... Bigarrenean, ikonoen ezaugarriak biltzen dira bakoitza zenbatuta, dagokion liburua, zein hizkuntzatan, aroa, argitaletxea, nongoa, zer koloretakoa den, kokapena eta bera edo gehiago dauden orrialde horretan. Hortik aurrera ikonoaren edukiaren deskribapena egiten dugu testuinguruarekin duen zerikusia neurtuz. Ikonoen testuingurua neurtzeko sei aldagai ditugu:
1. Euskal historikoa: zeinetan ingurune soziokulturala neurtzen den, Euskal Herriari dagokiona, errealitate historikoa errespetatuz.
2. Euskal juridikoa: Estatuaren antolaketa juridiko-administratiboa deskribatzen duena.
3. Nahasia: egoera nahasia aurkezten denean.
4. Erdal: Euskal Herrikoa ez dena, Estatu espainol edo frantziarretik kanpokoa.
5. Estatala: Frantziako eta Espainiako estatu-nazioen berri ematen denean.
6. Zehaztugabea: inon lekutu barik agertzen diren edukiak.
Identitatea eta ingurunea curriculumean
Horrek guztiak oinarri teoriko bati eusten dio. Giza eta Gizarte Zientzietan aurkitzen ditugun zutabe teorikoen artean, --jarrera enpiriko analitikoa, zeinetan positibismoa eta arrazionalismo kritikoa desberdintzen diren; jarrera interpretatzailea, interakzionista eta etnometodologikoa, eta, jarrera kritikoa eta dialektikoa, Marxen ekarpenak eta Frankfurteko eskolaren ekarpenak jasotzen dituena--, guk jarrera kritiko-dialektikoan kokatzen dugu gure ikerketa. Hezkuntzaren arloko ikuspegi nagusiak aurrekoetan oinarritzen dira: Determinismoa: Tekno-funtzionalista eta Estrukturalista. Bi joeren determinismoa zuzentzera datoz Interakzionalismo sinbolikoa, soziologia fenomenologikoa eta etnometodologia, metodo kualitatiboak aldarrikatuz. Eta bien kritika eta zuzenketa egiten dute Erreprodukzioaren eta Produkzioaren teorilariek. Horientzat, Hezkuntzak gizarte harreman kontraesankorren artean gizarte fenomenoak -linguistikoak, ekonomikoak, generoarenak, kulturalak....-, birsortu edo erreproduzitu ez ezik, erresistentziak ere sortzen ditu. Autore horien esanetan, gizarte kontraesanak maila anitzetan gertatzen dira, batetik, Estatu demokratiko liberalean, familia patriarkalean eta jabetza pribatuan; bestetik, kontraesanak gizarte esparru bakoitzaren barnean ere badira. Baina, Paulo Iztuetak dioenez, Estaturik gabeko etnonazioen ikuspegitik begiratuz gero, beste kontraesan batzuen gurutzaketa aurkitzen dugu, Estatu-nazioaren izaera multinazionala eta Estaturik gabeko etnonazioena, eta, honekin lotuta, hizkuntza hegemonikoaren eta hizkuntza gutxituen artekoak, bi nazio mota, alegia.
Apple-k, Bernstein-ek eta Bourdieu-k egiten dituzten ekarpenetan identitatearen, curriculumaren eta hegemoniaren arteko harremanak kontuan hartuta, ezagutza ofizialaren eta identitate pedagogikoaren arteko harreman hegemonikoak lantzen dira. Curriculumean hiru osagai aztertzen dira: Ezagutza, Hegemonia eta Identitatea. Ezagutza ofizialak Ingurune hegemonikoa islatzen du; Ez ofizialak, Ingurune ez hegemonikoetako beste ezagutzak. Hautatutako edukia eskola ezagutza bihurtzen da harreman hegemonikoen bidez Ingurunea, Ezagutza eta Curriculuma elkar lotuz.
Identitatea Ingurunearekin elkarreraginean eraikitzen da Vigotski-ren esanetan, eta curriculumeko ezagutza hautatuaren bidez definitzen, Bernstein-ek identitate pedagogikoetan laburbildu duena.
Beraz, gure ikerketaren oinarrian hiru esparru desberdindu ditugu: identitatearena, ingurunearena eta curriculumarena. Lehenengoan, Castells-en ustez hiru mota daude:
- Legitimatzailea: gizarteko erakunde menderatzaileek sortua eta hedatua bere hegemonia zabaltzeko eta arrazionalizatzeko.
- Erresistentzikoa, menderakuntzaren logikak sortua. Egoera ez hegemonikoetan sortutako erresistentzien fruitu. Proiektu identitatea, aktore sozialek haien kokapena birdefinitzean sortzen da, gizarte guztiaren eraikuntza aldatzea bilatzen dutenean.
- Bestalde, Bernstein-en identitate pedagogikoa ere kontuan hartu izan dugu, ezagutzen karreren eta oinarri kolektiboen artean egiten den uztarketa baita.
Bi ingurune mota mugatu ditugu, bestalde:
- Hegemonikoa, Estatu-nazioaren ezaugarrietan oinarritzen dena
- Eta soziokulturala, estaturik gabeko nazio soziokulturalen erresistentzi moduak biltzen dituena. Bien oinarrietan honako ezaugarriak aurkitzen ditugu:
* Ingurune hegemomikoan indibidualizazioa eta klase sozialak, zeinetan hiru subjektu mota desberdintzen ditugun: politikoa, ekonomikoa eta kulturala. Ingurune soziokulturalean herri kolektibitatean sozializatzea aldarrikatzen da
* Legeak araututako sistema eta berau betearazten duen bortxaren aurrean aldarrikapen politiko-juridikoa dugu.
* Lan intelektuala eta eskulana, curriculum hegemonikoan uztartzen direnak. Intelligentsia euskaldunaren eta Euskal Herriko curriculum nazionalaren aldarrikapenak.
* Estatu guztiak duten espazioa eta denbora, lurralde eta historia kontzeptuetan islatzen dira neurri batean behintzat. Nazio soziokulturalaren lurralde eta historia nazionalak eskatzen dira.
* Hizkuntza eta kultura ofizial hegemonikoen aurrean, aldarrikapen etnolinguistikoa eta kulturala egiten dira.
Hiru arloak Curriculumean konbinatzen dira edukiak hautatzerakoan ezagutza ofizialaren gainbaloraketa eginez. Curriculumean ezagutza bi modutara antolatzen da, modu integratuan eta agregatuan. Lehenengoan, ezagutzak oso gutxi enmarkatzen dira eta diziplinarte zabalean biltzen dira. Horren adibide dugu Ingurunearen Ezaguera arloa, haurra espazio hurbiletik urrunekora eramaten da. Modu agregatuan, ordea, ezagutzak diziplinen arabera antolatzen dira eta euren arteko banaketa zehatzagoa da. Iparraldeko eredua dugu, Geografia, Historia, Zientziak eta Teknologia eta Heziketa Zibikoa. Haurra ingurune hurbiletik barik urrunekotik abiatzen da lurraldea aztertzera.
Ezagutza Zientifikoa, beraz, moldatu egiten da irakaste-ikaste prozesura: lehenik eta behin, ezagutza akademikora moldatzen da, diziplinara. Gero, diziplinatik edukia irakasgai bihurtzen da irakasleak eta ikasleak, elkarreraginean, erabiltzeko ikaste-irakaste prozesuan. Geografia eta Historia, diziplina biltzaileak ditugu eta modu zehatzean lantzen dira testu liburuetan, Geografiaren bidez espazioaren eraiketa kontzeptuala egiten dugu eta Historiaren bidez denboran ematen den aldaketaren kontaketa. Testu liburuetan espazioa deskribatu egiten da, aztertu eta eraiki. Historia eszena eta gertaeren bilduma kronologiko bezala aurkezten da batzuetan, prozesuen bilduma kronologiko bezala beste batzuetan, edo, interesgune askatzaileei erantzuteko eraikitako historia bezala gutxienetan. Bai espazioa zein denbora modu grafikoan lantzen dira, mapak espazioaren irudikapena egiten duen bitartean, kronogramak denboraren irudikapena bideratzen du.
Eduki historikoaren izaera
Eduki historikoa aro historikoetan antolatua lantzen da aldagai desberdinen bidez: eszenak, monumentuak, pertsonaiak, kronogramak, mapa historikoak, monumentuak eta eraikin historikoak, azken horiek gero eta erabiliagoak, bestalde, turismo eta aisialdiarekin lotuta. Kronogramaren bidez denboraren antolaketa grafikoa egiten da, historiaren ildoa adieraziz. Horiek era askotakoak dira. Iparraldekoak oso zehatzak, gaiaren arabera antolatuak eta Frantziarekin lotutakoak beti. Hegoaldeko testu liburuetan ez dira hain zehatzak eta gutxiagotan erabiltzen dira. Dena den, kronogrametan islatzen diren gertaerak denak dira izaera estatalekoak. Ez dago Euskal Herriko historiari buruzko kronogramarik.
Ikono historikoen izaerari begiratuz gero, lehen eta bigarren aroetan estatalak dira gehienak, bigarrenean oso gutxi dira soziokulturalak eta erdal izaerakoak. Hirugarren aroan izaera estatala mantendu egiten da, baina juridikoaren eta nahasiaren ehunekoak handitzen dira hegemonikoa indartuz. Zehaztugabeko ikono historikoen kopurua gero eta handiago da.
Gure historian gauzatu eta galdu zen entitate politikoa adierazten duen Nafarroako Erresumaren tratamendua ere aztertu dugu. Nafarroako Erresuma islatzen duten mapa historikoen artean, gehienetan erabiltzen dena Behe Erdi Aroko egoera islatzen duena da. Lehen aroko Nafarroako mapak soziokulturalak dira, bigarrenean estatalak. Hirugarrenean, estatala nagusi den arren, zehaztugabe eta modu nahasian testuinguraturik aurkitzen dugu Nafarroako Erresuma. Espainian dagoen Euskal Herriarekin loturik, akaso? (ikus 1. grafikoa).
Lurraldea islatzen duten ikonoen izaera, argazkiak eta mapak
Euskal Herriko itxura fisikoa lantzeko paisaia gero eta erabiliagoa da, Begoña Bilbaoren tesian adierazten denari jarraiki. Baina paisaia ordenatu eta lurralde bezala kontzeptualizatzeko mapa behar dugu. Mapak espazio kontzeptua eraikitzen laguntzen du, hau da, lurraldea definitzen du. Lurraldetasunaren adierazpenean mapak duen esanahia handia da.
Lehen eta bigarren aroetan erabiltzen dira mapa gehien. Bigarren arotik hirugarrenera mapa gutxiago erabiltzen da, eta, Euskal Herriko paisaiak gero eta gehiago dira, batez ere hirugarren aroan, 1991-2000, gure ikerketan burututako froga estatistikoak aditzera ematen digunaren arabera (Bilbao, 2002). Lurralde jakin batekin lotutako espazioa barik, Euskal Herria gero eta lotuago aurkitzen da paisaia eta turismoarekin.
Euskal Herriko lurraldea zatikaturik aurkezten da testu liburuetan: gehienetan lurraldearen zati bat baino ez; edo Euskadiko Autonomia Erkidegoa, edo Nafarroako Foru Elkartea; bata ala bestea, inoiz ez elkarrekin, Espainiako mapa autonomikoan izan ezik. Frantziako kasuan, batzuetan, Hegoaldea aipatzen den arren, Iparraldeko lurraldeak ez dira agertzen. Frantzian ez dago Euskal Herririk.
Mapak islatzen dituzten edukiak era askotakoak dira. Lehen aroko maparik gehienak ekonomikoak dira, edo fisikoak. Bigarren aroan fisikoak eta politikoak lantzen dira gehien, gero ekonomikoak. Hirugarrenean politikoak nagusitzen dira garbi. Mapak lurraldea islatzen dutela esan dugu: lehen aroan, 1876-1975, maparik gehienak Frantziakoak diren bitartean, bigarrenean, 1976-1990, Espainiakoak dira gehien. Hirugarrenean, 1991-2000, Espainia Autonomikoa nagusitzen da, EAEkoak eta Nafar Komunitatekoak ere autonomikoak direlako.
Euskal Herriko mapak gero eta modu ugariagoan erabiltzen badira ere, inoiz ez dira heltzen aurrekoen kopuruetara. Mapen izaeren artean, bestalde, izaera estatala nabarmentzen da hiru aroetan. Izaera soziokulturala bigarren aroan da erabilien eta hirugarrenean, horren ordez eta estatala indartzera, juridikoa dator (ikus 2. grafikoa).
Euskal Herriko lurralde historikoak XX. mendeko testu liburuetan oso ehuneko desorekatuetan agertzen dira: sarrien lantzen den lurraldea Gipuzkoa dugu, eta Bizkaia, gero. Barrualdeko lurraldeak, Nafarroa eta Araba, askoz gutxiago, aurrekoen erdia gutxi gorabehera. Iparraldeko hiru lurraldeak, bestalde, aipatu baino ez dira egiten (ikus 3. grafikoa).
Kostaldeko Euskal Herria da, industriala, gehienetan agertzen dena, barrualdekoa gutxiago. Nekez eta zailtasun handiz eraikiko du Euskal Herriko haur batek bere identitate soziokulturala, bertako lurraldeen arteko uztarriak modu koherente eta nazionalean lantzen ez badira.
Barne antolaketari buruzko edukiak oso desorekatuak badira, Europarekin eta munduarekin dugun harremana ere desorekatua eta urria da. Gutxitan aurkitzen dugu horrelako irudirik. Ikusten dena Europa ofiziala da, estatala, ekonomikoa eta ez soziokulturala, bigarren aroan Saioka Proiektuan lantzen zen modukoa. Europa bigarren eta hirugarren aroko testu liburuetan lantzen da, azken honetan gutxitxoago, beti modu estatalean, Europa Estatuena da, eta, Estatuak Europari begira daude.
Amaitzeko
Esandakoa laburbiltzean aldaketa nabarmenak aurkitu ditugu, Euskal Herriko lurraldea eta historia lantzeko izaerak guztiz aldatu baitira.
Euskal Herriko lurraldea gero eta hegemonikoagoa dela aurkitzen dugu: bertako mapa guztiek mende hasieran izaera soziokulturala erakusten zuten bitartean, mende amaieran ikuspegi hegemonikoaren ehunekoa handitu egiten da, ia erdia eginez.
Euskal Herriko historiari begiratuz gero, izaera soziokulturala oso modu urrian erabiltzen da, juridikoa eta nahasia sarriago. Antzinatea lantzeko eredurik gehienak kanpoko herrietatik hautatuak dira. Gure sasoitik urrinen diren aro historikoak zehaztugabeak dira nagusiki, eta hurbilen daudenak zehatzenak, estatalak. Historiaurrea zehaztugabea da, ez da lotzen Euskal Herriarekin: Ekain, Santimamiñe, Isturitz ez daude. Egotekotan Altamira. Zehazten diren aroak, ordea, modu estatalean zehazten dira, Estatu-nazioaren historiarenak. Historia Estatuarekin lotuta dator, batez ere gugandik hurbilen dauden aroetako Historia. (ikus 4. grafikoa).
Amaitzeko, ildo beretik doan joera azpimarratzen da testu liburuen izaeraren garapenean: XX.mendeko amaierarako izaera soziokulturala gero eta urriagoa den bitartean, kanpoko herriekin egiten den lotura bezala, hegemonikoa, estatala gehi juridikoa, nagusitzen da. Testu liburuak gero eta zehatzagoak dira, beti Estatuaren alde.
Gure eskoletako curriculumean irakasten diren lurraldeak eta historiak nekez islatzen dute Euskal Herri soziokulturalaren errealitatea, hori Euskal Herria aipatzen denetan.
Europa zaharrean identitate politiko-ekonomiko berriak sortzen ari garen honetan, Euskal Herri zahar-moderno honetako haurrek nekez eraiki dezakete euren identitate soziokulturala eta europarra, curriculumean eduki horiek islatzen ez diren bitartean.
Bibliografia
- BILBAO, B. (2002): Kultura Erreferenteak Oinarrizko Hezkuntzako Curriculumean, Doktorego tesiak saila, UPV-EHU, Bilbo.
- EZKURDIA, G. (2004): Identitatea eta Ingurunea Curriculumean, Doktorego tesiak saila, UPV-EHU, Bilbo.
- PEREZ URRAZA, K. (2003): Zientzia, teknologia eta lanbideen agerpena Euskal Herriko testuliburuetan, Doktorego tesiak saila, UPV-EHU, Bilbo.