Droga menpekotasunen prebentzioa

2005-02-01

Hezkuntza maila guztietarako eta eskolan lantzen diren gaietarako egokiak diren programak dituzte, eta baita droga-menpekotasunen prebentzioa lantzekoak ere. DBH 1., 2. eta 3. mailetarako programan, esate baterako, 200 ikastetxe inguru ari dira parte hartzen ikasturte honetan, eta 4. DBHrako programan ere beste hainbeste.

Programa horien helburu nagusia zinearen bitartez ikasleak gero ikasgelan egin beharreko lanerako motibatzea eta prestatzea da. Horrekin batera, ikasleari bere garapen osoan laguntzea eta gizaki autonomo, kultu eta kritiko bihurtzeko bitartekoak ematea da.

Aurten droga-menpekotasunen gaia lantzeko aukeratu dituzten filmeekin eta prestatu dituzten unitate didaktikoekin nerabeei eguneroko bizitzak eskaintzen dien errealitatea ikusten lagundu nahi diete. Azaltzen zaizkien arazoei eraginkortasunez aurre egiteko behar dituzten trebetasunak garatzen eta hausnarketa kritikoa egiten irakatsi nahi diete. Zenbait sustantzien kontsumorako izango dituzten eragin eta presioak prebenitzeko beharrezkoak diren mekanismoak eta sormenezko irtenbideak bilatzen laguntzea da xedea.

 
 

Drogak eta gu: hasteko, informazioa

Zailena hitz egiten hastea da. Behin hasiz gero, ura bezala, errekan behera inolako trabarik gabe garatzen da berriketaldia. Mila arrazoi tarteko, kosta egiten da gai batzuetaz hitz egitea, baina hasierako bertigoa gainditu ondoren, barrenak askatzeak izugarrizko lasaitasuna ematen du.

Horixe gertatzen da drogak aipatzean ere. Batzuek, mingaina txulora sartu eta beste aldera begiratzen dute. Beste batzuek, errealitateari begiratu eta zezenari adarretatik heltzen diote. Azken horiek, inolako beldurrik gabe hitz egiten dute drogez, menpekotasunez edo prebentzioaz, eta gauzak argiago dituzte. Hasteko, pertsonei drogei baino garrantzi gehiago ematea. Bigarrenik, informazioa edukitzea oso garrantzitsua dela. Hirugarrenik, kontsumitzen bada, arduraz egitea funtsezkoa dela. Eta azkenik, menpekotasuna saihesteko eta horri aurre egiteko, prebentzioa dela tresnarik egokiena.

Zer dira drogak?

Hasteko, informazioa funtsezkoa dela esan dugu. Drogak sustantzia naturalak edo artifizialak dira, eta gure gorputzean hainbat modutan sartuz gero, nerbio sisteman aldaketa fisikoak edota psikikoak sortzen dituzte, baita errealitatea hautemateko moduan ere.

Drogak kontsumitzeko hainbat modu daude: edan, irentsi, esnifatu, erre, txertatu...

Berez ez dira sustantzia txarrak, neutroak dira, baina erabilpena bai izan litekeela ona edo txarra. Kontsumoa desegokia baldin bada, berau ez kontrolatzera irits daiteke edonor. Kasu horietan, kontsumitzeari uzten zaionean urduritasuna, antsietatea edo herstura, depresioa... sortzen dira. Ondorioz, droga hori kontsumitzeko beharra sortzen da, hots, menpekotasuna.

Menpekotasuna fisikoa edo biologikoa, psikikoa edo funtzionala izan liteke.

Are gehiago, gaur egun menpekotasun hori patologia bihurtzen ari da. Beste modu batera esanda, bi aldetako menpekotasuna sortzen ari da. Batetik sustantzia konkretu baten kontsumoa ez delako egokia, eta bestetik aldez aurretik beste gaixotasun mota bat dagoelako. Bi gauzak elkartzen direnean patologia arazoak sortzen dira. Esate baterako, gaur egungo kontsumitzaile berri asko ez dira alkoholiko hutsak, kokainomano hutsak edo heroinomano hutsak, baizik eta dena nahastuta kontsumitzen dute. Droga batzuk estimulatzaileak dira, beste batzuk depresiboak... eta horiek nahastuta buru osasun arazoak sortzen dira. Gero gehiago dira menpekotasunarekin batera paranoia edo buru nahasketak dituztenak. Ondorioz, arazoa ez da menpekotasuna, buru osasuna baizik. Eta esku-hartzea askoz ere konplexuagoa da.

Drogak hartzeko moduak gaur egun

Gizartea aldatzen den heinean, ohiturak ere aldatu egiten dira, eta hori gertatzen da droga kontsumoaren kasuan ere. Kontsumoa gero eta gehiago zabaltzen ari da. Baina, halere, jende gehiagok kontsumitzeak ez du esan nahi droga gehiago kontsumitzen denik.

Kontsumitzen hasteko adina jaitsi egin da, hots, kontsumo esperimentalak hasteko adina jaitsi egin da, gero eta gazteago hasten dira drogak probatzen. Horrekin batera, arriskuaren pertzepzioa gero eta txikiagoa da. Kontsumo asko arrisku gutxikoak edo arrisku gabeak direla uste dute askok. Norberak egiten duen kontsumoa eta hartzen dituen drogak justifikatzen ditu, eta aldi berean, besteenak kritikatu.

Oro har, drogak kontsumitzeko kultura aldatu egin dela esan liteke. Kontsumo intentsiboak eta konpultsiboak dira nagusi orain. Dena azkarrago doan mundu honetan, drogen kontsumoa ere bai. Gizarte eta kultura bakoitzak betidanik izan ditu drogen kontsumoa, ekoizpena eta banaketa erregulatzeko modu batzuk. Tokian tokiko kulturak droga kontsumoak mugatu egiten ditu eta hartzeko moduen inguruan agindu batzuk finkatzen ditu, normalean ontzat hartu izan direnak. Hori hankaz gora jartzen ari da gaur egun. Alkoholaren kasuan, esate baterako, mediterranear kontsumoa zen nagusi lehen, eta orain anglosaxoi erara kontsumitzen da: denbora gutxian kantitate asko. Gauza bera gertatzen da tabakoarekin eta haxixarekin ere. Kokainaren kasua ere kuriosoa da. Dentistek betidanik erabili izan dute analgesiko bezala anestesia egiteko. Hego Amerikako kulturan ere betidanik erabili dute. Baina mendebaldean beste erabilpen bat eman zaio. Gaur egun, lanean dabiltzanek ere hartzen dute, etengabe lanean jarraitzeko eta gehiago produzitzeko. Azkenaldian erabilpen farmazeutikoaren antzekoa den beste kontsumo mota bat ematen ari zaio: biharamuna edo bestondoa gutxitzeko hartzen da.

Hori gutxi balitz, droga mota bakarra ezezik, gehiago nahasten dira: edari alkoholdunak, estimulatzaileak diren drogak (tabakoa, speed-a, kokaina...), eratorri kannabikoak, diseinu drogak... hitz batean esateko, polikontsumoa.

Hori dena nondik? Zergatik?

Gertatu diren aldaketak eta ohitura berriak egungo gizarte ereduari lotuta daude.

Indibidualismoan, kontsumismoan, lehiakortasunean, hedonismoan, norberarena besteengan delegatzean, elkartasun ezean... oinarritutako balioak, jarrerak eta jokabideak nagusi bilakatzen ari dira. Erreferentzia ereduak falta dira eta sozializazio egituretan komunikatzeko, erantzukizunetan hezteko eta hezigarriak diren arauak eta mugak ezartzeko zailtasunak daudela begi-bistakoa da.

Ezin aipatu gabe utzi debekuaren politika ere. Jakina da drogek eragin zuzen dutela: alkohola gehiegi edanez gero, mozkortu egiten da; tabakoa egunero errez gero, nikotinaren menpekotasuna sortzen da... Debekuaren politikaren ondorioz, ordea, zeharkako ondorioak sortzen dira. Adibidez, haxixa kalitate txarrekoa baldin bada, intoxikazio arriskua dago; kokaina nahastua edo heroina aizundua baldin badaude, gaindosiagatik edo aizuntzeagatik hil daiteke. Eta hori dena debekuaren politikaren ondorio da.

Horren aurrean normalizazioa eta prebentzioa bultzatzen dute hainbat erakundek. Zentzu horretan, drogei soilik ez zaie jarri behar arreta, baita pertsonei eta inguruneari ere, hirurak erlazionatuta daude-eta.

Prebentzioa gazte, guraso eta irakasleekin

Prebentzioan lan egiten duten hainbat erakunde daude Euskal Herrian, eta horietako bat da Askagintza. Gazteekin, gurasoekin eta ikastetxeekin aritzen dira. 15 urte daramatzate zeregin honetan, eta 100 ikastetxe ingurutatik pasa dira. Horrez gain, topaketak antolatzen dituzte, bai gazteenak eta bai gurasoenak, eta aurten irakasleentzat ere prestatu dute.

Gazte topaketak

Askagintzakoek argi daukate gazteei garrantzi gehiago eman behar zaiela, beraiek baitira protagonistak. Beraien bizitzaren subjektuak dira eta beraiei drogei baino garrantzi gehiago eman behar zaie. "Esku-hartzerik txikiena, arreta handienarekin", hori da Askagintzakoen leloa.

Filosofia horrekin, hainbat herritan informazio guneak antolatzen dituzte, eta Euskal Herri mailan gazte topaketa nazionala egiten dute, elkarren berri jakiteko.

Horrela, drogei buruz hitz egiteko espazio bat eskaintzen zaie gazteei, euren zalantzak argitzeko, hausnartzeko, kezkak agertzeko... Leire Zumeta eta Txus Congil Askagintzako kideek diotenez, "topaketak oso emankorrak izaten dira. Gazteek ideiak dauzkate, proposamenak dauzkate, eta hausnarketa oso-oso politak egiten dituzte. Aurreiritzirik eta epairik gabe entzuten zaiela konturatzen direnean, ireki egiten dira eta zoragarria da. Inoiz baino gazteria prestatuagoa eta osasuntsuagoa daukagu. Gertatzen dena da emozionalki oso ahulak direla, eta babesik gabe garatu behar dituztela euren gaitasunak. Horregatik, guk babes hori eskaini nahi diegu".

Gurasoen topaketak

Gurasoak desorientatuta daude. Leirek dioenez, "eredu autoritarioa bizi izan zutenek, ez dute gauza bera egin nahi, eta beste muturrera joaten dira. Gaindituta eta beldurtuta daude". Alkohola eta tabakoa ezagutzen dituzte, baina pilulak eta beste droga berriak ez, eta horrek beldurra ematen die. Egoera horretan, gehien estimatzen dutena lasaitzea eta entzutea da.

Askagintzak gurasoei bi zerbitzu eskaintzen dizkie. Batetik tailer iraunkorrak ikasturtean zehar. Zortzi saio inguru izaten dira eta gurasoek planteatzen dituzten gaien inguruan hitz egiten da. Bestetik saio solteak egiten dituzte, eta eskema hau jarraitzen dute: 1) zertaz ari gara hitz egiten; 2) non daude arazoak eta beldurrak guraso gisa (ez dakite zer kontsumitzen duten, ez dakite zer ondorio dituzten, ez dute kontrolatzen...); 3) beldurrak objektibizatu; eta 4) guraso bezala zer egin dezaketen aztertu, informazioa jaso, esku-hartze egokia zein den ikusi, komunikazioa landu, heziketa alternatibak bilatu...

Datorren ikasturtean gurasoentzako zentro bat osatu nahi dute Askagintzakoek, informazioa eta aholkularitza emateko. Eta aurten gurasoen II. topaketak egingo dira.

Ikastetxeak

Eskola eremuan osasun heziketa eta droga-menpekotasunen prebentziorako programa bat daukate: "Drogak larrugorrian". Berau ezartzeko baldintza batzuk jartzen dituzte: eskola komunitate osoak parte hartzea, zentroan lan hori erraztuko eta koordinatuko duen arduradun bat egotea (orientatzailea, kasu), eta klaustroa, gurasoak eta ikasleak prest egotea.

Programa ikastetxearen ezaugarrietara egokitzen da, eta horren arabera ekintza batzuk edo beste batzuk egiten dituzte: gurasoei hitzaldiak eman, irakasleei formazioa eta ikasleei ere saioak.

Irakasleen formazioari dagokionez, beraien funtzioa zein den argi zehazten saiatzen dira. "Askotan irakasleei dena eskatzen zaie gaur egun, beraiek soluzionatu behar dute dena, eta hori ez da horrela. Beren funtzioak argi definitzen eta zehazten saiatzen gara" dio Txusek. "Irakasleen esparrua eduki akademikoak, balioen heziketa eta zentroko elkarbizitza dira, eta ez hori baino gehiago. Gure formazioan ongi mugatzen ditugu zein diren irakasleen funtzioak eta zailtasunetan laguntza eskaintzen diegu tresnak emanez. Eta beti hor egoten gara. Guretzat oso garrantzitsua da gu hor gaudela sentitzea, errekurtso iraunkorra garela ikustea, eta ez puntualki egon eta joaten garenak".

"Drogak larrugorrian. Osasuna heziketan" programaren aurkezpena

Hezitzaileentzat, irakasleentzat, orientatzaileentzat...

Hernanin, apirilaren 16an

Biteri kultur etxean

11:00-13:30

Belen Mujika: "Badakigu kontsumitu egingo dutela; beraz, arduraz kontsumi dezaten lortu behar dugu"

Donostiako Lauaizeta Bigarren Hezkuntzako ikastetxean"Drogak larrugorrian" izeneko proiektua lantzen dute Askagintzaren laguntzarekin. Duela hiru urte hasi ziren programa horrekin, baina orain dela 6-7 urte hasi ziren droga-menpekotasunen prebentzioa lantzen, ikastetxea ireki zen une beretik.

Donostian DBH independentea duen eskola bakarra da, hau da, ez Lehen Hezkuntzarik eta ez Batxilergorik ez duena. Institutu bat izateko, zentro txikia dela esan liteke: 226 ikasle eta 30 irakasle. Txikitasun horren abantailak aprobetxatzen jakin dute; alde batetik, koordinaziorako aukera handia ematen duelako, eta bestetik, ikasle eta irakasleen arteko hurbiltasuna lortu dutelako. Ikasleentzat gehitxo, agian, komunera joan baino lehen irakasleek bai baitakite hara joango direla. Kontrolarekin batera, ordea, babesa ere sentitzen dute, eta nerabeek biak behar dituzte.

Belen Mujika ikastetxeko orientatzaileak gerturatu gaitu eskola barruko girora eta droga-menpekotasunen prebentzioan egiten ari diren lanera.

Zergatik hasi zineten gai hori lantzen?

Hasieran gurasoekin hasi ginen, gai honen inguruko hitzaldiak eskatzen zituztelako. Gero ikasleekin ere lantzen hasi ginen. Beti komentatzen genuen hori ez zela nahikoa, eskola komunitate osoak hartu behar zuela parte,eta horregatik jo genuen Askagintzakoengana.

Zergatik sentitzen dute gurasoek gai hori lantzeko beharra?

Beldurtuta eta desorientatuta daudelako. Sekulako beldurra daukate drogen aurrean. Beti komentatzen dute goizeko 1:00ak arte egoten direla seme-alabak Bretxa ondoan, eta handik pasa eta ikusten dena ikusita... "Nola lortuko dugu informatuta egotea kasurik egiten ez badigute?" galdetzen dute. Azken boladan kezka handia dute kanutoekin, pilulekin... Kuriosoa da, halere, tabakoarekin ez kezkatzea. Eta... eskolatik atera eta egiten duten lehenengo gauza zigarroa piztea izaten da.

Bestalde, gure ikasleak hona etorri aurretik Aitor ikastolan eta Intxaurrondo ikastolan ibilitakoak dira, eta han gurasoek asko parte hartzen zuten ikastolan. Beraz, hemen ere joera hori mantentzen dute eta ez dira beldur horrelako gaiak planteatzeko.

Nola sentitu izan zarete irakasleak gai hau landu behar duzuela jakitean?

Une honetan izugarrizko erantzukizuna uzten da irakasleen eta eskolaren gain, eta gainera, inolako errekonozimendu sozialik gabe. Guk ezin dugu 4:30etik aurrera gertatzen dena kontrolatu. Askotan komentatzen dugu gurasoekin heziketa sexuala eta osasun heziketa landuko dugula eskolan, baina ezin dugu bermatu haurdunaldiak egongo ez direnik edo arduraz kontsumoko dutenik. Praktika ez da eskolan egiten.

Gurasoak lasaitu egiten dira guk gaia landuko dugula esaten diegunean. Baina horrek ez du esan nahi beraiek ahaztu egin behar dutenik. Horregatik, oso garrantzitsua da gurasoek zehatz-mehatz jakitea ikasleekin zer lantzen dugun gai horren inguruan, beraiek ere ikus dezaten non dagoen beraien atala edo funtzioa.

Irakasleok beldurrik sentitzen al duzue?

Dena gure gain gelditzen bada, bai. Zeren gu ez baikara adituak. Horregatik, ondo definitu behar da bakoitzaren funtzioa. Irakasleok ez ditugu sustantziak landu behar, ez dugu drogei buruz dena jakin behar; gainera, kasu batzuetan ikasleek gu baino informazio gehiago edukitzen dute. Eskatzen zaiguna da ikasleei jarraipena egitea eta adituei informazioa ematea ikasleei buruz: talde presioei buruz, aisialdiari buruz...

Orduan, zer da zehazki irakasleok egiten duzuena?

Hasieran Askagintzakoek gurasoei eta klaustro osoari ematen diote informazioa. Gero, tutore bakoitzarekin eta orientatzailearekin mintegiak egiten dituzte gela bakoitza hobeto ezagutzeko, ikasleekin erabiltzen duten materiala erakusteko, saioak nola egiten dituzten azaltzeko...

Ondoren, tutoreak Askagintzako adituek prestatutako galdetegi bat pasatzen die ikasleei, anonimoa eta konfidentziala. Galde sorta horretan dauzkaten zalantzak, ezagutzen dutena, ezagutu nahi dutena... azaltzen dute. Gero horren arabera, gela bakoitzeko hutsuneak eta beharrak ikusita prestatzen dituzte ikasleekin egingo dituzten saioak.

Baina aurretik, tutoreak ikasleekin gaia lantzen du Askagintzakoek utzitako materialarekin. Horrela, ikasleek galderak prestatzen dituzte gero adituei planteatzeko. Aurten, unitate didaktiko batzuk landuko dituzte irakasleek ikasleekin.

Askagintzakoak beti hor egoten dira edozer gauza behar badugu ere. Eta aldamenean daudela jakiteak, asko lasaitzen gaitu.

Zein adin da egokiena prebentzioa lantzen hasteko?

Garrantzitsuena ikasleen ezaugarrietara egokitzea da. Lehen Hezkuntzan landu daiteke, baina elikadurari lotuta, adin batzuetan ez baitu zentzurik alkoholaz hitz egiteak oraindik ez direlako edaten hasi edo ez dutelako horretarako interesik. Ikasleen interesak aldatu egiten dira, eta hortik abiatzea da garrantzitsua.

Zein da ikasleei helarazi nahi diezuen mezua?

Gure mezua ez da ez kontsumitzeko. Badakigu kontsumitu egingo dutela; beraz, kontsumi dezatela arduraz.

Gazteak dira eta oraindik ezin diegu eskatu dena kontrolatzeko erantzukizuna, eta horretarako gaude gu, babesteko eta laguntzeko, jarraipena egiteko.

Kontsumitzen hasten diren adina atzeratzea lortzen badugu, ongi. Lehenbiziko kontsumoak hain konpultsiboak ez izatea lortzen badugu, hobeto. Eguneroko kontsumoa arduratsua baldin bada, ongi. Hori da egin dezakeguna.

Zer lortu duzue urteotako lanarekin?

Alde batetik, programa hau eskolaren barruan sartzea. Inork ez du zalantzan jartzen lantzen jarraitu behar dugunik, barneratuta daukagu.

Beste aldetik, gazteei gai honetaz hitz egiteko aukera ematea, desmitifikatzea eta beraien artean horretaz hitz egiteko gai izatea eta helduongana gerturatzea.

Gu ere, gazteok, kezkatzen gara

Bai Askagintzakoek, bai irakasleek, gazteei hitza eman behar zaiela azpimarratzen dute. Drogei baino garrantzi gehiago eman behar zaie gazteei, beraiek baitira protagonista"Esku-hartzerik txikiena, arreta handienarekin", da leloa.

DBHko 1. mailan erraz hitz egiten omen dute. 2. mailan gero eta zailagoa izan ei da euren iritzia jasotzea. 3. mailan mutu, krisia, ez dira mintzatzen ez gurasoekin, ez irakasleekin. Eta 4. mailan berriz lasai hitz egiten hasten dira.

Lauaizetako 4. DBHkoak hiztunak dira, bai. Inolako trabarik gabe hitz egiten dute drogen kontsumoaz eta euren kezkez. Ongi iruditzen zaie eskolan drogaren gaia lantzea, eta garrantzi handia ematen diote informazioa jasotzeari, ez baitaukate. Oso gustura entzuten dituzte adituen hitzaldiak. Beraiek liburuak hartu eta lantzea baino nahiago dute entzutea. Iaz marihuanari buruzko liburu bat irakurri zuten denen artean. Talde bakoitzak atal bat irakurri zuen eta hari buruzko laburpena egin zuten ondoren. Laburpena egitea, ordea, astuna iruditu zitzaien. Horrelako gaiak modu ludikoagoan, erakargarriagoan eta praktikoagoan landu beharko liratekeela uste dute.

Adituek anekdotak kontatzen omen dituzte euren saioetan, eta hori oso gustuko dute. Gainera, badakite ikastetxe askotan ibiltzen direla, eta interesgarritzat jotzen dute. Edozer gauza galdetzen diete beraie, gurasoei eta irakasleei ez bezala. Haiek konfiantza gehiago ematen diete.

Gelan liburuak erabiltzen dituzte informazioa jasotzeko, baina hori baino nahiago omen lukete drogak gelara ekarri eta zuzenean ikustea. Alkohola, tabakoa eta haxixa ezagutzen dituzte, eta beti horietaz hitz egiten omen da drogak aipatzean. Horiek utzi eta beste drogen inguruan duten jakin-mina asetu nahi dute.

Drogak probatzeko adinean daude, eta beraien artean desberdintasunak daude. Batzuk inoiz ez dira mozkotu, eta beste batzuk bai. Batzuk nahiago dute ez probatu, badaezpada, agian gustatu egingo zaielako. Gurasoen ohiko "txapa" entzuteaz nazkatuta daude, baina aldi berean, badakite kezka daukatelako esaten dietela kontrolatzeko eta edaten badute ere ez pasatzeko.

15-16 urteko gazte hauen iritziz, orain lehenago hasten dira drogak kontsumitzen, eta horrek kezkatu egiten ditu.

Ikasleak eta drogak irakasleen begietatik. Zer iritzi dute irakasleek?

Drogamenpekotasunen Deustuko Institutuak izenburu hori daraman azterketa bat argitaratu zuen iazko uztailean. Maria Teresa Laespadak koordinaturik, ikerketa talde bat aritu zen bere aldamenean: Elisabete Arostegik, Araceli Fernandezek eta Nieves Garcia del Moralek osatua.

Ikerketa lan horretan DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 517 tutorerengana hurbildu ziren droga-menpekotasunaren aurrean ikastetxeetan egiten den prebentzioari buruzko euren iritzia jakin asmoz.

Gai honen inguruan ikastetxea egoera estrategiko batean aurkitzen da. Alde batetik, gazte asko biltzen den lekua delako, eta talde hori delako droga-menpekotasunean erortzeko arriskua duenetako bat. Beste aldetik, gazteak bere osotasunean eta osasuntsu garatzeko aukerak eman ditzakeen erakundea da, horretarako giza baliabideak badituelako eta antolatua dagoelako. Zentzu horretan, eskola barruan gertatzen den sustantzien kontsumoaren aurrean, prenbentzio neurriak hartzea lehentasunezkoa izan behar du ikerketa honen egileen ustez.

Eskola, ordea, ez da instituzio soil bat, irakasleak daude bertan eta horien jokabideak eta zereginak baldintzatzen dute eskolaren funtzionamendua edo eguneroko lana. Gauza jakina da irakaslea ez dela edukien igorle hutsa, baizik eta hezitzailea, eta gazteen heziketa integralean bere erantzukizuna duela. Horien artean dago osasunerako heziketa, eta hor kokatzen da droga menpekotasunen prebentzioa. Gainera, gaur egun eskolak drogen kontsumoaren prebentzioan duen funtzioa mundu mailan errekonozitua dago, gazteengana jarraipen batekin gerturatzea bermatzen duelako. Ondorioz, irakasleak begirada guztien jomugan daude.

Ikastetxeen ikuspegia

Euskal Herriko hainbat ikastetxetan droga-menpekotasunen prebentziorako programak ezarrita dauzkate, batzuek euren kabuz eta beste batzuek prebentzio programak bideratzen dituzten erakundeen bitartez. Beste zenbait zentrotan ikasturtean zehar ekintza puntualak egiten dituzte, batzuetan irakasleek beraiek gidatuta eta beste batzuetan kanpoko norbait etorrita. Kasu bakanak badira ere, zenbaitetan ikastetxeek beraiek egiten dute euren programa propioa.

Irakasleen jarrerak, sinesmenak, espektatibak edo esperientziak drogen kontsumoaren aurrean

Irakasleek batez ere ohikoak diren sustantziak ezagutzen dituzte: tabakoa eta alkohola lehendabizi, kannabisa ondoren, eta hirugarrenik sustantzia estimulatzaileak, bereziki anfetaminak eta speed-a.

Beren ezagutza handiagoa edo txikiagoa izan, ikasleei informatzeko eta prebenitzeko trebeagoak izango dira edo ez. Edonola ere, aipatu sustantziak ez dituzte oso arriskutsutzat jotzen irakasleek, eta beraz, baliteke beren prebentzio lana ez izatea oso alarmista.

Irakasleak jakitun dira ikasleek tabakoa, alkohola eta kannabisa kontsumitzen dituztela. Euren iritziz, alkohola eta tabakoa ohikoak dira Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean, eta zenbait lekutan Lehen Hezkuntzako azken bi urteetan ere bai. Badakite gazteek asteburuetan asko edaten dutela, eta ikasketa bidaietan jabetzen dira horretaz. Zeren bestela, alkohola asteburuetan kontsumitzen denez, eskolako egunerokotasunean ez du eraginik.

Ez da gauza bera gertatzen haxixarekin. Eskola orduetan sartu den sustantzia da, eta horrek kezkatu eta beldurtu egiten ditu irakasleak. Aisialdian kontsumitzetik eskola orduetan eta astegunetan kontsumitzera pasatzeak kezkatu egiten ditu. Irakasle askok esaten du gelan haxixaren eraginpean egoten diren ikasleak edukitzen dituztela, nahiz eta sustantzia eskolan ez kontsumitu. Eta euren iritziz, ikasleen errendimenduan eta portaeran eragiten du.

Bestalde, anfetaminak bezalako estimulatzaileak ez dituztela kontsumitzen uste dute, nahiz eta Droga-menpekotasunen Euskal Azterguneak esan gero eta gazteagoak direla sustantzia horiek kontsumitzen dituztenak.

Irakasleen iritziz, lagunen eta berdinen arteko presioak dira tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa hastera eta mantentzera bultzatzen dutenak. Bestalde, kannabisa kontsumitzen dutenak esperimentatzeko eta norberaren nortasuna bilatzeko egiten dutela uste dute irakasleek, eta beraz, ez dute negatibotzat hartzen esperientzia hori. Beste zenbait kontsumoren inguruan, berriz, jarrera negatiboa dute. Esate baterako, droga ilegalen kontsumitzaleak "arauetatik desbideratutako pertsonak" dira irakasleentzat.

Drogak kontsumitzen dituzten ikasleek zer sentimendu sorrarazten dizkien galdetu ondoren, gehienek kezka eta errukia sentitzen dutela adierazten dute.

Ikasleei laguntzeko garaian, galdeketako irakasleen % 32,3k Prebentzio Zerbitzuak ezagutzen dituela adierazi zuen; gainontzekoek ez. Ezagutzen dutenetatik % 69,4k erabilgarria dela deritzo. Beraz, beharrezkoa da zerbitzu horiek ezagutaraztea.

Zer iritzi dute irakasleek ikasleen droga kontsumoaren inguruan?

Hezitzaileen gehiengoa kontziente da prenbentzio lana egin behar dela; ikasleak hezi egin behar direla droga eta osasun arloan. Baina horretarako prestakuntza behar dute, eta hori, eskola orduz kanpo egiten dute normalean. Ondorioz, eguneroko lanari gehitzen zaion beste zama bat bihurtzen da.

Egungo gizarteko arazo asko eskolan bideratu behar direla esaten da, eta irakasleak gogaituta daude. Kanpoko laguntza gehiago eskatzen dute.

Ikasleek drogak kontsumitzen dituztela ikusten dutenean, irakasle gehienek neurri eta zigor zorrotzak jartzen dituzte, nahiz eta jakin eskolaz kanpo gertatzen dena ezin dutela kontrolatu.

Zigorrak bokazio pedagogikoa du, eta gurasoei jakinarazi ohi zaie. Horien erreakzioa desberdina izan liteke: batzuek ez dute onartzen eta ukatu egiten dute euren semeak edo alabak drogak kontsumitzen dituenik; beste batzuk onartu egiten dute eta eskolatik jasotzen duten informazioa eta laguntza eskertu egiten dute. Hala ere, gurasoek gutxi kolaboratzen dutela kexatzen dira irakasleak.

Zein da irakasleen jarrera eskolako prebentzio programetan inplikatzearen inguruan?

Irakasle gehienek onartzen dute euren lana ez dena edukiak ematea soilik, baina horrek ez du esan nahi gustura daudenik gizarteak bere gain jartzen dituen zeregin guztiekin.

Prebentzio programen aurrean irakasleek jarrera askotarikoak dituzte, denek ez baitute berdin pentsatzen bete behar duten rolaz. 38ko puntuaketa kontuan hartuta, jarrera hauek defendatzen dira: % 29,29k prebentzioaren profesionalizazioa eskolan; % 6, 31k irakaslearen inplikazioa prebentzioan; % 4,6k eszeptizismoa prebentzioaren aurrean; % 4,38k lankidetza premisa gisa eginkizun soziohezitzailean; % 3,9k prebentzioa interesa duten irakasleentzat bakarrik; % 3,24k prebentzioa eskolako eguneroko dinamika gisa; % 3,07k prebentzioa gainahalegin gisa.

Nolakoa da irakasleen prestakuntza?

Ikastetxeetako tutoreen % 60,7k ez du inolako formaziorik jaso droga-menpekotasunen inguruan, eta % 40k nolabaiteko prestakuntza jaso du, baina oso puntuala izan da. Ondorioz, prestakuntza jaso ez dutenez, ez dira inolako programa aurrera eramaten hasten. Hori bai, ordu kopuru finko bateko formazio antolatua jaso dutenek oso positiboa izan dela aitortzen dute.

Zer pentsatzen dute irakasleek alkoholaren eta beste drogen eskolako prebentzioaz? Nork arduratu behar du prebentzioaz eskolan?

Bi iritzi nagusitzen dira galdera honen inguruan: batzuk irakasleen lana dela diote, eta beste batzuek kanpoko adituen esku utzi behar dela. Dena dela, bi gauzak ere egin litezke, irakasleak eta kanpoko adituak elkarlanean aritu, alegia.

Orokorrean, Lanbide Heziketako irakasleak dira adituen esku uztearen alde daudenak. Kontuan hartu behar da adin horietan izaten dela gatazkatsuena drogen kontsumoa. Inolako formaziorik ez duten irakasleak ere adituen esku-hartzearen alde daude. Bestalde, formazioa jaso duten irakasleak euren burua nahiko seguru eta prestatuta ikusten dute gai hori lantzeko.

Prebentzioa erlijioko edo etikako irakaslearen esku uztearen aurka agertzen dira tutore gehienak.

Tutoreek ez dute nahi prebentzio lanaren gidaritza edo lidergoa beren gain hartzerik.

Zein estrategia iruditzen zaizkie baliagarriak eta beharrezkoak?

Prebentzioa ez da informazioarekin bukatzen. Irakasleek uste dute drogen arriskuei eta ondorioei buruzko hitzaldiak ez direla nahikoa ikasleen eta gizartearen ohiturak aldatzeko. Eskolako prebentzioa zehar lerroen bidez landu behar dela pentsatzen dute. Zailena, noski, hori praktikan jartzea da, irakasleen arteko koordinazioa, prestakuntza, denbora... eskatzen baititu. Gainera, ez da interes handirik ikusten prebentzio programa proiektu kurrikularrean sartzeko.

Zein neurriri ematen die garrantzia irakasleek?

- Prebentzio lana egiteko beharrezkoak dituzten tresnak edukitzeari.

- Adituen presentziari.

- Balioetan hezteari eta erantzukizunez jokatzen irakasteari. Erantzule izaten, norberak bere kabuz erabakitzen eta beren ekintzen ondorioak neurtzen erakutsi behar zaie, hots, pertsona bezala garatzen.

- Kontzientziazio sozialari, bai familien eta bai hezitzaileen aldetik.

- Ohitura onak promozionatzeari.

- Drogen inguruko informazio gehiago emateari.

-

Gelan lantzen al da alkoholaren eta beste drogen kontsumoaren gaia?

Inkesta erantzun dutenen hiru laurdenak baietz dio, prebentzioa lantzen dutela. Horietako % 78k noizean behin lantzen du eta % 22k sistematikoki. Azken horien artean gehienak DBHko tutoreak, psikologoak, esperientzia duten irakasleak eta, batez ere, prestakuntza dutenak dira.

Hitz goxoak dauden bezalaxe, hitz gogorrak ere badaude, eta horietako bat da droga. Ahoskera zein esanahia, biak ditu gogorrak, indartsuak. Eta horri loturik, bakoitzari beste hitz sorta bat etortzen zaio burura: drogak, arriskua, beldurra, kontsumoa, ihesa, plazera, debekua, gazteak, prebentzioa, legaltasuna, lagunak, menpekotasuna, askatasuna, tabua, "trapitxeoa", iluntasuna... Eta horiek denak norberaren emozioei, bizipenei eta daukan informazioari lotuta daude. Horregatik, iritziak ere askotarikoak dira.

Gutxiago edo gehiago, denok ukitzen gaituen errealitatea da. Hurrengo orrialdeetan irakasleen, gazteen, gurasoen eta droga-menpekotasunen prebentzioan lan egiten duten adituen iritziak bildu ditugu. Drogei baino garrantzia gehiago eman nahi izan diegu beraiek esateko dituztenei, askoz ere eraikitzaileagoa baita.

Nola lantzen dute prebentzioa? Zein metodologia erabiltzen dute ?

% 49k beren kabuz egiten du, % 46k zentroko programa batean oinarrituta, eta % 15ak kanpoko adituekin.

Prebentzioaren muina formazio bidea da, balioetan heztea, eta ez ikasleak drogen arriskuarekin ikaratzea.

Zein emaitza ematen dituzte prebentzio esku-hartzeek?

Tutoreen % 57 zuhur agertzen da, ez positibo eta ez negatibo; % 40k positibotzat jotzen du, eta % 3k negatibotzat.

Edonola ere, irakasleen hiru laurdena prebentzioa lantzen jarraitzeko prest agertzen da.

Zein dira ondorio nagusiak?

- Irakasleen formazioa. Bai gurasoak eta bai agintari politikoak kontziente baldin badira gazteen droga kontsumoaren arazoari heldu egin behar zaiola, agian irakasle batzuk liberatu egin beharko lirateke prestakuntza jaso ahal izateko. Horrela, adituen beharrik gabe, ikastetxean bertan egongo lirateke adituak. Horrek ez du esan nahi adituen beharrik egongo ez litzatekeenik, baizik eta gaiari zor zaion seriotasuna emango litzaiokeela.

- Beharrezkoa da irakasleek prestakuntza egokia jasotzea beren lana egiteko. Inori ez zaio burutik pasatzen Heziketa Fisikoko irakasleak Matematikako eskolak eman ditzakeenik prestatu gabe. Gauza bera esan liteke tutoreaz: ezin da pentsatu arazo guztiak berak soluzionatu behar dituenik, diziplina faltatik hasi eta drogen kontsumora arte.

- Drogen kontsumoa saihesteko zein neurri hartuko lituzketen galdetuta, eskolako prebentzioa bosgarren postuan jartzen dute irakasleek. Horri baino garrantzi gehiago ematen diote balioetan hezteari, kontzientzia sozialari, ohitura onak bultzatzeari edo drogei buruzko informazioa gehitzeari. Nahiko etsigarria da irakasleek beraiek hain garrantzi gutxi ematea eskolako prebentzioari, baina horren arrazoia prestakuntza falta izan liteke. Irakasleak ez daude oso gustura prebentzio lanek ematen dituzten emaitzekin, nahiz eta jarraitzeko prest egon. Beraz, irakasleak seguruago eta gaituago sentiarazten dituena formazioa izanik, zer hobe prebentzioan prestatzeko aukera ematea baino.

-

Zinema: prebentzio tresna baliagarria

Zinema, pelikula... gaiaren arabera tresna egokia izan liteke droga-menpekotasunen prebentzioa lantzeko. Istorioek eta irudiek gauza asko konta ditzakete, eta horren gainean hausnartzeko bidea irekitzen dute.

Baliabide horren abantailak aprobetxatzeko aukera ematen du Irudi Biziak elkarteak. Eskolan lantzen diren gaiak eta zinea uztartzen ditu Zineskola programaren bitartez. Estreinatu berriak diren filmak proiektatzen dituzte, eta ondoren, horrekin lotutako gaiak lantzeko programa didaktikoak. eskaini: batetik, ikasleei zuzendutako didaktika unitatea, eta bestetik, irakasleentzako gida didaktikoa.