Psikomotrizitatea

2005-07-01

Mugitu, jolastu, pentsatu, berraseguratu.

 
 

Haurrak aprendizaia garatu ahal izateko bere mugimenduaren, hau da, bere ekintzaren errepresentazio mentalaz jabetu beharra dauka. Pentsamendura iristeko, aurrez, ekintza hori mugimenduan barneratutakoa izatea ezinbestekoa da irudiak sortzeko, eta ondoren horiek izango dira irudikatuko dituenak, mundu sinbolikoa osatuko dutenak.

Haurrak bere garapenean, bere heldutasun prozesuan, eboluzio logikoa jarraitzen du dakarren potentzialtasunaren arabera. Jakina da, heldutasun neurologikoa, psikologikoa eta kognitiboa batera doazela baldin eta dena normaltasunez badoa hazte prozesuan. Ezin dugu ahaztu jaiotzatik hainbat eta hainbat hilabetetan aurrera, bere heldutasun ezak haurra menpeko izatera lotua daukala, bestea behar duela biziko bada. Heldutasun falta horregatik "angustiak" sortzen dira. Angustia, berez, garapen ebolutiboan sortzen den egoera normala da baina, hori bai, baretzen joan dadin eustea eta sostengua behar du.
Hasiera-hasieratik haurraren bizipenak sentsoremotoreak eta emozionalak dira. Bere beharrei besteak erantzuten dienean, hark erabilitako modua, tonua, afektua jasotzen du eta hori guztia haurraren gorputzean, bere osotasunean inskribatzen da. "Haurra gizaki heldugabea, oso menpekoa eta esperientziak eduki eta batzen dituena da" (D. W. Winnicott). Dena ondo badoa, "angustiek" sortutako tentsio egoerak baretu egingo dira, distentsio horretan fisikoki zein psikologikoki plazerak eta ongizate bizipenak hartuz lekua, bere beharrak beteta sentitzen dituelako. Hori horrela ez denean, "angustiak" areagotu egin daitezke (beti bizipen indibidualaren arabera) desplazerak sortutako tentsioak gorputza uzkurtzera eraman dezakeelako. Esan daiteke "angustien" intentsitatean datzala aurrerantzean heldutasun prozesuan azaltzen diren zenbait zailtasunen sorrera ulertzea.
Gorputza da, halaber, arlo kognitiboan sustraiak errotzeko bitartekaria, den-dena gorputzetik igarotzen delako: oinarrizko premiak betetzetik hasita (jana, loa, zaintzak...), komunikazio sistema bera ere hartuz (irribarrea, negarra, bokalizazioak, mugimendu motrizak...), poliki-poliki autonomiaranzko gaitasunak garatzen hasten deneraino (lau hankatan mugitu, zutitzen hasi, oinez ibili, gauzak hartu, bota, manipulatu...).
Horregatik esaten dugu egoera konkretutan bizipenak edukitzea eta ekintzaren egile aktiboa izatea dela aprendizaia, esperimentatutako bizipenetatik sortutakoa irudikatu ahal izateko. "Jolasean, ekintza aurrenekoa da, piztu egiten du errepresentazioa, horretarako erabakigarria da" (E. Wallon, P. Janet).
Baina hori guztia gerta dadin, beste norbaitek egon behar du hor, batetik haurrak dituen beharrak betetzeko, eta bestetik egiten duenari esangura emateko, errekonozitzeko munduaren aurrean, errealitatea aurkezteko.
Mugimenduan eta jolasean ikusiko dugu haurra bere gaitasunak erakusten, baita bere "angustiak" adierazten eta horiek baretzeko ahaleginak egiten ere. Haurrak ekintza aurkezten digu berak izan dituen bizipenak komunikatzeko modutzat, komunikatzea hil ala biziko beharra baita pertsona gisa existitzeko. Zenbait ekintza behin eta berriz errepikatuko ditu bere existentziaren jarraikortasuna berraseguratzeko, bere osotasunean errekonozitua sentitzeko, bere izatean, bere konpetentziekin eta baita zailtasunekin ere. "Jarraikortasun sentimendua edukitzeak agerian jartzen du baduela norberak funtzionaltasuna, irekia sentitzen dela norbere izatean, besteekin konpartitzeko prestu" (B. Aucouturier).
Haurrak mugitzen eta jolasten sentitzen du plazera, eta horrek guztiak berraseguratze funtzioa betetzen du, ikasteko behar den lasaitasun psikologikoa lortu arte. Orduan egongo da prest eskola ekintza bere egiteko: ipuinak entzuteko, sentitzen duena hitzetan jartzeko, bestearekin komunikatzeko, arlo instrumentalak garatzeko... Hori horrela pentsamendua plazerez betetako ekintzan bihurtu ahal izango du, aprendizaian sortzailea sentituko baita.
Horretara iristeko urte batzuk pasatu behar dute haurraren hazte prozesuan. Prozesuak ezin dira aurreratu, beraien eboluzio propioa daramatelako, baina hezkuntzan haurrekin elkarreragiten dugun helduon esku dago, neurri handi batean, ibilbide hori erarik orekatuenean eta harmoniatsuenean egiten laguntzea.