Gaztetxoen umore kolpea

2006-01-01
 
 

- Su sara bertsolaritxa?

Karrera bukatu berri, ikastetxe ezezagun, haur pila... ez da egoera egokiena erantzun egokia bilatzeko. Esplikaiozu oraindik ere “ni bertsolaria naiz” errateak ikara eta errespetua sortzen digula zenbaiti, bertsolaritza zarela errateko moduan! Baina zuzentzen hastea ere... Denboraren joanak eta ikasturteen etorriak akats horietaz irri egiten ere erakutsi dit. Zerbait badaki behintzat! Eta aintzinera. Ikastaro bateko irakasleak behin aski ongi erran zuen bezala:
- Eskuartean duguna, izan duen inguru eta baldintzetan bilaka zitekeen subjekturik onena da.
Ez zen preseski Iruñerriko soziolinguistikaz ari; ez eta nafar gobernuaren hizkuntza politikaz. Sexualitatearen ingurukoa zen ikastaroa, Madrilen geunden. Baina bikotekidea jotzen duenari aplikagarri izateko zailtasunak ematen dituen esaldia izan arren, guztiz egokia da gure lanerako. Batzutan ez da errexa bertsoa bezalako tresna bat esku artean, esku-hartzea egitea. Noski, Goizuetan errexagoa Berriozarren baino. Baina non bizi dira Nafarroako euskal hiztun gehienak? Iruñerrian noski! Beraz, hartu kotxea eta bertsoak (dagokion oinarri pedagogikoekin e? Ostatuetan oraindik ere sartzen gara baina atera ere egin ginen) eta taldez talde. Helburu nagusia euskararekin jolas egitea, ongi pasatzea, euskaraz irri egitea. Ergatiboa ongi egin dezaten oinarrizkoa baita ongi egin nahi izatea eta gure esku dago motibazio horren kudeaketa. Euskararen aldeko jarrera izan badute gehienek. Gure esku zati haundi bat dago, izan daiteke material bera, taldearen ezaugarri beretsuak baina... Hezkuntzan baina asko daude. Bertso xorta bat, adibidez doinuagatik interesgarria baina... Zuk ere tontoarena eginez abesten baduzu taldea poltsikoratzeko arriskua. Hori bai, eraginkorragoa da astean 50 minutuko klase motibagarri bat ematea, egunean 5 ordutan tontoarena egiten pasatzea baino.
Batzutan harritu egiten zaituzte gaztetxoek; edo bertzela ez erran umore kolpe izugarria ez denik oraintsu pasatutako hau: Antsoaingo Ezkaba ikastetxean, errima jolas bat egiten ari ginen:
- Klasea bitan banatuko dugu, erdiek onarekin errimatzen duten hitzak botatzen joan behar duzue eta bertze erdiek unarekin. Gogoratu behiaren soinua nola den e? (n eta m hoskideak direla gogoratzeko behiaren mmmmnnnna erabiltzen baitugu, bere marrazkitxo eta guzti).
Hor ari gara ba, batzuek Pamplona, Maradona edo Madona (pertsona edo sakona baino errexago etortzen zaizkie horrelakoak, entzun ere gehiagotan eginen zituzten) eta bertzeak gutuna, laguna eta kuttuna. 10-15 hitz bota ondoren errekurtsoak agortzear, pistak ematen hasten zara:
- Eskaleak bere txapelera botatzea
nahi duena?
- TXANPONA!!!
- Hagitz ongi! Zer da Andoni Egaña?
(iazko abenduaren 18az geroztik)
- Burusoila!! (gutxienez bertze 4
urtez) •