Igo zaitez WebQuest-aren trenera!

2006-01-01
Bizi garen Informazioaren gizarte honetan gero eta gehiago sartu dira Internet eta Teknologia Berriak gure etxeetan.
Hegazkineko txartelak erosi, bankuetako eragiketak eta supermerkatuko erosketak egin, zergak ordaindu… gure etxetik botoi bat sakatuz egin ditzakegun gauzak dira. Urte gutxi barru ohiko gauzak izango direlakoan gaude.
Eskolak ez du gelditu behar aurrerapen teknologiko horietatik kanpo. Irakasleok gure ikasleak datozen berrikuntza horietarako prestatzen ahalegindu behar dugu. Baina nola? Nondik hasi?
Artikulu honetan Internet eta Teknologia Berriak eskolan txertatzeko ditugun asmoei begiratu bat emango diegu lehendabizi. Eta ondoren, WebQuest-ei buruz arituko gara. Teknologia Berrietan oinarritutako tresna didaktiko bat da, erraz erabil daitekeena edozein mailatako ikasleekin. Ezagutzea merezi duela uste dugu.

 
 
Aurrean ditugun demak
Eskoletan Teknologia Berrien erabilera errazteko hiru baldintza bete beharko lirateke: ordenagailu egokiak eta Interneterako konexio azkarrak; irakasleen prestakuntza eta irakas-praktika berritzeko gogoa.
Lehenengo puntua administrazioari dagokio: Euskal Autonomia Erkidegoan Administrazioak “Premia Proiektua” abian jarri zuen 2000-03 hirurtekoan sare publikoko ikastetxeak azpiegitura eta baliabide informatiko hauekin hornitzeko:
- Ikastetxeetan, tokian tokiko sarea
- Hornidura informatikoa
- Interneterako eta saileko intraneterako banda zabaleko konexioa
Hurrengo pauso modura, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak 2003-2006 aldian, laguntza zerbitzuen eta ikastetxeen jarduera gidatuko duten ildoak finkatu ditu. Besteak beste:
- Zientziak irakatsi eta ikasteko prozesuan IKTen garapena eta ezarpena sustatzea, beharrezkoa den hornidura eta aholkularitza eskainiz.
- Ikastetxeetan IKTen erabilera normalizatua erraztea, bai ikuspegi didaktikotik, bai kudeaketa arloan, edo zentroen baitako informazioa eta komunikazioa hobetzeko.
Ikusten denez, Hezkuntza Saila ahalegin handia ari da egiten azken urteotan. Hala ere, prestakuntza ikastaroak irakasle guztiengana heltzeko ahaleginak egin beharko liratekeela uste dugu, formatu askotako jarduerak antolatuz, ordutegi barruan, orduz kanpo, zenbait liberazio mota eskainiz (ordukakoak, egun osokoak…) ahalik eta irakasle gehienek parte har dezaten.
Bigarren puntuan, prestakuntzan, Berritzeguneek parte-hartze handia dute: gure ustez, oraingo prozesu honetan garrantzitsuena ez da azpiegitura dotazioa eta baliabide teknologikoak (ordenagailua, multimedia...) geletan sartzea, baizik eta berriztapen programak sortzea eta Teknologia Berriak eguneroko praktikan txertatzea beste edozein tresna bezala, errutina bihurtu arte. Horretarako, Berritzeguneetako IKTetako aholkularitzaren lanak garrantzi handia hartu du orain arte antolatu diren ikastaroak eta sortzen ari diren materialak zabaltzeko orduan. Horien artean, Araban, esaterako:
- Elkarren arteko proiektuak
- Hezkuntza web orriak
- Prentsa tailer digitala
- Premia mintegia
- IKT gelan
Hirugarren puntua, hau da, irakas-praktika berritzeko gogoa, irakasleoi dagokigu: IKTak gelan sartzea ez da lan erraza. Eskola gizartean sortzen diren eskaeren atzetik doa, eta sortzen diren arazo eta behar guztiei erantzutea eskatzen zaio.
Askotan, irakasleon aldetik, berrikuntzarako oztopoak egoten dira, hala nola, kontrola galtzeko beldurra, teknologia berriak erabiltzeko trebetasun falta edo irakaslearen rola errealitate berrira egokitzeko zailtasuna. Horrez gain, abiadura handian aldatuz doan mundu bat denez, gelan sartzeak dituen aukerez eta ondorioez hausnarketa egiteko denborarik ez digu ematen.
Hala eta guztiz ere, informatika eta ordenagailuak erabiltzen dituztenek abantailak ere ikusten dizkiote, eta gustura daude. Ondoriorik nabarmenena motibazioa da. Ikasleak gogo handiz egoten dira, jarduera bizia, aktiboa eta entretenigarria da, desberdina, eta hori lortzea ez da gutxi.
Beraz, beldur horiei aurre egin behar genieke eta teknologiak gure praktikan integratzen saiatu behar genuke. Ildo horretatik doa gaurko gure proposamena: WebQuest-aren erabilera curriculumeko gaiak lantzeko.

WebQuest-aren erabilera didaktikoa: eredu baten azterketa

Sarean tresna didaktiko interesgarri honi buruzko informazioa ugari egon arren, irakasleen artean oso tresna ezezaguna delakoan gaude.
Web Quest kontzeptua Bernie Dodget-ek proposatu zuen 1995ean. Honela defini daiteke:
WebQuest-ak Internet bidezko aurkikuntza gidatuko jarduerak dira, ikaslea bera kontuan hartzen dutenak. Lan kooperatiboa bultzatzen dute, eta pertsona bakoitzak lanaren zati baten ardura du. Gaitasun kognitiboak erabiltzera behartzen gaitu, gaitasun kritikoa landuz eta ikerkuntza sustatuz.
Gainera, oso formatu egitaratua duenez, erabilera errazten du eta sortzeko ere aldez aurretik prestatuta dauden txantiloiak erabiltzeko aukera ematen du. Honako atal hauek ditu:

EGITURA1:

Sarrera: bi helburu dira nagusi atal honetan:
a) Ikaslea topatuko duenaz orientatzea.
b) Motibatzea eta jarduera atsegina, dibertigarria, erakargarria egitea.
Eginbeharra: atal honetan, lana bukatu ondoren zer egin behar duen esaten zaio ikasleari edo ikasle taldeari; web gune bat, Power Point aurkezpen bat, word dokumentu bat, besteen aurrean emateko ahozko hitzaldia, kontaketa...
Garabidea: lana bukatzeko ikasleak egin behar dituen pausoak azalduko dira: ariketak, antolamendua, lanak. Azalpenak argia eta zehatza izan behar du, gehiegi luzatu gabe.
Baliabideak: irakasleak berak aztertutako eta aukeratutako tokiak emango ditu, ikasleak nabigazio zuzena egiteko eta ez galtzeko. Baliabideek ez dute zertan egon sarera mugatuta.
Ebaluazioa: ikasleen adinaren arabera eta jarduera motaren arabera, baloratuko denaren deskripzio bat egingo da: nola baloratuko den bakarkako lana, taldeko lana, partaidetza, aurkezpena.…
Ondorioa: esperientzia laburtuko da: zer ikasi dugun, zer dakigun orain lehen ez genekiena; eztabaida bat sor daiteke gelan… “Edergarri” bat jarriko zaio egindako lanari.

Gida didaktikoa: irakaslearentzat idatzita dago. Bertan agertzen da aurrera egin ahal izateko beharrezkoa den informazio guztia.

Kredituak: egilearen datuak eta izan dituen laguntzaileenak (izan baditu) sartzen dira. Lantalde batean sortua izan bada, lantaldearen izena. Informazio garrantzitsuena nondik atera den ere aipatzen da (CD-ROM batetik, Interneteko helbide batetik…).
Gure ustez, WebQuest-ak aproposak dira irakaskuntzako maila guztietako curriculumean txertatzeko, nahiz eta haur txikiekin oztopo gehiago izan etapak berak dituen ezaugarriengatik. Hala ere, merezi duela uste dugunez, hemendik aurrera WebQuest-ak Haur Hezkuntzan izan dezakeen balioa erakusten saiatuko gara.
WebQuest bat zer den hobeto ikusteko, hurrengo puntuan Haur Hezkuntzarako adibide praktiko bat aztertuko dugu atalez atal, berezitasunak nabarmenduz.
Etxe-abereak gure lagunak WebQuest-a
INDEX: lehenengo pantaila honetan aurkezpena eta menu nagusia agertzen zaizkigu. Web Quest-aren zenbait ataletara joateko aukera ematen digu.
SARRERA: landuko den gaia aurkezten zaie, beren burua kokatzen laguntzeko eta gaiari buruz dituzten ezagupenak aktibatzeko. Pantaila honetan bukaerako lana zein izango den proposatzen zaie.
LANA: atal honetan irakasleak azaltzen die lana noiz, nola eta non eramango den aurrera. Ikusten denez, proposatzen zaien lana gelako dinamikarekin eta une horretan lantzen ari diren unitate didaktikoarekin zeharo lotua agertzen da.

GARAPENA: ikusten denez, lanak jarraituko duen prozesua ariketaz ariketa zehazten da. Kasu honetan, ikasleak izango dira protagonistak, beraiei baitagokie zenbait ariketatan eskatzen zaiena burutzea, betiere irakaslearen laguntzaz.

WebQuest honetan zazpi ariketa egin beharko dituzte. Guk, espazio kontuak direla eta, horietatik bi baino ez ditugu ekarriko hona, baina puntu honen bukaeran agertzen den WebQuest honen helbidera jo eta arakatzen jarrai dezazuen animatzen zaituztegu.
Atal honetan, WebQuest-arekin lotuta, Internet eta beste programa batzuk (Power Point) erabiltzen hasten da. Kasu honetan, ez zuzenki informazioa bilatzen, baizik eta proposatutako helburuak lortzeko beste lan mota batzuk eginez; hala nola, jokoak eta eskulanak.
Interneten informazioa bilatzeko adin honetako ikasleek izan dezaketen zailtasuna dela-eta, WebQuest honen egileak arazo hori gainditzeko ondorengo pantailan ikus ditzakegun “dokumentalak” sartu ditu, etxe-abereei buruzko ikus-entzunezko informazioa eskaintzeko. Haurren lana interesatzen zaien animaliaren pantaila aukeratzea eta entzuten duten informazioaz jabetzea izango da, aurrerago beren liburuxka osatu ahal izateko.
EBALUAZIOA: irudian ikusten denez, ebaluazioa kasu honetan irakasleak egiten du, behaketa zuzenaren bitartez, nahiz eta arestian aipatu bezala, adinaren arabera zenbait jarduera mota egin daitezkeen.
ONDORIOAK: azken jarduera komuna da, eta bertan, elkarrizketa baten bidez haur bakoitzak bat-batean aipatuko du lanaren prozesua nolakoa izan den eta zer ikasi duen, gustura ibili den edo ez… Beheko irudian ikusten ez den arren, lana irakaslearen proposamen batekin bukatzen da: egindako liburuxka inprimatzea gelako liburutegian nahi dutenean begiratu eta “ irakurri” ahal izateko.
GIDA DIDAKTIKOA: edozein WebQuest lantzen hasi baino lehen, uste dugu komenigarria litzatekeela gida arretaz irakurtzea, era horretan, zenbait informazio orokor jaso ahal izango baita: irakaslearentzako orientabideak, WebQuest-aren helburu didaktikoak, laguntzako irakaslearen beharra, informatika gela erabiltzeko arauak, nori zuzenduta dagoen, denboralizazioa, ikasleen eta espazioaren antolaketa, eta behean agertzen den bezala egin behar dituzten ariketak eta haien berezitasunak.
BALIABIDEAK: irakasleak erabili dituen web helbideak eta lana gauzatzeko beharrezkoak diren informatikako tresnak agertzen dira.
Adibide honekin WebQuest bat zer den eta nola egin daitekeen argiago ikusiko dela espero dugu.
Gure ustez, WebQuest bat egiteko garrantzitsuena ez da informatikaz asko jakitea, baizik eta buruan edukitzea zer helburu lortu nahi dugun haurrekin. Horrez gain, era argi eta erakargarrian azaldu behar zaie haurrei nola gauzatuko duten prestatutako lana.
WebQuest-ak aurkikuntza bidezko estrategia erabiltzen du. Ikasleek Interneten nabigatzeko gaitasuna gara dezaten sortua da, zenbait iturritatik datuak jasoz eta aukeratuz pentsamendu kritikoa garatzea du helburu.
Ikaskuntza konstruktibistan oinarrituta, proiektuen bidezko irakaskuntza bultzatzen duela iruditzen zaigu. Lan egiteko talde txikitan antolatu behar dute, eta ikerlan horren bukaerako emaitza, aldez aurretik zehaztutako eginkizuna, ahoz zein idatziz, paperean zein formatu digitalean izan beharko du.
Aztertu dugun WebQuest hau honako helbide honetan aurki dezakezue:
http://www.proarabatic.org/webquest/seminario/seminario04_05/Gure%20lagunak/index.htm

Web helbideak

Gai honetan gehiago sakontzeko hona hemen helbide interesgarri batzuk:
- WebQuest bat WebQuest-ari buruzkoa:
http://www.juntadeandalucia.es/averroes/iespuertadeandalucia/IntroduccionWQ/Un%20WebQuest%20sobre%20WebQuests.htm
- Arabako Berritzeguneko atari bat, oso interesgarria:
http://www.proarabatic.org/webquest/WebQuest_eusk/indexeus.htm
- Francisco Muñoz de la Peña Extremadurako irakasleak prestatutako web orria. Bertan, “1, 2, 3 tu WebQuest” atalean WebQuest-ak “on-line” sortzeko laguntza aurki dezakezu.
http://www.aula21.net/
- EAEko Berritzeguneen tokia:
http://www.berrikuntza.net/users/b01ikt/webquest/
- Kolonbiar gunea, WebQuest-ei buruzko atal zabala du.
http://www.eduteka.org/webquest.php3
- Euskaraz WQei buruzko informazioa eta hainbat eredu dituena
http://www.elkarrekin.net/Proposamenak/Index.htm
- La Laguna Unibertsitateko Manuel Area Moreira irakaslearen web orria. Bertan WebQuest bat sortzeko prozesua azaltzen da.
http://webpages.ull.es/users/manarea/webquest/creacion.htm
- Kataluniako WebQuest ataria:
http://www.webquestcat.org/
- WebQuest-ari buruzko monografikoa sarean:
http://www.quadernsdigitals.net/index.php?accionMenu=hemeroteca.VisualizaNumeroRevistaIU.visualiza&numeroRevista_id=527

Ondorio gisa

Lehen aipatu dugun moduan, gaur egun irakaslearen prestakuntzarako hainbat ikastaro eta mintegi interesgarri antolatzen dira, bai Garatu Planaren bidez eta baita Berritzeguneetan ere. Gure esperientziak esaten digu egin behar den ahalegina ez dela handia eta apustua egitea merezi duela.
Gure ustez, berrikuntzarako tresna baliagarria izateaz gain, gure hizkuntza errealitatean aurrerapauso handiak egiteko lagungarri izan daiteke. Denok dakigu euskaraz materialak ekoizteko zailtasunak izan badirela, merkatua txikia baita. Irakasle bakoitzak euskaraz WebQuest bana sortuko balu, laster gure hizkuntza eta beharretara egokitutako bilduma ederra izango genuke. •