Ikasmahai digitala, Barakaldoko ikasleen asmakuntza. Elhuyarren

2006-01-01
Asmatzaile gazteentzako lehiaketa da Elhuyarren “Teknoskopioa”, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzendua. Talde txikietan lantzeko, aurtengo gaia honako hau izan da: Ingurune Adimena. Ikertzaileak zirela pentsatu behar zuten eta, denbora askoan ikertu ostean, gizartearentzat aurrerapauso handia den aurkikuntza bat egin zutela. Aurkikuntza horren berri, aurkezpen baten bidez eman behar zuten biltzar baten aurrean.
Saria Barakaldoko El Regato ikastetxeko laukote batek jaso du. Batxilergoko 1. mailan daude, eta Teknologia eta Ingurumena ikasgaian landu dute asmakuntza: “ikasmahai digitala”, ikasleei motxila astunen zama arinduko dien pantaila elektronikoa.

 
 

Zer asmatuko pentsatzen jarrita, laukote honek galdera bat egin zion bere buruari: “zer egin genezake, gure ikastetxeko bizimodua errazteko?”. Eta ikasle zein irakasleen eguneroko arazoetan erreparatu zuten hala: egunero zortzi libururekin atzera-aurrera ibili beharra, lanak etxean ahaztu dituzula, koadernoa eskolan utzi zenuela atzo, gurasoentzako oharra “bidean galdu” zaizula... Gelako ikasmahaia eta etxea lotu behar ziren, beraz. Bilboko metroan ukipen pantailak ikusi, eta argi ikusi zuten: ikasmahai digitala sortuko zuten.

Ikasmahai digitala konektatuta dago etxeko ordenagailura, ikastetxeko zerbitzarira nahiz akademiako ordenagailura. Gelako arbela ere digitala izango litzateke, eta bertan idazten den guztia zuzenean ikasleen ikasmahaietan agertuko litzateke. Beraz, gelan egiten duzun dena gero etxetik zein akademiatik zabal zenezake, baita edozein liburu edo testu ere (material guztia formatu digitalean egongo litzateke, noski). Garikoitz Alvarez irakasleak dioenez, “asmoa poltsikoan soilik boligrafo optikoa eraman behar izatea da. Eta motxila ogitartekoa eramateko izan dadila!”. Irakasleek eta gurasoek ere komunikazio zuzenagoa izatea erraztuko luke.

Ideia aplikagarria

Epaimahaiak saria emateko honako ezaugarriok nabarmendu ditu: ideiaren aplikagarritasuna (aplikazio funtzionala eta interesgarria du), punta-puntako hainbat teknologia modu konbinatuan eta egoki erabili izana, eta aurkezpenean arrazoibide logikoa eta sinesgarria izatea.
Laukotearen esanetan, zailena ideia guztiak bildu eta proiektu bakar batean gorpuztea izan da. Horretarako, gaurko teknologia anitzetara jo behar izan dute. Behin lan hori eginda, aurkezpena prestatzea lan erraza izan omen da eurentzat.
Ideiaren aplikagarritasuna azpimarratu du epaimahaiak. Ez da zientzia fikzioa. Izatez, eguneroko arazo errealetan oinarritu dira ikasleak, eta egungo puntako teknologia egoki konbinatuz erantzuna eman diete arazoei. Pentsatzekoa da, beraz, urte gutxiren buruan halako idazmahaiak merkatuan izango direla. Pena bakarra dute: ideia ez patentatu izana.

Teknologia ikasgairako akuilu

Era honetako asmakuntza lehiaketak aukera ezin hobeak dira, ikasgai bateko lana proiektu sortzaile batean oinarritzeko. Hala azaldu digu Garikoitz Alvarez irakasleak: “Halako sariketak oso onak dira ikasleek pentsa dezaten eta bihar bertan erabiliko dugun teknologian oinarrituta lan egin dezaten. Prestatu egiten dituzu 5 urte barru aurkituko duten teknologia hori hobeto ulertzeko, eta parametro horietan pentsatzen jartzen dituzu, talde lanean gainera”.
Aurten 7 lan aurkeztu dira “Teknoskopioa” sariketara, eta epaimahaiak lanak izan omen ditu onena aukeratzen, denek betetzen zituztelako oinarrizko irizpideak. Datorren ikasturterako ere, horra sariketa polit bat ikasgelako lana sormenezko proiektuan oinarritu nahi duenarentzat. •

Ikasmahai digitala
· Ikasmahaia: ukipen pantaila bat, eta boligrafo optikoa.
Pantaila elektroniko horren ertz batean ordutegia; bestean arbela, irakasleak idazten duena denengana heltzeko. Pantaila erdian liburu-orria, zauden ikasgaiko ordutegiarekin konektatuta, eta alboan koaderno-orri bat, zure apunteak hartzeko boligrafo optikoarekin.
· Etxeko, ikastetxeko zein akademiako ordenagailuei konektatuta. Ikasmahaian jasotako lanak, oharrak, informazio guztia etxeko ordenagailutik ireki zenezake, edo akademiatik. Irakasleak eta ikastetxeak ere zuzenean bidali ahal izango dizkie oharrak eta azterketen emaitzak gurasoei. Hala, ikasleek ez dute motxilarekin atzera-aurrera ibili beharrik, eta gurasoentzako oharrak ere ez dira “bidean galduko”.
· Puntako teknologia. Egungo teknologia berriak biltzen dira ikasmahaian (WIFI sistema, internet, intranet, polimeroak, ukipen pantaila...). Energia berriztagarrietan eta kontsumo baxuko elektronikan oinarritu dute dena.
· Asmakuntzaren sortzaileak: Paula Arana, Asier De Diego, Jone Miren Miguel eta Amaia Santamaria. Laguntzaile izan duten Teknologia eta Ingurumeneko irakaslea: Garikoitz Alvarez.