Kronika

2006-01-01
 
 

Euskararen Eguna ospatuz, abendua festa giroan hasi zen, eta bukatu ere bai.

Abenduren 3an BIGEk 12 ordu euskaraz ekimena antolatu zuen Bilbon eta hainbat ekitaldirekin ospatu zuten eguna. Antolatzaileen esanetan, asmoa garbia izan zen: haurrei eta haien gurasoei euskaraz bizitzea posible dela erakustea. BIGEkoak arduratuta daude haur askorentzat euskara lau hormen barruan gelditzen den irakasgai bat baino ez delako. Mugak horiek hautsi nahi dituzte. Ekimen honetako ekitaldiek euskarazko produkzioa handia eta kalitate handikoa dela erakusteko balio izan zuten.

Abenduaren 22an, bestalde, Iruñea hartu zuen festa giroak. Sortzen-Ikasbatuaz eta LAB sindikatuak besta antolatu zuten Nafarroako Gobernuak prestatu dituen aurrekontuak salatzeko.

Hizkuntz ereduen sistema 2007rako aldatu beharko du Jaurlaritzak

Abenduaren hasieran eztabaidatu zuten Eusko Legebiltzarrean gaur egun EAEko hezkuntza sisteman dagoen hizkuntz eredua, eta 2007. urteko otsaila baino lehen egungo sistema gainditzeko beharrezko lege egokitzapenak aurkeztu beharko ditu Hezkuntza Sailak.

Iazko ikasturte amaieran ezagutzera eman ziren datuen arabera, ikasle askok ez dute euskarazko beharrezko trebetasunik lortzen. Horrexegatik, egungo eredua gainditzeko beharra agerikoa da.
Ezker Abertzaleak (EAB) eraman zuen gaia Eusko Legebiltzarrera eta “egitura konponbidea” eskatu zuen. Haatik, proposamena ez zen bere horretan onartu. Jatorrizko testuan eta Hirukoak egindako zuzenketetan oinarrituta, erdibideko proposamena izan zen onartu zena. PPk ez beste guztiek onartu zuten, eta gainera, PSE-EE proposamenaren alde agertzea ere gaizki ikusi zuen alderdi horrek, euren ustez “euskarak ez baitu bazterketarik jasaten”.
PSE-EEk, berriz, PPk “ez duela ezertan aurrera egiten” erantzun zion, eta dena “nahasten” ari dela.
EAk pozez hartu zuen PSE-EEren aldeko jarrera hori, eta EB-Berdeak-ek ere taldeen arteko akordio zabala txalotu zuen. Aralarrek orain arteko zehaztugabeko egoera gainditzeko bidea ireki dela uste du. EAJ “beharrezko aldaketak nahiz lege ukituren bat egitearen alde agertu zen”.
Alderdi politikoez gain, gizarte eragileak ere adi daude gai hori dela eta. Zentzu horretan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak adierazi duenez, “ezin dugu onartu urte gehiago pasatzea belaunaldi berriak euskaldundu gabe. Beraz, beranduenez, 2007a baino lehen, euskalduntzea ahalbidetuko duen sistema indarrean jarri behar da”. Ikastetxe guztietan ikasleak euskalduntzeko eredua sortu eta ezarri behar dela nabarmendu du. Era berean, helburu hori lehentasun politikoko gai bihurtzeko eskaera egin du.

0-3 urtekoek ezingo dute 7 ordu baino gehiago egon haur eskolan

Nafarroako haur eskola publikoetara joaten diren 0-3 urte bitarteko haurrek ezingo dute 7 ordu baino gehiago egon bertan. Normalean errespetatzen den ordu kopurua da, baina hemendik aurrera modu ofizialean arautua geldituko da 0-3 zikloari dagokion Foru Dekretua onartzen denean. Behin LOE onartuta, prozedura horri ekingo diote. Horrela, adin horretako haurrentzat dagoen eskaintza hezitzaile eta asistentzial sakabanatua pixka bat berrantolatu nahi da.

Herritarren eskaera atzera bota du gobernuak

Nafarroako 66 udalek egindako lege proposamenari ezezkoa eman dio Nafarroako parlamentuak, UPN eta CDN aurka agertu direlako. Aipatu udalek 0-3 urteko zikloaren ardura gobernuak hartzeko eskaera egin zuten, plaza kopurua igotzeko eta kalitatea hobetzeko. Ezezko horrekin, “nafarren beharrei bizkar eman diela” adierazi dute udaletako ordezkariek.

Une honetan 0-3 urteko 68 zentro publiko daude Nafarroan eta beste zortzi Ongizate Sozialeko Departamentuaren barne daude. Horrez gain, 70 haurtzaindegi pribatu daude. 23 ikastetxe pribatutan eta Haur eta Lehen Hezkuntzako zortzi eskoletan ere 2 urteko haurrak eskolatzen dira.
Haur Hezkuntzako lehen zikloari bultzada bat emateko asmoz Foru Dekretu bat idatzi zuen administrazioak iaz, baina baliorik gabe gelditu zen LOCE ez zelako onartu. Horrenbestez, LOE onartzen denean, lehen aipatutako Foru Dekretua eginen du. Besteak beste, orain faltan botatzen duten proiektu pedagogiko komun bat definitu nahi dute.
Hezkuntza administrazioak 0-3 zikloaren izaera hezitzalea definitu nahi du, baina izaera asistentzialari uko egin gabe. Pedro Gonzalez Hezkuntza Departamentuko Berrikuntza eta Eskola Orientazio Zerbitzuko zuzendariaren ustez, “etapa hori hezitzailea da, adin horretan dena ikastea baita. Baina aldi berean, funtzio sozial garrantzitsua betetzen dute familientzat”.

EEP Euskararen Erakunde Publikoak 2005eko lanen balorazioa egin du eta 2006ko lan ildoak zehaztu ere bai.

Aurtengo ardatza arlo publikoan euskararen erabilera bultzatzea izanen da.

Irakaskuntza publikoari dagokionez, iaz 33 hitzarmen izenpetu zirela nabarmendu du Max Brisson EEPko presidenteak. Plangintza bat egin da eta horrekin euskara eta euskarazko irakaskuntza hedatu egingo omen dira. Dagoeneko 29 auzapezekin harremanetan dira. Lau eskolatan eta kolegio batean eredu elebiduna irekitzeko prest daude. Baiona-Angelu-Miarritz hiri elkargoari dagokionez, Angelun eta Miarritzen eskola elebidun bana irekiko da. Eskualdeen egitura hobetsiz egin dute plangintza.
Halere, EEPk ez du euskararen irakaskuntza orokortzeko asmorik, ez du onartu eskola guztietan egitea eskaintza eta gurasoek erabakitzea zein eredu hautatu. Galdetu zitzaien ea hori aski ote den euskararen gainbehera gelditzeko eta euskal hiztun gehiago sortzeko. Erantzuna: “bakoitzaren askatasunean eta atxikimenduan oinarritzen den hizkuntza politika sortu nahi dugu”.