Liburuen Xarma irakasleen gida: Irakurzaletzeko, genero bakoitzaren sekretuak

2006-02-01

Euskal Idazleen Elkarteak atera du irakasleentzako gida hau. Ikasleei irakurtzeko grina transmititzea ez baita erraza askotan, ezta liburu baten atzean dagoena kontzienteki irakurtzen laguntzea ere. Horretarako, irakasleak literaturaz jakin behar du eta, batez ere, transmititzen asmatu.

Idazleek hezkuntzari beren ekarpena egin diote lan honetan: genero bakoitzaren gakoak azaltzen dituzte, eta lantzeko proposamen batzuk eskaini orientabide gisa, irakurtzea benetako plazer bihur dadin.

 
 

Zure gustuko liburu baten idazlea duzu, aurrez aurre, ikasgela barruan, nahi duzunaz hitz egiteko pronto. Eta harreman bat sortzen da hor, literarioa, afektiboa. Luxua den egoera hori eskaintzen du, urtetan, “Idazleak Ikastetxeetan” programak.

Saioa ondo irteteko, ordea, hauxe da gakoa: liburu hori ikasleek ondo aztertuta edukitzea. Eta horretan, bitartekoa beti irakaslea da. Irakasleek literaturaz gehiago ala gutxiago jakin ohi dute; batzuek, literaturaz jakin arren, ez dakite hori transmititzen, ez dakite nola irakurrarazi, nola landu. Idazleek sekulako hutsunea ikusten zuten hor, baita irakasleek ere (maiz, liburua nola landu jakiteko tresnak eskatu izan dizkiete). Zulo hori betetzera dator “Liburuen Xarma” bilduma.

Zer dator liburu bakoitzean?

Zer egin dezake nire ikasle batek liburu batekin? da lehen zenbakiaren izena, eta hasierako hurbilpen gisa gomendioak eskaintzen dira, dekalogo moduan, liburu baten aurrean zer jarrera behar litzatekeen eta zein ez kontuan hartzeko. Hortik aurrera, genero bakoitzari erantzuteko dagokion eskuliburua osatzen joan dira.
Ikasmailaren arabera, lanketa bat proposatzen da genero bakoitzaren barnean. Irakasleei zuzendutako gida denez, ariketa proposamenak dira eskaintzen direnak: ariketa batzuk bete-betean eraman daitezke ikasgelara; beste batzuek, berriz, bidea argitzen dute, antzerako beste zernahi ariketa asmatu ahal izateko gero irakasleak. Idazlearen bisita jaso behar duten ikastetxeentzat, idazle horri buruzko biografia ateratzeko ere proposatzen da, baita autoreaz gehiago jakiteko beste ariketa batzuk ere (haren beste tituluen arteko komunztadura bat egitea, adibidez). Liburu bakoitzaren amaieran, genero horri lotutako bibliografia dator, proposamen honetaz haratago joan nahi izanez gero, irakasleek nora jo jakiteko.
Irakurzaletzeko, genero bakoitzaren sekretuak azaltzen
Idazleek obra bat osatzerakoan zer hari mugitzen dituzten bistaratu dute bilduma honetan. Genero bakoitzaren osagaiak, trikimailuak papereratu dituzte, hala, generoen “erradiografia” horiek balio dezaten gero edozein libururen aurrean irakurketa kontzienteago bat, kritikoago bat egiteko eta, beraz, irakurketa gustagarriagoa izateko.
Edozein libururi gozamenez heltzeko tresnak ematea da, beraz, bilduma honen egitekoa. Horregatik, genero bakoitzaren barnean ez du gomendatzen zer titulu literario irakurri (eskaintzen den bibliografia, genero horren lanketa egiteko dauden liburuei buruzkoa da). Euskal Idazleen Elkarteko printzipioa baita, edozein titulu literario dela ona eta, beraz, aukera egin behar duzula irakurlearen arabera, mementoaren edo arduraren arabera.
Bilduman idazketaren alderdia ere ez da falta, irakurketak eta idazketak elkarren beharra baitute. Adibidez, ipuina lantzeko ariketa gisa istorio bera kontatzeko proposatuko da, baina pertsonaia aldatuta, edota beste denbora batean kokatuta, edo halako akzio mota bat sartuz.

Liburuen banaketa

“Idazleak ikastetxeetara” programan parte hartzen duten eskolei doan banatzen zaizkie urte horretan argitaratutako bi liburuak. Urteetan ikusitako premiari erantzutea da bilduma horren funtzioa; horregatik, idazlearekin saioa aurrera eraman behar duen irakasle horri bidaltzen zaizkio, zuzenean, liburuak. Baina interesa duten beste irakasle denen eskura ere jarri nahi izan dute materiala, literatura edo irakurzaletasuna lantzeaz arduratzen diren irakasleek izan dezaten orientabide modura. Orain arte eskaria handia dela nabarmendu digute, eta idazleen saioetako balorazio orrietatik jakin dutenez, irakasleek erabiltzen dute, eta oso ondo etorri zaiela azpimarratzen dute. Ohiko salmenta puntuetan aurkituko duzu bilduma. Topatzeko arazorik izanez gero, Euskal Idazleen Elkartera deitu eta eskatzerik badago (943 27 69 99).•

Bilduma

1. Zer egin dezake nire ikasle batek liburu batekin?

J. K. Igerabide, Antton Irusta, J. M. Olaizola “Txiliku”.

2. Poesia lantzeko gida

J. K. Igerabide, Antton Irusta, J. M. Olaizola “Txiliku”, Maria Angeles Etxeberria.

3. Eskola antzerkirako gida

Yolanda Arrieta, Antton Irusta, Iñaki Friera.

4. Ipuina lantzeko gida

Yolanda Arrieta, Antton Irusta, Iñaki Friera.

5. Saiakeran saiatzeko gida

Fito Rodriguez, Antton Irusta

6. Eleberria lantzeko gida

Antton Irusta, Asel Uzarraga.

· Irakasleei zuzendua. LHtik Batxilergora bitarte, ikasleek genero bakoitzaren irakurketan sakon dezaten gakoak, aholkuak zein ariketak proposatzen zaizkio irakasleari, baita genero hori lantzeko bibliografia eman ere.

· Eskuratzeko: ohiko salmenta tokietara jo. Aurkitu ezean, deitu Euskal Idazleen Elkartera, eta bidaliko dizute (943 27 69 99).

· Talde lanean egina. Bildumaren atzean, Euskal Idazleen Elkarteko azpibatzorde bat aritu da, nahiz liburu bakoitzak bere egiletza izan.