Energia Bizi erakusketa

2006-10-02

EVE (Ente Vasco de la Energia) erakundeak antolatu zuen erakusketa ibiltaria. Helburua hauxe zen: karpapetik igarotzen zirenak sentsibilizatzea energia modu egokian erabiltzeko urratsa eman dezaten, eguneroko bizitzan energia aurreztuz edota ustiatuz.

Bost gunetan banatzen zen karpa, eta informazioa oso modu ikusgarrian eskaintzen zuen: informazio taulak, maketak, simulazioak, jolasak, off-eko ahotsezko azalpenak... Eskola taldeek bisita gidatuak izan zituzten aukeran, eta herriko edonorentzat egon zen zabalik karpa. 2004ko ekainean hasi zen herriz herri, eta Euskadiko 52 herri bisitatu ostean, ekainean eman zion amaiera ibilbideari.

 

 
 

Bi urteko esperientzia honi buruz oso balorazio positiboa egin du erakusketaren koordinatzaileak, Aritza Zorraquinok: “Batez ere ikasleekin. Astean zehar, egunean bost ikastalde etorri izan zaizkigu, eta ikasleak oso gustura egon dira”. Erakusketari hasiera emateko, bideo labur bat jartzen zitzaien ikasleei, energia berriztagarriei buruz. Ondoren, gaian sakontzeko, ibilbide bat egiten zuten karpako bost guneetan barna, dinamizatzailearen azalpenak lagun. Ariketa eta praktika batzuk proposatzen zitzaizkien gero, jolas moduan. Eta azkenik, denbora tartea uzten zitzaien beren kasa “kuxkuxea” zitzaten karpako bazterrak (informazio taulak, maketak, simulazio jolasak dituzte-eta aukeran).

Haurren artean arrakasta gehien izan duena: bioetxeaSukaldea, komuna eta egongela zeuden karpako gune batean. Eta etxetresna elektriko bakoitzaren gainean, kontsumo egokirako aholkuak. Bioetxea izan da haurrentzat erakargarriena suertatzen den gunea, hurbilekoa zaielako: beren etxean zuzenean zer egin dezaketen ikusten baitute. Aritza Zorraquinoren esanetan, gainera, “haurrak dira etxean nola aurreztu gehien jakiten dutenak, eta beti gurasoen atzean daudenak esanez argia itzaltzeko edo kontu izateko urarekin”. Karpa hau gurasoek ere ikus eta ikas dezaten zabalik egon dago, zorionez.•

 

KARPAREN BARRUAN BOST INTERESGUNE

1. ENERGIAREN HISTORIA. Informazio panelen bidez eta off-eko ahotsaren azalpenekin, gai hauek lantzen dira: haize indarraren erabilera, Erdi Aroko oletako edo siderurgietako uraren ustiapena eta energia forma berrien aurkikuntza, eta erregai fosilak.

2. ERREGAI FOSILAK ETA ENERGIA NUKLEARRA. Gaur egun gehien kontsumitzen ditugun energiak daude ikusgai: harrikatza, petrolioa, gas naturala eta energia nuklearra. Grafiko batek erregaion munduko erreserbak ere azaltzen ditu.

3. BIOETXEA. Gune honetan etxe arrunt bat dago muntatuta, eta aholkuak ematen zaizkigu eguneroko jardunean energia aurrezteko eta kontsumo egokia egiteko. Etxeko argiak, ur beroa eta berokuntza nahiz etxetresna elektrikoak nola erabili azaltzen da bertan.

4. ENERGIA ERAGINKORTASUNA. Simulazioen bidezko hainbat jolas daude gune honetan, garraiobideetan eta eraikinetan energiaren zentzuzko erabilera zein den lantzeko.

5. ENERGIA BERRIZTAGARRIAK. Maketa ederren bidez, informazio panelen bidez eta proiekzioen bidez, energia berriztagarriok lantzen dira: biomasaren energia, energia hidroelektrikoa, eguzki energia, itsasoaren energia, energia geotermikoa zein eolikoa. Egun Euskadin dagoen energia estrategia ere azaltzen da, energia berriztagarriak sustatzeko dauden dirulaguntzen programak zehaztuz.