ETXEKO IRAKASKUNTZA

2006-10-02

- Zer moduz eskolan?

- Ez naiz eskolara joaten. Etxean ikasten dut.- !!!???Gutxitan espero dugu horrelako erantzuna hain ohikoa den galdera horren aurrean. Hori entzundakoan, batzuek beldurra sentituko dute, beste batzuek poza, edo zalantza, konfiantza eza, kezka, kuriositatea...Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak zera dio 26. artikuluan: oinarrizko eskolatzea derrigorrezkoa dela eta gurasoek lehentasunezko eskubidea edukiko dutela seme-alabei eman zaien heziketa aukeratzeko. Hor lekua izango luke etxeko irakaskuntzak. Baina herrialdeen arabera legeak aldatu egiten dira.

 

 
 

Eskolatu gabe etxean ikasten

 

Iraskuntza unibertsala eta derrigorrezkoaren ondoren, herrialde garatuetan beste irakaskuntza mota bat sortu da: familiek euren seme-alaben heziketa beren gain hartzea erabakitzen dute, modu arduratsuan eta etxean bertan. Eskola etxean, familian ikasi, familiako heziketa, etxeko heziketa, etxean ikasi, eskolarik gabe hezi, homeschooling, unschooling, learning otherwise... modu askotara deitzen zaio. Ez da eredu hobea edo txarragoa, beste alternatiba bat gehiago baizik. Batzuentzat egokiagoa izango da, eta beste batzuentzat ez. Izan ere, etxean irakasteak baldintza batzuk eskatzen ditu, eta horiek eduki ezean, hobe eskolara joatea. Horrez gain, legeak eta inguruak ere ez dute asko laguntzen hainbat herrialdetan.

Etxean hezteak zera esan nahi du: seme-alaben heziketaren kargu egitea modu integralean, bai ezagutzak eta abildadeak hartzeko, bai balioak eta printzipioak transmititzeko, eta beraz, funtzio horiek ez uztea inongo heziketa instituzioren esku.

 

Zergatik aukera hau?

 

Euskal Herrian gutxi dira etxean gelditzen direnak ikasten, eta gutxi horiek zenbat diren jakitea oso zaila da. Hemen ez dago inolako elkarterik; bai, ordea, estatu espainiarrean eta frantziarrean. Edonola ere, denek ez dute haietara jotzen. Batzuei ez zaie gustatzen beren burua argitara ateratzea, inguruan oraindik ere errezelo ugari sortzen baititu. Bide zaila dute, baina euren ideiak garbi dituzte. Aldaketa sakonak bizitzen ari garen unean bizi gara, eta inguruneak balioak transmititzeko zuen funtzioa galdu egin duela iruditzen zaie. Eskola, ostera, gaindituta dago curriculum hezigarria eskaintzeko beharrarekin, eta “ezkutuko curriculumeko” hezitzaileak falta dira. Gauzak horrela, eskolak ezin dituela berme guztiak eskaini uste dute, eta beraz, ez dagoela arrazoirik beste heziketa aukerak baztertzeko. “Guk, guraso eta tutore legalok, gure seme-alaben heziketaren erantzuleok, heziketa eredu batean sinesten dugu: aldakorra den munduan herritar arduratsuak izateko gaitasunak hartzeko aukera emango duen heziketa nahi dugu, gatazka pertsonalak kudeatzeko gai izan daitezela, eta gaur egun jasotzen dugun informazioa eta datu pila ulertzeko gai izan daitezela. Ez dugu uste pertsona guztiek bide beretik lortuko dutenik xede hori. Horregatik, etxean irakastea alternatiba baliagarria da gizarte heldu, plural eta benetan demokratikoan”.Bide hau hautatzen duten guztiek ez dituzte arrazoi berberak izaten, noski. Batzuek zio erlijioso edo ideologikoak izaten dituzte. Beste batzuek bide hau egokiago ikusten dute euren seme-alabek ezagutzak eta trebetasunak eskura ditzaten.

 

Nola irakasten dute etxean?

 

Irakasteko metodoak askotarikoak dira, eta gurasoen esku egoten da. Batzuek curriculum ofiziala jarraitzen dute. Beste batzuek erreferentziatzat hartzen dute berau, baina seme-alabek gai zehatz batzuekiko duten interesari ematen diote lehentasuna eta modu erakargarriagoan lantzen dute. Beste familia batzuek haurraren kuriositate naturalaz baliatzen dira eta ez dute inolako curriculum ofizialik jarraitzen.

 

LEGEZKOA AL DA?

 

Portugalen

9/79 Legeak dio gurasoak direla seme-alaben lehenengo erantzuleak, eta heziketa hori gauzatzeko hiru modu aurreikusten ditu: publikoa, pribatua eta familia (553/80 lege dekretua). Etxeko heziketaren hautua egiteko familiak tokiko hezkuntza administrazioari jakinarari behar dio eta ebaluazio probak egin behar dituzte 4, 6 eta 9 urterekin.

Britania Handian

Etxeko irakaskuntza legala da. The Education Act 1996 (England and Wales) 7. atalak zera dio: gurasoek eskolatzeko adinean dauden seme-alabei euren adinaren, gaitasunen eta abildadeen araberako heziketa eraginkorra emango diete denbora guztian, eta baita behar duten heziketa berezi guztia ere, eskolara bidaliz edota beste modu batera.

 

Italian

 

1994ko 297. lege dekretuak zera dio 110. artikuluan: gurasoek beren gain har dezakete seme-alaben (derrigorrezko) irakaskuntza. Hautu hori egiten duten gurasoek gaitasun ekonomikoa eta teknikoa dutela egiaztatu behar dute eta dagokien hezkuntza autoritateari jakinarazi behar diote urtero.

Alemanian

Etxeko irakaskuntza ilegala da. Hainbat familia auzipetuak izan dira eta isunak ezarri dizkiete. Edonola ere, etxean jarraitzeko aukera eman zitzaien.

 

Herbeheretan

Seme-alabei etxean irakatsi nahi baldin bazaie, hezkuntza agintariengana jo behar da baimen eske. Syntax elkartearen esanetan, eskaeren % 90 ezeztatu egiten dituzte agintariek.

 

EUSKAL HERRIAN

Etxean irakastea legeztatuta dago Ipar Euskal Herrian. Estatu frantziarreko 1998ko abenduaren 18ko Hezkuntza Kodeak (1882ko martxoaren 28koa aldatzen duena) jasotzen du eskubide hori.

L. 131-1 artikulua

Irakaskuntza derrigorrezkoa da sexu bietako haurrentzat, frantses zein atzerritarrentzat, 6 eta 16 urte bitartean.

 

L 131-2 artikulua

Derrigorrezko irakaskuntza modu hauetan eman daiteke: ikastetxe publiko edo pribatuetan, familian gurasoek edo gurasoetako batek, edo eurak aukeratutako edozein pertsonak.

 

L 131-5 artikulua

L 131-1 artikuluan definitutako derrigorrezko eskolaldiaren garaian dauden haurren arduradunek haurra eskola publiko edo pribatu batean matrikulatu behar dute. Edo bestela, udalari, Akademia Ikuskaritzari eta Hezkuntza Nazionaleko Zerbitzuetako Departamentuko zuzendariari jakinarazi behar zaio familian irakatsiko diotela. Kasu horretan, urtero adierazpen bat eskatuko zaie.Haurrak 6 urte betetzen dituen urteko ikasturte hasieran egin beharko da aipatutako derrigorrezko prozedura guztia, eta 16 urte bete arte ikasturte hasiera bakoitzero egin beharko da.Bizilekuz edo irakaskuntza moduz aldatuz gero, betebehar berberak jarraitu beharko dira aldaketaren ondorengo zortzi egunen buruan.

 

L 131-10 artikulua

Derrigorrezko eskolaldi garaian dauden eta irakaskuntza familian jasotzen duten haurrei galdetegi bat pasatzen dio dagokion udalak lehen urtetik hasita eta bi urtero. Galdetegiaren xedea da haurraren arduradunen arrazoiak jasotzea, eta egiaztatzea haurraren osasunak eta familiaren bizi baldintzak egokiak direla familian irakasteko. Galdetegiak ez du ezer esaten irakaskuntza kalitateari buruz. Emaitzak Akademia Ikuskaritzari eta Hezkuntza Nazionaleko Zerbitzuetako Departamentuko zuzendariari jakinarazi behar zaizkio.Bi urtetik behin berritu behar da.Galdetegia betetzen ez bada, departamentuko Estatuko ordezkariak bideratuko du.Familiaren adierazpenetik hiru hilabetera eta gutxienez urtean behin, ikuskariak kontrol bat eramango du aurrera. Horrela egiaztatuko da haurrak jasotzen duen irakaskuntza bat datorrela haurrak irakaskuntzarako duen eskubidearekin (L 131-1-1 artikuluan definitzen dena).Akademia ikuskariak preskribatzen duen kontrol hori haurren gurasoen etxean egingo da.Kontrola behar den garaian egiten ez bada, dagozkion zigorrak ezarriko zaizkio familiari.Kontrola aurkakoa edo kaltegarria baldin bada, ikuskariak epe bat emango dio familia egoera hobetzeko edo bere argudioak hobetzeko. Epe hori bukatutakoan beste kontrol bat egin dezake. Eta emaitzak ez badira nahikotzat hartzen, familiak berak aukeratutako zentro publiko edo pribatu batean matrikulatu beharko du haurra 15 eguneko epean. Aukeratutako ikastetxearen berri eman behar zaio udalari, berau Akademia ikuskariarekin, eskolarekin edota aukeratutako zentroarekin harremanetan jar dadin.Haurrei eskatzen zaizkien ezagutzen edukia dekretuz finkatuta dago (1999ko martxoaren 23ko 99-224 dekretua).

 

R 131-18 artikulua

Gurasoek, tutoreek edo arduradunek ez baldin badiote udalari jakinarazten etxean edo kontzertatu gabeko zentro batean irakatsiko diotela, isuna jarriko zaie.

 

Hego Euskal Herrian etxeko heziketa ez dago arautua. Espainiako Konstituzioak babesten du familiek duten askatasuna euren seme-alabak ondoen irizten duten moduan hezteko. Era berean, ordea, etxeko irakaskuntzaren inguruan ez dago araurik edo legerik. LOEk ere ez du aukera hori espresuki aitortzen. Beraz, lege aldetik hutsune bat dago.

Zenbait familia “salatuak” izan dira Gizarte Ongizate Sailetan euren seme-alabak ikastetxeetan ez eskolatzeagatik. Kasu horietan, ez eskolatzea tratu txarren edo utzikeriaren zantzutzat hartu zen. Baina “salaketa” horietako gutxi iritsi dira auzitegietara. Epaile gehienek atzera botatzen dituzte salaketak utzikeriarik ez baizik eta ohikoa baino arreta gehiago dagoela frogatutakoan. Egon diren epaiketa gehienetan sententzia familiaren aldekoa izan da. Kasurik okerrenean, gurasoei jarritako “kondena” seme-alabak ikastetxe batean eskolatzea izan da. Ez litzateke logikoa izango seme-alaben kustodia kentzea baldin eta frogatzen bada zainduta daudela. Horrelakorik ez da inoiz gertatu. Azkenaldian administrazioak ez du inolako oztoporik jartzen.Seme-alabei etxean irakasten dieten familiak legearen ondorengo artikuluetan oinarritzen dira beren eskubidea defendatzeko.

Espainiako Konstituzioa

27. artikulua, 1. atala1. Denek dute heziketarako eskubidea. Irakaskuntzarako askatasuna aitortzen da.3. Botere publikoek bermatzen dute gurasoek duten eskubidea euren seme-alabak beren usteekin bat datorren formazio erlijiosoa eta morala jaso dezaten.4. Oinarrizko irakaskuntza derrigorrezkoa eta doakoa da.

 

10. artikulua

1. Pertsonaren duintasuna, atxikirik dituen ezin bortxatuzko eskubideak, nortasunaren garapen librea, eta legea eta gainerakoen eskubideak errespetatzea, ordena publikoaren eta bake sozialaren zutabeak dira.2. Konstituzioak oinarrizko eskubideen eta askatasunen gainean aitortzen dituen arauak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eta gai horiei buruzko nazioarteko akordioen arabera interpretatuko dira, betiere Espainiak berretsiak badira.

 

LOE

II. kapitulua

3. artikulua3. Lehen Hezkuntzak eta Bigarren Hezkuntzak osatzen dute oinarrizko hezkuntza.

 

4. artikulua

1. Oinarrizko irakaskuntza derrigorrezkoa eta doakoa da pertsona guztientzat.

 

5. artikulua

1. Pertsona guztiek eduki behar dute aukera bizitza osoan zehar prestatzeko, hezkuntza sistemaren barruan eta kanpoan, norberaren garapen pertsonal eta profesionalerako gaitasunak, ezagutzak, abildadeak, trebetasunak eta konpetentziak hartzeko xedearekin.

 

 

EUROPAN

Giza Eskubideen Konbentzio Europarra (1952)

1. protokoloa, 2. artikulua

Inori ez zaio ukatuko heziketarako eskubidea. Heziketari eta irakaskuntzari lotutako edozein funtziotan, estatuak gurasoen eskubidea errespetatuko du heziketa eta irakaskuntza hori euren uste erlijiosoen eta filosofikoen arabera gara dadin.

 

 

Europako Konstituzioa egiteko hitzarmena

Estatu kideetako gobernuetako ordezkarien konferentzia. Brusela, 2004ko urriak 13.

 

II. Titulua: Oinarrizko Eskubideak eta Batasuneko herritarrak

II. artikulua-74. Heziketarako eskubidea:

1. Pertsona orok du heziketarako eskubidea, eta baita prestakuntza profesional eta etengabekorako eskubidea ere.2. Eskubide horrek bere baitan hartzen du oinarrizko irakaskuntza dohainik jasotzea.3. Lege nazionalak errespetatuz, zera errespetatzen da: ikastetxeak sortzeko askatasuna printzipio demokratikoak errespetatuz, eta gurasoek seme-alabentzat beren uste erlijioso, filosofiko eta pedagogikoekin bat datorren heziketa eta irakaskuntza bermatzeko duten eskubidea.

 

AEBn

Gaur egun herrialde osoan baimendua dago homeschooling-a, baina estatuen arabera, legedia aldatu egiten da. Idahon, esate baterako, ez zaie inolako mugarik jartzen etxean irakasten duten gurasoei eta ez dute euren programa herriko edo estatuko agintariei aurkeztu beharrik. Oregonen, aldiz, haurrek aldizka “pertsona neutral eta kalifikatu” batek jarritako probak egin behar dituzte. Orokorrean gurasoei ez zaie eskatzen irakaskuntzan aritzeko gaituak egotea, baina estatu gutxi batzuek goi mailako ikasketak edo formazio ikastaroren bat egina edukitzea exijitzen diete.

Estatu legeek zehazten dituzte irakaskuntza egunen kopurua eta eduki pedagogikoen ildo nagusiak. Gurasoek euren seme-alaben aurrerapenak jasota utzi behar dituzte, baina oso gutxitan eskatzen zaie “txosten” horiek erakunde ofizial batera igortzea.Ikastetxeek harrera desberdina egiten diete etxean hezitako haur horiei: batzuek irteeretan edota zenbait ikasgaitan parte hartzeko aukera ematen diete; beste batzuek, ordea, ez.Gaur egun, etxeko irakaskuntza da hezkuntza eredu pribatuen artean hedatuena AEBn.

 

KEZKA ITURRI NAGUSIAK

OHIKO GALDERAK:

Formazio berezirik behar al dute gurasoek?

Ez, garrantzitsuena beraiekin egoteko gogoa edukitzea da eta norberak gauza berriak ikasteko kuriositatea edukitzea. Etxean ikasteak ez du esan nahi denbora guztian etxean egon behar denik. Gurasoen papera ez da irakasle izatea, baizik eta seme-alabak inguruarekin eta beste pertsonekin harremanetan jartzea.Nola sozializatzen dira etxean gelditzen dira haurrak?Eskolara joaten diren eta joaten ez diren haurren arteko desberdintasun bakarra zera da: eskolara joaten direnak adin bereko haurrekin egoten direla, eta eskolara joaten ez direnak adin desberdinekoekin eta helduekin. Eskolaz kanpoko jardueretara ere joan ohi dira.

Etxean gelditzen bada, norbaiti esan behar al zaio?

Hegoaldean ez, ez baitago arautua. Iparraldean, ordea, bai. Udalari eta Akademia ikuskariari horren berri eman behar zaie haurrak 6 urte betetzen dituen urte zibilean hasi eta 16 urte bete arte, urtero. Hori egin ezean, isunak jartzen dira.Zer egin behar da semea edo alaba eskolatik atera nahi bada?Hegoaldean ez dago inolako prozedurarik. Normalean idatzi bat aurkezten da ikastetxea zein egunetan utziko duen esanez, absentismoaz sala ez gaitzaten. Eskualdeko Hezkuntza arduradunarengana edo ikuskariarengana jotzea ere egokia izan daiteke, dugun asmoa azaltzeko. Garrantzitsua da alderdi legala nola dagoen ezagutzea administraziotik norbait etortzen bada ere. Normalean herriko gizarte ongizateko arduradunen eskuetan gelditzen da gaia.Iparraldean, lehen esandako prozedura jarraitu behar. Eta hortik aurrera, legeak ezartzen dituen kontrolak bete beharko dira.

Eta eskolatu nahi bada

?15 urtera arte adinaren arabera eskolatzen dira. Sarreran azterketa bat egin ohi zaie. Nola lor daitezke derrigorrezko irakaskuntzako tituluak eskolatu gabe egonda?Azterketak nork bere aldetik eginda. Hegoaldean 18 urte betetakoan egiten da Bigarren Hezkuntzako azterketa librea, helduentzako deialdian. Eskolatutako gazteek 16 urterekin bukatzen dute eta etxean aritutakoek hori aldarrikatzen dute: azterketa 16 urterekin egitea, ez 18rekin. 12-13 urterekin eskolatu eta 1. edo 2. DBHn matrikulatzea ere posible da.Iparraldean Brebeta eta Baxoa azterketetara aurkez daiteke. Horretarako eskualdeko errektoradutzan eman behar da izena.

Gerora goi mailako ikasketak egiteko, zer?

Hegoaldean, Bigarren Hezkuntzako titulua lortuta, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa egin daitezke. Zuzenean goi mailako Lanbide Heziketa egiteko, beste azterketa bat egiten da 20 urterekin. Unibertsitatera joateko bi aukera daude: selektibitatea edo 25 urtetik gorakoentzako proba.Iparraldean sarrera horiek egiteko mekanismoak formalizatuta daude.

 

ETA SOZIALIZAZIOA?

Bi emakumek topo egin dute parkean. Beren haurrak jolasten ari dira txirristan eta baloiarekin. Bi emakumeak, aulkian eserita, haurrak zaintzen ari dira. Une baten ondoren, hizketan hasi dira:

M: Kaixo. Martina naiz. Nire haurrak gorriz jantzita daudenak dira, horrela errazago zaintzen ditut.T: (irribarrea) Ni Teresa naiz. Nire haurrak arrosaz eta horiz jantzitakoak dira. Sarri etortzen al zarete hona?M: Astean bizpahiru alditan, liburutegitik ateratakoan.T: Oh! Nola moldatzen zara?M: Haurrak ez dira eskolara joaten, etxean irakasten diegu. Beraz, sarritan etortzen gara bitarte horretan.T: Baditut bizilagun batzuk eskolakoa etxean egiten dutenak ere, baina nireak eskola publikora joaten dira.M: Eta nola moldatzen zara?T: Ez da erraza. Gurasoen bilera guztietara joaten naiz eta egunero eginarazten dizkiet etxerako lanak eskolatik irten ondoren. Asko arduratzen naiz.M: Eta sozializazioa? Ez al zaitu kezkatzen egun osoan bere adin bereko haurrekin itxituran edukitzeak, harreman naturalik izateko inongo aukerarik gabe?T: Beno, bai, baina ahalegintzen naiz hori konpentsatzen. Haurrek etxean ikasten duten lagun batzuk dituzte, eta ia hilero haien aiton-amonen etxera joaten gara.M: Mugitzen zara orduan. Baina ez al zaituzte kezkatzen haurrek galtzen dituzten aukera horiek guztiek? Bizitza errealetik hain isolatuta edukita, nola jakingo dute zeren antza duen benetako munduak edo bizimodua ateratzeko jendeak zer egin duen? Nola moldatuko dira mota desberdineko jendearekin?T: Oh! Asko eztabaidatzen dugu guraso bileretan, eta gelan errealitateko jendea gonbidatzeko kaxa sortu dugu. Joan den hilean ertzain bat eta mediku bat etorri ziren gela guztietara hitz egitera. Eta datorren hilean emakume japoniar bat eta Keniako gizonezko bat etorriko dira.M: Oh, lehengoan gizon japoniar bat aurkitu genuen supermerkatuan eta bere Tokioko haurtzaroaz hitz egiten aritu zitzaigun. Haurrak liluratuta gelditu ziren. Afaltzera gonbidatu genuen eta bere emaztea eta hiru seme-alabak ezagutu genituen.T: Ederra! Um! Beharbada plater japoniarrak eskuratu beharko genituzke Kulturarteko Egunerako.M: Akaso zuen gonbidatu japoniarra bazkaltzen geratuko da haurrekin.T: Oh, ez. Oso egun lanpetua dauka. Beste bi eskoletara ere joan beharra dauka egun horretan.Taldeka egiten ditugu proiektuak-eta.M: Lastima. Agian interesgarria den norbait aurkituko duzue egunen batean supermerkatuan eta afaltzera gonbidatu.T: Ez dut uste. Nik ez dut sekula hitz egiten jendearekin supermerkatuetan, eta are gutxiago beste hizkuntza batean hitz egingo duela iruditzen bazait. Japoniar horrek euskaraz jakin izan ez balu?M: Ez nuen esaten ari zaren horretaz pentsatzeko ere astirik izan. Konturatu nintzenerako, 6 urteko semea galdezka ari zitzaion erosten ari zen laranja haiekin guztiekin zuen asmoaz.T: Atzerritarrekin hitz egiten al du zure haurrak?M: Ni bere ondoan nengoen. Haurrak badaki berarekin baldin banago edozeinekin hitz egin dezakela.T: Baina ohitura txarrak ari zara erakusten. Nire haurrek ez dute inoiz hitz egiten ezezagunekin.M: Ezta zurekin daudenean ere?T: Haurrak ez daude inoiz nirekin eskolatik atera arte. Horregatik, ikusten duzu zergatik den horren garratzitsua haurrak ulertzea erabat debekatuta dagoela ezezagunekin hitz egitea.M: Ikusten dut. Baina zurekin egongo balira jende interesgarri asko ezagutzeko aukera edukiko lukete, seguruenik. Hartara, munduaren eta egoera errealaren ezagutza edukiko lukete. Beraiek ikasiko lukete arriskuan dauden edo ez antzematen.T: CE2n eta CM2n, Hiriko Ikasketetan ikasiko dute hori.M: Beno, ikusten dut arduratzen zarela. Nire telefono zenbakia emango dizut. Inoiz hitz egiterik nahiko bazenu, dei egidazu. Pozten naiz zu ezagutzeaz.Egile ezezaguna

 

Helbide interesgarriak

- ALE, Asociación para la Libre Educaión:www.educacionlibre.org

- Crecer sin Escuela: www.crecersinescuela.org

- OFE, Organización Familia Escolar: www.familiaescolar.com

- www.aprendersinescuela.net

- Les Enfants d´abord: www.lesenfantsdabord.org- http://ecolesdifferentes.free.fr

- www.cise.ass.fr- http://laia.asso.free.fr

- XELL, Xarxa d´educació lliure: www.educaciolliure.org

- Neixer i Créixer: www.geocities.com/neixer_i_creixer

- http://es.groups.yahoo.com/group/educacionlibre

- www.education-otherwise.org

- www.hotlgws.com-http://learninfreedom.org/homeschool_growth.html

 

ZABALETA BERRA FAMILIAREN ESPERIENTZIA

 

“Jendeak ez du konfiantzarik etxeko irakaskuntzan, ez du sinetsi nahi”

Oihan Zabaleta Berrak 16 urte ditu. Batxilergo internazionaleko 2. maila egiten ari da eta datorren urtean arkitektura egiteko asmoa du. Bere eskolako ibilbidea, ordea, ez da ohikoa izan: 10 urterekin hasi zen ikastolan. Ordura arte etxean ikasi zuen gurasoekin.

Oihanek 2 urte bete zituenean baserritik herrira jaitsi ziren eta ikastolan hasi zen. “Hasierako 20 egunetan gurasoak han egoten ginen eta oso ondo gogoratzen naiz. Oihanek eseritzeko modu bat zeukan, bere aulkia, bere orria, bere margoak, bere egitekoa... bere espazioa. Beste haurrek, ordea, ez. Alde batetik bestera mugitzen soilik zekiten, ez zeukaten espazio indibiduala landua. Guk, nahigabe, familiaren inguruko giroa biziz, nolabait leku bat ematen genion. Hori ikusita, pentsatu nuen: haur hau aberatsagoa izango da etxean jarraitzen badu”.

Ez zen erabaki solte bat izan, familiaren prozesuaren barneko erabaki bat baizik. Hala dio Jon aitak: “Gure herritik eta ingurunetik atera egin ginen zenbait baliorekin ez geundelako konforme. Eta eskola gizartearen jarraipen bat denez, ez genuen eskolara bidali nahi. Ez genuen gure semea txikitatik han izorratzerik nahi. Etxean eskolan baino hobeto egongo zela pentsatzen genuen”. Horregatik, bide hori hautatu zuten, egiten zuten horretan sinestuz. Lasai, bazekitelako zer egiten zuten.Horrelako erabaki bat hartzeko, halere, baldintza batzuk behar direla diote. “Ingurune egokia, irakasteko norbait etxean, ikasteko ordutegi bat, programa bat, haurrarekin egoteko modua eta denbora, eta egiten duzunean sinestea”. Horiek bazituzten. Aitak etxetik egiten zuen lana eta ama ere etxean aritzen zen. “Gurasoek etxetik kanpo egiten badute lana, agian hobe da eskolara bidaltzea”. Baserrian bizi ziren eta horrek inguruaz eta naturaz gozatzeko eta bizitzeko aukera ematen zien. “Eskolan liburuetan ikusten dena, nik zuzenean bizi izan dut” gaineratzen du Oihanek.

 

2 eta 10 urte bitartean etxean

2 eta 5 urte bitartean etxean jardun zen Oihan, eta 5 urte betetzear zegoela, irailean, etxe ondoko ikastetxera joan zen. “Hilabete egon zen. Hasieran pozik, gero ez. Andereñoa aldatu zioten eta baita gauzak lantzeko modua ere. Ez zitzaidan gustatu, eta berriro etxera itzuli ginen” dio Kristina amak.Handik urtebetera, hurrengo ikasturte hasieran, berriro joan zen. Irakasleek taldeak eginak zeuzkaten, baina beraiek ez zeuden ados taldeak egiteko moduarekin, eta atera egin zuten. “Pentsatu genuen hobe genuela etxean jarraitzea, eta geroago, indartsuago zegoenean itzultzea”. Horrela, ia 10 urte egiteko zegoenean bueltatu zen, berak eskatuta.

 

Etxean ikasten

Etxean egonda, beste modu batera ikasteko aukera izan zuen Oihanek; eguneroko bizitzako tresnak erabiliz, gauzak modu grafikoagoan eta praktikoagoan eginez. Adibidez, ingurunea ikasteko, kanpora ateratzen zen. Jateko moduei buruz hitz egitean, sukaldean aritzen ziren benetako jakiak eskuan hartuta. Eskulan asko egiten zituen bere kasara, gero eta material konplexuagoak erabiliz: alanbrezko eskulturak, bonbilak jarri, elektrizitateko gauzatxoak... Eskuak erabiltzeko gauza asko. Irakurtzen eta idazten ikasteko euskarara itzulitako metodo aleman bat erabili zuten. “Niretzat oso egokia zen. Ikurren bidez ikasten ziren letrak” dio amak. “Matematika eta zenbakiak ikasteko garaian, berriz, batuketak, kenketak, biderketak eta abar egiteko modu desberdinak ikusten genituen. Horrela, gauzak ikusteko edo egiteko ikuspegi askotarikoak daudela jabetu zen, eta hori oso aberasgarria eta garrantzitsua da bizitzan zehar”.Geroxeago eskolan erabiltzen diren liburuak erabiltzen hasi ziren, batez ere, beste haurrekin haiek lantzen zutenaz hitz egiteko. Nolabaiteko zubi lana egiteko balio zuten testu liburuek. Normalean egunero bi ordu edo bi ordu t´erdi dedikatzen zioten ikasteari, eta denbora horretan eskoletan sei ordutan egiten dutena egiten zuten.Gurasoetako inor ez da irakasle lanbidez, baina ez dute horren faltarik sumatu. “Eduki behar dena sen ona da. Haur bat zer den jakitea eta komunikatzeko trebetasuna edukitzea da garrantzitsuena”.

 

Oztopo nagusiak: legea eta jendearen konfiantza eza

6 urte t´erdi zituenean udaletxetik abisu bat jaso zuten haur bat eskolara joan gabe zegoela, eta hori aztertzera joan zen pertsona bat, ea zainduta zegoen edo ez ikusteko. Berehala konturatu zen ondo zaindua zegoela. Egoera ulertu zuen eta aurrera jarraitu zuten. “Arrisku legalak handiak dira eta aurre egin behar zaie egiten ari zarenaz ziur baldin bazaude” dio Kristinak.Jendeak ez duela konfiantzarik diote. “Oso zaila da ofizialtasunetik kanpo dauden gauzei balioa ematea. Ez dute sinetsi nahi izaten” gaineratzen dute. “Kalean egunero galdetzen dizute zergatik ez duzun eskolara bidaltzen, gaizki egiten ari zarela... Ezin genuen edozein ordutan kalera atera, gaizki ikusia zegoelako”.10 urterekin eskolatu zenOihanek 10 urte bete zituenean eskolara joan nahi zuela esan zien gurasoei, eta orduan hasi zen. “Kuriositateagatik joan nahi nuen, lagunek zer egiten zuten jakin nahi nuelako. Eta baita haiekin denbora gehiago egoteko ere, ikasturtean zehar bakarrik gelditzen bainintzen” dio.Adinagatik 5. mailan hastea zegokion, baina 4. mailan hastea nahi zuten eskolan. Amak ezetz esan zuen, 4. mailako edukiak emanak zeuzkala eta aspertu egingo zela. Ez zuten sinesten etxean egindakoan, baina azterketa egin ondoren, harrituta gelditu ziren. 5. mailan hasi zen. Geroztik oso ondo ibili da ikasketetan.

Egindako ibilbideari begiratu bat emanda, gurasoak gustura daude. “Hasierako helburua oso irekia zen. Ez genuen inoiz helmugarik jarri. Une bakoitzean onena iruditu zaiguna egin dugu. Txikitatik eduki du erlazioa bizitzarekin eta gizartearekin eta gauzak diren bezala ikusi ditu: gurasoak lan egiten, gurasoak festetan, landatzeko edo biltzeko garaia... Haurrak gela barruan baldin badaude, ezin dute hori ikusi. Ontzi batetik bestera joaten dira: etxeko ontzitik autoko ontzira, eta handik gelako ontzira. Ez dute mundua ezagutzen. Oihanek adin desberdineko lagunekin eta helduekin izan du harremana eta ez eskolan bezala bere adinekoekin soilik. Gu oso kritikoak ginen horrekin guztiarekin eta mundu hori ezagutzeko aukera eman nahi genion semeari. Gizartearen korrontearen kontra joan gara eta nekatuta gaude, baina gustura, atera denarekin konforme”.

Zerekin topatu zinen 10 urterekin eskolan hasi zinenean?

Arau askorekin. Gauza batzuk ez ziren logikoak niretzat, eta oraindik ere ez zaizkit hala iruditzen.Irakasle-ikasle arteko erlazioa ez zait gustatzen. Behin irakasle batek hala esan zigun: “Hau diktadura bat da. Ni maisua naiz eta zuek ikasleak. Nik zerbait egiteko esaten badut, zuek obeditu egin behar didazue”. Nire ustez, pertsona-pertsona arteko erlazioa izan behar du, kontuan izanik batek gehiago jakin dezakeela.Gustatu ez zitzaidan beste gauza bat denak berdin tratatzea izan zen. Denak ez gara igualak eta bakoitzak tratu berezia behar du. Ez dut esaten ikasle bakoitzeko irakasle bat behar denik, baizik eta ez tratatzea denak modu berdinean.Notak jartzea ere ez zait iruditzen modurik egokiena denik zenbat dakigun jakiteko. Kriterio batzuen arabera ebaluatzen gaituzte, eta agian beste kriterio batzuekin beste nota bat edukiko genuke.Konpetentziaren zentzua ere berria izan zen niretzat, etxean ez bainuen halakorik bizi izan. Nik ez neukan posesio materialik ere, baina eskolan denek zeukaten, “ea nork daukan gehiago”.Eta azkenik, ofizialtasunarekin egin nuen topo. Eskolak hori dauka, eta hortik ateratzen ez bagara, ez dira gauza berriak sortzen, ez dago pentsatzeko beste erarik. Desberdintasunik ez badago, ez dago aldaketarik, ez hobekuntzarik, ez ezer. Geldituta dago. Eta hori ez zait oso ondo iruditzen.

 

Gauza positiborik topatu al zenuen?

Bai, jendea ezagutzea, lagunak egitea. Eta ofizialtasuna zer den ikastea. Zeren gizarteak gauzak egiteko modu bat eskatzen dizu, eta hori ikastea ona da.

 

Egindako ibilbidea errepikatuko al zenuke?

Bai, bai, baina gogorra izan da, oso gogorra. Beste askok baino zailago eduki ditut hainbat gauza, baina uste dut azkenean, benetan, merezi izan duela. Nire bizitza daramat, lagunak egiteko ez dut inolako arazorik, nire arrazoiak dauzkat, ez nago manipulatuta. Eskolan ofiziala dena ona dela erakusten dizute, eta beti ez da hala. Batzuentzat ona da, baina beste batzuentzat ez hain ona. Horregatik, kriterioak edukitzea garrantzitsua da.Hasierako urteetan etxean jasotako oinarriekin nire kriterio propioak edukitzea lortu dut. Eskolan txiki-txikitatik hasten dira esaten zer den ona, zure bizitzan zer den garrantzitsua edo zer egin behar duzun, eta zuk sinestu egiten duzu. Aldiz, inork ez badizu esaten zer den garrantzitsua edo zer egin beharko zenukeen, zuk zeuk probatu eta ikusten duzu zer den hoberena. Zuk zerorrek, ez besteek esanda.Noski, eskolaren eta gizartearen eragina jaso dut, baina nire kriterio propioa daukat. Badakit gizarteak eskatzen dituen minimo batzuk betetzen, baina nire izaera aldatu gabe.