Zein da gorputz hezkuntzako irakasleen funtzioa? Zein dira landu behar diren gutxieneko edukiak? Horrekin lotuta, zer iritzi duzu Soin Hezkuntza arloan Euskal Curriculumak hartu duen bideari buruz? Betetzen al dira gutxieneko horiek?

2006-10-02
 
 

Galdera hori Natur Zientzietako irakasleei egingo bagenie, erantzunak bi zati edukiko lituzke: batetik, gaurko neska-mutilek Natur Zientziez jabetu behar dutela, egun duen garrantziagatik, eta bestetik, eskolan ikasten dituzten azturak hezitzailetzat ere hartzen ditugula, etorkizunerako oso lagungarriak direlako. Horiek horrela, Natur Zientzietako irakasle batek menperatu behar dituen eduki arloak bi dira: batetik, hezkuntza, irakasleak haurren heziketan jantzia egon behar du; eta bestetik, Natur Zientziak berak, Natur Zientzietan aditua izan behar du.

Gauzak horrela ikusita, Soin Hezkuntzak eta Natur Zientzien “Hezkuntzak” ez lukete desberdintasun handirik izan behar. Galderari erantzuteko, “Soin Hezkuntzaren” izenburuari jarraitzea nahiko izan beharko genuke: lehenik, soinak edo gorputzak duen garrantzia gure gizartean aurkeztea, eta beraz, irakasleak zientzia arlo horretako aditua izan beharko du; eta bigarrena, aztura hezitzaileak garatzea. Natur Zientzietako irakaslearen gisara, bi arlo zientifiko menperatu beharko lituzkete Soin Hezkuntzako irakasleek: soinaren edo gorputzaren arlo propioa eta hezkuntzarena.

Indarrean dagoen OCDak Soin Hezkuntzako irizpide nagusiak gorputza eta mugimendua direla dio, eta horrela, gorputzaren eta mugimenduaren hezkuntza bultzatu nahi du. Baina… gorputza eta mugimendua hezigarriak al dira?

Erantzuna ezezkoa da: gorputza eta mugimendua ez dira hezigarriak, pertsonak, aldiz, bai. Matematika, Gizarte edo Natur Zientzietako eskoletan ez dira burmuinak —gorputzaren zati bat— hezten, nahiz eta ikasle bakoitzak bana eduki. Ikasleen jokabideak dira hezigarriak, bai Matematikan eta baita Soin Hezkuntzan ere: ez gorputza, eta ezta mugimendua ere. Horrela, Soin Hezkuntza “jokabide motorren hezkuntza” bilakatzen da; eta galderari erantzunez, irakasleen betebeharra neska-mutilen “jokabide motorrak” heztean datza.

 

Bigarren galderaren erantzuna konplexuagoa da

Gure eskoletan zer landu behar dugun galderari erantzutea konplexuagoa da, bultzatu nahi ditugun jokabide motorrak zein diren jakin behar dugulako. Kezka honako honek sortzen du: zer hiritar mota eraiki nahi den. Eskolan, ideologia eta giza testuingurua kontuan izanik, hezitzaileek hainbat aukera dituzte: lankidetza edo lehiakortasuna lantzea, norbanakoa edo taldea bultzatzea, hezkidetza edo sexu bazterketa sustatzea, aurreztea edo kontsumoa garatzea… Soin Hezkuntzako irakaslea lehiakortasuna garatu nahi duen eskola batean balego, lehia izango luke jokabide motorren irizpide; hau da, kirola eta jokoa izango lirateke eduki nagusiak. Aldiz, elkartasuna bultzatu nahi izanez gero, natur jarduerak eta jolasak landu ditzake, lehia baztertzen baitute. Ez dago, bada, denontzat ona den gorputz heziketa bakarrik, ideologia desberdinek jokabide desberdinak bultzatzen baitituzte. Gizarte askotarikoan “soinketako” eskolak ere askotarikoak dira.

Horrela, heziketa bakarra egitea ezinezkoa denez, zer zentzu du gizarte demokratiko batean hezkuntza legez arautzeak?

Hezkuntza arautzearen arrazoia oinarrizko gizartearen elkartasuna lortu eta hiritar-ikasleen eskubideak bermatzea da. Ondorioz, legeak gutxieneko espirituarekin jaio behar du: batetik, gizabanakoen eskubideak bermatu behar ditu, baina beste alde batetik, eskola bakoitzak duen ikuspuntua aurrera eramateko aukera eman behar du.

Demokrazian oinarritutako gizarteko eskoletan haurren eskubideak dira bermatu beharreko gutxienekoak. Nazio Batuen Erakundeko haurren eskubideen adierazpenean bi dira, nire ustez, Soin Hezkuntzarekin loturik bermatu beharreko haurren eskubideak: lehena, ikasleak euren ezaugarriengatik baztertuak ez izatea da, eta bigarrena, haurrek jolasteko eta jokatzeko duten eskubideaz gozatzea.

Baztertua ez izatea lortu behar da, bai modu “mikroan” eta bai “makroan” –eskolan eta gizartean–; hau da, ikaslea neska-mutilen taldean onartua izatea, eta eskolan ikasitakoa gizartean onartua izateko baliagarria gertatzea; eta hori dena joko eta jolasekin gozatuz.

Printzipioz, ikasleak gizarteak eskaintzen dizkion joko-jolasetan aritzeko eskubidea du, joko-jolasez gozatzeko eskubideak ez baitu mugarik: soka saltoan aritzeko plazeraz gozatzeko posibilitatea edonork eduki behar du, baita futbolean jardun nahi badu ere, edo beste hainbat jardueratan.

Soin Hezkuntzako eskoletan, kirol joko eta jolasen bitartez, eskubide horiek gauzatzeko posibilitatea dugu. Baina eskola ez da norberaren gustua betetzeko gunea, eskubideak bermatzeko lekua baizik. Eskubide hori bermatzerakoan, irakasleak joko-jolas konkretu batzuk hautatu behar ditu. Irakaslearen ardura aukeran dituen joko-jolasetatik esperientzia desberdinak bultzatzen dituztenak hautatzea da: plazer diferentea ematen dutenak. Baina nola jakin bi jarduera desberdinak diren? Edo beste modu batean esanda, nola jakin bi jarduera antzekoak diren?

Dudarik gabe, bi jarduera motor ez dira berdinak euren araudia eta betebeharra desberdinak direnean; teknikoki esanda, euren “barne logika” bestelakoa denean: pilota ez da soka saltoa, eta soka saltoa ez da futbola.

Modu honetan, jarduera motorrak taldeka ditzakegu euren barne ezaugarriak antzekoak direnean. Eskubaloiak, saskibaloiak, marro-marrokak edo “brileak” garatzen duten gozamena edo plazera antzekoa da, euren egitura antzekoa baita: bi taldeen arteko lehia zuzenak ematen duen plazeraz gozatzea. Honela sailkatzean eta taldekatzean, irakasleak modu errazean hauta ditzake jarduera motor diferenteak, plazer desberdina duten jarduerak. Hau da irakaslearen betebehar nagusietako bat: jarduerak ondo hautatzea, hor baitago bere eginbeharraren erdia eta ikasleen eskubideen bermea; horretarako, barne logikaren irizpidea gaindiezina da.

Bestalde, Soin Hezkuntzako irakasleak ikasleari plazer askotarikoez gozatzeko aukera ematea ez da nahikoa, ikasle guztiek gozatu beharko dute aukera horietaz, baita “baztertutakoek” ere: soka-saltoan gizonezkoak dira neska-mutilen irainen helburu, eta boxeoan, aldiz, emakumezkoak. Onartuak izateko helburua lortzeko, ezinezkoa da baztertuen eta baztertzaileen arteko bereizketa egitea. Ikuspuntu hori aldatu beharrean gaude, denok baztergarriak garela onartzeko —E.Goffman-ek estigmagarriak deritzo—. Irakasleek printzipio horri jarraitzea ezinbesteko irizpidea da, ikasle guztiek baitute euren ezaugarri pertsonalengatik baztertuak ez izateko eskubidea. Laburbilduz, gorputz hezkuntzako gutxieneko helburua hauxe da: jarduera motorren plazer askotarikoak eskaintzea eskoletan, ikasle anitzek gozatzeko aukera eduki dezaten.

Kontzeptuzko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak Soin Hezkuntzan

Argi dago Natur Zientzietako eskoletan izango duten gutxieneko helburua ez dela Soin Hezkuntzakoaren modukoa, irakasgai bakoitzak hiritarrengan arlo desberdinak garatzen baititu. Baina ez da hori bien arteko alde bakarra. Natur Zientzietan kontzeptuzko edukiak dira programazioaren ardatz nagusia, kontzeptuak ikastea da oinarrizkoa. Soin Hezkuntzan, berriz, prozedurazko edukiak dira ardatz printzipala: jarduera motorretan aritzen jakitea da koska, pilotan jokatzea, alegia.

Irakasle batek ikasleei pilota jokoa aurkezterakoan, haurren jokabide motorrak aurrelantzen ditu, hau da; bi ikasle beste biren kontra lehian arituko dira. Irakasleak aldez aurretik jakin dezake zer-nolako jokabideak bultzatuko dituen aukeratutako jarduera motorrak. Modu horretan, jarrerazko edukiak ere aurredefinitzen dira: laguntasuna garatuko dute taldekidearekin eta lehiakortasuna beste partaideekin, besteak beste. Kontzeptuzko edukien barnean, pilotaren araudia jakitea ezinbestekoa da, ezinezkoa baita hori jakin gabe pilotan ondo aritzea. Prozedurazko edukien plangintza egiterakoan, jokabide motorren plangintza egiten ari gara.

Halere, argitu gabe dago oraindik zer-nolako jokabide motorrak diren gutxienekoak euskal hiritarrentzat. Beste modu batean esanda, ea eskoletan egiten dena gizartean onartua izateko baliagarria den. Horrek bete-betean jotzen du hezkuntzaren zereginean: haur euskaldun bat heldu euskaldun bihurtzeko prozesuan. Jokabide motorren plangintzak bide horren sistematizazioaren iparrorratza izan behar du. Euskaldunek, Europako herrien pareko, etxea dute munduaren erdia. Horrela, europarren mundua etxekoen eta kanpokoen artean banatzen da, eta horien euskarriak jokoa eta jolasa dira. Jokoa, euskaldunok kanpokoen aurrean dugun jokabideen eredua da, eta bere balio orokorra “irabaztearen plazerak” laburbiltzen du. Bestalde, jolasak etxekoen arteko jokabideen eredua adierazten du, eta “elkarbanatzearen gozamenean” oinarritzen da. Jokoen eta jolasen bidez ikasten ditugu gure gizartearen jokabideak, egiten dugunaren esanahia; gizartekotzearen oinarrizko zutabeak dira.

Gutxieneko edukitzat hartu behar da eskolan euskal jokoak eta jolasak erakustea, ez soilik joko eta jolasen garrantziagatik, baizik eta horiek gizartearen jokamoldeak erakusten dituztelako: gure kulturaren kosmologia. Euskal Herrian biziko diren hiritarrek, etorkinak barne, beharrezkoa izango dute hemengo ohiturez jabetzea, nahiz eta euren ezaugarri pertsonalak askotarikoak izan. Eskubide gisa onar daiteke etnomotrizitatea, ideologia bateratzaile gisa. Hezkuntza araudien gutxienekoak betetzeko, batetik norbanakoaren eskubideak gorde behar dira, eta bestetik, oinarrizko gure gizartearen ezaugarriak onartu, nekez uzten baitu elurrak zuritasuna.

Euskal Curriculumaren gaur egungo dema, eskolei eta proiektu hezitzaile bakoitzari, gizarteak zer-nolako malgutasuna eman behar dion definitzea da, gizarte proiektu askotarikoak bultzatzeko aukera nahikoa izan dezaten.

Soin Hezkuntza arloa Euskal Curriculumean

Hirugarren galderari helduz: zer iritzi dut Soin Hezkuntza arloan Euskal Curriculumak hartu duen bideari buruz? Betetzen al dira gutxieneko horiek?

Nire ustez, ikastoletan eta ikastetxeetan eztabaidan dagoen testuak ez du horretan laguntzen. Lehenago argitu dudanarekin lotuko dut egiten diodan kritika.

Gorputza eta mugimendua, XIX. mendekoak diren kontzeptu zaharkituak, oraindik testuan agertzen dira: jarrerazko edukiak, alde batetik, eta prozedura eta kontzeptuzkoak, bestetik, banaturik agertzen direnean. Hori barkaezina da. Jokabide motorrak modu bateratuan lantzen ditu hiru eduki mota horiek; banaketa teorikoa da. Egia da jokabide motorren ikuskera oso argi agertzen dela Euskal Curriculumaren sarreran; baina ez da nahikoa, irizpide nagusia izan behar du.

Horren ondorioa hauxe da: Euskal Curriculumak ez duela argi adierazten prozedurazko edukien nagusitasuna: Soin Hezkuntzan eduki garrantzitsuena ariketa egitea da. Hori egiten ez bada, gure irakasleek euren burua galduta ikusiko dute, eta askotan, azterketa idatziak egitera edo etxerako lanak bidaltzera behartuta sentituko dira, gure betebeharretik at joatera. Ondorioa hori soilik izango balitz ez nioke garrantzi handirik emango. Baina banaketa horrek adierazten duena zera da; irakasleak eskaintzen dituen prozedurazko eta jarrerazko edukiek loturarik ez dutela. Berdin diola boxeoa, soka saltoa, futbola, harrapaketa, txorromorroka, mendi irteera edo atletismoa egitea, denek jarrerazko eduki berberak landu ditzaketelako. Banaketa hori ez da arazo formala soilik, gorputz hezkuntzarako gure betebeharrak suntsitzen dituen eta zientziatik banatzen gaituen muga da. Ez da Pariseko Sorbonan ikasi behar konturatzeko irakasleak mendi irteerak eta errugbia eskaintzen baditu, nesken eta mutilen arteko harremanak eta jarrerak aldatu egiten direla. Jarduera ezberdinek ez dituzte jarrera berberak bultzatzen: jokoak eta jolasak ez dituzte balio berberak.

Bestalde, baina horrekin bat, eduki blokeak nahastuta agertzen dira. Hau da: harrapaketa jolasa “nork bere buruaren ezagutzako, nork bere buruaren kontroleko, komunikazio motorreko, osasuneko, etnomotrizitateko eta ludikotasuneko” -euskal curriculumean agertzen diren blokeak- edukia izan daiteke. Beste modu batera esanda, harrapaketara jolastea ikasleak bere burua ezagutzeko eta kontrolatzeko baliagarria da, komunikazio motorrean soziomotrizitatea lantzenko ere bai, harrapaketako ariketa ere osasungarritzat hartu behar dugu; euskal kulturarekin lotuta dago, euskal jolasa delako; eta jolasaren ludikotasuna bultzatzen du. Nola demontre antolatuko dute irakasleek zentzuzko programazioa egoera honetan? Aukera bakarra soin heziketa teorikoa, kontzeptuala, egitea da eta hori da euskal curriculumak hartzen duen bide arriskutsua: mugimendurik gabeko soinketa bultzatzea: onartu ezineko egoera!

Beste kezka bat irakaslearen iritzia biltzeko sisteman datza. Soin Hezkuntzan ditugun egiturazko arazoek ez dute eztabaida modu argi batean adierazten uzten. Gauzak argi ez badaude, zaila da iritziak biltzea. Jokabideen heziketa bideratzeko, argi eduki behar da mugimendua eta gorputza ez direla gure edukiak eta prozedurazko edukiak direla gure programaketaren euskarria. Hori guztia ulertzea urte luzeetako lana da, ezinezkoa da dokumentu bakar batekin aldatzea. Halere, Euskal Curriculuma indarrean dagoen OCDa baino hobea dela deritzot. •