Haur txintxoaren eredua maite al du pedagogiak?

2006-11-02

Gela hartan 25 haur elkartzen ziren egunero. Haietatik hiru oso bereziak ziren, gainerakoek baino zarata eta mugimendu gehiago sortzen zuten; gehienetan ez zeuden ados irakasleak eskatzen zuenarekin, iniziatiba hartzen iaioak ziren, beti zerbait asmatzen zebiltzan... Gela hartan bazegoen baita ere dozena erdiko taldetxo bat ia inoiz atentziorik ematen ez zuena eta irakaslearen agindu guztiak begi-itxiz betetzen zituena. Hauek irakaslearen zigorrik ezagutu gabe utzi zuten eskola. Beste hiru haiek, alderantziz, egunero errieta eta zigorren bat jasotzen zuten. Irakasle berria pentsakor gelditu zen.

 
 

37 urtez aritu naiz irakaskintzan: 9 Frantzian, Pau eta Lourdes tartean dagoen Nay-ko St. Joseph ikastetxean eta 28 Santo Tomas Lizeoan. Galdera horrek adierazten duen egoeraren aurrean aurkitzen nintzen egunero, klase oro; gela guztietan aurkitu izan ohi ditut ikasle zintzoak, bihurriak, trebeak, motelak, argiak, motzak, krudelak, solidarioak, langileak, alferrak…

Nire filosofiaren arabera, galdera hori, hau da, “ haur txintxoen eredua maite al du pedagogiak ?”, aldatu egingo nuke: “Pedagogiak, pedagogoak, irakasleak maite al du haurra, maite behar al du haurra?”. Izan ere, ez dut ezagutu guztiz bihurria, gaiztoa, alferra den haurrik, ezta guztiz zintzoa, langilea, argia den gaztetxorik ere.Haur bakoitza, pertsona oro bezala, desberdina da une bakoitzean, bizi duen zirkunstantziaren arabera. Langile onena ere gau txar bat igarota etortzen bada ikastolara, ez da lanean sutsu arituko. Ostiraleko azken orduan, gertu dagoen asteburuaren haizearekin, lan gutxiago egiten dute haurrek, oro har. Santo Tomas Lizeoko nire azken urtean ostiraleko azken orduan Frantsesa ematen nien 4. DBHko gaztetxoei. Gorriak eta beltzak ikusten nituen haiei lan eginarazten; saiatzen nintzen eskola ordu hura ahalik eta biziena, dinamikoena bihurtzen; baina, ez nuen fruitu oso oparorik lortzen. Eta ostiral guztiak ez ziren berdinak izaten eskola hura parranda bihurtzeko irrika horretan: inauteri aurrekoa bazen edo Gabonen atarikoa, orduan eta lanerako gogo gutxiago. “Yo soy yo y mi circunstancia” esaten zuen Ortega y Gassetek. Beraz, zirkunstantzia aldatzen den neurrian, nire izaera osoa desberdina bilakatuko da. Zenbat aldiz ez zaigu gertatu irakasleoi txintxoen jotzen genuen ikaslea bat-batean guztiz “desmadratzea”? Ez dakigu zergatik, baina egun “tontoa” du.Jakina, eta normala da, irakasleak gustukoa du ia inoiz arazorik sortzen ez dion haurra. Eta ez al da zilegi hori? Besterik da, irakasleak horiei bakarrik kasuegitea, horiek bakarrik mimatzea. Hain zuzen ere, hori da pedagogoaren tentazioetako bat, eta ez txantxetakoa, gainera.Nire galdera funtsezkoa 37 urte horietan hau izan da: nola piz dezaket aurrean dauzkadan 25-30 haur horiengan ikasteko gogoa, jakin-mina, beren autoestimua? Nola lagun diezaieket aurki dezaten beren nortasun paregabea, bakarra? Atzo txintxo eta gaur bihurri portatzen ari den haurrari nola lagundu gelako giroa honda ez dezan? Nola sortu beroiengan edo nola lagundu oinarrizko giza balioak eskura ditzaten, hots, solidaritatea, begirunea, maitasuna, zuzentasun gose-egarria…? Nola lagundu lanean eta elkarbizitzan zoriontsu izan daitezen? Izan ere, heziketa ororen helburua zoriontasuna sortzea baita.Irakaslearen lana paregabea bezain zaila da. Irakastea eta heztea da bere eginkizuna. Lan horretan, oinarrizko printzipio batzuk garatzen saiatu izan naiz 37 urte horietan zehar. Hona hemen ni gidatu nauten barne arau batzuk:

 

1-Haurrarengan sinetsi, nahiz eta itxuraz desastre bat dirudien: bihurria, motela, kaskarina, distraitua… Azkenaldi honetan ikusi dudan pelikularik ederrenetakoak ideia horixe islatzen du. Irakasle guztiek ikusi behar lukete nire ustez film hori. Les choristes (Los chicos del coro itzuli dute) da zinema ikuskizun paregabe hori. Christophe Barratier da zuzendaria. 1949an Clément Mathieu, Musikako irakaslea eta langabezian zegoena, eskola zail bateko begirale izendatzen dute. Barnetegi bat da eta berrezitzen ari diren gaztetxo talde bat dago bertan. Heziketa sistema oso errepresiboa da. Diziplina mantentzen oso gaizki ibiltzen dira irakasleak eta begiraleak. Mathieuk kualitate bat du ederra, nahiz eta gizagaixo samarra dirudien: gaztetxo bakoitzak gaitasunen bat edo beste baduela sinesten du eta saiatzen da ahalmen horiek garatzen etsi gabe, neurrigabeko pazientziarekin. Ezereztzat jotzen zuten haur horiek beren burua, baina zaintzaile berria saiatuko da beren autoestimua lantzen, indartzen, sendotzen. Esan beharrik ez dago, azkenean, musikaren magiaz baliaturik gainera, gaztetxo horien egoera goitik behera transformatzen duela.

Haur bakoitzarengan neurrigabeko fedea behar du irakasleak eta berori transmititu haurrari. Zenbat aldiz komentatu izan dugun irakasleok zenbait ikasle erdipurdikok egin duen karrera, bizitzan izan duen arrakasta, eman duen aldaketa. Esperantza hori inoiz ez galtzea da irakaslearentzat apusturik zailenetarikoa. Ikasleak jakin behar du eta sentitu beronentzat bide guztiak edo gehienak irekiak daudela ; gai dela gauza handiak burutzeko mundu honetan. Nolabait esateko, haurrak jabetu behar du bakarra dela, apartekoa, paregabea. Honetaz jabetzen den eguna, fantastikoa izango da. Ez dezala inoiz pentsa ezertarako balio ez duenik. Mundu hau tapiz bat bezala da, baina, amaitu gabea. Haur bakoitzak dauka bere partzelatxoa alfonbra horretan eta hori berak bakarrik osa dezake.

 

2- Hezitzailearen jokabideak, jarrerak, harreman pertsonalak dira oinarrizkoenak heziketa lan horretan. Irakaskintza metodoak, teknikak, prozedurak eta abarrak oso beharrezkoak dira, ongi menperatu behar dira, baina, azkenean, ikaslea zerk markatuko du gehien? Zer oroitzapenekin geldituko da azken finean? Hezitzailearengan ikusi dituen jokamoldeekin, berarekin izan dituen kontaktuekin.

Hezitzaileak berak sinetsi behar du besteari esaten eta eskatzen diona. Haurra berehala konturatzen da irakaslea kontraesanean bizi den edo ez. Socrates-ek esaten omen zuen jende gehiago hezi zuela bere jokabideen bitartez, ematen zizkien lezioekin baino. Irakaslearen heldutasuna, oreka pertsonala, lanerako gogoa, puntualitatea, haurrekiko begirunea eta gertutasuna… Hori dena zaindu behar du hezitzaileak sinesgarri izatea nahi badu. Hezitzailea gidari da eta bere bizitzan gauzatzen ez badu besteari eskatzen diona, hobe lan hori uztea.

 

3- Balioetan heztea izan da nire apusturik, beharbada, handiena eta erakargarriena. Jakina, haurrari balioez jabetzen lagun diezaiokegu, baina azken batean, berak bereganatu behar ditu, eta hor sartzen da norbere askatasuna: onartuko ditu edo ez guk agertzen dizkiogun balio horiek zoriontasun bide gisa sumatzen dituen neurrian. Eskola gune aproposa da konturatzeko giza balioek zenbaterainoko garrantzia duten besteekiko harremanetan.

Balio guztien artean besteekiko errespetua edo begirunea jarriko nuke oinarritzat. Hori gabe, ikasleak ez du inoiz besteek esaten dutena entzuten, besteen ideiak onartzen edota ez badira giza legezkoak beroien kontra borrokatzen pertsonaren duintasuna zapaldu gabe. Nire eskola orduetan bazekiten parte-hartzea funtsezkoa zela, baina, garbi zeukaten, baita ere, egun txar bat bazuten (edonori gerta dakioke), besteen lanik ez zutela oztopatu behar.Begirune kapitulu honetan sartuko nituzke haurren arteko tratu txarrak edo bullyinga. Hori da begirune ezaren ondoriorik larriena. 37 urte horietan ondo aski ikusi dut zein krudelak izan daitezkeen adin horretako gaztetxoak. Badira 30 bat urte gela bateko tutore nintzela Biarnoko Nay-ko ikastetxe hartan. Gaztetxo argi, gozo, gertuko bat bazegoen beste batzuen artean; baina, akats edo muga bat zuen: oso lotsatia izatea.Bizitza kalbario bihurtu zioten ikaskide batzuek. Zenbat aldiz hitz egin nuen ikasle horiekin, zigortu ere bai batzuetan. Dena alferrik. Gurasoek ikastetxez aldatzea erabaki zuten. Baina, hara ere jarraitu egin zion lotsatiaren “sanbenitoak” eta han ere isekak jasan behar izan zituen. Azkenean, bere etxeko ganbaran aurkitu zuten zintzilikatuta.Nire bizitzan ukabilkada bat eman dut: Tolosako eskolapiotan 10 bat urte nituela. “Kaxero, kaxero”, deitzen zidan behin eta berriz ikaskide batek; Gazteluko baserri batetik jaitsi berria ni eta auskalo zer janzkera eta hizkera (batez ere gaztelaniaz) nituen. Askotan esan nion min ematen zidala eta ez esateko. Baina, kasurik ez. Gogoan dut nola utzi nion ahoa odoletan. Hiru egunetarako etxera bidali ninduten, jarreran zero jarri zidaten. Baina, gehiago ez nuen entzun hitz iraingarri hura. Zenbait indarkeria sanoa izan daitekeela pentsatu dut egoera batzuetan. Bakearen eta bakezko eredutzat hartzen den Jesus nazaretarrak ere ez al zituen bidali bada tenpluko merkatariak? Gehiegikeria horiek 1. eta 2. DBHn gertatzen dira batez ere. Jokinen kasuak kontzientziak piztu zituen, baina bullyinga gehitzen omen doa.Begirunean oinarritzen dira beste balio guztiak: gertutasuna, enpatia, solidaritatea…Besteak errespetatzen ditugu beren neurrigabeko duintasunaz jabetzen garen neurrian. Hor dago begirunezko jarreraren sekretua.

 

4- Ikasleak transzedentziarantz ireki, esnatu. Hitz biribil honetan sartuko nituzke: bizitzaren zentzua, erlijioa, balio espiritualak, zeinu sakratuen esanahia, erlijioen historia, mito erlijiosoak… Erlijio kultura, eta azken urtetan Frantsesa, ematen nituen Lizeoan. Beti pentsatu dut erlijio kultur zabal bat ematen ez bazaio ikasleari, bere heziketa herren gelditzen dela. Duela urte batzuk, eskolako erreforma zela eta, erlijioa inposatuko ote zuten zen nire lagun baten kezka. “Primer viernesak” jarriko zizkigutek berriro martxa honetan”, zioen Noaua! aldizkarian. Nik ere ez nituela nahi “primer viernesak” esan nion, baina erlijio kulturaren alde nengoela.

Santo Tomas Lizeoa izan da gai honetan (beste askotan bezala) aitzindari. 1990 inguruan inkesta zabal bat egin zen guraso, ikasle ohi eta irakasleen artean gai honen gainean. Ia % 90ak erantzun zuen erlijio kultura ahalik eta zabalena eta sakonena eman behar zela gure ikastolan. Ordura arte, gutxi gehiago, erlijio konfesionala ematen zen.Erlijio kultura zabal hori gabe, erabateko babesik gabe gelditzen dira gure gaztetxoak mundu hau ulertzeko orduan. Historia, artea, ingurua… erreferentzia erlijiosoz josita daude. Axular, Orixe, Aita Donostia, J.S. Bach, Miguel Ángel, greziar kultura, Egiptoko piramideak, eta abar, eta abar…Erlijio kultura ikastorduan tolerantzian hezten saiatzen nintzen (batzuk bataiatuak eta sinestedunak ziren, besteak ez). Zentzu kritikoa ere lantzen nuen: erlijioaren izenean egin dira basakeria handienetakoak, baina baita solidaritate eta gertutasun ekintza ederrenetakoak ere. Erlijioaren perbertsiorik zitalenak botereari lotuak daude. Boterea bilatzen duenean, boterearekin elkartzen denean, erlijioarenak egin du. Erakunde boteretsu bilakatzen denean eta erakunde boteretsuekin aliatzen denean, orduan dena hondatzen du mami-mamitik. Bigarren DBHn urtero La Misión pelikula botatzen nien, ikus zitzaten, hain zuzen, erlijioaren bi alderdi horiek. Sinetsia nago eskoletan erlijioa (kristautasuna nahiz besteak) erakustea gizartearentzat guztiz onuragarria dela. Ikasleak behar du gune bat gai honek sortzen dituen galderak, kezkak eta abarrak ager ditzan.

 

5- Gurasoen kolaborazio estu baten bila ibili izan naiz beti. Batez ere, gaztetxo gatazkatsu samarren aurrean aurkitzen nintzenean. Haurrak ez badu ikasten, interesik ez badu agertzen, besteen lana oztopatzen badu, oro har, etxeko egoerak badu zerikusirik gelan gertatzen den horrekin. Gertatzen dena da, gaur egunkari batean irakurri dudan moduan, “irakaslearen bizkarrean jartzen dutela gurasoek haurraren heziketaren ardura edo erantzukizun osoa”. Tutoretza da unerik egokiena eta, beharbada, inoiz baino beharrezkoagoa gaur. Gurasoengan sumatu dudan akatsik handienetakoa zera da: ez dutela onartzen askotan beren haurraren porrota ikasketetan, harremanetan… Zuk esaten diozu guraso bati bere semeak porroa erretzen duela goizeko zortzietan eta ez dizu ametituko, ez dela posible esango dizu. Semearekin solidarizatzea errazagoa baita, agian, etxeko heziketan dagoen hutsunea aitortzea baino.

6- Autokritika egitera eraman behar gaitu gure irakaskuntza eta heziketa lanak. Ikaslea jabetzen da askotan gure akatsez, erruez, aldrebeskeriez.. eta gu enteratu ere ez. Zenbat hitz mingarri, keinu gogor, hizkera ulergaitz… eta gu jabetu ez. Orduan dator ikaslearen ekarpena, hau da, atentzioa deitzen digunean, gure jokabide oker hori salatzen digunean. Bere esateko modua ez da egokiena izango askotan, baina hezitzaileak erne egon behar du beti apaltasunez jasotzeko kexa eta errieta horiek. Haurrarengandik erruz ikasten du irakasleak. Lizeotik jubilatu nintzenean, ehunka guraso eta ikasle nituen aurrean, ikasturte amaierako festa baitzen. Agurtzerakoan hauxe esan nien: “eskertzen dizuet bihotzetik, eman dizuedana baino anitz gehiago izan baita zuengandik jaso dudana”. Ikasleak jakin behar du bere kexu horiek, era positiboan eginda, jakina, oso onuragarriak direla irakaslearentzat.

Roger Garaudy filosofo handiaren hitzekin amaitu nahi nuke nire gogoetatxo hau. Honela dio: “ikaslea, bere inguruarekin, sekulako etorkizun depositu bat da. Eta etorkizun hori proiektuz,esperantzaz eta libertatez betetako sorta da. Egokienak aukeratzen eta beste batzuk sortzen lagundu behar dio hezitzaileak” . •