Elkartasunezko gelak eraikitzen Mungiako BHIn

2006-12-02

Mungiako BHIn, duela urte batzuetatik hona metodologia aldaketa sakonak burutu dituzte. Gero eta aniztasun handiagoa dute geletan, eta etorkinak ere gero eta gehiago dira. Hala, erronka berriei aurre egiteko prestatu dira, elkarbizitza baketsu baten alde.

 
 

Mungia azken urteetan izugarri hazi den herria da, eta eskola guztiak txiki gelditzen ari dira. Une honetan, Euskal Herriko jaiotza tasa altuenetakoa du, eta familia gazte ugari etorri da bertara bizitzera. Eskualdeko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko bakarra denez, inguruko herrietatik ere jende ugari dator. Ikastetxeak maila bakoitzean bost lerro ditu, eta ikasleen arteko aniztasuna itzela da: herri ugaritako jendea, baserri inguruneetatik datozenak, ingurune industrialetatik datozenak, etorkinak… 750 ikasle guztira.12 urtetik 18-20 urte arteko gazteak dira Batxilergoa edota erdi mailako eta goi mailako Lanbide Heziketa zikloak egitera datozenak. Irakasleak, ostera, 108; eta ikastetxea hiru eraikinetan banatuta dago.

Hiru hizkuntza eredu eskaintzen dira (A, B eta D), eta euskaraz eta gaztelaniaz gain, ikastetxeko korridoreetan beste 14 hizkuntza entzun daitezke: alemana, kitxua, errumaniera, eslovakiera, portugesa, fang hizkuntza, kreolera, brasildarra, japoniera, txekiera, berberea, txinera, arabiera eta guaraniera. Halako hezkuntza komunitate handi batean, errealitatea konplexua izatea ez da, harritzekoa, beraz. Eta errealitate konplexu horri nola aurre egiten dioten kontatu digute LuisMa Landaluze hizkuntza indartzeko plangintzarako irakasleak, Lorea Aretxaga orientatzaileak eta Sira Aiarza ikastetxeko zuzendariak.

Etorkin gazteak eta euskalduntzeko epe laburra

Etorkinen presentzia gero eta nabarmenagoa izan da azken urteetan. Egun, ikasle guztien artean % 15 etorkinak dira, eta batez ere DBHn dauden nerabeak dira.

Lehen, etorkin askoren jatorria Hego Amerika zen, gehienek zekiten gaztelania eta ikasketak hobeto jarraitze aldera, gaztelaniaz ikasi nahi izaten zuten. Orain, nahiz eta etorkinen jatorria asko dibertsifikatu eta hona datozen askok gaztelaniaz ez jakin, garrantzitsuagoa iruditzen zaie euskaraz ikastea eta hizkuntza hori erabiltzea, batez ere eguneroko lana aurrera ateratzeko. Beraz, B ereduan matrikulatzen dira gehienak eta D ereduan ere gero eta gehiago.

“Lehenengo egunetan hemengo hezkuntza sistema eta hizkuntza ereduak azaltzen zaizkie. Baina, gero, eurek daukate azken erabakia. Orduan, sarritan, nahiz eta bi hizkuntzak ikasteko gogoa adierazi eta interesa agertu, ikasleak adinez nahiko nagusi datozenez, errazena hizkuntza bakarra ikastea dela iruditzen zaie. Gauzak honela, euskalduntzeko oso epe laburra daukagu. Nola eta zer egin bi edo hiru urtean euskalduntzeko? Zaila daukagu baina posible da“, esan digu LuisMa Landaluze hizkuntza indartzeko plangintzako irakasleak.“Lehen, erronka estatu espainiarreko eskualdeetatik etorritako ikasleak euskalduntzea zen; orain, ostera, etorkin berriekin erarik egokiena zein den pentsatu behar da. Nik uste dut era egokienetako bat hizkuntza horretan ekintza esanguratsuak egitea dela eta gaur egun hori bermatzen duen eredu bakarra, D eredua da. Honen inguruan, ereduen desagerpena ezinbestekoa dela iruditzen zait. Gainera, orain eskola publikoetako A ereduetan beste gauza bat ari da gertatzen. Euskalduntzea ez bermatzeaz gain, eskola porrota izugarria ematen da bertan eta benetako ghettoak ari dira bihurtzen. Lehen ere esaten ziren behar bereziak zituen pertsona batek hizkuntza bakarrean ikastea hobe zela eta halakoak. Eta orain ideia bera ari dira zabaltzen etorkinen inguruan. Horregatik, nik uste dut informazio hori guztia zabaltzen joan behar dela, eurek libreki erabakitzeko: libreki eta kontzienteki, zeren batzuetan ez dakite zer eragin izan dezakeen eredu bat edo bestea aukeratzeak. Bertakoek gure seme-alabentzat zer aukeratzen dugun begiratzearekin nahiko lukete”.

“Etorkina = A ereduan. Lotura hori egiten da. Zergatik? Hori oso artifiziala da“, gaineratu du Lorea Aretxaga orientatzaileak. “Gainera, euren ingurunean ez da euskaraz egiten, eta ikastetxea da euskara ikasteko leku bakarra. Euren erronka eta hezkuntza sistemaren erronka izan behar du etorkinak euskalduntzeak. Hori horrela ez bada, ghettoak sortzen dira, azpitaldeak, eta jendarteko gatazkak areagotu egingo dira.

”Horrez gain, etorkinen artean sumatzen den beste aldaketa bat zera da: lehen, gehienek 16 urte betetzean eskola uzten zuten, Lanbide Hastapeneko ikastaro bat egiteko, lanean hasteko edo beste zerbaitetarako. Orokorrean, ikasteko itxarobide gutxirekin etorri izan dira asko. Baina azkenaldian hori aldatzen ari da, eta orain, jada, DBHko agiria lortzeak duengarrantzia ulertzen dute, eta badira zikloak eta Batxilergoa egiten ari direnak ere.

Metodologia aldaketa sakonak

Etorkinak ugaritzeak ikastetxearen errealitatea aldatu du Mungiako BHIn. Baina aurretik ere bizikidetza arazoak zituztela aipatu digu Sira Aiarza zuzendariak. “Geletako aniztasuna eta gatazkak bazeuden lehenagotik ere.” Errealitate konplexua da. “Horrelako ikastetxe handi baten egunerokoa eta zentroaren eguneroko bizitzako alderdi oro aztertu eta zalantzan jarri beharra dago, kulturartekotasunaren ikuspegitik”, gaineratu du Sirak.

Azken finean, ikastetxe honek eskura dituen baliabide guztiak aprobetxatzen ditu, eta etorkinak geletan izateak baliabide gehiagoren aukera dakar. Horrela, baliabide horiek denen artean eta hainbat gauzatarako aprobetxatzen ari dira: ikastetxeko bizikidetza hobetzeko, ikasleen ikaskuntza prozesua areagotzeko eta beste herrialdeetako ikasleen integrazioa errazteko.

 

Baliabide guztiak ikasgela barrura!!

“Gure planteamendua baliabide guztiak gelara eramatea da. Ikasleak geletatik atera beharrean, bertara eramatea. Ni hasieran gelara joaten nintzen eta atera egiten nituen euskara irakasteko helburuarekin. Ekaina iristen zen, eta ikusten nuen ez zutela asko ikasten nirekin. Oso ordu gutxi ziren eta euskarazko elkarrekintza bakarra nirekin egiten zuten. Orduan ez zen esanguratsua beraientzat. Buelta asko eman dizkiogu proiektuari, eta hizkuntza curriculumaren bitartez ikastea nahi genuen, hizkuntza tresna bat delako”, azaldu digu LuisMak.

Zentroko orientatzaile Loreak aipatu digunez, azken finean, pertsona bat gelatik ateratzen duzun unean, gelako dinamikatik baztertuta gelditzen da. Zerbait ikasiko du, baina bitartean gelan beste zerbait ikasten ari dira eta ikaslea elkarrekintza horretatik kanpo dago. “Ez da berdina gauzak zuk bakarrik ikastea edo besteekin ikastea. Gainera, ez dago baliabiderik curriculum guztia horrela ikasteko. Une garrantzitsuenak taldeko mementoak dira. Egia da talde batean erritmo eta garapen askotarikoak daudela. Horregatik hasi ginen talde interaktiboetan lan egiten”.

Talde interaktiboak

Elkartasunezko ikasgelak sortuz, taldean ikaskuntza eraikitzeko hainbat metodologia garatu dituzte Mungiako irakasleek. Arlo instrumentaletan, hizkuntzetan eta Matematikan. Ahal den heinean irakaslearekin batera beste norbait sartzen saiatzen dira etorkinak dauden geletan, hori guztiz ziurtatzeko.

Talde interaktiboetan lan egiteko irakaslearekin batera beste norbait sartzen da gelara: HIPIa; etorkinekin hizkuntza indartzeko irakaslearen figura, beste irakasle bat, guraso bat, boluntarioren bat… edonor. Orduan, irakasleak hiru ekintza desberdin prestatu baditu, taldetxoetan jarri eta saio berdinean gauza desberdinak gauzatzen dira ikasgelan. Une horietan gertatzen diren elkarrekintzak oso garrantzitsuak dira eta asko ikasten dute elkarrengandik.

Irakaslearekin batera sartzen den horrek ez du gaia ezagutu behar, dinamizatzea da helburua.

Ikastetxeko zuzendari Sira Aiarzak antolaketan horrek guztiak dakarren lana aipatu digu. Alde batetik, giza baliabideak eskuratzeko hamaika eskari egiten dituzte; hala nola, pedagogia terapeutikoko irakasleak, HIPIa (Hizkuntza indartzeko plangintzarako irakaslea), eskolaz kanpoko ekintzetarako arduraduna eta abar. Bestalde, ordutegiak egokitzeak ere ahalegin handia eskatzen du.

Batzuetan talde interaktiboak egiten badira ere, ez da beti hala izaten. Bakarkako lanean baldin badaude, adibidez, bi irakasle daude hor, jarraipena egiteko. Metodologia desberdinekin probatu eta eraginkorrenak bilatzen saiatzen dira.

Harrera eta arreta, harreman pertsonalagoen bitartez

Edozein unetan irits daitezke beste herrialdeetako haur eta gazteak. Horregatik, harrera plangintza berezi bat egiten da. Lehen une hori oso garrantzitsua da gurasoak lasaitzeko, urduritasunak baretzeko eta laguntzeko. “Baina arreta ez da hor amaitzen, gure babesa ez da hor gelditzen, jarraipen bat behar da, animatzeko, ea ikasten duten edo ez behatzeko, beraien berri izateko, hitz egiteko… lagunak izateko”, dio LuisMak.Horretarako, etorkin gehienek, zentrora iristen direnetik, bere gelako tutoreaz gain tutore pertsonalizatu bat dute. Irakasleen artean boluntario agertzen den irakasle bat izan ohi da, ikasle horrekin harreman pertsonalagoa izateko. “Oso nabarmen ikusten dugu ikasleak ondo eta arretaz tratatu direnean askoz ere erantzun positiboagoak izan direla, ez soilik ikasketetan, baita institutuko giroan ere.

Kulturartekotasunaren inguruko jardunaldiak

Beste ekintza batzuen artean, urtero, udaberrian, jardunaldiak antolatzen dituzte.“Normalean denoi burura etortzen zaiguna folklorea da. Beno, hori plazaratzea ere ondo dago: janariak, jantziak, dantzak, musikak... Horiek ere kulturaren ezaugarri garrantzitsuak dira. Baina beste elementu batzuk sartzen saiatzen gara, hala nola, gizarte arloko elementuak, esate baterako, migrazio mugimenduen inguruan. Hala, ikasleen familian izandako migrazio mugimenduak aztertu izan dituzte, gure gizartean bertan migrazioak izan duen garrantziaz eta eraginaz jabetzeko.Bestalde, etorkinak geletara ekarri izan dituzte, euren bizi esperientziak kontatzera, beraien esperientzia esplikatzera, zergatik izan den, nola izan den edota zer sentitu duten azaltzera. “Telebistak beti migrazioaren ezaugarri batzuk soilik adierazten dizkigu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu norbait zuzenean halako esperientzia bat partekatzera etortzea. Eta ez helduak bakarrik, gure ikasleak ere bai. Zeren ikusten genuen oso desberdina dela heldu batek sentitzen duena edo haur edo gazte batek senti dezakeena. ‘Nik hemen aita edo ama dauzkat, baina han utzi ditut eskola, lagunak, etxea... dena’ esaten digute sarritan. Gainera, askotan beraiek ez dute etorri nahi, gurasoek ekarri dituztelako daude hemen, eta hori plazaratzea oso garrantzitsua ikusten genuen”. Beraz, gaztetxoak, normalean irakasle edo heldu baten laguntzaz, beste gelaren batera joan eta beraien esperientzia kontatu izan dute.

 

Hizkuntza anitzeko irakasgaia; norberaren hizkuntza balioesten

 

Berebiziko garrantzia du ikasle etorkinaren kultura, hizkuntza eta jakinduria baloratzeak. “Sarri, ez dakizkiten gauzetan arreta gehiago jartzen dugu dakizkiten gauzetan baino”, dio LuisMak. Horregatik, oso garrantzitsua ikusten zuten etorkinen hizkuntzak plazaratzeko gune bat sortzea: “Ez da nahikoa kartel batzuk jartzearekin edo ekintza puntualekin”. Horregatik, DBHko 1. eta 2. mailetarako hautazko ikasgai berezi bat eskaini nahi dute, hizkuntza horiei lekua egiteko irrati eleaniztun bat, aldizkari bat edo sortzen dena aurrera eramateko. “Hitza beraiei emango zaie espazio horretan, eta helburua euren ama hizkuntzan gauzak egiten jarraitzeko aukera ematea da, eta era berean, bertakoentzat beste hizkuntzetara hurbiltzeko aukera ere bada.” Oraindik irakasgai bezala martxan jarri gabe egon arren, halako gauzak egiten ari dira hizkuntza saio batzuetan eta eragin baikorra izaten ari da.

Eskola orduak luzatzen

Eskola orduak euskalduntzeko nahikoak ez direla eta, tutoretzapeko liburutegi zerbitzua jarri dute martxan. Arratsaldero tarte batean zientzietako eta hizkuntzetako bi irakasle egoten dira bertan, eta jada gurasoek ere parte hartzen dute. Etxerako lanak egiteko toki egokia da, zerbait ulertu ez dutenean laguntza jasotzeko, kontsultarako… Horrez gain, Euskara ikasteko saioak ere martxan jarri dituzte, udalaren laguntzaz. •

Elkarbizitza hobetzeko estrategiak

- Talde interaktiboak

- Baliabide guztiak ikasgela barrura
- Tutore pertsonalizatuak
- Hizkuntza anitzeko irakasgaia aukeran
- Eskola orduetatik kanporakoproposamenak