Ikasleak nola limurtu

2006-12-02

Azken artikuluan, eremu kurrikularrean subjektu eragilea den irakaslea hartu genuen hizpide eta aztertu, bere irakasle lanetan, euskararen indarberritzean, eraginkorra izatekotan (erabilera eta kalitatea) zer-nolako irizpideren arabera jokatu behar duen. Irizpide horien araberako gauzatzean, ezinbesteko protagonismoa hartu behar duen IKASLEAZ ariko gara ondoko lerrootan.

 
 

Ikasleak eremu kurrikularrean subjektu agente izatetik hasita, eremu ez kurrikularrean ere hala izaten nola jarrai dezakeen adierazi nahi dugu eta agerian jarri horretarako zein estrategiaz balia gaitezkeen irakasleok.

Lehen urratsa, curriculumaren barruan egiten denari irakasleak zertarakoa bilatzean datza. Demagun, DBHko 3. mailan XX. mendeko euskal poesigintza ezagutzea dugula langai Euskal Hizkuntza eta Literatura gaian. Eta darabilgun material pedagogikoak oso era gidatuan eta egoki gainera, ikaslea poesia sortzen jartzen duela eta olerki hauen ahots gorako irakurketan trebatzeko bideak ere ematen dituela. Ikasgaiaren barruan nahitaezko den egiteko honen hartzailea irakaslea baino ez bada, ordea, nekez izango dugu zinezko komunikazio eraginkorrik gauzatzeko paradarik eta nekez limurtuko dugu ikaslea. Badakigu, jakin, gela barruko jarduna eten gabeko simulazioa dena eta hizkuntzaren erabilera komunikazio egoera anitzetan zertzea bilatzen badugu, horiexei eman behar diegula egiantzekotasuna, sinesgarritasuna, baldin eta euskarak gaztearen interesgune horietan lekurik izan dezan nahi badugu. Izan ere, gela barruko lanketari zertarakoa bilatzeak ezkutatu egiten baitu euskararen erabilera sustatzeko asmoa, zein, ez dezagun ahantz, gure asmo pertsuaditzailea baita. Eta berriki I. Fernandez Ostolazak euskararen eta marketinaren arteko erlazioa aztertzen duenean bere blogean1, guztiaren gainetik azpimarratzen ditu komunikazio estrategia eraginkorrenaren oinarrian asmo pertsuaditzailea ezkutatzea, euskarazko gune eta produktu erakargarriak eskaintzea eta euskararen alde estetikoa lantzea. Irizpide hauek normalizazio lanetan ari garenok guztiz aintzat hartzekoak ditugula azpimarratu nahi genuke lerro hauetan.

Beraz eta aurrera eginez, galde dezakegu: zein egoeratan balia ditzakegu poesiaren ahots gorako irakurketan trebatu ditugun ikasle hauek? Irakasle lanetan ari direnak galdera honi erantzuten saiatzen badira Unitate didaktiko jakin horren planifikazioa egiten ari direla, hortxe dugu zertarakoa. Honela, ikasleak burutu lanaren azken zertarakoa ez da nota izango eta ezta betiko irakaslea ere hartzaile bakarra.

Zertarako hau adin tarte desberdinei erreparatuta, ikasleen gaitasunak eta interesguneak zein ote diren arakatzetik ondoriozta daiteke eta baita beraien eta irakasleen arteko akordioz adostu ere. Eskola esparruan abaguneak ugariak dira gisa honetako emanaldiak modu esanguratsuan gauzatzeko: jai egun jakinak (abenduaren 3a, Eguberrien ataria, ikastolako jai eguna, …); kidetze saioak2 deitu tankerako ekimenak; herriari begira antolatu saioak…

DBH 3. mailako gaztetxoak badira gauza, irakaslearen laguntzaz noski, poesia emanaldi duina gauzatzeko. Irakasleari, behin alde didaktikoa egokitasunez bermatu duela (poemak idaztearen alde linguistiko-literarioa eta ahots gorako irakurketarekin zerikusia duten aldeak), zirikatzaile eta gidari izatea dagokio. Poesiazko hitzak doinuz, kantuz, dantzaz eta irudiz jantziz halako emanaldi ikusgarria antola liteke. Adin honetako ikasle askok daki instrumenturen bat jotzen, dantza taldeetako partaide izan ohi dira behin baino gehiagotan, abesbatzetako kantari… Ideiak ematea baino ez da, akuilu lana egitea, baliabideak eskaintzea eta arra piztea. Zinez diogu ekintzarako eta ondo pasatzeko gogo minez diren gazteek eskertzen dutela gisa honetako ekimenik eta proiektu hauen gauzatzeak onura handiak dakarzkiela gazteak euskarara erakartzeko eta euskaraz bizi daitezen lortzeko dugun helburuei, besteak beste emozio gosez diren nerabeak barrutik harrapatzen dituelako: sentitu, bizi, disfrutatu egiten baitute.