EHBE, AURRERA BEGIRAKO ERRONKAK
Helburu bakarra: hezkuntza sistema nazionala. Bide argia: aldarrikapen taula. Lan molde zehatza: dinamika soziala. Osaketa sendoa: hezkuntza mugimendua. Horrela definitzen da EHBE Euskal Herriak Bere Eskola.
Euskal Herriko hezkuntza esparruan hainbat sektorek aldarrikatu izan dute hezkuntza sistema nazionalaren beharra, eta urte askotan egin da horren alde lan. Esperientziak horiek denak biltzeko eta hezkuntza mugimendua gorpuzteko asmoz sortu zen EHBE duela 5 urte.Berriki ospatu dituzten III. Nazio Mintegietan aurrera jarraitzeko indarra erakutsi dute.EHBEk III. Nazio Mintegiak eta V. urteurrena ospatu ditu
Partaidetza nekeza den garaiotan, EHBE Euskal Herriak Bere Eskolak ikasleak, irakasleak, gurasoak eta herritarrak biltzea lortu du ospatu berri dituen III. Nazio Mintegietan. Hezkuntza plazara! leloari jarraiki, hiru hilabetetan zehar 40 herri, auzo eta unibertsitateetan burutu dira eztabaidak eta urtarrilaren 13an Altsasun egin zen batzarrarekin eman zitzaion bukaera.
Duela bost urte sortu zen EHBE eta orain arteko ibilbideari errepasoa emateko eta aurrera begirako erronkak zehazteko baliatu dituzte mintegiak. Eta era berean, V. urteurrena ospatzeko ere bai.Ardatz nagusiak
EHBE herri ekimenak hezkuntza sistema nazionala sortzeko urratsak ematea izan du xede hasieratik. Eta horrekin batera, hezkuntza mugimendua gorpuztea herri ekimenen bidez.Bide horretan, azken urteetan hezkuntza arloak izan duen garapena kontuan hartuz, Euskal Herriko hezkuntza esparruak dituen behar berriak identifikatu dituzte oraingo nazio mintegietan. Eta horrekin batera, EHBEren aurrera begirako erronkak zehaztu. Horretarako, eta egin beharreko bidea markatzeko, Aldarrikapen Taula bat zehaztu zuten orain dela 3 urte. Orain, aldarrikapen horiek denak berriro aztertu eta birmoldatu dituzte, errealitateak hala eskatzen duelako. Beraz, Aldarrikapen Taula berritua adostu dute Altsasuko nazio mintegian. Horrek markatuko ditu hurrengo urteetako lehentasunezko esparruak eta lan ildoak.Baina horrez gain, badira bereziki landu dituzten gai batzuk. EBHEren ustez, hezkuntza sistema nazionalak beharrezko izango lituzkeen hiru ezaugarri, hain zuzen ere: hezkuntza sistema nazional hezkidetzailea, eredu pedagogiko euskalduna eta hezkuntza sistema nazional herritarra eta publikoa. Gai horietako bakoitzaren inguruan ebazpen bana landu dute.Azkenik, aipatu beharra dago hemendik aurrerako jarduera guztia hezkuntza eskubideetan oinarrituko dutela. Hori izango da EHBEren ardatza. Nazio Garapen Biltzarreko Hezkuntza batzordeak Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa adostu eta aurkeztu zuen eta EBHEk bere egin du, positibotzat hartuz honako arrazoi hauengatik: “batetik, azken urteetan hezkuntza esparruan egin den baterajotzerik garrantzitsuenetakotzat dugu, esparru publiko eta pribatua, hezkuntza eragaile desberdinak, unibertsitate zein aisaldi eremua... helburu bakar baten norabidean biltzeko gaitasuna izan duelako: hezkuntza sistema nazionalaren norabidean. Eta bestetik, euskal herritarroi dagozkigun hezkuntza eskubideak lehenengo aldiz zerrendatu direlako”.Parte-hartzearekin gustura
Orain arte esandakoaz gain, EHBEren antolaketari begira ere hainbat egiteko definitu dituzte, betiere herri mugimendua sustatzen jarraitzeko. Besteak beste, hezkideen figura indartzen eta zaintzen eta herrietako lan taldeak dinamizatzen saiatuko dira.III. Nazio Mintegi hauetan hezkuntza esparruko hainbat eragilerekin egon dira harremanetan: eragile pedagogikoak, ikasle mugimendua, sindikatuak, unibertsitate mailako eragileak, ikastetxe sare desberdinak... eta oso gustura gelditu dira elkarlanak eman duenarekin eta jasotako ekarpenekin.TAILERRAK
Hezkidetza
Tailer honetan hezkuntza sisteman hezkidetzaren edo parekidetasunaren egoera nola dagoen aztertu zen, honako atal hauetan banaturik: edukiak, hizkuntza, materiala, ikastetxearen antolaketa, espazioaren antolaketa, jarrerak, balioak, ebaluazioa, ikastetxeko eragileen arteko harremanak eta jarduerak-prozedurak eta metodologia.
Atera zen ondorio nagusia zera izan zen: egungo hezkuntza sistemak emakumezkoen zapalkuntza bultzatu eta iraunarazten duela, sexu eta generoaren araberako bi mundu bereizi sortuz eta pertsonen garapen integrala zailduz eta oztopatuz.Egoera hori gainditzeko, hezkuntza mundutik, elkarte parekide bat eraikitzeari begira, egin daitekeen ekarpenik handiena hezkidetza dela ondorioztatu zuten. Hau da, generoa eta sexua kontuan izan gabe egiten den pertsonaren heziketa, pertsonen garapen integrala bultzatu nahi duen heziketa.Pedagogia
Euskal Herriak ba al du eredu pedagogiko propiorik? Zein behar ditu hezkuntza esparruak pedagogiari dagokionez? Zeri erantzun behar dio Euskal Herrian ezartzen den eredu pedagogikoak?
Galdera horiei erantzuna bilatzeko saiakera izan zen tailer hau. Euskal Herrian izan diren hainbat esperientzia pedagogiko bergogoratu ziren eta baita egungo euskal mugimendu pedagogikoaren osasuna aztertu ere. Galdera batetik abiatu ziren horretarako: zer baliok egiten gaitu euskaldun? Talde lanak, euskarak, arduratsu izateak edo arduraren kontzeptu horrek, kolektiboa hezteak, askea izateak, herri aske batean pertsona askeak izateak, autogestioak... Hori guztia aintzat hartu beharko litzateke gaur egungo ikasleak hezterakoan, horren baitan egongo baita haien jarrera.Zein izan behar du hezitzaileen ekarpena herri identitate arlo horretan? Galdera horri ere buelta batzuk eman zitzaizkion tailerrean. Gaur egun hezitzaileen prestakuntza espezialitateen araberakoa da, eta horregatik, bakoitza bere espezialitatetik irten eta euskaldun moduan marko bat eratzeko eta hor aritzeko espazioak bilatu beharko liratekeela nabarmendu zen.Globalizazioaren kontuarekin, zera ikusi zen: hartzen diren ereduak herri potentzia handienak direla, eta beharbada herri txikiak ezagutzeko ahalegin handiagoa egin beharko litzatekeela. Horrela, herri horiekiko konplizitatea lortuko litzateke eta sentiberatasun horretan hezi beharko lirateke gure haurrak eta haur etorkinak.Etorkinak eta hezkuntza
Nola lortu etorkinen eskubide guztiak onartu eta hori praktikara eramatea, etorkinen hizkuntza eta kultura errespetatu eta onartuz gure hizkuntza eta kulturan integratzea?
Galdera horrek eman zion hasiera tailer honi, eta hainbat kontzeptu eta planteamendu agertu ziren.Esate baterako, etorkinek hizkuntza ereduekiko eta ikastetxeekiko dituzten hautuen inguruan eta horri eragiten dioten baldintzen inguruan kezka agertu zuten bildutakoek. Hegoaldean etorkin gehienek A ereduaren aldeko hautua egiten dute, bertakoek ez bezala, eta horrek haustura soziala ekar dezake. Iparraldean, berriz, oso zaila da datuak eskuratzea. Ghettoen arriskuaz, bazterkeriaz eta sakabanatze politikaz aritu ziren. Ondorioz, garbi ikusi zen gizarte bizitzan kohesioa lantzea behar-beharrezkoa dela.Gaur egun multikulturalismoa, interkulturalismoa, integrazioa, inklusioa eta antzeko kontzeptu ugari erabiltzen dira, eta horietako bakoitzaren planteamendua ulertzeko hainbat modu daudela ikusirik, horien gaineko hausnarketa egitea interesgarritzat jo zen.Etorkinek euskara ikastea garrantzitsua dela aipatu zen, baina baita euskal kultura ezagutzea eta bizitzea ere. Horretarako, euskararen normalizazio bidean lanean jarraitu behar dela gaineratu zen.Harrera planak antolatzeari buruz ere hitz egin zen. Hezitzaileak ondo prestatu behar direla aipatu zen, eta bai hezitzaileek eta bai ikastetxeek baliabidez hornituta egon behar dutela behar den bezalako erantzuna emateko eta poliki-poliki helburuak lortzeko.Tailerretik atera zen alderdirik positiboena zera izan zen: jendartean badagoela kezka etorkinen inguruan, euren eskubideak bermatzearen inguruan eta gure hizkuntza eta kulturan integratzearen inguruan.Dagoeneko proposamen ugari eta txukunak daude, eta lan teoriko asko dago egina. Hori guztia praktikan jartzeko garaia da.Bologna prozesua
Bolognako prozesuari buruzko tailer honetan ondorio batera iritsi ziren: guk ez dugula erabaki behar Bologna prozesua ongi edo gaizki dagoen, baizik eta guk zer beharrizan dugun eta zer-nolako unibertsitate eredua nahi dugun herri eta herritar gisa garatzeko.
Bologna prozesuaren ezaugarriak ikusita iritsi ziren ondorio horretara. Izan ere, hasteko, Bolognako prozesua Europar Batasunak abiatutako eta haren neurrira egindako prozesua dela aipatu zen tailerrean.Horrez gain, unibertsitatean inongo eztabaidarik eman gabe ari dela aurrera eramaten salatu zen, nolabaiteko onarpen isil batekin eta zer ekarriko duen ondo neurtu gabe. Asko Bolgonak ekar ditzakeen alderdi onak fede onez ari direla garatzen aipatu zen, eta fede on hori ez zaiola inori kendu behar. Baina horrek prozesua bera onartzea eta haren eraketan parte hartzea dakarrela ahaztu gabe.Unibertsitatearen funtzioaz eta eraldaketaz ere hausnartu zen. Herri mugimenduen bozgorailu edo aldaketa kritikorako gune izatetik, kapital handiaren mesedetan dagoen tresna izatera pasa omen da, salbuespenak salbuespen. Horren aurrean, EHBEk unibertsitateko hezkuntza komunitatearen parte-hartzea bultzatu nahi du. Bologna bezalako prozesuetan komunitate horri hitza eta erabakiak hartzen uztea funtsezkotzat jo zuten tailerrean bildutakoek.Herritartasuna eta publikotasuna hezkuntza sistema nazionalean
Herritartasunari lotutako bi kontzeptu landu ziren tailer honetan: publikotasuna eta parte-hartzea.
Publikotasunari dagokionez, 2006ko urrian plazaratutako Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa aurkeztu zen. Publikotasunaren kontzeptu berri bat proposatzen du aipatu akordioak, abiapuntua hezkuntza eskubideak izanik. Honela dio: “euskal herritar orok dituen eskubideak, hezkuntza sistemak guztientzat izango direla bermatu behar du. Bide horretan, ‘hezkuntza zerbitzu publikoak’ horiek ahalbidetzen direla zaindu behar du. Denona denari esaten zaio ‘publikoa’: guztiontzat irekia denari, denon ongiari begiratzen dionari eta guztiontzat aukera berdintasuna garatzen duenari. ‘Hezkuntza publikoa’, beraz, herrien eta herritar guztien garapenerako beharrak asetzen dituen hezkuntza izango da, aukera berdintasunean eskubide guztiak ziurtatuko dituen kalitatezko zerbitzua”.Parte-hartzeari dagokionez, funtsezkoa da berau bultzatzea hezkuntza herritarra izatea nahi bada, hau da, hezkuntza komunitateak parte hartu behar du. Horren inguruko eztabaidan hainbat hutsune ikusi ziren:- Eztabaidatzeko guneen beharra.
- Haurraren garapenerako ekintzak egiten dira, baina haurrak ekintza horien gainerako erabakietan parte hartu gabe.- Hezkuntza komunitatea osatzen duen subjektu bakoitza bere funtzioari oso lotuta dago eta horretara mugatzen da: gurasoak guraso paperean, irakaslean irakasleenean... Eta horrek indibidualtasunera bideratzen du hezkuntza praktika.- Pedagogia arloa gero eta espezializatuagoa dago eta askotan kanpotik bideratzen da eskola barruko orientazioa.- Ikastetxeetako ikaste prozesua argitaletxeetan oinarritua dago: bai edukian, bai metodologian...- Hezkuntza eta herriaren arteko loturan hutsunea dago.Hori dena ikusita, gauzak aldatze aldera, zera ondorioztatu zen tailerrean:- Parte-hartzea bultzatzeko egin behar den lehen aldaketa eskola barruan kokatu behar dela.- Funtsezkoa dela hezkuntza eta herriaren arteko lotura egitea, hezkuntzak herritarra izan behar badu.- Metodologia edo hezkuntzaren gainerako hausnarketa egiteak ez duela lan karga bat ekartzen, baizik eta lagungarri eta bideragarri izan daitekeela.El Salvadorko eskola herritarren esperientzia
Nikola Foroni gonbidatu italiarrak El Salvadorko eskola herritarren esperientzia kontatu zuen tailerrean, eta parte-hartzearen adibide garbia izan zen. El Salvadorko gerra zibilean FMLNk indarra zuen lekuetan komunitateak kudeatutako eskolak irekitzen hasi ziren. Milaka haur eta irakasle bildu ziren eskola alternatibo haietan. Horietako asko irakasle titulurik gabeak ziren, baina pedagogia alternatibo batean aktiboki inplikatu zirenak. Gero, bake prozesuaren ondoren, gobernuak bere gain hartu zuen hezkuntza: “nik zerbitzua eman eta zuek ikasi” zen haren leloa. Eskola herritarrak indartsu eta sendo zeuden lekuetan ez zuten onartu, eta euren ereduari eutsi zioten. Euren ezaugarriak ikusita, bazituzten horretarako arrazoiak, eta Euskal Herrirako baliagarriak izan daitezke ezaugarrio horiek:
- Hezkuntza eskubide bat denaren kontzientzia zabaldu zuten. Hezkuntza eraikuntza prozesu bat zen eta ikasleak subjektu.- Curriculum propioa eta malgua garatu zuten.- Teoria eta praktika uztartu zituzten.- Tartean zeuden pertsona guztiek ordezkaritza zuzena zuten.- Herri desberdinetakoak elkartu eta eztabaidatu egiten zuten.- Herriko liderrekin eta jendearekin harreman zuzena zuten, haiek eskolan inplikatzen zirelarik.ALDARRIKAPEN TAULA BERRITUA
EHBErentzat lehentasunezkoak diren aldarrikapenak eta egitasmoak:
Haur eskola hezitzailea eta euskalduna
- Hezitzailea: eskaintza integrala gainerako etapekin koordinazioan, haurra da heziketa prozesuaren subjektu eta langileria osoak eduki behar du funtzio hezitzailea.- Hizkuntza eskubideak bermatuz, euskaraz hezi eta euskaraz elkarbizitzen ikastea da helburua.Eskolak euskaldundu behar du
- 107.768 sinadura bildu ziren “eskolak euskaldundu behar du!” herri dinamikarekin.- Euskara eskubidea da: eskolak euskalduntzea bermatzeko murgiltze eredua da bidea.- Hori lortzeko irakasleria euskaldun prestatua behar da.- Euskaldundu ez diren ikasleei kalte ordaina zor zaie.- EHBEk herri dinamika susatuko du eta nazio estrategia eraginkorra gauzatzeko lan egin.Euskal eskolak euskal curriculuma
- Euskal curriculumaren aldeko dinamika soziala: definiziotik aplikaziora jauzia eman.- Hezkuntza eskubideetan oinarritutako egitasmo pedagogikoa gauzatu.- Euskal curriculuma Euskal Herri osoan garatzen lagundu.Lanbide eskola euskalduna
- Eraldaketarako lehentasunak euskara, zonaldearen araberako beharrak eta sexu bereizketak gainditzea dira.- Lanbide Heziketetako ikastetxeak eraldatzeko neurriak hartu.- Lanbide Heziketen euskalduntzearen aldeko mugimendua berpiztu.Euskal Herriak euskal unibertsitatea
- Euskal unibertsitatea: dinamia propioa garatu eta bideak zabaldu.- Egungo unibertsitateetatik euskal unibertsora igaro.- Euskal unibertsotik euskal unibertsitatea aldarrikatu.ELKARRIZKETA
Edurne Larrañaga: “Ebazpen modura landutako hiru gaiak oinarrizkoak dira hezkuntza sistema nazionalaren eraikuntzan”
III. Nazio Mintegietan hiru gairen inguruko ebazpenak egin dituzte, hau da, hezkuntzarekin lotutako hiru gai sakonago landu dituzte. Horien inguruko xehetasunak eskatu dizkiogu Edurne Larrañaga EHBEko kideari.
Zergatik landu dituzue hiru ebazpen berezi?
Hiru arrazoik bultzata sortu dira ebazpenak. Alde batetik, hilabete hauetan aurrera eraman dugun eztabaida prosezuan atera diren gaiak izan dira. Kezka gehien sortu duten gaiak, alegia. Bestetik, aurrera begira garrantzi berezia hartuko duten gaiak direla iruditzen zaigu. Eta azkenik, eskolaren inguruan sortu diren diagnostiko eta iturri desberdinetan landu diren gaiak izan dira, hala nola euskal curriculumean, bilgune feministaren minimoen taulan eta abar.Azken finean, gure hausnarketa eta errealitatean sortzen diren egoerak ikusita, gai horietan interes eta kezka berezia zegoela ikusi dugu, eta garrantzi gehiago eman diegu. Horregatik sortu dira aipatu ebazpenak.Zer balio edo berezitasun ematen die ebazpen izateak?
Hasteko, hiru gaiak gure Aldarrikapen Taulan txertatzeaz gain, ildo berezi modura hartzen ditugula esan nahi du. Zehar lerro gisa garrantzia ematea baino nahiago izan dugu hezkuntza sistema nazionalaren eraikuntzan oinarrizko minimo gisa hartzea. Horrela, bakoitza modu berezituan landuko dugu.Hezkuntza sistema nazional hezkidetzailea. Hori da gai horietako bat. Zergatik da funtsezkoa ezaugarri hori?
Euskal curriculumean herritarren ekarpenak egin zirenean, gai honen inguruko diagnostiko bat egin zen hamar puntutan oinarrituz: edukiak, materiala, hizkuntza, espazioaren antolaketa, ikastetxearen antolaketa, jarrerak, balioak, ebaluazioa, harremanak eta jarduerak-prozedurak-metodologia. Arlo horietan egoera nolakoa zen aztertu zen, eta nahiko kezkagarria zela ondorioztatu: eskolaren bitartez transmititzen den hezkuntza sexista dela eta gizon eta emakumeen baitako heziketa egiten dela, ez pertsonen araberakoa. Txikitatik hasita egiten da bereizketa. Egoera orokorra hori da, baina horrek ez du esan nahi ikastetxe guztietan hala gertatzen denik.Hori ikusita, guk geuk ere hausnarketa egin dugu. Badakigu hezkuntzak ezin dituela jendartearen arazo guztiak konpondu, baina bai ekarpen bat egin. Kasu honetan, gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna bilatzeko bidean, ikusi dugu hezkuntzatik egin dezakegun ekarpenik osatuena hezkidetzaren aldarrikapena eta praktika uztartzea dela. Gure lana aldarrikapen dinamika sozialean datza, baina horrekin batera praktika eraldatzea lortu behar dugu.Ba al dakizue nondik hasi eraldaketa hori?Bai. Euskal Herriko Bilgune Feministak Minimoen Taula egin zuen eta bertan zehazten dira zein hamar esparru diren eraldatzeko premia berezia dutenak, lehen aipatu ditugunak, hain zuzen ere: edukiak, materiala, hizkuntza, espazioaren antolaketa, ikastetxearen antolaketa, jarrerak, balioak, ebaluazioa, harremanak eta jarduerak-prozedurak-metodologia. Orduan, alde batetik, arlo horietan hezkidetza bermatzen saiatuko gara. Eta beste alde batetik, geure Aldarrikapen Taulako lehentasunetan parekidetasunik badagoen edo ez behatuko dugu.Bigarren ebazpena eredu pedagogiko euskaldunaren ingurukoa da. Zer esan nahi du horrek?
Gure ustez, hezkuntza sistema nazionala egunez egunez eta urratsez urrats ari gara eraikitzen, bakoitza bere esparruan. Hor ditugu euskal curriculuma, euskal unibertsitatearen proiektua, irakasle eskolak euskal jendartearen beharretara egokitzeko eta eraberritzeko beharra, irakasle euskaldunen beharra, ikaslea hezkuntza prozesuaren subjektu bilakatuko duen planteamendua... Egitasmo horiek sorrera fasean daude eta egunen batean aplikatu egingo dira, eta aplikatzeaz gain, garatu egin beharko dute. Eta hor bi oztopo nagusi ikusten ditugu: batetik Euskal Herriak bizi duen egoera administratibo eta juridiko desberdina, eta bestetik egitasmo horiek aplikatzeko zer bitarteko, metodologia edo pedagogia erabiliko den.Bigarren arlo horren inguruko kezka sortu zen eta eztabaida eta iritziak areagotzen ari dira. Hori dena ikusita, ondorio bat atera dugu: badagoela mugimendu pedagogiko bat Euskal Herrian, eta baduela gogoa, beharra, premia eta prestutasuna hausnarketa bati ekiteko.Hortik abiatuta, guk ez dugu esango zer-nolako pedagogia zehatza behar dugun. Gure egitekoa, herri ekimen gisa, hausnarketa hori plazaratzea eta bultzatzea izango da, betiere hausnarketak oso zabala izan beharko lukeela aintzat hartuta. Hau da, hezkuntza komunitate osoaren, irakasle eskolen eta mugimendu pedagogikoaren elkarlanean eta elkartrukean oinarritu behar duela uste dugu.Dena dela, eredu pedagogiko euskaldun batetaz ari bagara, ezaugarri zehatz batzuk edukiko ditu. Zein izango lirateke, zuen ustez?Bai, gure ustez gako edo ezaugarri batzuk baditu. Hasteko, eredu pedagogiko horrek Euskal Herri osoarentzat bat eta bakarra izan behar du, baina garrantzia emanez tokian tokiko hezkuntza proiektuak aurrera ateratzeko eskola bakoitzak izan dezakeen eredu berezituari. Izan ere, garrantzitsua iruditzen zaigu zentro bakoitzak bere berezitasunak lantzea, baina horrek ez du kentzen eredu pedagogiko komun bat edukitzea Euskal Herri osoan, eta guretzat hori beharrezkoa da, gainera.Beste funtsezko ezaugarri bat hezkuntza eskubideak bermatuko dituen eredua izatea da. Garrantzitsua da baita ere pedagogia hori herri ikuspegiz lantzea eta euskalduna izatea. Euskal herritarrak heztea izan behar du helburu. Eta hezkuntza esparruak dituen erronkei erantzun egokia emango dion metodologia egokia erabili behar du. Eredu pedagogikoak hezkidetzailea izan behar du, noski, emakume eta gizonen aukera berdintasunean oinarrituko dena. Horrez gain, ikaslearen ahalmen guztiak garatzeari begira diseinatuko den pedagogia eredua izan behar du eta hezkuntza prozesua modu integralean landuko duen metodologia eduki behar du.Hirugarren ebazpenari dagokionez, hezkuntza sistema nazional herritarra eta publikoa definitzen du. Zer dago bi adjektibo horien atzean?Publikoa diogunean, kontzeptu berri batetaz ari gara, hau da, Oinarrizko Hezkuntza Akordioan definitzen den publikoaz. Izan ere, orain arteko publikotasun eredua inposatua izan da eta zatiketa sortu du hezkuntza komunitatearen barruan. Definizio berriak hori gainditzeko aukera ematen duela ikusten dugu.Bestetik, Euskal Herrian eraikitzen ari garen hezkuntza sistema nazionalak herritarra izan behar duela diogu, hau da, hezkuntzak herri proiektuaren parte izan behar du eta hezkuntza komunitatea osatzen duten ikasle, irakasle, guraso eta langileen nahiz herritarren parte-hartzean oinarritu behar du. Alde bikoa izan behar du: herria-hezkuntza, hezkuntza-herria. Joan-etorri bat egon behar du. Hezkuntzak herri proiektu bat izan behar du eta hori guztion egitekoa da. Horregatik, denen parte-hartzeari ere garrantzi handia ematen diogu, eta hori bultzatzen ere saiatuko gara.