Erabilera <i>janditzen</i>

2007-02-02
 
 

Honek arrautza ekarri...

Aurreko hilabeteetan atal honetan Helena Baraibarrek eta Kristina Boanek gela barruan erabilera handitzeko proposamenak ekarri dizkigute.

Honek erretzen ipini...

Datozen aleetan, berriz, beste hainbat saltsa ipini behar ditugu berotzen orri honetako labean. Horretarako, ikasgelatik aterako gara, gelaz kanpoko jardunei erreparatzeko. Izan ere, Iñaki Eizmendik iazko 101. alean azaldu zuen moduan, “haurrek eta gazteek euskara egitea lortu nahi bada, eskola orduz kanpoko jardueratan euskararen erabilera sustatzea oso garrantzitsua da. Jarduera hauek, ikastorduetan egiten den lanaren osagarri oso garrantzitsuak dira”.

Honek gatza bota...

Mota honetako jardunen eltzera gatza botako dugu jangelaz hitz eginez. Gero eta haur gehiagok bazkaltzen du eskoletako jangeletan. Jolas ordua eta autobusarekin batera, gelatik kanpo baina eskolarekin lotuta, egunero egiten den ekintza da. Beraz, bertan egiten den hizkuntzaren trataerak garrantzi handia izango du eta jangelako hezitzaileen zereginak zeresan handia du tarte horretako hizkuntza erabileran. Jangelan hizkuntzaren erabileran eragiteko estrategiak planifikatzeko garaian bi une bereiztea komeni da: bazkal ordua eta bazkaldu ondorengo (edo aurreko) tartea.

 

Honek dastatu...

Bazkaltzeko erabiltzen den ordu erdirako planifikazio handiegirik ezin da egin baina hainbat estrategia eta tresna erabiltzeko aukera izango dugu. Estrategien gainean aritzeko Hezitzaileek asko egin dezakete proiektua oso erabilgarria suertatuko zaigu. Hizkuntza tresnak, aldiz, hainbat iturritatik jaso ditzakegu. Urtxintxa Eskolak eskaintzen duen Haur hizkera eta jolas hizkera: lagunarteko hizkera haur jolasetan eta aisialdi uneetan ikastarorako horietako tresna batzuk bildu ditugu. Tresna horiek jangelako eguneroko jardunean barneratzeak sekulako eragina izan dezake hizkuntzaren motibazioan, gaitasunean eta erabileran. Jarraian horietako batzuk dastatuko ditugu gaurko menu berezi honetan:

* Bazkaltzen hasi aurretik: abestia

- Bazkaldu nahi dugu, bazkaria delako gosearen kontrako sendagarria!

* Lehen platera: hitz jolasak eta onomatopeiak

- Dilistak! Egin txista-txista! Eta entsaladarako: Olioa! Ozpinaren nobioa eta Ozpina! Olioaren lagun-mina. (1)

- Aho betean jan: mauka-mauka, irentsi: klik, jan: graust-graust, edan: zanga-zanga… (2)

* Bigarren platera: atsotitzak

- Gose denak, arrain fina baino lodia nahiago (3)

* Postrea: igarkizunak eta lokuzioak- Ezetz asmatu gaurko postrea?... Barkillozko gorputza, barkillozko punta zorrotza eta ahoan izotza. (4)

- Gaur musuak eztitu dituzue (gustura jan) eta San Tripon egin duzue (ase). (5)

Honek dena jan zuen...

Eta dena janda edo dena jan gabe ere, bazkal ondorengo tartea erabilgarria suertatuko zaigu hizkera ez formala sustatze aldera hainbat jarduera antolatzeko. Dena den, gure proposamena ez da tarte horiek gehiegi dinamizatzea, haurrek denbora libre ez dinamizatua edukitzeak garrantzia baitu. Adibide gisa, azken urteetan, hainbat ikastetxeetan antolatzen dugun Juana Joxepa Tronpeta izeneko jolas dinamizazioa aipatuko dut (6). Jolas dinamizazio honetan Juana Joxepa Tronpeta pertsonaiak gutunak bidaltzen dizkie haurrei eta astean behin begirale batekin, ordu erdiko jolas saio dinamizatua egiten da. Hainbat astetan, euskaraz jolasteko eta euskararekin jolasteko hainbat tresna eskaini ondoren, Juana Joxepa Tronpeta pertsonaia eskolan agertzen da.

Eta hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila eskolako jangelan.