Kronika

2007-02-02
 
 

Urtarrilaren 30ean bildu ziren Hezkuntza Saila eta derrigorrezko irakaskuntza publiko sindikatuak, baina ez ziren inongo adostasunera iritsi.

Sindikatuen esanetan, “akordiotik oso urrun” daude oraindik. Otsailaren 14an izango dira hauteskunde sindikalak, eta haiek bukatu arte ez dute mobilizaziorik egingo. Handik aurrera, ikusteke dago zer gertatuko den.

Urtarrilaren 23an Hezkuntza Sailak egindako proposamena dago orain mahai gainean, baina sindikatuei ez zaie nahikoa eta egokia iruditzen. Ez dute ontzat ematen 55 urtetik gorako irakasleen egoera konpontzen hasita, 59 urte beteta dituzten Haur Hezkuntzako irakasleak soilik aintzat hartzea. Edota irakasleak egonkortzeko bai, baina birkokatzeko prest ez egotea. Ez dute begi onez ikusten lan eskaintza publikoa egitea aurretik egonkortasun akordiorik lortu gabe.Zalantza, kezka, kritika eta desadostasun ugari daude oraindik.

 

Eskolatze dekretu berria onartze bidean da Nafarroako Gobernua

Nafarroako Eskola Kontseiluak Nafarroako Gobernuak prestatutako eskolatze dekretuari oniritzia eman dio. Beraz, Nafarroako Gobernuak behin betiko onartzea izango da hurrengo urratsa.

1994. urtean ezarritako eskolatze dekretua dago orain indarrean, 1996an moldatu zena. Orain prestatutako dekretu berriak egungo lege berrietara egokitzea du xede.Nafarroako Eskola Kontseiluko partaide diren hainbat sindikatu eta elkarte dekretuaren kontra agertu dira, baina Eskola Kontseiluaren bileran ez zuten eztabaidatzeko aukerarik izan. Euren esanetan, “Hezkuntza Kontseiluarekin bat egiten duten kideek gehiengoa dute Eskola Kontseiluan, eta ez dago eztabaidatzeko aukerarik”. Horregatik, bileratik atera egin ziren. Aurretik manifestu bat sinatu eta aurkeztu zuten aipatu erakunde eta sindikatuek (ADI, AFAPNA, ANPE, Herrikoa, NIZE, Sortzen-Ikasbatuaz, CCOO, CSI-CSIF, EILAS, ELA eta FETE-UGT ). Dekretuaren zirriborroa atzera bota dezaten eskatzeko arrazoi bat baino gehiago ikusten dituzte aipatu manifestuaren sinatzaileek, eta horietako bat zera da: ez duela bermatzen ikasle etorkinak sare publikoan eta pribatuan proportzioan banatzea. Gaur egun ikasle etorkinen % 80k sare publikoan dihardu eta % 20k hitzartutako ikastetxeetan. Etorkinen % 1 soilik dabil D ereduan, batik bat hizkuntza ereduei buruzko informaziorik ez dielako ematen administrazioak.Horrez gain, dekretuak Iruñea eta Iruñerria bi eremu handitan banatzea aurreikusten du. Manifesturaren sinatzaileen iritziz, horrek ez du batere lagunduko nork bere seme-alabak bere auzoko ikastetxera eramateko eskubidea betetzen. Beharren arabera plan bat egitea eskatzen dute, azpiegiturak bermatuz. Besteak beste, laguntza berezia behar duten ikasleak diru publikoa jasotzen duten ikastetxeen artean banatzea, publikoetan eta hitzartuetan sartzeko baldintzak berdinak izatea eta ikasleek beren auzoan eta nahi duten ereduan ikasteko eskubidea bermatzea.

 

Irakasle postuak galtzeko arriskua Iparraldeko eskola publiko elebidunetan

Iparraldeko eskola publiko elebidunetan mobilizazioak hasi dira irakasle postuak gutxitzeko arriskua ikusita. Paueko akademia ikuskaritzak 2007-2008 ikasturteko eskola karta finkatu behar du, eta badirudi postuak murrizteko asmoa duela; guztira 24 eta erdi 27 zentrotan, horietatik 22 elebidunak.

Hori dela-eta, urtarrilea protestak egin zituzten gurasoek, politikoek, elkarteek eta irakasleek, eta zenbait egunetan eskolak itxi ere bai. Akademia Ikuskaritzaren aurrean egindako protestan 300 lagun elkartu ziren.Murrizketa gehienak Lapurdin izanen dira. Baionako Jean Moulin ama eskolan, esate baterako, postu erdi bat kenduko dute. Ipar Baionako Malegarie eskolan postu osoa. Eta Uztaritzeko Arrauntza auzoko eskola publiko elebidunean agian frantseseko postu bat desagertuko da. Angelun gauzak ez daude hobeto; zazpi eskola publikoetatik bostetan postuak galtzeko arriskua dago. Ikasturte honen hasieran murrizketarik ez egitea lortu zuten, baina hurrengoari begira, sei lanpostu galtzeko arriskua ikusten da.Nafarroa Beherean, Heletako eskola publikoan postu erdi bat galtzeko arriskuan dauden. 2006-2007 ikasturtearen hasieran beste postu erdi bat galdu zuten, eskola urtea hasi eta astebetera. Ikasle kopurua ez da jaitsi, kopurua mantendu egin da eta hala ere beste postu erdi bat kenduko dietela jakitean, gurasoak oso haserre agertu dira. Ez dute ulertzen murrizketa gehiagoren zergatia. Gainera, horrek eskolaren antolaketa osoa eraldatuko luke, frantseseko eta euskarazko ikasleak gela bakar batean jarri beharko liratekeelako.Biga Bai guraso elkarteko kideek aditzera eman dutenez, neurri horiek ez dituzte aintzat hartzen testuinguru bakoitzeko berezitasunak eta beharrak, eta ondorioz, irakaskuntzaren baldintzak txartu eginen dira.Mementoz, protestekin jarraituko dute otsailaren 6a arte. Egun horretan Bitariko Batzorde Teknikoa bilduko da eta hark hartuko dituen erabakiekin ikusiko da orain arteko esandakoarekin aurrera jarraituko duten ala beste zerbait proposatuko duten.

 

Nafarroako Gobernuak prest du Haur, Lehen, eta Bigarren Hezkuntzako curriculumen dekretua. Datorren ikasturtean jarriko da martxan LOE.

Lege horrek curriculumaren % 55 zehaztuko du, eta gainerako % 45 Autonomia Erkidegoen eskuetan geratuko da. Hori garatzeko aurkeztu du Nafarroako Gobernuak curriculumen dekretuaren proiektua.

Zertzelada nagusiak baino ez ditu ematen, oraindik zehaztapenak egiteke utziz. Hizkuntzen arloan, esate baterako, hizkuntzak modu integralean jorratzea du xede. Horretarako, etapen arteko eta hizkuntza desberdinen arteko koordinazioari ematen dio lehentasuna.Ikastetxeen autonomiari dagokionez, Hezkuntza Kontseiluak autonomia bultzatuko du ikastetxeek euren proiektu pedagogikoa osatzeko eta ikastetxea antolatzeko.Ikasleek garatu beharreko gutxieneko gaitasun batzuk aipatzen dira: komunikazioa, matematika, esparru artistikoa eta gizarte arloa.Nafarroako berezko gaiak jorratzeari ere garrantzia ematen zaio, Nafarroako geografia, historia eta kultura ezagutze aldera.Erlijioari dagokionez, LOEk astean gutxienez ordubete eskaini behar dela dio, baina Nafarroan gehiago izan daitezkeela aipatu du Luis Campoy Hezkuntza kontseilariak.