Abstraktutik konkretura

2007-05-02

Hezkuntzari buruz aritu behar Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatuko naizen urtean! Omenaldiren bat zor diodala iruditzen zait, zerbaiten edo norbaiten azkeneko urteetan, bere amaiera gertu ikusten dugunean, denok horretan hasten baikara: aldemenekoa zeinen ona den esaten.

 

 
 

Azken 10 urteotan ikasketak lanarekin uztartu, eta ondorioz, “ikasle profesionala” ez izan arren, ikasletzat hartu dut neure burua komunikatzailetzat baino lehenago. Egia da: Ostegunen batean kalera atera naiz, festaren bat egin dut ikasle pisuan, ezezagunen apunteekin trafikatu dut… Datorren urtean ordea, zer? Hutsuneren bat sumatuko dut, seguru.

Hala ere, ez dut hezkuntza goraipatuko, ezta gogor kritikatuko ere. Ez duelako zentzurik, abstraktoa delako hezkuntza. Pertsonei buruz hitz egin behar delako eta izatekotan, eurek merezi dutelako omenaldia.

Horregatik, hezkuntza gurasoak dira, aiton-amonak, senideak orohar, irakasle eta ikaskideak. Etxetik hasi eta ikastola aurreko goxoki dendako emakumeraino, guztiak hartzen ditu hezkuntzak. Goxo dendako andre hark txorizo bokatak saltzen zituen txokolatezko palmera zatarren partez. Ta guk, bokadiloa jaten ikasi pulamenturik gabeko jakiak alde batetara utzita.

Etxean ikusitakotik ikasten da, etxean irakatsitakoarekin ibili. Nagusiki esan beharko, ezin uler baitaiteke bestela egun eskoletan gertatzen dena; Ikasleak euren artean borrokan, edo irakasleak ikasleen beldur. Majo aldatu dira gauzak urte gutxian. Noski, gure garaian ez zen sakelako telefonorik elkar grabatzeko. Inguruan “segapotorik” ez, beraz.

Eta hau guztia piperretero batek dio. DBHko 3.maila hasi nuenetik, klasera joan gabe denbora gehiago pasa dudalakoan nago klasean bertan baino. Goenkale, Betizu, Martin edo Etxebeste izeneko tipo batzuk egin nituen lagun min eta haiekin pasa orduak. Baina betiko lagunak ez ziren nitaz ahaztu, nola ba. Behar adina apunte, nahi beste azterketa egun-aldatze. Ikaskide eta irakasle, biak maite.

Hezkuntza “abstraktoan” faltako zait datorren urtetik aurrera, baina “konkretuan” hor izango ditut lagunak. Azkoitiko eta Azpeitiko ikastoletakoak, Deustuko eta Iruñeko unibertsitateetakoak. Etxekoak. Beraz, hezkuntzak pertsonak ematen ditu eta pertsonek hezitzen gaituzte. Abstrakzioaren konkrezio bikaina. Nire lagunen kasuan, zalantzarik gabe. •