Nola saldu euskara gazteei ikasgelan?

2007-05-02
 
 

Guztiok gara saltzaile. Guztiok saiatzen gara egunero-egunero aldamenean ditugunei mezuak, ideiak, planak, denetariko “produktuak” saltzen; eta esperientzia handia dugu guztiok, beraz, jendea konbentzitzeko ahaleginak egiten, pertsuaditzeko bide eta moduak bilatzen, saltzaile lanak egiten, alegia.

Euskara saldu nahi dugunean, ordea, erraietatik ateratzen zaizkigu gauzak, eta estrategia saltzaileak pentsatu eta garatzeko beharrezkoa den hoztasuna galdu ohi dugu, eraginkortasunaren kaltetan. Hain da zaila ulertzen –euskaldun patetikoontzat-– gainerakoek zergatik ez duten euskara maite eta erabiltzen... Horregatik ateratzen zaizkigu “hitz egin euskaraz!”, “Euskal Herrian euskaraz!” edo “euskaraz eta kitto!” bezalako agindu eta aldarrikapenak, konbentzituta daudenen belarriak goxatu bai, baina beste inor konbentzitzen ez dutenak. 

Euskara ez al da sustatu, gizarteratu, saldu nahi dugun produktu bat? Euskarak ez al ditu, beraz, beste produktu eta markek bezala, komunikazio estrategia erakargarri eta eraginkorrak behar?... 

Gure hizkuntza lasai bizi eta hazi dadin nahi dugunok –euskaldun patetikook, alegia– produktu bat dugu saltzeko, euskara, eta gurea da gainerako herritarrek produktu hori eros dezaten lortzeko ardura. Erantzukizun hori are handiagoa da irakasleen kasuan, eragile zeharo garrantzitsuak baitira irakasleak, guztiak (ez Euskara irakasleak soilik), gazte euskaldunak bermatu behar lituzkeen hezkuntza sistemaren baitan. Ez al genuke nabarmen aurreratuko euskararen normalizazioan, irakasle bakoitza euskara saltzaile ona izango balitz?... 

Nolako saltzaileak izan behar dute irakasleek?

 Gazteei ikasgelan euskara saldu nahi badiegu, hori da lortu behar dugun lehen-lehendabiziko gauza: euskara saltzaile gisa ikusi behar luke bere burua irakasle bakoitzak. Hau da, kontziente izan behar du irakasleak asko egin dezakeela egunero aurrean dituen ikasleei euskara saltzeko, eta horretarako, argia izan behar duela, seduzitzailea, limurtzailea, norbaiti astebururako plan jakin bat saldu nahi dionean jokatzen duenean bezala, adibidez.

Euskara gizarteratzeko ezarrita dugun saltzaile-sare zabala osatzen dute irakasleek. Edo bestela, modu politago batean esanda: euskararen aldeko brigadista seduzitzaileak dira irakasleak. Hala ikusi behar lituzkete behintzat euren buruak. 

Irakasle bakoitzak bere burua euskararen aldeko brigadista limurtzaile gisa ikusiko balu, hori baizik lortuko ez balitz ere, urrats kualitatibo ikaragarria emango genuke euskara gazteei saltzeko egiten dugun ahalegin eskergan. Irakasle batek, bere etxean, bikotekideari oporretara nora joan saltzeko egiten duen ahalegin bera egingo balu lanean, ikasgelan, gazteei euskara saltzeko balio duten mezu eta ekintzetan (argudioak aukeratzerakoan, haiek nola eman pentsatzerakoan eta abar), oso bestelako emaitzak lortuko genituzke guztion artean. 

Nola jokatzen dugu zerbait saldu nahi dugunean? Zein estrategia baliatu ohi ditugu gizakiok norbait seduzitu edo konbentzitzeko?

Edozein komunikazio ahalegin, arrakastatsu izango bada, xede-taldea kontuan hartuz antolatu behar da. Hori da lehendabiziko araua, oinarrizkoena: xede-taldea ondo ezagutzea. Hau da, saltzaileak, –mezuaren sortzaile eta igorleak, alegia–, bere produktua modu eraginkorrean nola saldu erabakitzeko, balizko eroslea –mezuaren jasotzailea– ondo aztertu eta ezagutu behar du lehen-lehenik.

Nolakoak dira euskara jakin bai baina erabiltzen ez duten ikasleak?

 Nolakoak dira gaur egungo gazteak? Edo are zehatzago esanda, nolakoak dira euskara jakin bai baina erabiltzen ez duten ikasleak (euskara eros diezaguten nahi dugunak)? Historiako gizakirik markistenak dira gaur egungo gazteak. Zeharo ohituta daude irudiaren mundura. Adituak dira publizitate kontuetan (milaka iragarki, hesi, logotipo, ikusi dituzte guztiek), eta berehala sumatzen dute zerbait saldu nahi zaienean. Beren jokabideak ez ditu arrazoiak gidatzen (ez soilik behintzat). Gorrotatu egiten dituzte gurasokeriak, ebanjelizatzaileak. Ez dira militanteak, ez behintzat beren aurreko belaunaldikoak bezainbeste (euskara berez emana dagoen zerbait jaso dutelako edo). Euskara ez dago beren lehentasunen artean. Eta behartuta egin beharrekoak, behartutako une eta guneetan egiten dituzte soilik.

Argi dago, ondorioz, ez direla inozoak marketinari eta komunikazioari dagokionez, ezta gutxiago ere. Ehunka marka daude haien onespena lortzeko ahaleginak egiten egunero, eta gu beste “marka” bat baizik ez gara, produktu bat saldu nahi diena (bat baino gehiago ere bai, seguru asko). Irakasle bat nekez izango da bere ikasleen begietara Playstation, Nike edo Coca Cola bezalako marka erakargarrien pareko (besteak beste haiek baino zer gozatu gutxiago eta zer egin gehiago eman behar dielako). Ez genuke gutxietsi behar, ordea, irakasle baten eragin ahalmena.

Guzti-guztiok gogoratzen ditugu lauzpabost irakasle gutxienez, gure izaeraren definizioan eta gure bizitzaren norabidean eragina izan dutenak. Eta hori ez da, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula.

 

Zer egin behar du, orduan, irakasleak bere ikasleei euskara saltzeko?

Bere alde onena atera. Ikasleekin birmaitemindu. Irakasle on izateko motibazioa berreskuratu. Bere bizitza pertsonalean seduzitzaile jokatzerakoan izaten duen jarrera berpiztu, eta ikasgelan aplikatu behar luke irakasleak (erraza da esaten, bai).

Publizitateak, markek, ez dute gezurrik esaten normalean, baina beren alde onena erakusten dute beti. Zeregin horretan ahalegindu behar genuke zer saldua dugun guztiok: gure alde onena ateratzen. Jarrera horrekin, gainera, nork daki, agian atseginago bihurtu ahalko dugu gure eguneroko lana bera ere. Nork ez du barruan, erdi lo erdi esna, kanpora noiz aterako zain daukagun sen seduzitzailea?... 

Baten bat seduzitu nahi dugunean, ez dugu agindurik ematen, ez dugu ezer inposatzen, ez dugu ebanjelizatzen, ez behintzat saldu nahi dugun gaiaren inguruan. Zeharka jo ohi dugu, argitasunez, aldarte onenarekin. Eta hortaz, euskara saltzerakoan ere, bere alde onena erakustearekin batera, asmo pertsuaditzailea ezkutatzen asmatu behar luke irakasleak. Horixe egiten dute komunikazioa egoki lantzen dakiten markek iragarki asko eta askotan: gure arreta erakartzeko eta gu seduzitzen hasteko, saldu nahi diguten produktuarekin zerikusirik ez duen zerbaitekin hasi, eta amaieran baizik ez erakutsi saldu nahi digutena. 

Hau da, saiatu behar genuke euskara ez saltzen modu zuzen, ageriko eta nabarmen batean. Euskarazko une, gune eta produktu erakargarriak dira ikasleei eskaini behar dizkiegunak. Gustuko dituzten edukiak, istorioak, esperientziak eman behar dizkiegu, euskaraz. Eta hain gustuko ez dituztenak ere eman behar dizkiegunez, saia gaitezen haiek guztiak –ahal dugun neurrian– gozagarri egiten (erraza da esaten hori ere, bai). 

Helburua da ikasleak engantxa daitezela hizkuntzara; baina ez sinbolikoki soilik, baizik eta benetan, modu intimoan. 

Jakin behar dute ikasleek Europako hizkuntza zaharrena dela euskara. Inork ez dakiela nondik datorren. Altxor bat dela. Eta gainera, bertakoago egiten dituela euskarak. Ezberdin egiten dituela, munduan gutxi garelako euskaldunak… Gorabehera horiek guztiak jakinarazi behar dizkiegu ikasleei, hizkuntzari dagokion balioa eman diezaioten ahalegintzeko. Ez gaitezen errepikakorregiak izan, ordea, “argudio” horiek behin eta berriz gogoraraziz, horiek ez baitira nahikoa “arrazoi” gazteak euskaraz mintza daitezen lortzeko. 

Nola jarri euskara modan?

Bestelako motibatzaileak ere eskaini behar dizkiegu ikasleei. “Argudio irrazionalak” ere behar izaten baititugu guztiok ere, eta gehiago gaztetan. Krimena irudituko zaio euskaldun –patetiko– bati baino gehiagori euskara sustatzeko halako arrazoi arin eta azalekoak baliatzea, baina gazteek sumatuko balute euskara “guaya” dela, modan dagoela, edo beren gustuko ospetsu askok egunero erabiltzen dutela, joera askoz handiagoa izango lukete euskaraz egiteko.

Horrek ez du esan nahi euskara “guaya” dela edo modan dagoela aireratzen hasi behar dugunik etengabe. Ezta gutxiago ere. Modan dauden gauzei buruz ez da sekula hitz egiten. Oso ondo funtzionatzen duen arau ez idatzia da hori gazteen artean. Gazte bati inork ez dio inoiz esan galtza zabal eroriak jantzi behar dituenik edo zilborra erakutsiz joan behar duenik. Gazteak berak dira hortaz (eta antzeko beste hamaika kontutaz) beren kabuz jabetzen direnak. Nahikoa da norbaitek zer egin behar duten edo modan zer dagoen esatea, haiek kontrakoa egin dezaten; eta are gehiago, norbait hori irakasle edo guraso baldin bada. 

Hortaz, esan gutxiago, eta demostratu gehiago egin behar zaie. Euskara modan dagoela esan beharrean, eskolara modan dauden artista, musikagile edo kirolari euskaldunak eramanez, esaterako (ez da nahitaezkoa haiek ikasgelara fisikoki eramatea. Ez gara alferrik bizi teknologia berrien garaian). Esan nahi da, azkarrak izan, eta ikasleengan eragin nahi dugun erantzuna lortzen saiatzeko, motibatzaile eraginkorrak aurkitu eta eskaini behar dizkiegula, beren gustukoak eta euskarazkoak, baina ez euskaraz daudelako atsegin egin nahi dizkiegunak (erraza da esaten hori ere, bai).

 

Irakasleek egiten dutena da eredu, ez esaten dutena

Dagoeneko etxerako lan dezente –eta zailak gainera– jarri dizkiegu lerrootan euskara saltzaile izan nahi duten irakasleei. Proposatu dizkiegun gorabehera horiez gainera, ordea, badira beste hiruzpalau kontu “txiki”, euskararen aldeko brigadista seduzitzaile benetan fin izan nahi dutenek, eguneroko lanean aintzat hartu beharko lituzketenak. 

Zer sinesgarritasun dauka saldu nahi duen produktua kontsumitzen ez duen saltzaile batek?... Oso garrantzitsua da irakasleek euskaraz egitea, nonahi eta etengabe, modu naturalean, lanean, atsedenaldian, beren artean. Eta euskara egokia erabiliko balute, hobe (ez garbizaleegia, ez euskañola). 

Areago, hizkuntza maila etengabe hobetzeko jarrera izan behar lukete irakasleek, ikasleei hizkuntzarekiko jakin-mina eta zaletasuna pizten saiatzeko. Kontuan izan behar baita hizkuntzarekin gozatu eta gozarazteko gaitasuna dutenak direla jendea euskarara erakartzeko ahalmen handiena dutenak. 

Horrez gainera, eta dagoeneko jakinak diren gauzak esateko arriskuan jarriko bagara ere, komeni da argi uztea, badaezpada ere, onartezina ez ezik, desmotibatzailea eta kalterako ere badela euskaraz ondo egiten ez duenaren lepotik barre egitea. Justu alderantziz jokatu behar genuke, ikasleen ahaleginak txalotuz, adierazi nahi dituztenak egoki emateko irtenbideak eskainiz, hitzekin jolasean lagunduz... 

Saldu nahi duenak, seduzitu nahi duenak, argitasuna, pazientzia eta jarrerarik onena jarri behar ditu bere aldetik, eta gai izan behar du tonu atsegin horri luzaroan eusteko, irakasleak bere hizkuntzarekin edota lanarekin gozatuz soilik kutsatu ahalko dituelako (hitzaren zentzurik onenean) egunero aurrean dituenak. 

Zer ikusi, hura ikasi egiten dute ikasleek. Eta horixe da euskara saldu nahi dien irakasleak aurrez aurre duen erronka: euskaraz bizitzea merezi duela erakustea, eta ez esatea. •

 

Oharra: Egileak “Euskara eta publizitatea” izeneko bloga du sarean: www.sweetcreeps.com/euskaraz