ELENA MARTIN Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakaslea

2007-05-02

Elena Martin Hezkuntzaren Psikologia gaiko irakaslea da Madrileko Unibertsitate Autonomoan. Oso gazte hasi zen unibertsitateko irakasle gisa, Psikologia ikasketak amaitu bezain pronto. Eta gaztea izanik ere, Hezkuntza Ministerioan jardun zuen lanean 11 urtean. Besteak beste, Gimeno Sacristán, Angel Perez, Cesar Coll, Angel Rivier, Jesus Palacios eta Alvaro Marchesiren ondoan. “Izugarrizko esperientzia izan zen, pribilejiatua, baita kostu pertsonal handikoa ere”. Beraiek egin zuten LOGSE legea. 1996an gobernu aldaketarekin batera gobernutik atera eta ordutik unibertsitatean jarraitzen du irakasle gisa eta ikerketan. PSOE agintera itzuli zenean, Hezkuntza Ministeriora sartzeko gonbiteari uko egin zion Martinek. “Bigarren aldiak inoiz ez dira onak izan. Zaila izango litzateke lehenago bizi izan genuen abagune soziala eta pasioa bizitzea. Egun, beste garai bat da eta ez nuen zerbait ona egiteko aukerarik sumatzen. Gainera, biziki maite dut irakasle lana”.

 
 

LOGSE legea egiten ibili zinen. Itxaropena, aldaketa, etsipena… denetik ekarri zuen legea. Nola baloratzen duzu zuk?

Egia esan, 1990ean, LOGSE legea egin genuenean, baliabideak eta borondate politikoa falta izan ziren. Une askotan gauzak ondo egiten ari ginela uste genuen, baina egia da erabaki asko ere pasa egin zitzaizkigula. Gauza asko oso argi genituen eta sutsuki sinesten genuen horietan. Agintariek nahi genuena egiten utzi ziguten, baina ez zuten inoiz Hezkuntza diskurtso indartsurik izan. 

Horretan inbidia izan diet ingelesei. Ingalaterrara joaten ginenean, Margaret Thatcherren hitzak zenbaterainoko garrantzia zuten ikusten genuen: irakasleak, ikuskatzaileak eta edozeinek esan zezakeen: “Thatcherrek eskolak konprensiboa izan behar duela dio!”, indar handiz. Nik inoiz ez nuen entzun Felipe Gonzalez hezkuntzari buruz horrelako indar eta pasioarekin mintzatzen. Ni ez nator bat Thatcherrek eramandako politikarekin, baina gustatuko litzaidake nire agintariek hezkuntzari buruz horrelako grinaz hitz egitea eta ardura hori bereganatzea. 

Nire ustez, azken urteetako Hezkuntza ministroak jatorrak izan arren, hezkuntzaren inguruan ez zekiten ezer. Horrek hezkuntzari zenbaterainoko garrantzia ematen zaion aditzera ematen du. Hori ez da ekonomian gertatzen, ez dute horrekin jolastuko. Ez dute ekonomiaz ez dakien ministro bat jarriko. Hezkuntzan bai, ostera, eta agerian gelditzen da borondate politikoa. 

LOGSE legeari dagokionez, bukaerarako indarra galdu zuen. Lege horretan sinesten ez zuen gobernuak jarri zuen martxan. Horrez gain, legea egiterakoan gauza asko ez genituen aurreikusi. Esate baterako, etorkinen gaia eta hurrengo urteetan hain agerikoa izan den aniztasuna. 

Orain LOErekin aurrikusi al dira? 

LOErekin beste zerbait gertatu da. Une honetan, Ministerioak konpetentzia gutxi ditu eta ezin du legerik egin. Hezkuntzan, lege organikoak egitarakoan arazo batekin egiten dugu topo: besteen konpetentzietan sartuz gero, biharamunerako inkonstituzionalitate errekurtsoa jartzen dizutela. Hortaz, etorkinen kasuari erantzun egokia emateko, gauza konkretuei buruz hitz egin behar da eta esaten hor autonomia erkidegokoak sartzen dira.

 

Autonomia erkidegoentzat, ostera, lege organikoak dira oztopo edo muga.

Begira, adibide orokorragoa jarriko dut: aniztasunaren trataera, etorkinen gaia ere beregan hartzen duena. Eskolan, Bigarren Hezkuntzan koordinazio egitura horizontalak ezarri beharko lirateke. Izan ere, koordinazio unitate garrantzitsuena didaktika saila da gaur egun eta horrek ez luke hala izan behar. 12 irakasle elkarrekin esertzeko egitura bat behar da. Irakasle horiek elkarrekin komunikatzeko unea eta gunea beharko lukete izan eta horrek, eskolako ordutegiak eraldatzea dakar. Horretarako, eskola arratsaldez ireki beharko litzateke. Aldaketa horrek soilik, biziki lagunduko luke aniztasunaren trataera lantzen. Baina, araudi organikoa dago horren gainetik. LOE legean hori bideratzeko egituraren bat sartzeari buruz mintzatu ziren eta bi katalanek esan zuten Ministerioak hori eginez gero, helegitea aurkeztuko zutela. Beraz, ez zen ezer egin. Baina, nahiz eta legeak ere bere zailtasunak izan, badu bere errua: lege instituzional baten ordez hezkuntza lege orokor bat egitea proposatu zitzaien eta ez ziren ausartu. 

Konpetentzia kontuak saihesteko, hezkuntza guztion ardura eta zeregina bada, zergatik ez da lege integralik egiten?

 Zaila da lege integrala egitea. Nik, Alejandro Tiana Hezkuntza idazkari orokorrari eskoletan gizarte hezitzaileak behar genituela esaten nionean, zera esaten zidan: “ Gai hori Calderarena da, Lan eta Gizarte Gaien Ministerioarena”. Ezin gara horrela ibili, ezin da gauza bat Jesus Calderarena izan eta bestea Elena Salgadorena. Eskoletan jendea behar bada, behar da eta kito! Berdin du noren jendea den.

Ostera, Jesus Calderak Genero Indarkeriaren Legea egin du eta horrekin hezkuntza legean sartu da. Hezkuntza Ministerioari kontsultarik egin gabe, bere legeak eragina izan du hezkuntza legean. Adibidez, ikasle bat sexu indarkeriako egoera batean dagoenean, zentroz alda daiteke. Lege horrek, gertutasunaren eta beste gai askoren gainetik egin du. Hori lege organikoekin soilik egin daitekeenez, lege organiko gisa sartu zen. Zergatik? Politikoki gai horrekin konpromisoa zegoelako. Aldi berean, inorena eta denona zen gaia. Eta ni ados nago horreki. Baina atzo Genero Indarkeriaren Legearekin eginzena, bihar berdin egn daiteke Hezkuntza Legearekin.

 Agian, ministerioen aldetik ikuspegi aldaketa beharko litzateke.

Bai, hala da. Ikuspegi nahiko mugatua da, heziketa eskolatzea gisa ulertzen duena. Egunkari batean “heziketa” hitza kendu eta “eskolatzea” jarri, eta ziur ez dela ezer aldatzen. Eta egia esan, Lan eta Gizarte Gaien Ministerioko politikak zinez hezitzailegoak dira Hezkuntza Ministeriokoak baino. Dauden hezkuntza politikak irakaskuntza politikak baitira. 

LOGSE legea egiten geundenean, aurretik joan ginen. Hasieran, masa mugimenduak gure alde genituen, jarraitzaile. Baina gero, baikorregiak izan ginen eta ez genuen ongi neurtu. Gutxienez orduan eskola gure alde zegoen, egun, ez hainbeste. Gaur egun eskoletan desengainu egoera sentitzen da, desilusioa, xarmarik eza. Hego Amerikan, ostera, jende asko gogo beroz dago. Duela 15 urte hemen zegoen egoera bezalakoa bizitzen ari dira. Agian gero hemen hartu genuen zartadakoa hartuko dute, edo agian ez, akatask ez baitira beti erreproduzitzen. Baina une honetan hemen oso zaila da aurrera egitea. Diskurtsoak gertuaguagokoak izatea beharrezkoa da, apustu txikiak egitea. Eskola hau, auzo hau, guraso hauek, ikasle hauek… zer behar dute? Eta orduan jendea bai sartzen dela jokoan. Nola ez zaizkie axolako euren seme-alabak? Agian ez dute legea eztabaidatuko, baina haurrei eragiten dizkien gaiei buruz bai. Horrez gain, beste diskurtso mota batzuk behar dira: bereziak, partikularrak, gertukoak…

Dena dela, ez dira garai onak hezkuntzarentzat. Egun oso ziklo liberalean bizi gara eta hor dauzkagu pribatizazioa eta abar. Eskola ez da gai horietaz libratzen.

 

Hurbiltasun hori lortzeko ez al litzateke lagungarria udalen parte hartzea? Posible ikusten al duzu dezentralizazio horretara iristea?

Udalak eskumen gutxi du eskolarekiko.Nire aburuz, eskolari dagokionez, asko falta da hori lortzeko. LOE legean landu beharreko aurrerapausoa zen, baina ez da halakorik egin. Bere garaian LOGSE legearekin hainbat eskumen autonomia erkidegoei transferitu zitzaizkien bezala, LOE legearekin udalei eskumenak transferitzea zegokion. Baina hori ez da egin, beste gauza batzuekin arrastaka zetorrelako. Ulertu behar da, administrazio neurriak hartzen direnean, hori beste hainbat alorretan eta eremutan adibidetzat har daitekeela. 

Gainera, jakin behar dugu, dezentralizazioa, finean, zerbitzuen kalitatea neurtzeko modua dela. Zenbat eta dezentralizazio gehiago, are kalitate gehiago. Har daitezken neurriak errealagoak dira eta kasuan kasura aplikatuagoak. Hirietan ere udaleko jarduera auzoetan dezentralizatu beharko litzateke. Gertutasuna kalitatea da. 

Dezentralizazioari beldurra al zaio?

 Bai, beldurra dago. Agian herrialde hau ez dago horretarako prest, ez da behar bezain heldua. Baina pertsonak edota herrialdeak helduak direla pentsatzea oso ideia lineala da. Nola bilakatzen da bat heldua? Egun batean esnatu eta heldua al zara? Haurrak hasieran ez dira idazteko eta irakurtzeko beste helduak? Eta egun batean bat-batean prest egongo al dira? Hortaz, guk ez al dugu ezer egiten? Horrek zer pentsatua ematen du. Helduagoak gara aldaketa progresiboak eta neurtuak egiten ditugun heinean, ardurak hartzen goazen heinean.

Beste herrialdeetako esperientziak hor daude, ordea. Ez al dira eredugarri?

 Bai, baina badago halako sinesmen bat estatu espaniarra desberdina dela pentsatzera eramaten gaituena. Eta ideia hori ez da batere lagungarria ezta erreala. Besteek egiten badute, zergatik guk ez? Ingalaterran herritarrek herri mailan hezkuntza erabakiak hartzen dituzte, baina guk ez. Ez dakit ongi ala gaizki egingo genukeen, baina aukera eduki beharko genuke.

Kontuan hartu LODE legetik, 1985etik, udal eskola kontseiluak ezarririk daudela. Ez zen sekulako asmakaria izan, baina udal eskola kontseiluak, estatuko kontseiluak eta autonomia erkidegoetako kontseiluak zeudela islatzen du. Eskumenak pasa ziren, baina udal eskola kontseilu gutxi daude, gutxienez nik ezagutzen dudanagatik. Udalen esku-hartze bakarra, Lehen Hezkuntzako zentroaren eraikuntza eta mantenu lanen ardura izatea da. Bigarren Hezkuntzako zentroetan jada ez. Ez dut esaten hori garrantzitsua ez denik, baina izan lezakete esku-hartze handiagoa, ez? 

Legeetatik ikastetxe barrura salto eginez eta Bigarren Hezkuntzan zentratuz, zer iritzi duzu Bigarren Hezkuntzako irakasleen formazioaren inguruan?

Egia esan, duela 20 urte “grupo 15”ek esan zuenarekin ados nago. Irakasle izateko karrera propioak existitu beharko luke. Badakit hori eskaera estua dela, izan ere, 18 urterekin gauzak ez dauzkagu hain argi. Eta beste arazo bat ere badakar. Karrera espezializatua ikasiz gero, kimikari izan ordez kimikako irakaslea bihurtzen zara eta horrek etorkizuneko ateak mugatzen ditu. Ostera, kimikari ikasketak bukatu ondoren, IGZ (Irakaskuntzarako Gaitasun Ziurtagiria) atera eta irakasle izan zaitezke, jakinaz beranduago industria farmazeutikoan edo beste edonon aritu zaitezkeela. Bigarren aukera hori erosoagoa da. Ondorioz, ideia planteatu zenean, fakultateetan greba ugari izan ziren. Eta halako presioarekin, borondate handia izan behar da hori aurrera eramateko.

Hortaz, beste irtenbide posiblea, graduondokoa egitea da. Hori egia balitz, aurrerakuntza handia izango litzateke, ezta? Baina graduondoko berria ez da oraino hasi! 60 kredituko graduondokoa da, ez dago gaizki, IGZaren hiru hilabeteak baino hobea da. Baina ez nahikoa, nire ustez. Hurrengo ataza nork irakatsiko duen erabakitzea izango da, eta hezkuntza fakultateak eta fakultate teknikoak jada norgehiagoka hasi dira. 

Bestalde, irakasle eskolei dagokionez, irakasle ikasketak hobetu egingo direla uste dut. Luzatu eta gradu bat izatera iritsiko dira. Baina nahiz eta hori borroka garrantzitsua izan den, ez da guztia. Finlandian, bederatziko nota behar da irakasle ikasketak egiteko: beste mundu bat da! Lehen Hezkuntzak izugarrizko garrantzia du, Bigarren Hezkuntzak baino gehiago. Berebiziko garrantzia duen ogibidea da, gizarte lan preziatua. Beste eredu bat, beste jendarte bat… guri asko falta zaigu horretarako. Baina beno, baikorrak izan gaitezen, gradua eta graduondokoak ekarriko duen aldaketa onuragarria izango da eta. 

Bigarren Hezkuntzako antolaketari dagokionez, irakasle bakoitzak ikasleekin ordu gehiago pasatzea planteatu izan duzu, hots, irakasgai bat baino gehiago ematea.

Hala da, uste dut irakasle gehiegi eta denbora urrian daudela ikasleekin. LOEk gaia gutxienez ukitzen du, LOGSEk ez bezala, baina nik bi kritika zorrotz egiten dizkiot. Legeak dio, “irakasleak posible du” eta soilik, lehen ziklorako. 12-14 adin tartekoekin da posible, eta hori jada OHOn ere egiten zen. Beraz, ezer gutxi aurreratu da. Ikasgai bat modu bakanean landu ordez eremu orokorragoak osatu beharko lirateke, eremu sozio-linguistikoa, eremu zientifiko-teknologikoa… eta irakasle bakoitzak eremu horretarako ikasgaiak eman ditzala. 

Beste aldetik, “posible dela” soilik dio. Eta nola erabili behar dute hori administrazio publikoek? Irakasleak ahalegina egin behar al du bi irakasgai prestatzeko?

Konpentsaziorik gabe? Zer gertatuko litzateke zuzendariak proiektu hezitzailean hori sartuko balu, esan ala exijitu egin beharko luke?

Beste arazo bat ere sortzen da. Irakasleak horretarako prestaturik ez dagoenean irakasgai hori eman behar al du? Batxilergoko irakasleak erresistentziak jarri ohi dituzte: “ezin naute espezialista ez naizen gairik ematera behartu”. Bere garaian, ez zen muturreko neurririk hartu, hots, diziplinak bateratzea, espezialitateen dekretua ukitzen zuelako. Sindikatuen artean ere ez zen gustuko neurria izan. Ez dago babesik gai horrekin, jendea ez dago prest banakako eskubideak galtzeko eskubide sozialen alde.

 

Banakako eskubideak eta eskubide sozialak aipatu dituzu. Hor tartean Funtzio Publikoaren Legea daukagu.

Gertatzen dena da lekualdatze lehiaketa irakaskuntzaren koherentziaren gainetik dagoela. Gaur egun, funtzionario legea dela-eta, ezin dira talde lehiaketak egin banakakoen eskubideen gainetik. Adibidez, pertsona bat ezin da zentro batera joan bertako proiektuagatik edota talde batean proiektua osatu izanagatik, ez, puntuen arabera doa. Agian, irakaskuntza koherentea egiteko modurik onena talde kohesionatuen bitartez egitea da. Hori negoziatzen saiatu ginenean, sindikatuekin lortu genuen bakarra sortzeko dauden zentro berriekin soilik egin ahal izatea izan zen, ez zaharrekin. 

Hainbesteko indarra al dute sindikatuek? Beste herrialde batzuetan funtzionario sistemarik ez dago, Finlandian adibidez.

 Tira, ez nuke esan nahi funtzionario arazo bat denik, gaizki ulertzea egon daitekeelako. Izan ere, lan prekarietatea ere hor dago eta horrekin ez nago batere gustura. Jendeak lan egokia egiteko, egonkortasun baldintzak izan behar ditu. Lan baldintza duinak bai, baina ez 30 urtetan garapen profesionala utzikerian bideratzeko segurtasuna! Hori naturaren kontra doa. Pizgarriak izan behar dira edozer gauza ez egiteko. Ikusi unibertsitateak, isil-isilik funtzionarioak kentzen ari dira eta kontratupekoak sartzen. Nik uste dut hori norbaiti sortutako ideia argia izan dela. Baina hori, hezkuntza ez unibertsitarioan pentsaezina da.

Udalak ere hortan dabiltza. Udalean badaude kontratupeko figurak orain, funtzionarioak ez direnak. Beraz, herri mailan aurkitzen dugun gauza da, baina hezkuntza sisteman ez. Nahiz eta sailei konpetentzia batzuk pasa zaizkien, Funtzio Publikoaren Legea horren gainetik dago. Estatuko lege honek sail guztiei eragiten die, beraz ezin dute, eta nahi izanez gero ere ezin! 

Hortaz, Funtzio Publikoaren Legea aldatu beharko litzateke. Baina horretarako sindikatuekin hitz egin behar da. Dena dela, inoiz ez da on eta txarren istorio bat. Nik ulertzen ditut sindikatuak. Ulertzen dut, euren afiliatuek eskatzen dutena egiten dutela. Baina euren afiliatuei kasu egiten dien erakundea izateaz gain, erakunde eraldatzaile gisa ikusten badute euren burua, agian ez dute euren afiliatuek eskatzen dietetena soilik egin behar. Agian afiliatuek lehen unean ulertuko ez duten zerbait egin beharko da. Hezkuntzaren kalitatearen aldeko apustua egiten dutenak ulertuko dute.

 

Lanaldi jarraia ere ez duzu defendatzen.

Irmoki uste dut ez litzatekeela lanaldi jarrairik egon behar. Eta ez dut uste horrek irakasleen baldintzak hobetzea oztopatuko duenik. Guk ordutegiak irudikatzen hainbat saiakera egin ditugu eta ikasleak goiz eta arratsalde egon arren, irakasleak ez du zertan goiz eta arratsalde etorri behar. Ordutegiak malgutasunez egin daitezke eta irakaslearen ordutegiak ez du zertan ikaslearen berdina izan! 

Eztabaida amarrutsua da hori. Azkenean, irakasleak bere baldintzak hobetzeko, ikasleak zazpi ikastordu jarraian ikasteko gai izatea lortu behar du… eta horrelakoetan diskurtsoak gurutzatzen dira.

 

Lehen aipatu duzu jendeari hurbileko gauzez hitz egin behar zaiola, ez lege orokorreri buruz. Hiri hezitzaileek edo inklusiboek hurbiltasun hori eskaintzen al dute?

Bai, modu batean bai. Politika dezentralizatugoak eta hurbilagokoak egiteak herritarren beharretara gehiago gerturatzea dakar. Herritarrak protagonismo handiagoa izan behar du eta komunitateko baliabideak denontzat eskuragarri izan behar dira. 

Finean, hiri hezitzailearen proiektu batek hiru pentsamendu aldaketa dakartza. Alde batetik, etengabeko hezkuntzan pentsatzea, pertsonak jaiotzetik heriotzaraino ikaskuntza prozesu batean bizi direla. Bestetik, kontziente izan behar dugu uneoro ikasten dugula, edozein lekutan eta edozein modutan: intentzioarekin edo ez, gure inguruneak izugarri eragiten digutela. Eta hirugarren pentsamendu aldaketa, baliabideen eskuragarritasunari buruzkoa da. Hezkuntza baliabide guztiak erabili behar ditugu, den denak, eta denon eskura egoteko moduak bilatu behar dira.

 

Horrek zer aldaketa dakartza praktikan?

Prakikan neurriak hartu behar dira eta politika berriak sortu, eraginkorragoak. Hasteko, familia politika berriak landu behar dira. Familiak, ongizate eta hezkuntza iturri nagusi dira, eta beraien eragina handia da partaideengan. Sarri, familiak hezteko berezko gaitasuna duela uste dugu, baina errealitateak ez du familia guztiak gune seguru bat eraikitzeko gai direlanik erakusten. Eta hortaz, nork formatzen ditu familiak? Hiri hezitzaileek familientzako politika hezitzaileak eratu behar dituzte. Adibidez, familia hezitzaileak, gizarte hezitzaileak… sartu beharko lirateke familietara. Ez horiek kontrolatzeko , baizik eta bere garapenean laguntzeko. 

Zein da bigarren aldaketa?

Eskola figura berriekin indartzea proposatzen dut, hala nola kale hezitzaile edota gizarte hezitzaileekin. Jadanik, figura batzuk zentroetan ezinbestekoak dira. Guk, LOGSE legea egitean, programa “konpentsatoria“ zuten Bigarren Hezkuntzako zentroetan ezarri genituen gizarte langileak. Baina egun horrek ez du zentzurik! Orain ez da programa bat, orain errealitatea bera da eskatzen duena! Gaur egun, testuinguruen konplexutasun soziala ikaragarria da eta nik uste dut eskola guztiek behar dutela gizarte langilea. Eskola guztietan beste figura iraunkor bat? Beno, adibidez Extremadurako insitutu guztietan gizarte hezitzaileak sartu dituzte. Oraindik ez da prozesua ebaluatu eta espero dut horren inguruan laster informazioa izatea. Baina bai uste dut, agian denetan ez bada ere, kasu askotan beharrezkoak direla kale hezitzaileak, bitartekari soziokulturalak…

Dena den, gainerako zerbitzuak udalarekin koordinazioan egon behar dutela uste dut. Adibidez, Finlandian, zentroetan erizainak daude, baina niri hori ez zait larregi atsegin, eskolak zama ditzakegulako. Gainera, modu batean, hiri hezitzaileek aldarrikatzen dutenaren kontra doaz. Figura guztiak eskolara sartuz gero, eskola erakundea hezkuntzaren arduradun egiten dugu, ardura denona denean. Hezkuntza ez da eskolatzea eta beraz, hezkuntza figurak leku desberdinetan aurkitu behar ditugu, ez soilik eskolan. Hori bai, baliabideek eskolaren zerbitzura ongi koordinatuta egon behar dute. 

Baita ere esan nahi nuke, gizarte langileentzat eta gizarte hezitzaileentzat eskolan edota beste alor batean lan egitea ez dela berdina izan behar. Hortaz, figura horiek horretan espezializatu beharko dira edota hasierako prestakuntza moldatu. Eskola logika ulertuko duten figurak izan behar dute. 

Horrez gain, beren uneak eta guneak ongi zehaztuta eta bermatuta izan behar dituzte. Gauza ez da arazo bat sortzen denean laguntza eskatu eta lanez lepo dagoen hezitzailearentzat arazo bat gehiago sortzea. Zuk funtzio bat diseinatzean denbora, lekua eta koordinatu behar duen pertsona egotzi beharko diozu. Hasieratik horrela antolatu behar dira gauzak.

 

Eta azken bi aldaketak?

Beno, alde batetik gazteriaren, familiaren eta eskolatzearen politikak koordinatu beharko lirateke, eta osotasunean koherentzia landu. Bestalde, zenbait kolektiboren inklusioa bultzatzen jarraitu behar da, premia bereziak dituzten ikasleak, babesgabe daudenak, bazterketa soziala pairatzen dutenak… horiei ez diegu erantzun nahikoa ematen, ez. Premia bereziak dituztenei lagundu behar zaie. Izan ere, ba al dute bizitza proiektu independenterik? Zertaz biziko dira? Non biziko dira? Nork lagunduko die? Nola beteko dituzte harreman beharrak? Ezin baditugu galdera horiek erantzun, arazoak dauzkagu. 

Aipatutako aldaketak gauzatzeko, berebizikoa da ikusmolde eta pentsakerak aldatzea. Finlandian pausatu dezagun gure begirada: han noren ardura da hezkuntza? Badirudi gehienek esaten dutela familaren ardura gehiago dela eskolarena baino. Estatu espainiarrean, aldiz, gehienek familia baino gehiago eskolaren ardura dela diote. 

Nola aldatzen dira ikusmoldeak?

Ikusmoldeak praktikak martxan jarriz aldatzen dira. Ez du balio proiektuetaz hitz egiteak, martxan jarri behar dira, bizi eta hausnartu. Adibidez, gogoratzen dut Down sindromea zutenak eskolan ezin zirela egon pentsatzen zenean. Aurrena bat sartu zen eta pentsatzen zen: “hau bai, baina salbuespena da, besteek ezin dute…”. Gero beste bat integratu zen, gero beste bat… eta azkenean inklusioa posible zela ikusi zen. Beraz, esan daiteke, gai horretan mantso baina ikusmoldea aldatzen goazela, ezta?

 

Oso gazte sartu nintzen Ministeriora. Orduak eta orduak pasa nituen bertan, eta imajina, nire hiru semeak bertan jaio ziren. Haietako bi, bikiak. Ez nuen bajarik hartu, beti lanez lepo geunden. Bikiek etxetik atera eta egin zuten lehen paseoa Ministeriora izan zen. Bertan hartzen zuten esnea, eta bertan ordu asko pasa nirekin.Onartu beharra dut nire semeak “giltzadun haurrak” delakoak izan direla. Gaur egun beraiek dira ni beraietaz hainbeste ez arduratzeaz kezkatzen direnak!