Curriculum proposamenak direla eta, zer bide hartu behar dugu eskoletan? Eta zer gertatuko da hizkuntz ereduen marko berriarekin?
Hizkuntza ereduen porrota
Euskal curriculumaren inguruko eztabaida espezifiko hau nondik eta zergatik datorren jakiteko, egin dezagun historiaurre labur bat. Aspalditxo –ez esateagatik 1982ko legeria aldarrikatu zen garaitik bertatik-, Hezkuntzaren Sailean aurreikusitako xedeak ez zirela betetzen eta, EAEko arduradunek berrikuntza zenbait egiteko asmoari ekin zioten duela lau urte. Honela, Hezkuntza Kontseilaritzak abian jarri zuen adituen talde bat 2003an curriculumaren inguruan ekarpen teorikoak eta praktikoak egin zitzan. Azterketa teorikoaz arduratu zen taldean curriculumari buruzko bi ikuspegi kontrajarri ziren, bata curriculumaren “euskal dimentsioarena” –ordurarte indarrean zegoena-, eta bestea, errotzat euskara hartuta, soilki “euskal curriculumarena”. Egun eztabaida hura bukatutzat ematen da, Ikastolen Konfederazioak bere txostenean, hasieran ez bezala, azken formulazio horri eutsi baitio. Baina maila batean bakarrik argitu da nahasketa terminologiko hori, izenburuan “Euskal Herrirako curriculuma” eta “Euskal curriculum osoa eta integratzailea” daramaten txostenak agertzen baitira, hor sartuz euskararekin zerikusirik ez duten kontzeptu geografiko-juridiko eta linguistikoak. Beste taldea ikasleen euskara ezagutzaz datu estatistikoak jasotzeaz arduratu zen eta bere emaitzak ISEIk eman zituen ezagutzera 2005eko udaberrian. Neurketa horretarako oinarrizko erreferentziatzat Europako Kontseiluak hizkuntzen gaitasunerako erabiltzen duena hartu zen, First Certificate-aren baliokidea den B2 maila, alegia, zailtasunaren aldetik maila ertainekoa dena. Emaitzak, eskasak: DBHko 4. mailako 1.191 ikasleri egindako proban, maila horretako ikasle guztietatik % 34k bakarrik gainditu zuen proba, eta horietatik % 27 D eredukoak ziren. Datu larria hori da. Baina kontua ez da A ereduak ez duela euskalduntzen, berme hori eskaintzen duten bakarrak B ereduko % 7 eta D ereduko % 57.2 besterik ez direla baizik.
Ikastolen Konfederazioak egindako Derrigorrezko eskolarako euskal curriculuma. Oinarrizko txostena izenekoa 2005ean argitaratu zen eta honek euskarazko irakaskuntzaren aldeko tradizioari eusten dioten hezkuntzako eragile zein elkarte gehienen babesa jaso zuen, hauen artean hezkuntza esparruko Sortzen-Ikasbatuaz eta Kristau Eskolarena, eta, batez ere, garai hartako Hezkuntza kontseilariarena. Aski da gogoratzea Euskal curriculuma: Kultur ibilbidea. Herritik mundura eta mundutik herrira. Adituen ekarpena (2004) liburuaren aurkezpenean Hezkuntzako kontseilariak bere onarpen osoa eman ziola euskal curriculumaren ibilbide berriari. Gasteizko Hezkuntza Sailean kontseilari-buruak aldatu eta aski berehala, 2006an, Gaur Bihar-ek “Euskal Herrirako curriculumaren oinarrizko ideiak. Eztabaidarako proposamena” deituriko txostena zabaldu zuen. Honek Euskal Eskola Publikoko eragile eta elkarteen ahotsa plazaratu zuen, Sarean, BiHe eta Gurasoen elkartekoen ikuspegiak jasoz.
Oro har, hezkuntza sektorean diharduten gizarte eragileen iritziak ordezkatzen dituzten bi txosten horietan Euskal Herriko hezkuntza sisteman aspaldidanik presente dauden bi mundu, bi sentsibilitate, bi bizipen bederen islatzen direla esan dezakegu, maila batean elkarren osagarri izan litezkeenak, edo beharko luketenak, eta beste batean, aldiz, oraingoz aski kontrajarrita ikusten ditugunak. Zubirik gabeko bi ertz horiek erdararen eta euskararen mugak banatzen ditu.
Ikastolen Konfederazioaren eta Gaur Bihar-en bi txosten horien edukia “Euskal curriculumaz ohar kritiko batzuk eta zenbait gogoeta” lanean1 zehaztasunez aztertzen baititugu, bakoitzaren gabeziak eta ekarpenak nabarmenduz, alfer-lana da han esanak hemen errepikatzea. Bien arteko desberdintasunak bat baino gehiago dira, baina nabarienak aipatu beharrez, bi hauek aipatuko nituzke, asko laburtzeak dakarren arrisku guztiarekin. Batek –Gaur Bihar-ek zehazki-, botere administratiboak ezarritako esparru geografikoa hartzen du abiapuntutzat, Euskal Herrialde lurralde historia kontuan izan gabe, nahiz aitortzen den, ezinbestez aitortu, Euskal Herriaren batasun historiko kultural eta linguistikoa eta, orobat, euskarak jasaten duen egoera minorizatua. Hizkuntza eskubideen mailan, giza eskubideen aldekoak bakarrik aipatzen dira, herri eskubideak isilduz, jakinda Nazio Batuetako Eskubide Zibil eta Politikoen itunean (1966), adibidez, horiek jasota datozela. Bestalde, Euskal Herriko curriculumaz hitz egiten da, ez euskal curriculumaz. Izenburuaren formulazioak berak asko esan nahi du, Espainiako estatu ikuspegitik begiratuta burutua dela, alegia. Besteak –Ikastolen ikuspegitik egindakoak-, aldiz, Euskal Herri osorako planteamendua egiten du, curriculumaren eraikuntzan lurralde batasuna zainduz eta haren edukietan oinarritzat euskara eta euskal kultura ezarriz, nahiz eta ez den zehazten zertan datzan euskal kultura, ezta ulertzen ere nola ezkon litezkeen euskal kulturari buruzko Joxemiel Barandiaranen eta Ramon Zalloren ikuspegiak, hala ez badirudi ere, gaua eta eguna bezala baitira. Gure ustez maila teorikoan inkoherentziarik baduen arren, bera da, lehen esana berriro errepikatuz, EAEko Hezkuntza Sailera begira burutu diren txostenetan euskaldunena, euskal kulturgintzaren eta euskarazko irakaskuntzaren tradizioari gehien lotzen zaiona. Horregatik eusten dio curriculum honek “euskal” erroari. Eduki pedagogikoetan alde handirik ez da bien artean.
Eusko Jaurlaritzara aurkeztu diren bi txosten horiek beren defendatzaileak izan dituzte hezkuntza sektoreko elkarte, talde eta eragile desberdinen artean eta, testu alternatibo bati dagokion izaera ofizialaren zigilua ez badaramate ere, prentsako aldarrikapenetan garbi islatu dira arrazoi pedagogiko hutsak ez diren erakunde politiko-sindikalen jarrera eta interesak. Bi mundu esan dugu, baina agian, xehetasunetan sartuz gero, euskaltzale eta abertzaleen unibertsoan gehiago ere badaudelakoan gaude. Estatu-elkartekoen artean, orobat, euskararen mundutik urrunago edo gertuago daudenak ere badira. Joera bateko zein bestekoen adierazpen publikoak irakurri ezinik ez da komunikabideetan.
Txostenen kronika laburra
Orain arte aipatuko txostenak eta prentsa adierazpenak hezkuntza sektoreko elkarte desberdinetatik landutako ekimenen ondorio izan dira, EAEko arduradunentzat hezkuntza munduan alde batean zein bestean zer-nolako pentsakerak dauden jakiteko baliagarriak izan direnak. Legerian oinarritutako hizkuntza ereduen porrota agerian jartzen duten emaitzen aurrean, Hezkuntza Sailak, Tontxu Campos Kontseilaritzako buru izendatzearekin bateratsu, hezkuntza sistema berritzeko asmo zaharrari ekingo dio, marko berri hau jadanik bideratua zen euskal curriculumaren berrikuntza zabalaren barruan kokatuz. Honen xedea, irakaskuntzan hizkuntzen gutxieneko gaitasuna ziurtatzeko marko berria legez finkatzea da.
Eskola Kontseiluko adituen txostena
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, zehazki horko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, 2006ko irailaren 15eko datarekin, lan-taldea osatuko zutenei bidaltzeko txosten bat egin zuen “Ele biko irakastereduen azterketa. Hurrengo hilabeteetarako lan-gida” izenarekin. Adituei zuzendutako txosten horretan, 1. puntuan, Legebiltzarraren mandatuari aurrez aurre erantzun eta aztergaia behar bezala lantzeko, lau azterketa-bide abian jartzea eskatzen da, hau da, azterketa juridiko-legala, soziolinguistikoa, psikolinguistiko-glotodidaktikoa eta operatiboa. Lau atalok behar-beharrezkotzat jotzen dira eta azterketa-bide bakoitzerako lan-talde bana izatea proposatzen da. Lanak entregatzeko epea ere finkatua dator: 2006ko irailean bertan hasi eta 2007ko otsailaren bukaeran entregatu. Izendatuak 25 dira guztira, talde bakoitzean kanpoko aditu bat aurkitzen delarik.Hortik ateratzen da euskaraz eta gaztelaniaz egina den adituen txostena: “Hizkuntza ereduei buruzko Euskadiko Eskola Kontseiluaren akordioa”, 9 orri bete-beteak dituena. Bukaeran dator entregaren data: “Bilbon, 2007ko otsailaren 1a”.
EAEko Parlamenturako txosten ofiziala
Adituek egindako txosten horretan oinarrituta, EAEko Hezkuntza Saileko Eskola Kontseiluak, “Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn. Proposamen berritzailea eta eleanitza XXI. menderako” txostena burutu zuen, Eusko Legebiltzarrean aurkezteko xedearekin egina, han, adostu eta gero, onartua izan dadin.Txosten honetan, funtsean, adituen txostenean datozen ideiak jasotzen dira, baina ez guztiak, eta daudenak ez modu berean formulatuta.
Marko berria, aterabidea ala lehengoa berrituta?
Txostenaren edukia orokorrean hartuta, berritzailetzat autodefinitzen bada ere, planteamendu erreformista baten traza guztiak ditu.
Ebaluaketa puntuala eta autonomia zabala esaten da, bainaneurri horiek ez dira batere berriak. Egoera aldatzeko, zerbait gehiago behar da.
Helburu aitortuen zehaztasunean bai, baina baliabideen mailan egiazki loteslea izan daitekeen neurri berririk ez da proposatzen, orain arte egiten ez denik, ezer kualitatiboki desberdinik, alegia.
Bestalde, irakaskuntzako profesionalak irakasleak izaki, horiek zein graziaren poderioz bihurtuko dira gauetik goizera aldaketa erraldoi hau egiazkoa egingo lukeen dohainen jabe?
Eskolak, berritzaileena izanda ere, ezin du ikasleek beren gizarte jatorritik dakarten hizkuntza defizita gainditu.
Hizkuntzen arteko gizarteko eta gizabanako harremanetan ez dago ordenik. Egiazki ematen dena da tradizio historiko luzea duen gatazka egoeran dauden fenomenoek, boteretik eragindako hizkuntza politika asimilazionistaren ondorioz, menpeko hizkuntza minorizatua ezinbesteko ordezkapen prozesuan sartzen dutela, gero eta barrurago. Eta horrek ez du erremediorik, nola eta marko honek proposatzen duen bide erreformatzailea behingoz gainditu eta, ez den sortzen beste marko alternatibo bat, erresistentziazko indarrak bilduz eta biharko gizarte euskalduna herri mugimenduetatik abiatuz.
Errealismoaren izenean mintzatzen den ikuspegi pragmatista eta faktualista honek indarrean dagoen gizarte desoreka betikotzea du helburu, nahiz eta azaleko berrikuntza batzuk egitera behartua dagoen.
Txostena lantzeko prozedurak piramidala dirudi, hezkuntza esparruko eragile eta elkarte guztien ahotsa jaso eta ordezkatzen duena, baina testuak ez du hori erakusten. Ez arrazoi akademikoen -pedagogiko edo linguistikoen- ondorio garbi eta naturala, baizik interes politiko eta ideologikoen gainean eraikitatzeko akordio adostuaren emaitza dela usteu dugu.
Aterabide ezina?
Espainiako Legeriaren arabera, berez, irakaskuntza euskaraz emateko oztoporik ez legoke, eta horren froga da eredu hori indarrean dagoela Katalunia eta Galizian. Zergatik ez du planteamendu hori aurrikusi eta landu EAEko Hezkuntza Sailak? Haientzat balio baldin badu, zergatik ez guretzat?
Eskola Kontseilukoen txostenetan ez da inon esaten ez balio dezakeenik, ezta ez dezakeenik ere, aipatu ere ez baita egiten. Eta pentsatzen jarrita pentsa daiteke, ez dela aipatzen, esparru juridiko-legalaz jardutean aurreratu bezala, berrikuntza guztia EAEko Legeriak jadanik ezarria daukanaren barruan egiteko agindua emana zegoelako. Eta ezarrita daukana, hain zuzen, hizkuntzen eredua da. Marko berriak abiapuntutik bertatik dakar ezinaren zama eta oso litekeena da, helmugarako hasperenetan, bide erdian geratzea. Denbora lekuko.
Zer dela eta, EAEko Hezkuntza Sailak adituen taldeari horrelako aurre-baldintza juridikoa? Ezkutuko asmoen froga idatzirik ez denean, erantzuna ezin izan erabatekoa. Baliteke azalpenaren giltza euskal gizarteko klase politiko-sindikal erdaltzaleak –gutxiengo batek-, eragiten duen gizarte-presioan egotea, batez ere, hor, erdaldun elebakarrek ez baitute elebidun edo eleaniztun ez izateko inolako arrazoirik eta bai, alderantziz, nahi izateko. Hipotesi honen argitan, Hezkuntza Sailak bilatu nahi izan duen akordioa ez da izan hezkuntza-sektoreko egile eta eragile guztien, nola erdaldunen hala euskaldunen arteko adostasunaren emaitza, botere-guneko ordezkariek paktatutakoarena baino.
Katalunia eta Galizian bertako hizkuntzek bere gizarte-estatusa ziurtatuta daukatenez, hizkuntzarena ez da arazo politiko bihurtzen; Euskal Herrian bai, ordea, hemen euskalduntzeko proiektu nazionala egin orduko, deskalifikazio guztiak gainera etortzen baitira, irrealismotik hasi eta politizazio-asmo ilunetaraino doazenak. •
Oharra: espazio muga dela-eta, testua ez dugu osorik argitaratu hemen. www.hikhasi.eus web atarian daukazue oso-osorik, ‘Dokumentu interesgarriak’ atalean, “Marko berria, aterabide ezina?” izenburuarekin.