Kronika

2007-06-01
 
 

Nafarroan euskarazko irakaskuntzako eragileak Nafar Gobernuak ezarri nahi duen British programaren aurka agertu dira.

Izan ere, maiatzeko hauteskundeak irabaziz gero, 25 British school garatuko ditu UPNk datorren lau urteetan. Hori dela eta, programa horien kontrako plataforma sortu dute Sortzen-Ikasbatuaz, ELA, LAB, eta EILAS sindikatuak. Eragile horien ustez, “D ereduaren kontrako apustua” da gaztelania eta ingelesa uztartzen dituen programa hori. Beraien ustez, helburua “D ereduaren goranzko bidea moztea eta geldiaraztea” da. Ingelesa eta gaztelania uztartzeko lehen pausoak Tuterako Elvira España ikastetxean hasi ziren duela 10 urte, eta Hezkuntza Departamentuaren ustez, bertako esperientzia ezagutuz, sistema horrek onurak izango ditu. British programa Espainiako Ministerioaren eta British Council-en arteko hitzarmen baten ondorio da eta ingelesa bultzatzea du xede.

Greben emaitzak ikusteko daude oraindik

Azken hilabeteetan nahiko blokeatuta egon da Euskal Autonomi Erkidegoko mahai sektoriala eta maiatzean horren harira mugimendu eta zarata handia egon da. Maiatzak 11an bildu ziren sindikatuak Tontxu Campos Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarekin, guztiak hitz egiteko prest. 13 orduko bileraren ostean, ez zen adostasunik lortu eta hortaz, astebukaera hartu zuten hausnarketa gisa. Baina astelehenean ere ez zen akordiorik egon sindikatuen gehiengoaren aldetik. Horren harira, lan baldintza duinak aldarrikatuz eta Jaurlaritzaren jarrera itxia salatuz, hainbat greba deialdi egin zituzten LAB, ELA, STEE EILAS, eta UGT sindikatuek. Hezkuntza Sailak, bere aldetik, birritan errepikatu du greba egiteko arrazoirik ez dagoela eta beraiek jarrera irekia dutela. Sindikatuek, egonkortasuna galdutako 1.500 irakaslek 2011.urtera arte enpleguari eustea proposatu zuen, eta hori izan zen Jaurlaritza eta sindikatuek izan zuten hurbilpen bakarra. Bestalde, sindikatuek, lansariak hobetzeko poltsa irakasle figura guztietara zabaltzea, 55 urte baino gehiagoko irakasleen eskola orduak murriztea eta eskola behar berrietarako irakasleria eta kreditu orduak gehitzea ere eskatu zuten.Hala ere, egun horretan CCOOk aurre akordioa sinatu zuen Hezkuntza Sailarekin eta horren harira hainbat istilu izan dira. Izan ere, beste sindikatuei ez zaie egokia iruditu irakasleen kolektiboaren % 31 soilik ordezkatzen duen sindikatuak akordio hori sinatzea. Sindikatuen iritziz, CCOO eta Hezkuntza Sailaren arteko akordioa “ eskasa eta onartezina” da.Maiatzeko greben erantzunen inguruan datu desberdinak eman dituzte sindikatuek eta Hezkuntza Sailak. Azken greban euren aldarrikapenei beste bat gehitu zien, sailburuaren dimisioa.

 

Nafarroa eta EAErako curriculum berriak abian

Nafarroako Derrigorrezko Eskolaldirako Curriculuma martxoan onartu zuen Hezkuntza Departamentuak eta kritika gogorrak jaso ditu. Izan ere, hainbat hezkuntza eragileren ustez euskarari bizkarra ematen dio eta ez du kontuan hartzen herrialdeko egoera linguistikoa. Besteak beste, LAB, EILAS, Sortzen-Ikasbatuaz eta Herrikoia Federazioak hainbat kritika egin dituzte horren harira.

Euskal Autonomi Erkidegoan ostera, maiatzaren 9an aurkeztu zuen Hezkuntza Sailburuak derrigorrezko eskolaldi osorako Curriculum berria Lakuan. Datorren ikasturtean abian jarriko da Euskal Autonomia Erkidegoko Lehen Hezkuntzako lehen zikloan eta Bigarren Hezkuntzako lehen eta hirugarren kurtsoetan.1992an agindu zen Lehen Hezkuntzarako Curriculuma eta Bigarren Hezkuntzarakoa, 1994an. Oraingoan Curriculum bakarra izango da 6-16 urte bitarterako, sailburuaren hitzetan“zentzu global eta integratzailea” eman nahian. Eragile anitz curriculumaren aurka agertu dira azken asteetan, hainbat ezaugarri kritikatuz. Sortzen-Ikasbatuaz, EHBE, Ikasle Abertzaleak eta beste eragile batzuek Camposen proposamenak ez duela Euskal Herri osorako balio esan dute, eta ez dela kontuan hartu Euskal Curriculumaren urteetako prozesua. “Iruzurra egin nahi diote Euskal Herri osoko hezkuntza komunitateari” esan dute EHBEko kideek. “Tontxu Camposek Euskal Curriculum gisa aurkeztu duena ez da Euskal Curriculuma, EAErako curriculum dekretua da”.Maiatzaren amaiera arte, sare publikoaren eta sare itunduaren hezkuntza eragileen azken ekarpenak jaso dituzte eta behar diren moldaketak egin ostean EAEko Derrigorrezko Hezkuntza osoa arautuko duen Curriculuma onartuko du Jaurlaritzak.Hezkuntza Sailaren curriculumaren zirriborroa hau ezagutu nahi izanez gero, eskuragarri dago Hezkuntza Sailaren webgunean eeta baita www.hikhasi.eus web atarian ere. Hezkuntza Sailaren webgunean, ekarpenak egiteko aukera ere ematen da.

 

Komunikabideetan irakurritakoaren arabera, ez da erabat garbi gelditu zer gertatuko den Bertendonako ikastetxean itxialdia egin zuten irakasleekin; hau da, hizkuntz eskakizuna lortu ez duten irakasleekin.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta CCOO sindikatuak irakaskuntza publikoaren arloan akordiorako oinarria lortu dute, baina gai horren inguruan ez dituzte adierazpen berberak egin.

CCOOek dio hizkuntz eskakizuna ez lortzeagatik egonkortasuna galdu duten irakasleek beste aukera bat izango dutela. Jaurlaritzak, ordea, hori ukatu egin du eta esan du ez duela lehenago indarrean zegoen ezer aldatu; alegia, irakaskuntza lanpostu jakin bat hartzeko ezinbestekoa izango dela jarduera horri dagokion hizkuntza eskakizuna betetzea.Guztira 157 irakasleren egoeraz ari gara hizketan. Horietako askok urteak pasa dituzte euskara ikasten eta azken hiru urtetan Iralen egon dira liberatuta, soldata osoa kobratuz. Batzuek ez dira azterketetara aurkeztu ere egin, edo juxtu-juxtu hori, aurkeztu eta azterketarik ez egin. Erraztasunak, baliabideak eta denbora faltarik ez dute izan, baina oraindik hizkuntz eskakizuna lortu gabe daude.