IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA. Ikasleek badute egitekorik ingurumenaren alde

2008-01-02
Hainbat jarduera eskaintzen ditu Iruñerriko mankomunitateak bere ingurumen hezkuntza programaren baitan. Helburua, ikasleek ingurumena zaintzen ikastea eta gazteok, gai horren inguruan sentsibilizatzea da. Ikasleak arduratsuak izatea, eskaintzen zaizkien zerbitzuak era kritikoan baloratzea eta zerbitzuak hobetzera bultza dezaketen portaera jasangarri guztiak indartzea, hain zuzen ere. Gero eta ikastetxe gehiagok hartzen dute parte mankomunitateak eskaintzen dituen programetan eta aurten sartu dituzten berrikuntzek, eskaintza hobetzeko balio izan dute.
 
 
Ikasgelan ikusten dutena osatzea eta ingurumen gaiarekin sentsibilizatzea. Hori da Iruñerriko mankomunitateak ikastetxeei egiten dien eskaintza nagusia.
Mankomunitatea Iruñerriko erakunde bat da, eta boluntarioki sartzen diren udalek osatzen dute. Iruñerrikoak diren hainbat herriri eta Nafarroako beste batzuei eskaintzen die zerbitzua, beti ere, ingurumen arloarekin zerikusia duen lana eginez: hondakinen tratamendua, uraren hornidura eta depurazioa, eta garraioa. Aurten beste zerbitzu bat hartu du bere gain; Iruñerriko Ibai Parkearen kudeaketa.
Ingurumena zaintzeko bidean, herritarren jokabideak garrantzia handia du, izan ere, beraiek ematen dute lehen pausoa egunero, adibidez, etxean, zaborra banatzen dutenean eta hori dela eta, ingurumen arloko gaiak herritarrekin lantzea beharrezko ikusi zuten mankomunitateko arduradunek. Jose Altzueta, mankomunitateak eskaintzen duen ingurumen hezkuntza programaren koordinatzaileetako bat da eta esan digunez,  herritarren artean, ikasleen kolektiboa handia izateaz gain, pisu handia du, horiek sarritan, etxean hartzen diren erabakietan eragina dutelako. Ikasleekin egiten duten lanaren helburua, arduratsuak izango diren herritarrak prestatzea, eskaintzen zaizkien zerbitzuak era kritikoan baloratuko duten pertsonak heztea eta zerbitzuak hobetzera bultza dezaketen portaera jasangarri guztiak indartzea da.
Norberaren beharretara egokitutako eskaintza programa
Planteamenduak bi oinarri ditu Altzuetak esan digunez: “Alde batetik, ingurumen hezkuntza bultzatu nahi dugu baina bestetik, ez gara ingurumen alorrera mugatzen, norbaitek, esaterako, kimika klaseak ematen baditu eta ura, edateko ur nola bihurtzen den ikusi nahi badu, posible da. Uste dugu garrantzitsua dela gure instalazioetara sarbidea izatea, berdin du landuko den gaia zein den. Ikasleek, adibidez, zaborraren banaketa nola egiten den ikus dezakete, baina nahi izanez gero, era dibertigarriagoan landu dezakete gai hori: edukiontzi batzuk ditugu, eta gauza bakoitza dagokion edukiontzian sartu behar dute, begiak itxita, ikaskideek gidatuta. Horrela, birziklatzeko, zaborra nola banatu behar den ikasten dute”.
Alde batetik, mankomunitatearen instalazioetara egiten diren bisitak dituzte eta bestetik, ikasleek egiten dituzten tailerrak. Horrez gain, irakasleek ikastetxean bertan ingurumenarekiko errespetuzko portaerak bultzatu nahi badituzte, laguntza eskaintzen diete, esaterako, ikastetxean papera jasotzeko, edo pilak jasotzeko edukiontziak jarriz. Aurten berrikuntzarik izan da arlo horretan: konpostagailuak jarri dituzte horretarako baldintzak dituzten eskoletan.
Instalazio guztiak egokitu dituzte bisitariak hartzeko eta eskaintza zabala egiten dute, ikastetxe eta irakasle bakoitzak gehien interesatzen zaiona hartzeko aukera izan dezan. Irakasleak nahi duenaren eta behar duenaren arabera joaten dira eskaintzaren puzzlea osatzen.
Material didaktikoak ere egiten ditu mankomunitateak uraren, garraioaren eta hondakinen gaiak lantzeko. Ikastetxeek eskuragarri dituzte eta etorkizunean mankomunitatearen web orrian jarriko dituzte. Eta mankomunitateak kudeatzen dituen zerbitzuetatik kanpo dauden guneak ere badituzte, horietako bat Atarrabiako Pilategia da. Ingurumen arloko informazioa emateko funtzioa du, baita ikastetxeei ere. Horrekin batera Mendillorriko eta Artetako informazio eta sentsibilizazio zentroak daude. Eta 2008an Zaragozako EXPOa dela eta, bertan sortutako foroan parte hartzen ari dira, Ebro ibaiak ikutzen dituen beste lurralde batzuen antzera.
Zerbitzu berri horiek ere izan dute eraginik eskaera kopuruaren gorakadan. Iazko ikasturtean 130 ikastetxerekin egin zuten lan, 23.000 ikasle baino gehiago hartu zituzten eta aurten kopuruak gora egitea espero dute.
IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA
      Ingurumen heziketarako programa
      Imaz anaiak kalea, 1 – 31002 IRUÑEA
      Telefonoa: 948 423 194 / 948 423 285
      jalzueta@mcp.es / mvital@mcp.es
      www.mcp.es
     
      Oharrak:
      - Progama guztiak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituzte.
Ingurumen heziketarako programa
Lantzen diren edukiak: uraren ziklo integrala, kontsumoa eta
hondakinak, garraioa eta mugikortasun iraunkorra, Iruñerriko Ibai
Parkea, Ingurumen heziketa, Naturako eta hiriko ingurumena.
Eskaintzen dituzten zerbitzuak: dokumentazio zentroa, aholkularitza
tekniko eta didaktikoa, material didaktikoen diseinua, koordinazioa eta
edizioa, sentsibilizazio kanpainak eskola esparruan, ikastetxean
hondakinak kudeatzeko baliabideak.
Jarduera programa:
Hiru jardera mota eskaintzen dituzte:
- Mankomunitateak kudeatzen dituen instalazio eta espazioak bisitatzea
- Tailerrak
- Jardunaldiak
Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta Bigarren
Hezkuntzarako programak
Haur Hezkuntza
- Iruñerriko Ibai Parkea programa
- Ura: hornidura programa
Lehen Hezkuntza
- Iruñerriko Ibai Parkea programa
- Ura: hornidura programa
- Zaborrak eta birziklapena programa
- Hiri garraioa eta mugikortasun iraunkorra programa
Bigarren Hezkuntza
- Iruñerriko Ibai Parkea programa
- Ura programa
- Zaborrak eta birziklapena programa
- Garraioa eta mugikortasun iraunkorra programa
Aurtengo berrikuntzak:
- Konposta eskolan (Etapa guztiak)
- Paper bilketa selektiboa ikastetxeetan (Etapa guztiak)
- Mendillorriko ur-biltegietako pasealekua (Haur Hezkuntza)
- Atarrabiako Pilategia. Ingurumen informazio eta heziketarako zentroa  
(Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza)
- Ibai bizidunak. Ibai Parkea eta EXPO Zaragoza 2008 (Bigarren
Hezkuntza)