Koldo Mitxelena, Errenteria: Koadro bat ipuin anitz

2008-01-02
Koadro bat ipuin anitz proiektua Haur Hezkuntzako ikasle txikienetatik hasita Lehen Hezkuntzako seigarren maila arteko haurrek parte hartu duten proiektua da. Helburua ikastetxe osoak batera halako prozesu batean parte hartzea izan da. Bestalde, artelan batek bide eman die sormena lantzeko eta testu hobekuntzarako irizpideak bateratzeko eta jorratzeko.
 
 
Ziklo bakoitzean modu desberdinean landu dute, eta helburuak, jarduerak, metodologia eta edukiak aldatu egin dira. Adin bakoitzera egokitutako proiektua izan da, baina denek abiapuntu bera izan dute: Briton Riviereren Sympathy (kidetasuna) margolana.
Koadroaren harira, ekoizpen anitzen prozesua hasi dute Koldo Mitxelena ikastetxean. Txikienek irakasleari ideiak azalduz ipuinak diktatu dizkiote. Lehen Hezkuntzakoek euren testuak sortu eta horiek hobetzeko moduak landu dituzte. Denek koadroan oinarrituz hainbat marrazki, bertsio eta artelan ekoitzi dituzte.
Margolana aurkezteko orduan, prozesu bera erabili da txikitxoenekin, helduagoekin eta baita klaustroko irakasleekin ere. Koldo Mitxelena ikastetxeko hainbat irakaslek Irungo berritzeguneko hizkuntza mintegian parte hartzen zuten, eta han jaso zuten hau egiteko proposamena. Marian Hernandez Vicenteren eta Maider Berrondo ikasketaburuaren artean  koordinatu zuten proiektua, eta beraiek aurkeztu zuten ideia ikastetxeko klaustroan. “Batzordean bertan hautatu genuen Riviereren koadroa. Margolan bati nola begiratu (Kennet, Frances) liburutik atera genuen. Beste irudi batzuen aldean hau asko gustatu zitzaigun, adin guztietara egokitzeko modukoa iruditu zitzaigulako”, dio Marian Hernandezek. “Irakasleei haurrei aurkeztuko genien bezala aurkeztu genien, pausoz pauso eta urrats bakoitzean hausnarraraziz”.
Nahiz eta denentzat helburu orokor batzuk egon, ziklo bakoitzean proposamena moldatu eta jarduera desberdinak landu dira. Helburu orokor horien artean, eskola guztia idazketa eta espresio artistikoaren jarduera baten inguruan aritzea izan da.
Txikienek, 2-3 urtekoek, koadroa oinarri hartuz, lan plastikoak burutu dituzte, koadroaren konposizioak eginez. Irudi batekin hainbat eta hainbat istorio sor daitezkeela ulertu dute, eta elkarrizketa politak sortu dira. Koadroan ikusitakoaren bitartez, sentimenduen adierazpena landu dute eta beste mailetakoen ipuinak ere entzun dituzte.
Hiru eta lau urteko haurrek, artelanak eta konposizioak lantzeaz gain, koadroaren harira denen artean ipuin bat sortu dute, irakasleari ideiak proposatuz eta hark idatziz jasoz. Hala, ipuinen egitura lantzen hasi dira. Koadroaren egilea eta haren beste artelanak ere aztertu dituzte. Urtebete nagusiagoa den haur bakoitzak bere ipuin propioa sortu du, irakasleari diktatuz. Kideen ipuinak entzun dituzte, eta horiekiko errespetua landu dute. Artelan konplexuagoei ekin diete, paper mota anitzekin irudiaren barrena landuz.
Lehen Hezkuntzako haurrei dagokienez, lehen ziklokoek ere koadrotik abiaturik euren ipuin propioak sortu dituzte, baita ipuin horiek zuzentzen hasi ere. Ipuinaren egituraren atalak ondo landu dituzte, baita denbora adierazleak, aditzen denbora erabilera, elkarrizketako bi puntuak… Modu horretan, horiek ere ikastetxeko ipuin bilduman parte hartu dute. Bigarren eta hirugarren zikloetan jada, zalantza ortografikoak sustatu dira, eta hiztegiaren erabilera landu da, maila bakoitzean bere modura. Testuak hobetzeko irizpideak eman zaizkie beti, eta proiektuaren ardatz garrantzitsuenetarikoa izan da hori. Ziklo bakoitzean, testuak hobetzeko irizpideak irakasleen artean erabaki dira eta horretarako baliabideak landu dira. Norberak bere testua zuzentzeko eta hobetzeko aukera izan du, eta baita elkarren artean testuak trukatu eta zuzentzekoa ere. Irizpide horiek ikastetxean izan zen Myriam Nemirovskyk testuak berrikusteko eta orrazteko proposatzen dituen ideietatik jaso dira.
Era berean, nagusiek batez ere, egilea ere landu dute, horren gainerako artelanak, bizi zen garaia, orduko musika eta abar. Artelanei dagokienez, hainbat teknika erabili dira, tamaina eta dimentsio desberdineko, eta askotariko materialak: buztina, papera, birziklatutako materiala…
“Denek elkarrekin batera halako proiektu batean parte hartzea oso prozesu polita izan da. Ikastetxeko jaiegunean, ekainaren 9an, erakusketa bateratua egin genuen gaiaren inguruan, eskolako gimnasio berrian”.  Ekoizpen artistiko ugari bildu zituzten Koldo Mitxelenan, baita ipuin bilduma aberats bat ere, eta garrantzitsuena: denen artean Briton Rivieren Sympathy artelana gozatu dute.
Koldo Mitxelena ikastetxean bigarren ikasturtea da proiektu hori lantzen ari direnetik, eta dagoeneko bi liburu argitaratu dituzte idatzitako ipuin bildumekin.
Koadroa erakusteko prozesuaren pausuak
1. pausoa: neskaren aurpegia erakutsi
“Zer iradoki dizue? Zer datorkizue burura? Zer da, neska ala mutila? Nola ikusten duzu? Zertan ari da?” eta gisako galdera irekiak egiten dira, pertsonaia bera aztertzeko eta interpretazio guztiak jasotzeko xedez. ( 1. argazkia)
2. pausoa: pertsonaiak estalita eta inguruko zati bat erakutsiz
“Zer espazio da? Non daude? Noiz? Koloreek nolako sentsazioak sortzen dituzte? Hotza, beroa, tristura, beldurra…” Oso garrantzitsua da interpretazio guztiak jasotzea, geroko lanerako eta irudimena pizteko ekarpenak izateko, gero, ipuina testuinguru batean kokatzeko.
3. pausoa: koadro erdia erakutsi, neska bere osotasunean ikusten delarik
“Zertan uste duzu ari dela neska? Zerbait entzuten ari al da? Zerbaiti itxaroten? Haserre baten ondorioz eseri al da? Zer gertatzen da inguruan? Zer adierazten dizu bere soinekoak? Eta bere zapata garbiek?”.
4. pausoa: koadro osoa erakutsi
“Zer-nolako harremana dutela uste duzu txakurrak eta neskak? Nor gehiago egongo litzateke koadro honetan? Zer-nolako etxea ote da? Espero al zenuten azken koadroaren emaitza? Zer izenburu jarriko zenioke?” Galdera horien bitartez haur bakoitzaren ekarpenak jasotzen dira, ipuinaren aberastasunerako bakoitzaren irudimena zabalduz.