127: Hezkuntzak batu edo zatitu behar al du?

2008-04-01
Pertsonak hezi behar ditugu, neskak nahiz mutilak izan, jendarte justuago bat helburu izango dutenak. Hori, besteekin, gure ezaugarri berak ez dituztenekin, aniztasunean, lortuko da soilik. 
 
 
Ba omen dira, gure artean, eskola batzuk neskentzat soilik direnak eta beste batzuk, aldiz, soilik mutilentzat direnak. Gainera, nesken eskolan emakumezkoak dira irakasle guztiak eta mutilen eskolan, berriz, gizonezkoak.
EAEko telebista publikoaren albistegi batean eskola horietako ordezkarien adierazpenak entzun ahal izan ditugu berriki, genero banaketa horrek dakartzan abantailak laudatzen.
Antza, ohartu dira neskak eta mutilak desberdinak direla, eta desberdintasun horrek, nolabait, batak bestearen garapen intelektuala oztopatzen duela. Beste modu batera esanda: mutilak neskarik gabe eta neskak mutilik gabe ikasketetan urrunago iristen direla; karrera gehiago eta arrakastatsuagoak egiten dituztela, alegia.
Aipatu zutenaren arabera, Estatu Batuetan egindako zenbait ikerketek hori horrela dela erakusten dute.
Jakina da eskola antolatzerakoan, ikasleak nahi adina irizpide erabiliz multzoka litezkeela: gaitasuna, maila soziala, etnia, sexua, familia mota, ideologia, aldartea… Konbinazio matematikoak besterik ez dira osatu behar!
Gure oroimen laburrean galdua bada ere, ez da hainbeste urte hemen ere eskolak horrela antolatuak genituela. Francoren garaian, eskola aurrerakoiek egin zuten lehen urratsa, neskak eta mutilak elkarrekin gelan ipintzea izan zen. Eztabaida hori, beraz, gainditua beharko genuke dagoeneko, bi modutara antolatua izan baitugu eskola, eta bi moduek eman dituzten emaitzak aztertzeko aukera izan baitugu, jada.
Baina heldu gara etengabe geure buruari egin beharko geniokeen eta gure lanaren iparrorratza izan behar duen galderara: zein jendarte mota nahi dugu, eta, hori lortze bidean zein da hezkuntzaren funtzioa?
Hori argitzen ez dugun bitartean, eta ildo horretan lanean hasten ez garen bitartean, behin eta berriro jarraituko dugu geltoki berdinetatik pasatzen, gure bidean, atzera aurrera horretan, gehiegi aurreratu gabe.
Gure lanak, besteen artean, jendartea kohesionatzeko funtzioa edo norberaren garapen soila izan lezake helburu. Biak ala biak ezinbestekoak dira, zer lehenetsi litzateke gakoa. Pertsonak hezi behar ditugu, neskak nahiz mutilak izan, jendarte justuago bat helburu izango dutenak. Hori, besteekin, gure ezaugarri berak ez dituztenekin, aniztasunean, lortuko da soilik.
Ez dugu berdintasunaren izenean itsutu nahi, abiapuntuan denak desberdinak baikara. Denei aukerak parekidetasunean emateko erantzun desberdinak eman behar baitira. Ezin, beraz, berdintasunaren izenean denei tratamendu bera eman. Pertsona bakoitzaren ahalmenak garatzen nola lagunduko ditugun pentsatzen hasi beharko dugu.
Ondorioz, eskola porrotak, batez ere, mutilaren aurpegia badu, egindako bidean beste aukera batzuk saiatu beharko ditugu. Denak elkarrekin aberatsagoak egiten baikara!